BBK, Vital eta Kutxaren batzarretan banku berri baten sorrera atera da aurrera: Kutxa Bank. Horrela, banku berria BBKk, Kutxak eta Vitalek Cajasur bereganatu zuen BBK SAU bankuarekin bat egitean sortu da. Jakina zen bankarizazioa ekarri duen hiru kutxen fusioa Confebask patronalak, EAJ-PNVk, PPk eta PSOEko agintariek babesten zutela. Baina azkenean, Bilduk ere babesa eman dio bankarizazio prozesuari. Bilduko ordezkarien ustez “akordioa ona” da, “nahiz eta bankarizazioarena ez izan agian aukerarik egokiena” adierazi zuten.

Kutxen berregituraketa

2010eko uztailean, PSOEren Gobernuak LORCA bezala ezagutzen den erreforma onartu zuen kutxen berregituraketa bultzatzeko. Berregituraketa 2009ko udan hasi zen FROBaren sorrerarekin, kutxen pribatizazioa bultzatzeko helburuarekin. Hartutako neurriekin aukera irekitzen zen kutxak bankuek irentsiak izateko eta kutxetako langileen kopuru garrantzitsu bat langabeziara botatzeko.  

LORCA legearen bidez kutxak banku baten izaera juridikora gerturatzen joango ziren. Boom inmobilioarioaren garaian kutxek aplikatutako politiken ondorioz sektorean sortutako egoera larriari “irtenbide bat” ematea zen PSOEren Gobernuaren helburua. Banka espainiarraren eta europarraren presioek aurrezki kutxek lehenago zuten izaera eta egitura mantentzea ezinezko egitea lortu zuten Europako Komisioaren bitartez. LORCAk formalizatu egin zuen dagoeneko kapitalistek erabakita zeukatena: kutxen baliabideak bankaren eskura jartzea eta sistema finantzieroaren arazoak gastuen murrizketekin hobetzea, bulegoak itxiz eta langileak kaleratuz. LORCAren helburua kutxen negozio errentagarriena banka pribatura pasatzea erraztea zen, bitartean diru publikoarekin erreskatatuz burbuila inmobiliarioaren leherketarekin kaltetuak zeuden kutxen aktiboak. 

Pentsioak bankarentzat gozoki goxoak ziren moduan, pentsio pribatuen negozioari esker kutxek zeuzkaten baliabideak ere ez ziren gutxiago. Kutxek baliabide finantzarioetan tarta zati oso garrantzitsua ordezkatzen dute, eta horien atzetik dabiltza kapitalistak. Horregatik, kutxen bankarizazioak banka pribatuari egiten dio mesede batik bat. Kutxek sortutako bankuak xurgatzen joango dira bata bestearen atzetik. Hori bai, banka pribatuak ez ditu erosiko arazo ekonomikoak dituzten kutxak. Guztion diruarekin erreskatatu ondoren irentsiko dituzte, banka pribatuaren eskuetan geratuz (prezio onean gainera) izugarrizko negozioa suposatuko duen baliabide ekonomiko handi horien kudeaketa. Beste behin, langileen poltsikoetakin bankariengana pasako da aberastasuna, galerak sozializatuz eta irabaziak pribatizatuz. Kutxetako langileen egoera berriz oso larria da, estatuko 132.000 langiletatik 15.000 baino gehiago joan baitaitezke kalera. Honek erakusten du bankarizazioarekin nork irabazten eta galtzen duen.    

Baina honek guztiak ezin du gorde aurrezki kutxen benetako aurpegia zein izan den. Kudeaketa erdipublikoa eta bokazio “soziala” izan arren, banku pribatuek bezala funtzionatzen zuten. Pasa den mendeko 60. hamarkadatik talde ekonomiko pribatuei lotuta zeuden kutxak. Kapitalismopean, kutxetako kudeatzaile zintzoenak ere, ezin du funtzionatu merkatu kapitalistaren legeetatik kanpo. Azken finean, kutxen izaera “sozial” deitutako hori fikzioa besterik ez zen. Orain, PSOEren Gobernuak, banka handiaren eskuetan jarri ditu kutxen negozio eta baliabideak.   


Kutxa Banken sorrera

Beharrezkoa da Kutxa Banken sorrera testuinguru honetan guztian kokatzea. BBKk Caja Sur erosteak edo hiru kutxetako lehendakariek iragarri dutenak (etorkizunean filial, erosketa edo aliantza bidez hazteko asmoa) argi erakusten du nondik doazen gauzak. Bilduko arduradunek ordea, banku berriaren sorrera suposatuko duen akordioa ona dela adierazi zuten prentsaurreko batean.

