Jarraian, Galtzaundi aldizkariak Santiago Jimenez alkate marxistari egindako elkarrizketa dakargu. Bihar izango dugu Santiago Aste Iraultzailearen baitan hitzaldia ematen.

 

Santiago Jimenez, Villaverde del Rioko (Sevilla) alkate marxista da. Euskal Herria Sozialistak  antolaturiko Aste Iraultzailearen baitan, martxoaren 23an, Tolosako Engels ateneoan, arratsaldeko  19.30ean hasita “Villaverde del Rio: langileen aldeko udaletxe politika” hitzaldia eskainiko du. Galtzaundik Santiago Jimenezekin, udala batzar bidez kudeatzeaz hitz egin du.

Zure hitzaldiaren oinarria:“alkate marxista” izatea da. Nolakoa da aurrera eramaten duzun gobernu sistema?

Sevillako eskualde honetan ibilbide luzea dugu. Gure método politiko-sindikala, langileen parte hartze aktiboan, esku-hartzean, aldarrikapenean eta mobilizazioan  oinarriturik dago. Langileen mesedean oinarritutako egitarau politikoa sortu eta garatu dugu.

Lan instituzionala herrian (ikastetxeetan, lantegietan, gazteen artean) emandako lanaren mende jartzen dugu; lana eta konfiantza udaletxera eramaten ahalegintzen gara. Gure helburua estatuaren aparatua ez izatea da.

Zure udalak etxebizitzaren auziari ekintza zehatzez erantzun dio, eraikuntza enpresak erdizka utzitako 58 etxebizitza okupatu dituzue…

Etxebizitza oinarrizko eskubidea da, benetako politika ezkertiarraren eta iraultzailearen abiapuntua da.  Sekula ezin da negozio bilakatu. Sekula ezin dira hezkuntza, osasuna edota etxebizitza bezalako oinarrizko eskubideak eraikitzaileen, sustatzaileen edota higiezinen enpresen esku utzi. Egun herritarrok jasaten dugun erabateko desastre honen arduradunak dira aipatutakoak.  Kontrara, erakunde publikoek etxebizitza eskubidea bermatu behar dute.

58 etxebizitza hauen lanak geldi daude, ez dute inolako bideragarritasunik eta arazo bilakatu dira. Jabetzaren gainetik funtzio soziala eman behar zaie. Higiezinaren jabetzak paper erabat kaltegarria betetzen du. Lanak geldirik daude eta gizarteak ez du inolako onurarik eskuratzen. Guk proiektu bilakatu nahi dugu, jabetzaren muga zeharkatu dugu, okupatu egin ditugu berez dagokien gizarte funtzioa ezartzeko. Lanekin jarraitu nahi dugu langabezian dauden langileek bertan lanean arituz, lanak batzar demokratikoen bitartez banatuz, langileei hitza emanez. Behin eraikuntza amaituta, ondo antolatutako plan bat medio, benetako etxebizitza beharra duten familiei esleituko zaizkie. Etxebizitzak eraikitako prezioan salduko dira, Andaluziako Juntak eskainitako laguntzak medio. Gure asmoa Andaluziako Juntaren babesa lortzea da, desjabetzarekin eta obraren finantzaketarekin lagunduz, alegia. Honela, langile alokairuak  indarrean jarriko genituzke –langile soldataren %10a-.

Tankerako ekintzak batzar bidez osatutako gobernu moduan oinarriturik daude. Linguistikari dagokionez, batzarra demokraziaren oinarrizko unitatea da, langileen zuzeneko demokrazia organoa. Borrokarako organoak dira, baina baita erabakietarako eta eztabaidarako organoak ere. Denbora luzez hitz egiten egon beharrean, organo hauetan zuzenean eztabaidatu eta era demokratikoan, erabakiak hartu eta indarrean jartzen dira. Batzarrean partaideak zuzenean mintzatzen dira. Hau da, inork ez ditu parte hartzaileen beharrak interpretatzen.

Ordezkari bidezko demokrazian ordea, iruzurra baino ez da ematen: inolako ordezkaritzarik ez da ematen, bankuek eta sistema finantzarioak agintzen baitute. Gu demokrazia  bakunago baten alde gaude, herritarrak zuzenean hitz egitearen alde.

Gaur egun indarrean dagoen sistema baino horizontalagoa?

