Borrokarekin soilik egingo diogu aurre krisiari!

 

Azaroaren 20ko hauteskundeen hurrengo egunean, Yolanda Barcinak Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzarekin egindako tratua ezagutu genuen: abenduaren 12an 700 langileren kaleratzea eta beste 300 langileren kaleratzea abenduaren 22an bukatzen zitzaien aldi baterako kontratuarekin. Hau da, 1000 langabetu berri inguru daude eta hauei gutxi gorabehera industria auxiliarreko beste 1000 gehitu behar zaizkie. Kaleratze basati hauei Kayaba enpresako 50 eta BSHko 80 kaleratzeak eta Vianako Muebles Salcedo, Fiteroko Nueva Navarra, Altsasuko Arfe… (hauek guztiak 100 langile baino gehiagokoak) fabriken itxierak gehitzen badizkiegu, argi ikus dezakegu Nafarroako egoera industriala erabat larri dagoela eta lanpostuak mantentzeko borroka lehentasunezkoa dela.

 

Enpresariak krisiaz aprobetxatzen

Begirada atzera botatzen badugu, 2007 urtera, krisia hasi baino pixka bat lehenago Nafarroako gobernua harropuztu egiten zen langabezi tasa baxuena zuela esanez, langabezia ez zelako %5era iristen. 2008an, batez ere irailetik aurrera, egoerak aldaketa erradikal bat jasan zuen. Erregulazio Espedienteak biderkatu egin ziren eta 2007an 18.000 langabetu egotetik 2008ko amaieran 23.000 egotera pasatu ziren. Ondorengo hiru urteetan langabezia bikoiztu egin zen 2011 hasieran ia 46.000 langabetu egotera iritsiz. Orain 45.000 langabetu inguru daude. 15 mila etxebizitza baino gehiagotan kide guztiak langabezian daude. Pobrezia hazten doa, batez ere familia gazteetan, hipotekarekin… gurasoen beharra daukate bizirauteko.

Kaleratzeen aurkako langileen borroka etengabekoa izan da azken urte hauetan eta azpimarragarrienak Koxka, Kybse, Dana, Arfe… enpresetakoak izan dira. Aukerak egon dira borroka guztiak bateratu ahal izateko eta 2008ko abenduan langileek erakutsi zuten beraien nahia elkarrekin borrokatzea zela. Baina ondoren, CCOO eta UGTko zuzendaritzak presio gabeko negoziazioaren politika sindikalera itzuli ziren eta horrek ondorengo borroketan zatiketa islatu zuen. Azkenean, zatiketa hauen onuradun bakarrak enpresariak izan dira, krisiaren aitzakia erabiliz, beraien irabaziak handitzeko bideak errazago aurkitzen dituztelako langileak banaturik badaude, adibidez urte gehiago daramatzaten eta eskubideak defendatzeko erraztasun gehiago dituzten langileak kaleratuz eta denbora baterako kontratuekin eta ia eskubiderik gabe kontratatzen dituzten langileez ordezkatuz. LABek eta ELAk babes handia jaso zuten antolatu zituzten greba orokorretan baina garbi dago burgesiaren erasoak gelditzeko langile klasearen erantzun zabalagoak eta indartsuagoak behar direla.

Ematen ari diren borroken artean eros ahalmena berreskuratzeko ahaleginek ere oso garrantzi handia dute. Beharrezkoa da hitzarmen kolektiboen aldeko mobilizazioak Erregulazio Espedienteen eta murrizketen aurkako mobilizazioekin elkartzea. Hau aukera bikaina litzateke langile guztien borrokak elkartzeko beren aldarrikapenen alde. Zuzendaritza sindikalek hau bultzatuko balute, aukera izango genuke gure bizi eta lan baldintzen aurkako erasoak atzera botatzeko.

Baina ez bada egiten, Muebles Salcedo, Nueva Navarra edota Volkswageneko kaleratzeak, hartu beharreko eta saihestezinak diren neurri bezala ikusteko arriskua dago, sistema kapitalistaren funtzionamenduaren atal bezala, zeinaren aurka ezin dugun ezer egin. Era koordinatu eta bateratu batean borroka egiten ez badugu, lanpostua ez galtzeko ezinezkoena ere onartzera irits gaitezke eta enpresariak oraindik eta gehiago nahiko du.

