Raxoiren gobernuak hezkuntzako 3.000 milioi euroko murrizketa aurkeztu zuenetik mobilizazio asko izan dira Hego Euskal Herrian. Bereziki garrantzitsuak izan dira Nafarroako manifestazioak eta grebak, okupazioak eta batzar handiak. Dudarik gabe, jarraitu beharreko eredua.

ELA, LAB, CCOO, UGT, STEE-EILAS, AFAPNA, ANPE eta CSIFek maiatzaren 22an hezkuntzan deitutako greba orokorra arrakastatsua izan zen. Egun berean izan zen estatu mailako irakaskuntzako greba ere. Grebaren jarraipenak eta manifestazioek erakutsi zuten nolako kontzientzia altua dagoen irakasle, guraso, ikasle, garbitzaile, atezain eta beste langileen artean. Garbi ikusten da eraso bakoitzaren helburua hezkuntza publikoa bezalako lorpen historikoa suntsitzea dela. 22ko egunari maiatzaren 29ko grebak jarraitu zion, eta beste behin jarraipenak indar handia izan zuen; asko izan ziren itxitako ikastetxe, okupazio eta manifestazio masiboak. Bi egun beranduago, maiatzaren 31an, hezkuntza publikoa geratu egin zen sektore publikoko greba babesteko, eta bi egun beranduago, ekainaren 2an, herrialde osotik joandako manifestari eta pankartez bete zen Iruñea. Horretaz gain, manifestazio handi eta grebei, ikastetxe askotan egin diren batzarrak, gauetan egindako okupazioak eta asteroko kontzentrazioak gehitu behar zaizkie.

PPren gobernuaren dekretuak 1.000 irakasle botako ditu kalera, eta honen ondorioz ikasgela bakoitzeko ikasleen kopurua %20 handituko da eta irakasleen eskola-orduak bi ordu gehiagokoak izango dira. 11 eta 15 urteko bi ikasleren ama den Doneztebeko Marga Erdozainek honakoa zioen: “Jendeak kontuan eduki behar du hau murrizketen hasiera besterik ez dela, hezkuntza sistema desegin eta hezkuntza pribatua jartzea nahi dute. Desberdintasunak handitu egingo dira: aberatsek posible izango dute eta besteek ez. Nire belaunaldiari hala tokatu zitzaion. Nire koadrilako jende askok ezin izan zuen ikasi ez baitzuen aukerarik izan, eta horretara itzuliko gara. Arreta gehiago behar duten umeek ez dituzte baliabideak izango eta zentro pribatuetara joango dira, gauza berdinera itzultzen gara”.    

Eskola porrota igoaraziko duten neurri basati hauei isilpean ibilitako beste hainbat gehituko zaizkie. Batxilergoetako hezkuntza eskaintza murriztu egingo da: institutuek batxiler modalitate bat bakarrik eskainiko dute. Baliabide gutxiago dituzten ikasleek gertuen duten ikastetxeko modalitatea ikasi beharko dute, eta besteek bidaia luzeagoak egin beharko dituzte (honek dakartzan garraio gastuekin). Nafarroako gobernuak egindako beste erasoetakoa beken murrizketa larria da: doako liburuen ordez errentaren araberako diru-laguntzak emango dira. Hau guztiarekin ikus daiteke nolako hezkuntza etorkizuna izan dezakeen zailtasun ekonomikoak dituen langile familia bateko gazte batek.  

Lanbide Heziketa ere ez da salbatu erasoetatik. LHko 2.000 orduko moduluak ezerezean geratu dira, eta ondorioz kasu honetan ere eskaintza ikaragarri murriztuko da. Honekin batera, unibertsitate tasak ere asko handituko dira, batik bat irakasgai bat errepikatu beharra izango duten haiei. Ez dago zalantzarik, milaka gazte bota nahi dituzte hezkuntza sistematik, eta ez edozein, diru gutxien dutenak baizik.   

Lorpen historiko baten aurkako eraso historikoa

Hezkuntza publikoaren aurkako eraso hau klaseko erasoa da, bere seme-alabak eliteko ikastetxera, institutura eta unibertsitatera (mota guztietako baliabideak dituzte bertan eta behar adina kurtso errepikatu ditzakete) eraman ditzakeen klase kapitalistaren erasoa, hain zuzen ere. Bai, klaseko erasoa da, langabezian geratzen eta laguntzarik gabe geratzen ari den langile klasearen aurkakoa, hipoteka ordaindu ezin duenaren aurkakoa, soldata murrizketak jasaten dituenaren aurkakoa, elikagaien, argiaren eta uraren prezioen igoera jasan behar duenaren aurkakoa.