Hiru euskal kutxen fusioaren ondorioz sortu den banku berriaren akordioari babesa emateko hiru argudio azaldu zituzten Bilduko ordezkariek. Lehenengoa, ziotenez, “Obra Sozialarekiko konpromisoa”, beren ustez “irabazien %30a Obra Sozialera zuzendua” egotea bermatu baitute. Bigarrenik, beren ustez “pribatizazioari ate guztiak itxi” zaizkio, eta “Bilduren lanari esker hiru Euskal kutxen fusioaren ondorioz sortuko den entitate berrian kontrol publiko eta soziala” bermatuko da. Azkenik, beren iritziaren arabera “hiru Euskal kutxetako lehendakariekin lorturiko akordioan langileen aldarrikapenak jaso dira eta hortaz Euskal banku publiko berri honek langileek lan negoziazio esparruaren inguruan hartzen duten erabakia errespetatzea” lortu dute. Gure ustez ordea, akats larria egin dute Bilduko arduradunek eta beharrezkoa da argudio hauek aztertzea.  

Bankuaren sorrerarekin kutxen eginkizun bakarra obra sozialaren kudeaketa izango da. Aktibitate finantzieroak, aktiboak eta langileak (obra sozialekoak ezik) Bankura pasatzen dira. Kutxa Banken irabazien %30 gutxienez obra sozialera zuzenduko dela dio akordioak baina “betiere Sozietate Zentralaren finantza-kaudimenak eta ezarri beharreko arau erregulatzaileek ahalbidetzen badute”. Honek esan nahi du ez dagoela bermatuta irabazien %30 obra sozialera zuzentzea. Horrela egoera finantzarioa “egokia” ez izatearen aitzakian, entitate berriaren zuzendaritzak aldaketak proposatu ahal ditzake obra sozialean.  

Pribatizazioari ate guztiak itxi zaizkio? Egia da akordioak sozietate zentralaren akzioen %100 kutxen esku egongo dela dioela, baina kasu honetan ere “baldin eta ezarri beharreko beste edozein araudik edota ahalmena duen erakunde zein administrazioren batek aurkakoa exijitzen ez badute”. Kapitalisten esfortzu guztiak pribatizazioaren bidean doaz eta ez da desberdina kasu honetan. Dudarik gabe, akordioak aukera irekitzen die kapital pribatuaren sarrerari eta burtsarako jauzia emateari ere.  

Azken urteotan ELA eta LABek euskal esparrua aldarrikatu dute Hego Euskal Herrian lan egiten dutenentzat. Langileen ordezkari sindikalen gehiengoak bertoko hitzarmen bat negoziatzen hastea eskatu zuen, legeetan ezarritakoa betez. BBKko zuzendaritzak ukatu egin zuen aukera hau. Nahiago dute negoziatzeko estatu-esparrua, horrela lan baldintza okerragoak lortuko baitituzte. Gauzak horrela, nahiz eta akordioak esan “Bankuak erabakitzeko esparruari buruz langileek erabakitakoa onartuko duela agintzen” duela, ez da zehazten langileek nola erabakiko duten eta zein esparrutan erabakiko den (Hego Euskal Herrian, estatu mailan…). Akordioak agerian uzten du estatu mailako hitzarmena duela helburu eta horren ondorioz langileen baldintzak okertzea lortuko da. Gogoratu behar da gainera, dagoeneko egon diren 500 aurrejubilazioez gain, fusioaren ondorioz kaleratzeak egongo direla datozen hilabeteetan.

Honengatik guztiagatik, Bilduko arduradunek azaldutako argudioak ez dira batere egokiak. Beraz, Kutxa Banken sorrera eragin duen akordioa bankarientzat eta kapitalistentzat da onuragarria eta langileentzat eta gizarteko sektore zapalduenentzat kaltegarria.      

Kutxen izaera soziala bermatzeko eta lanpostuak defendatzeko, sistema finantzario osoaren nazionalizazioa

Kutxetako lanpostuak defendatzeko beharrezkoa da sektoreko langileak elkartzea. Ezker abertzaleak eta sindikatuek oinarrizko auzia jarri behar dute mahai gainean, hau da, kutxak zeinen zerbitzura egongo diren zehaztu. Kutxek mundu finantzario kapitalistako zati izaten jarraitzen badute langileen etorkizuna iluna da erabat. Aurreikusita dauden kaleratzeak hasiera besterik ez dira. Martxan jarri diren legeen ondorioz etorkizunak honakoa dio: kutxetako baliabideak bankak xurgatuko ditu eta lanpostu asko desagertuko dira.   

Langileen, langile autonomoen, merkatari txikien eta enpresari txikien zerbitzura dauden kutxek aldiz lanpostuak mantendu ditzakete. Baina mota honetako kutxa bat ezinezkoa da sektore finantzario pribatua mantenduta. Kutxak salbatzeko modu bakarra hauek banka publikoaren sistema batera txertatzea da eta sistema hori lortzeko nahitaezkoa da sektore finantzario osoaren nazionalizazioa, kalte ordainik gabe eta langileen kontrolpean. Mota honetako banku sistemarekin, sistema sozialista batean, langileen eta beren familien zerbitzura egongo litzatekeen ekonomiaren planifikazio demokratikoarekin, gaur gutxiengo bat aberasteko erabiltzen diren baliabideak garapen sozialaren zerbitzura jarriko lirateke. 

 
 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.