Huarten dagoen eta eraikuntzarako garabiak fabrikatzen dituen Comansa enpresaren adibidea oso argia da. Enpresariek Erregulazio Espediente bat aurkeztu zuten 388 langiletatik 55 kaleratzeko. LABeko ordezkariak xantaia salatu zuen “kaleratzeak lan eskubideen murrizketagatik aldatu nahi zituztelako: urteko soldata 7100 euro jaitsi 2012ko urtarrilaren 1etik hasita; 2013 eta 2014 urteetarako soldata izoztea; lanean daramatzaten urteengatik jasotzen duten antzinatasunaren plusa izoztu eta kontratazio berriei aplikatu ez; martxoko paga kendu; kontratazio berriei baldintza okerragoak: soldata eskala bikoitza eta lanaldia 10 egunez gehitu”. Gainera komiteak neurri hauek onartuta ere ez litzateke enplegua bermatuko “Comansak berak kontrolatzen duen negozio planaren % 85 bete beharko lukeelako kaleratzerik ez egoteko.”

Nafarroako gobernuak mota honetako Erregulazio Espedienteak ez onartzeko era bakarra kalean borrokatzea da: gatazka kalera atera, herritarren babesa eta borrokan dauden beste enpresekin batasuna bilatu borroka bateratu eta mobilizazio bateratuak antolatzeko eta, nola ez, Volkswageneko eta honen inguruko lantegietako langileen babesa eta batasuna bilatu. Hau da jasaten ari garen eraso guztien aurrean geure eskubideak eta bizi baldintza duinak mantentzeko eta Erregulazio Espedienteak atzera botatzeko era bakarra.

 

Murrizketa sozialei ez!

Sistema kapitalistaren krisi organikoari zorraren espekulatzaileek sortu duten krisia gehitu behar zaio Europar Batasuna hausteko ere aukera sortu delarik. Honek herrialde guztietako gobernuak gastu sozialak murriztera eraman ditu: hezkuntzan, osasunean, dependentzian, oinarrizko errentan… Horrekin pozik ez eta kapitalistek presionatuta funtzionarioen soldatak murriztu dituzte, pentsioak izoztu, irakasle eta sendagile kopurua murriztu… bankuei dirua eman ahal izateko. Nafarroako gobernuak ere politika hori babestu du: dirua bankuentzat, AHTa bezalako obra handientzat eta murrizketak hezkuntzan, osasunean, kulturan (Nafarroako Antzerki eskola desagertuko litzateke), euskaran eta beste hainbat arlotan.

Udatik hona mobilizazioak antolatu dira hezkuntzako murrizketen aurka, greba orokorra barne, eta urriaren 22an egin zen manifestazioa eraso horien aurkako herritarren erantzun indartsu bat izan zen. Ondoren osasun saileko mobilizazioak hasi ziren sukaldeen pribatizazioaren aurka eta Tuterako eta Lizarrako laborategiak desagertzearen aurka. Aurrekontu parte hartzaileen aldeko plataformak mobilizazioa antolatu zuen 17an murrizketen aurka eta abenduaren 20an sektore publikoko sindikatuek deituta funtzionarioek urteetan zehar galdutako eros ahalmena berreskuratzeko mobilizazioa egin zen. Abenduaren 22 eta 23an berriz greba egin zen merkataritzan hitzarmen duin bat lortzeko.

Behin eta berriz ikus dezakegu langileak prest daudela beraien lan eta bizi baldintzak borrokarekin defendatzeko. Zuzendaritza sindikalek dute guraso, irakasle, ikasle eta langileek beraiena dena defendatzeko duten indar izugarria antolatzeko ardura. Erakutsi dugu prest gaudela gurea dena defendatzeko, hainbeste esfortzurekin lortu eta betirako kendu nahi dizkiguten gure lorpenak defendatzeko.