Langile familientzat, orain arte, hezkuntza zen beren bizi baldintzak hobetzeko bide bakarra. Horregatik egin ziren bere garaian kalitatezko hezkuntza publikoa lortzeko hainbeste sakrifizio. Hezkuntza unibertsalaren aldeko borroka frankismoaren aurkako borrokaren zati izan zen, osasunarekin eta beste eskubide sozialekin batera. Trantsizioaren ondorengo PSOEren gobernuaren hasierako urteetan, hezkuntzako mobilizazio erraldoiei egin behar izan zien aurre, eta kasu askotan errepresio gogorrenarekin erantzun zuen gobernuak. Hala ere, hezkuntza duin bat jasotzeko eskubidearen aldeko grinak bere emaitzak lortu zituen. Ez ziren lortu eskaera guztiak, baina aurrerapauso garrantzitsua izan zen. Ikus daitekeen moduan, langile klaseari inoiz ez zaio ezer oparitu.

Orain, kapitalistek erabaki dute langileek nahikoa izan dugula, eta beren aukeren gainetik bizi izan garela. Kapitalisten ustez, ez dugu ikasi behar bezala, ez ditugu medikamentuak eta osasuna behar bezala erabili, eta gainera bizitzeko etxe bat eta kotxe bat edukitzea otu zaigu hori egin behar ez genuenean. Behartsuok ez genuke hau dena eduki behar eta dena itzuli behar diegula defendatzen dute. Horregatik lagundu behar ditugu diruz bankuak nahiz eta horren ondorioz ikastetxeak itxiko diren. Egon al liteke zinismo handiagorik? Aldatu beharra dagoen sistema bidegabearen frogak ez dira gutxi eta Marga Erdozainen zioen moduan hau hasiera baino ez da, eraso gehiago dituzte prestatuta.     

Borroka bateratua da defentsa bakarra

Nafarroako hezkuntza komunitateak erakutsi zuen bezala, borroketan izandako batasuna oinarrizkoa izan zen mobilizazioak indartsuak eta arrakastatsuak izateko. Nafarroako gobernua egoera zailean jartzea lortu zuten UPN eta PSNren arteko zatiketan zerikusi handia izan zutelarik.

Borrokaren batasuna bi fronte garrantzitsutan ikusi zen. Alde batetik, hezkuntzako sektore ezberdinetako batasuna: garbitzaileak, atezainak, ikasleak, irakasleak eta gurasoak, modu bateratuan okupazioak, batzarrak eta manifestazioak egin zituzten. Hau oinarrizkoa da, erasoek guztioi eragiten baitigute lan egiten dugun sektorean lan egiten dugula ere. Ikasleen kasuan ere funtsezkoa da elkartuta joatea, modu horretan defenda baitaitezke gaur egungo hezkuntza eskubidea eta etorkizuneko lan eskubidea, izan ere, horrela jarraitzen badute hainbat hamarkadetako kondena inposatuko zaio gazteriari. Batasunaren beste frontea sindikala da. Jendearen artean zegoen batasun beharra sindikatuetara zabaldu zen, eta beren indarrak elkartu zituzten borroka bateratuak antolatzeko. Erabat egokia da hau eta adibide honek erakusten du sindikatuak borrokarako elkartzen direnean jarraipena masiboa izaten dela.

Hala ere, puntu honetan beharrezkoa da kritika bat egitea. Nafarroako murrizketen aurkako borroka EAEkoaren berdina da. Raxoiren neurriak ez dituela aplikatuko esaten aritu da behin eta berriro Patxi Lopez, baina hori gezurra da. Eusko Jaurlaritzak datorren kurtsorako ikasgelako ikasleen kopurua handituko du eta murrizketak egingo ditu bere garaian Zapaterok edo orain gobernu andaluziarrak egin behar duen moduan. Milaka irakasle kaleratuko dituzte eta egoera honek milaka ikasleri eragingo die. Besterik esan arren, Patxi Lopez ez dago prest berak defendatzen dituen legeen gainetik pasatzeko. Beraz, zergatik ez dira egon EAEko hezkuntzan Nafarroan bezalako mobilizazioak? Kanpaina sindikal indartsu batekin posible izango litzateke Eusko Jaurlaritzaren hitzak hauteskunde helburuetarako iruzur bat zirela herritarrei azaltzea, eta aldi berean murrizketak geratzeko borroka Hego Euskal Herri osora zabaltzea defendatzea.

Gainera, hezkuntza publikoaren aldeko borroka euskararen aldekoa ere bada. Murrizketak modu garrantzitsuan gure hizkuntzara heltzen ari dira, hau irakasteko baldintzak okertzen baitira maila guztietan, baina baita murrizketak ikastolei eragiten dietelako ere. Beharrezkoa da hezkuntza publikoaren aldeko mobilizazioa euskararen defentsarekin elkartzea. Horretarako, beharrezkoa da Hego Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen greba orokor bat, ondoren borrokari jarraipena emanez eta denboran luzatuz.    

