Gaurko Tolosaldeko Hitzan gure kide den Ibon Artolari egindako elkarrizketa argitaratu dute:

 

«Oinarrizko arazoa bankuak eta empresa handiak gutxi batzuenak izatea da»

«Langileek sortzen duten aberastasuna guztien zerbitzura jarri behar da»

«Langileek sortzen duten aberastasuna guztien zerbitzura jarri behar da»

Engels Ateneoak eta Euskal Herria Sozialista aldizkariak ekitaldi publikoa antolatu dute gaurko, 19:30ean. Engels Ateneoan izango da, Errementari kalean, eta Ibon Artola ariko da hizlari lanetan.


Zer asmo duzue ekitaldiarekin?


Bankariak eta enpresari handiak langileen eskubide sozial guztiak erasotzen ari dira, eta datu guztien arabera erasoaldi hau hasi besterik ez da egin. Gaur egungo krisi ekonomiko larriaren aurrean ez dago erdibiderik, kapitalisten irabaziak gizarteko gehiengoaren bizi baldintzak are gehiago okertzearen kontura bakarrik ase daitezke. Sufritzen ari garen erasoei eta sistema kapitalistari aurre egiteko Euskal Herria Sozialistaren alternatiba zein den aurkeztuko dugu ekitaldian.


Deialdian greba orokorra eta jarraipena izango duen borroka  plan bat behar dela diozue.


Burgesiaren erasoak geratzeko indarra kalean dago, langile eta gazteen antolakuntzan eta borrokan. Krisia hasi zenetik antolatu diren greba orokorrak garrantzitsuak izan dira helburu horretan, baina uste dugu beharrezkoa dela gehiagora joango den eta jarraipena izango duen langile klasearen mobilizazio plan edo egutegi bat. Nahiz eta orain arteko greba orokorrek ez duten erasoak atzera botatzea lortu, gure ustez beharrezkoak dira borrokari jarraipena emateko eta mobilizazio plan bati hasiera emateko. Beraz, sindikatuek greba orokor berri bat deitu beharko lukete lan erreformaren, pentsio erreformaren, negoziazio kolektiboaren, erreforma konstituzionalaren, udarako lan erreforma berriaren eta gainontzeko erasoen aurka.


Egun hauetan Europako Batasunean beste neurri batzuk hartzeko bilera egiten ari dira. Nola ikusten dituzu neurri horiek?


Burgesia alemaniarraren eta frantziarraren interesak defendatzen dituzten Merkel eta Sarkozyren eskutik, Europako Batasuneko agintarien neurri guztiak norabide berean joan dira eta joango dira. Beraien helburu bakarra kapitalisten irabaziak mantentzea da, langile klasea gehiago pobretzearen kontura.


Zeinek sortu du zure ustez egungo egoera ekonomikoa?


Ekoizteko baliabideen jabego pribatuan oinarrituta dagoen sistema kapitalista da arduraduna. Bankuak, enpresa handiak eta latifundioak gutxi batzuenak izatea da oinarrizko arazoa. Horren ondorioz sistema ekonomiko honek gutxi batzuen interesen arabera funtzionatzen du eta ez herritarren beharren arabera. Funtzionamendu kaotiko horren ondorioz herritarrek eros dezaketena baino gehiago ekoizten da, aldizka, gehiegizko ekoizpenaren krisiak sortuz. Paradoxa dirudien arren, krisiaren arrazoia ez da produktuen eskasia, hauen ugaritasuna baizik. Baina aldi berean, herritarrek inoiz baino zailago dute produktu horiek eskuratzea. Guzti honek erakusten du bankuak, enpresa handiak eta latifundioak langileen kontrolpe demokratikoan desjabetuta, posible litzatekeela herritar guztien bizitza duin bat bermatzea.


Langileak mobilizatzeko motibatuta daudela uste duzu?


Orain arte deitu diren greba orokor arrakastatsuek erakutsi dute langileek badutela borrokatzeko borondatea mobilizazio eraginkorretara deitzen direnean. Pasa den larunbatean Euskal Herriaren konponbidearen alde Bilbon egin zen 50.000 pertsona inguruko manifestazioak, non gehiengoa langileak ziren gazteekin batera, erakusten du herri honetako zapalduek duten mobilizazio gaitasuna eta borondatea.


Nolako papera egiten ari dira sindikatuak gai honetan?


Sindikatuek oinarrizko tresnak izan behar dituzte langileen borrokan. CCOOko eta UGTko zuzendaritzek jokatu dute paper okerrena, desmobilizazioa bultzatuz eta pentsioen erreforma bezalako eraso historikoa adostuz. Baina ELAko eta LABeko zuzendaritzen kasuan, jasaten ari garen erasoaldi honetan, akatsa izan da urtarrilaren 27ko greba orokorrari jarraipena ez ematea borroka plan batekin eta greba orokor berriekin. Mobilizazioan oinarritutako sindikalgintza funtsezkoa izateaz gain, gure ustez beharrezkoa da sindikatuek perspektiba sozialista bat izatea, kapitalaren logikan ez erortzeko eta sistemaren laguntzaile ez bihurtzeko. Horregatik, gatazkan dauden enpresen borrokak elkartzea eta koordinatzea, eta krisian dauden enpresak langileen kontrolpean nazionalizatzea defendatzea, sindikatuetako zuzendaritzen oinarrizko lana izan behar da.


Eta alderdiei?


Eskuineko alderdiak kapitalaren ondoan daude. Ezkerreko alderdietako zuzendaritza gehienak ere, beraien oinarri soziala traizionatuz, lan horretan ikusi ditugu. Gizarteko gehiengoaren interesak defendatu nahi dituen edozein ezkerreko alderdik kontutan hartu behar du kapital finantzarioarekin eta enpresa handiekin egiten diren kontziliatze saiakerek etorkizun berbera dutela: hauen helburuak eta beharrak onartzen bukatzea. Horregatik, langabeziaren aurka borrokatzeko, osasun eta hezkuntza publikoaren alde egiteko… beharrezkoa da langileek sortzen duten aberastasuna gehiengoaren zerbitzura jartzea, eta horretarako nahitaezkoa da banka eta enpresa handiak langileen kontrolpe demokratikoan desjabetzea. Hori defendatzea eskatzen diegu ezkerreko alderdiei.

iturria: Tolosaldeko Hitza
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.