Gaurko Tolosaldeko Hitza-n Euskal Herria Sozialista-k pasa den astean eman zuen prentsaurrekoaren berri jasotzen du izenburu honekin: "EH Sozialistak erreforma laborala “frankismo bukaeratik langileen aurkako eraso handiena” dela dio". Bestalde, Tolosaldeko 28 Kanalak prentsaurrekoa grabatu eta interneten jarri du ikusgai. Behean Hitza-koalbiste osoa eta bideoa.

Frankismo garaiaren amaieraz geroztik, erreforma laborala “langile klasearen eskubideen aurka egindako eraso handiena” dela azaldu du gaur, Euskal Herria Sozialistak: “Burgesiak ez du inolako asmorik langile klasearen aurkako erasoaldia leuntzeko. Erreforma honekin, langileak inolako babesik gabe geratzen dira, eta horrela errazagoa da enpresetan beldurra sartzea”, nabarmendu du bozeramaleak. Bide beretik, Espainiako Gobernuak onartu berri duen erreformaren helburua, “enpresari handiek krisiaren erdian negozio handia egiten jarraitzea” dela salatu du EH Sozialistak.

Egoera honen aurrean, “langile familien eskubideen aurkako erasoaldiak erantzuna izatea” beharrezkotzat jo dute agerraldian. Jomuga hau aurrera eramateko bidean, ELA, LAB, CCOO, UGT eta CIG sindikatuek greba orokorra egun bererako deitzea “oso positiboa” izan dela azpimarratu dute: “Ekintza batasuna, langileen gehiengoa erakartzen duena, oinarrizko arma da elkartuta dagoen etsaiari aurre egiteko”.

Azkenik, kapitalismoa gizakiarentzat “mehatxua” dela aldarrikatu du EH Sozialistak, sistemak, “Europan ere XIX. mendeko lan eta bizi baldintzetara itzularaztea” nahi duela gaitzetsiz.

Lan erreformaren nahiz murrizketen aurkako aldarriekin amaitu dute agerraldia, datorren martxoaren 29ko greba orokorrerako deia eginez.

Prentsaurrekoaren bideoa ikusteko: http://vimeo.com/38781570