Kalitatezko hezkuntza publiko euskalduna

Hezkuntza publikoa jasaten ari den erasoen aurrean honakoa defendatzen dugu:

- Inbertsio sakona hezkuntza publikoan: BPGren %7. Azken hamarkadetan Hego Euskal Herrian BPGren %3,5 bakarrik zuzendu da hezkuntzara (%3,6 EAEn eta %3,1 Nafarroan). Hau da, OCDEko estatuetan bataz beste erabiltzen dena baino 1,7 puntu gutxiago, 1.433 milioi euro gutxiago, biztanle bakoitzeko eta urteko 520 euro gutxiago. 

- Diru horrekin milaka irakasle kontratatzea Euskal Herri guztian ikasle-irakasleen ratioak jaisteko. Horrela bakarrik izango litzateke posible hezkuntza publikoak kalitatea eta formakuntza duinerako beharrezko baliabideak izatea. Doako hezkuntza publikoa. Hezkuntzaren pribatizazioari ez. Hezkuntza ez da negozio bat, eskubide bat da.

- Hezkuntzak zientifikoa eta laikoa izan behar du: erlijioa ikasgeletatik kanpora. Doktrinamendu politikoaren eta ideia atzerakoi eta kapitalisten erreprodukziorik ez. Hezkuntza proiektu benetan demokratikoa. Ikasleentzat eskubide osoak.

- Hezkuntza euskaldunaren alde. EAEko hizkuntza ereduen eta Nafarroako “Vascuence”-aren legea desagertzea. Gizarteko gehiengora euskara heltzeko eta bere erabilera sozialki zabaltzeko modu bakarra Euskal Herriko hezkuntza publikoko oinarrizko hizkuntza euskara izatea da, horrela gizarteko sektore guztiek, zapalduenek barne, aukera izango bailukete eredu honetan sartzeko. Hau posible izateko beharrezkoa da baliabideak izatea, baliabide asko, hain justu urte askotan zehar EAJk, EAk (Hezkuntza Sailburuaren karguan urteetan egin bezala), PSEk, PPk eta UPNk egindakoaren aurkakoa.

- Hego Euskal Herriko gobernuek ez dute egin apustu kalitatezko hezkuntza euskaldunaren alde eta alternatiba bakarra kasu askotan ikastolak izan dira. Horregatik, defendatzen dugu ikastolak babestea mugimendu sozial masiboaren bitartez. Beste modu batera existituko ez ziren proiektu asko finantzatu dira, herri honek bere hizkuntza defendatzeko duen helburu sozialak erakusten duten bezala. Baina gure ikastola asko egoera ekonomiko kritikoan daude. Beste zentro kontzertatu batzuek bezala diru publikoa jasotzen duten arren, zerbitzu publikoen murrizketek arriskuan jartzen dute, eta jarriko dute hauetako askoren biziraupena. Horregatik, ikastolak defendatzeko modu onena hauek sektore publikoan sartzea da, eta bitartean hauentzako baliabideak handitze erradikala defendatu behar da. Eginkizuna ez litzateke ikastolen hezkuntza proiektua deuseztatzea, kasu askotan eredu publikokoa baino aurreratuagoa baita, baizik eta gaur egungoak baino baliabide gehiagorekin eredu hau hobetu eta zabaldu egin ahalko litzateke Euskal Herriko beste zentro publikoetara. Ikastolak sare publikoan sartuta, hauetako irakasleen eta langileen lan baldintzak ere hobetu egingo lirateke. Horregatik, ez gaude ados, Nafarroako ikastolen Federazioaren kasuan bezala, langileen soldatak jaistea defendatzearekin langileen kaleratzeak saihesteko, honek langileen bizi kalitatea okertzeko balio baitu. Borroka egin behar da eta alternatibak bilatu behar dira langileek krisiaren ondoriorik sufritu ez dezaten.              

- Etekinak eta negozioa bilatzen dituzten elizaren eta enpresa pribatuen eskuetan dauden zentro kontzertatuentzat finantziazio publikorik ez. Hauek guztiak sare publikoan sartzearen alde.     

- Doako unibertsitate publiko eta euskalduna. Bologna planari ez. Unibertsitatean sarrera eta iraunkortasuna pribatizatu eta elitizatu nahi dituen edozein plani ezezkoa. Langile familia guztientzat behar beste beka. Enpresa handiak eta bankuak unibertsitatean sartzeari ez.