Euskal Herri aske eta sozialista! Hau da bide bakarra

 

Maiatzaren 22ko hauteskundeetan Euskal Herria Sozialistak botoa BILDUri emateko eskatzen du. Hona hemen hauteskundeak direla eta gure jarrera:

Ander Errandonea preso ohiaren argazkiaren publikazioaren ondoren eskuinak, beste behin, PSOEren Gobernuari BILDU legez kanporatzea eskatuz eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurka adierazpenak eginez antolatu duen kanpainak erakusten du Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borroka luzea eta gogorra izango dela. 25 urteko kondena bete duen Anderrek erabateko eskubidea du berak nahi duenari botoa emateko, baita preso jarraitzen duen edonork bere iritzia emateko ere.  

Eskuinak eta Estatu aparatuak, frankismoaren jarraitzaile onak bezala, beti ukatuko dituzte Euskal Herriko eta gainontzeko nazio historikoen eskubide demokratikoak. Auzitegi Konstituzionalaren erabakia masen mobilizazioaren garaipena izan zen. Milaka eta milaka pertsona azaldu dira BILDUren hautagaiak legez kanporatzearen aurka Euskal Herrian eta garrantzia izan du, era berean, Kataluiniako, Galizako eta estatu espainiarreko ezkertiar eta langile askok emandako babesa.    

PSOEren zuzendaritza eta euskal burgesia ezker abertzale indartsu eta sozialista baten beldur dira

 

PSOEko zuzendaritzak Euskal Herriko gatazka nazionalaren inguruan duen politikari buruz, berriz, esan daiteke, Euskal Herriko arazo nazionalaren inolako irtenbiderik nahi ez duten eskuinak eta estatu aparatuko sektore erreakzionarioenak erabat baldintzatuta jarraitzen duela bere posizioak. Orain arte gertatu den moduan, etorkizuneko prozesu batean ere ez dira prest egongo Euskal Herriaren eskubide demokratikoak onartzeko. Negoziazio mahai batean esertzeko arrazoi bakarrak euren hauteskunde kalkuluak dira eta, honekin batera, ezker abertzalea sozialismoaren aldeko borroka alde batera uzten duen aukera instituzional soil batean bihurtzen saiatzea da. Izan ere, denaren gainetik, PSOEko agintarien eta burgesiaren beldur handiena, ezker abertzalea eskubide demokratikoen alde mobilizazio masiboak antolatzen jarraitzeko gai izatea da, langile klasearen defentsan greba orokorrak antolatzeko eta bultzatzeko gai izatea eta Euskal Herria aske eta sozialista baten aldeko borrokan ehunka mila langile eta gazte bilduko lituzkeen alternatiba bat antolatzeko gai izatea. PSOEko agintariek SORTUren eta BILDUren legez kanporatzea bultzatuz izan duten jarrera lotsagarriak erakusten du dioguna.  

Aldi berean, garbi dago euskal burgesiak eta bere alderdiek, EAJ-PNVk eta honekin EAEko gobernuetan parte hartu duen EAk, burgesia espainiarrarekin eta burgesia frantziarrarekin modu estu batean kolaboratu dutela. Alde batetik, zapalkuntza handitzeko eta hobetzeko balio zuten mota guztietako lege eta neurriak martxan jartzen, langileei ahal den gainbalio kantitate handiena ateratzeko helburuarekin, eta beste aldetik, praktikan eskubide demokratikoen errepresioa babesten. Burgesia espainiarrarekin eta merkatu espainiarrarekin dituzten loturak Aberri Egunean egiten dituzten adierazpenak baino askoz garrantzitsuagoak dira.  

Botoa Euskal Herriaren eskubide demokratikoen errepresioaren aurka

 

SORTUren legez kanporatze antidemokratikoaren ondoren, milaka langile eta gaztek poz handiz hartu zuten BILDU hauteskundeetan egotea utziko duen Konstituzionalaren erabakia. PSOEren Gobernuaren politika errepresiboaren aurkako, PPren kriminalizazio kanpainaren aurkako, nazionalismo espainiar erreakzionarioenaren aurkako eta EAJ-PNVk aho txikiarekin eskubide demokratikoen errespetuaz (baina bitartean PSOEren gobernuari babesa emanez) hitz egiten duen demagogiaren aurkako garaipen bezala ikusi zen. BILDUren aldeko botoa, logikoki, eskubide demokratikoen alde pauso garrantzitsuak emateko aukera bezala ulertu da. Horregatik, BILDUk emaitza historikoak lor ditzake maiatzaren 22an.

Euskal Herria Sozialistatik uste dugu beharrezkoa dela Euskal Herriko langileek eta gazteek botoa BILDUri ematea, azken finean, koalizio hau baita ezker abertzalea ia bere osotasunean ordezkatzen duena. Baina, aldi berean, zintzoki uste dugu beharrezkoa dela ezker abertzaleak inolako konfiantzarik ez izatea EA bezalako alderdi burges batengan. EA autodeterminazio eskubidearen alde borrokatzeko prest dagoela pentsatzea akatsa dela uste dugu. Bere demagogia kalkulatuaren eta bere ahulezia organikoaren zati besterik ez da gaur egun duen diskurtsoa. Badakigu ezker abertzaleko militante askok zintzoki honakoa esaten dutela: “EAkoak orain gure aliatuak dira. Orain bide onetik doaz eta konfiantza izan dezakegu eurengan”. Baina hitz hauei benetako gertakariak kontrajarri behar zaizkie aurrean. Euskal Herriaren eskubide demokratikoen txapeldun bezala aurkezten diren pertsona hauek berberak dira enpresarien eta bankarien interesak indar handiz defendatu dituztenak, iraganean Eusko Jaurlaritzatik ezker abertzalea zapaltzera konprometitu zirenak, Euskal Herriaren askatasunaren alde hatz bakar bat ere mugitu ez dutenak…

Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren alde borrokatzeko, gure indarrean soilik izan behar dugu konfiantza, langile klasearengan eta gazteriarengan, hauek baitira gure herriko askapen nazional eta sozialaren benetako motorra. Ezker abertzaleak gehiengoaren babesa politika iraultzaile bat defendatuz irabazi behar du eta irabaz dezake: langile klasearen batasuna mota guztietako zatiketen gainetik; autodeterminazio eskubidearen defentsa eta konplexurik gabe enpresa handien eta bankaren desjabetzea planteatuko lukeen programa sozialista, langileok gure izerdiarekin sortzen dugun aberastasuna biztanleriaren gehiengoa, enpleguak, hezkuntza, osasuna, hizkuntza, kultura eta gure familien etorkizuna defendatzeko izan dadin. Hau da bide bakarra Euskal Herriak merezi duen askatasuna lortzeko.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.