Erabat. Egunero komunikabideetan ordezkaririk zinikoenek eskubide guztiak murriztu eta klase ertaineko familien bizi-baldintzak txikiagotu behar dituztela adierazten dute, defizit helburu batzuk eskuratu behar direlako. Horrenbeste kostatako baldintzei muzin egitera behartzen gaituzte. Baina aipatu helburuak bankuek, aberatsek eta sistema finantzarioak ezartzen dituzte. Munduko hautatu batzuen diktadura modukoa da. Eurek erabakiak hartu eta gobernuak ezartzera mugatzen dira. Gure ustetan benetako demokrazia langile, familia eta herritarren ahotsean ordezkatu behar da. Herritarrek zuzenean adierazi eta zuzenean erabakitzeko organoak behar dituzte.

Ez da hitz egite kontua, axola zaizkigun gaiei buruz erabakiak hartzea da. Demokrazia formalak ez dauka honelako mekanismorik. Gure inguruan ematen diren iruzurrak medio, tankerako gobernu moduak gero eta beharrezkoagoak dira.

Bestelako herriguneetarako eredu baliagarria izan daitekeela uste duzu?

Baietz uste dut. Guk erabilitako eredua ez dugu guk asmatu, langile mugimendua berreskuratu, geureganatu eta hainbat tradizio indarrean jarri ditugu. Hamarkadetan eta hamarkadetan, langileen errebindikazioak medio aurrera eramandakoak dira. Ororen gainetik, egin beharrekoa, modeloak kopiatzea baino, hausnartzea da. Erakundeetan politikariek betetzen duten paperaz hausnartu beharra dago. Hauteskundeetan gizon-emakumeek ordezkaritza eta boterea eskuratzen dutenean herriaren aldeko erabakiak hartuko dituztela pentsatzen dute. Errealitatea baino ilusioa da hori. Udaletxea, herritarrengandik gertu badago ere, estatu aparatuaren parte da; erakunde bat da, legedi eta arautegi zehatza bete behar duena.

Gauzak honela, askotan borondate politikoa aurrerabiderik gabe geratzen da, milaka oztopo aurrean dituela. Gogoak eta indarrak milaka pareten kontra talka egiten dutenean politikaria adoregabetzen da. Horregatik, udaletxea estatu aparatuaren parte dela argi izatea beharrezkoa da. Bidegabea denez, aurre egin behar zaio; ez da nahikoa ezarritako mugak indarrean jartzea, aurrekontu murrizketei aurre egin behar zaie. Horretarako, erabili beharreko metodoa batzarrarena da, herritarren parte hartze zuzena ahalbidetzen duena. Udaletxeko lau paretetatik atera beharra dago, herritarrak batzarretan antolatu behar dira: borrokatzeko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko. Burokrazia gorroto dugunontzat udaletxea jasanezina denez, baliagarriak diren metodoekin aurre egin behar zaio.

Zure hitzaldia baliagarria da aipatu oztopo horien aurrean baikortasunez ekiteko?

Jende zintzo, gogotsu, borrokalari asko dago. Udal batean denbora luzez aritu ondoren ordea, indar horiek galtzen doaz, asmoak deusean geratu eta aurrera eraman ezin direlako. Oztopoak ugariak izaten dira: txostenak, sail ezberdinak, eraginak, eskrupulurik gabeko jendea… Gainera ezarri beharreko legea, dirudunen eta botere ekonomikoen aldekoa da. Zintzoenei ezintasuna eta etsipena sortzen zaizkie, azkenean askok estatuarekin bat egin eta euren lanpostuari baino ez diote begiratzen; beste batzuek ordea, alde egin behar izaten dute, bidegabekeriarik baino ikusten ez dutelako. Azken finean, herritarren alde aritzeko, egoera gainditzeko metodoa izatea beharrezkoa da.

Azkenik, testuinguruan kokatzeko, Villaverde del Rioko (Sevilla) erradiografia laburra aurkeztuko?

7.500 biztanle dituen herria da. Nekazaritza aldetik Sevilla zein Andaluziako eskualderik emankorrenean kokaturik dago, Vega del Guadalquivir eskualdean. Eraikuntzak pisu handia zuen baina erabateko gainbehera iritsi da. Langileok batzen gaituzten ezaugarriak aurki daitezke, errebindikazio berdinak ditugu: duintasunez bizitzea, bizitza-kalitatea eskuratzea, seme-alabei etorkizuna bermatzea, zerbitzu duinak izatea, lana izatea, etxebizitza izatea… Bizi garen tokian bizi garela honek batzen gaitu.