Euskal Herriko langile klaseak argi utzi du gatazkari irtenbidea emateko irtenbide politiko baten alde dagoela. Hauxe erakusten dute azken urte eta hilabeteetan euskal preso politikoen alde bizi izan ditugun manifestazio jendetsuek. Beste beste, hor izan ditugu udarako mobilizazioak eta Iosu Uribetxeberriaren askatasunaren aldekoak.

 

Kontaezinak dira dispertsioaren eta “Parot doktrinaren” aurka eta kondenaren hiru laurdenak beteta eta gaixotasun larriak dituzten presoen askatasunaren alde eginiko manifestazioak; errefuxiatuei eginiko jazarpenen eta presoei ezartzen zaizkien salbuespen egoerekin amaitzeko eskatzen duten aldarrikapenak; azken finean familietara sufrimendua zabaltzen duen egoera basati honekin bukatzea,  eta ez daitezela estatuaren bahitu bezala erabili.

Iosu Uribetxebarriaren kasua: beste adibide bat gehiago

Uda honetan, euskal preso politikoen eskubideen defentsak Iosu Uribetxebarria eta beste 13 preso larrien askatasunean izan du arreta puntua. Beraien askatasunaren alde eginiko manifestazio, kontzentrazio eta ekintzek Euskal Herriko kaleak bete dituzte, gose grebara 100 herri baino gehiagotan atxiki da jendea, baita Estatu espainiarreko hainbat kartzelatan ere, eta presoen kolektiboarekiko eta euren familiekiko elkartasuna Irlanda, Sahara, Bolivia, Argentina eta beste hainbat herrialdetatik iritsi da. Eginiko presioa hain izan da handia PPren barnean ere zatiketak izan direla: alde batetik Fernandez Diaz Barne Ministroak onartu behar izan zuen Iosuri hirugarren gradua ez ematea “prebarikazioa” izango zela, eta gainera PPren barnean bere aurkako konspirazioa zegoela “salatu” zuen; beste alde batetik Esperanza Aguirre eta Mayor Oreja buru diren sektoreek, kartzelatik ateratzeko edozein neurriren aurkakoak, berriz ere beraien españolismo faxistena atera zuten.

Nahiz eta Iosuk legea formalki bere alde izan, estatu aparatuan dirauten elementu frankista eta erreakzionarioak berriz ere argi eta garbi azaldu dira. Pedro Rubira Auzitegi Nazionaleko fiskalak ez zuen hirugarren gradurako aldaketaren helegitea jarri baina baldintzapeko askatasunaren aurka agertu zen, bere ustez presoa ez zegoelako “hiltzeko fasean”, nahiz eta bazekien legediak ez duela hori exijitzen. Kode Zibileko 92. artikuluak eta kartzeletako arautegiak duintasunez hiltzeko eskubidea defendatzen dute gaixotasuna larria bada eta aukera handia badago urtebeteren buruan hiltzeko.

Bestalde Jaiki Hadik salatu zuen Carmen Baena forentseak medikuen informeak manipulatu zituela, eta horren ondorioz Auzitegi Nazionalak Osakidetzako medikuen informeak deskalifikatu zituen. Jose Luis de Castro epaileak baldintzapeko askatasuna zegokiola erabaki zuen, baina fiskaltzak helegitea aurkeztu eta horrela prozesua luzatzea lortu zuten. Bai PPk, UPyDk eta espainiar eskuindar guztiek epailea iraindu zuten, baita fiskaltza ere informeak ezkutatu zituztela salatuz. Hau ikusita argi dago zer egiteko asmoa duten gaixotasun larriak dituzten gainerako presoekin. Beste behin agerian gelditu da PPren hipokresia bakea nahi dutela eta biktimak axola zaizkiela esaten dutenean.

Justiziarik gabe bakea lortzea ezinezkoa da, eta injustizia erabat ankerra da gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzea. Bestalde Laura Mintegik aipatu bezala beste 13 presoekin ere prebarikazioa egiten ari dira, baita “Parot doktrina” ezarri zaien presoekin ere.

Azken finean gobernuak esku batekin badirudi legediak dioena betetzen duela, baina bitartean bestearekin estatuko funtzionarioek prozesuak oztopa ditzaten uzten du; gelditzen zaien denboraren zatirik gehiena baldintzapeko askatasuna lortzeko helegiteak eginaz pasatzeko. PPk darabilen joko bikoitzaren beste adibide bat Ines del Rio eta Alberto Plazaolaren kasuak dira. Giza  Eskubideen Europar Auzitegiak askatzera behartu zuen gobernua eta oraindik kartzelan jarraitzen dute.

“Parot Doktrina” atzerakotasunez aplikatu zitzaielako helegitea jarri zuten beste 58 kasu daude. Auzitegi Konstituzionalak helegite guztiak udaren osten batera aztertuko zituela esan zuen. Horrekin espetxealdia luzatzen die guztiei.

PPren gobernuak mendekuzko jarrera dauka euskal preso politikoekin, beraiek egindako legeak betetzeari ere uko eta Giza Eskubideen Europar Auzitegiak esandakoei entzungor egiten diete. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ziurtatu zuen Ines del Rio “ez dela kartzelatik aterako”; horrela, berehala bete beharreko erabaki judizial baten gainetik pasatu zen, nahiz eta erabakiari helegitea jar zekiokeen. Hau da Alderdi Popularraren benetako aurpegia, Iosuren kasuan ez zuten beste aukerarik izan legalitatea defendatzen zutenaren itxura egitea baino, Fiskaltza Orokorrak bere lanaren fruituak emango zituela uste baitzuen. Baina azkenean, Irailaren 12an Auzitegi Nazionalak, Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna baieztatu zuen, eta Fiskaltzak aurkeztutako helegitea errefusatu. Prest daude legeak beraiei komeni zaizkien bezala aldatu, okertu eta interpretatzeko. Giza Eskubideen Europar Auzitegiak ere muga handiak ditu ez baitu “Parot Doktrina” eztabaidatzen, zalantzan jartzen duen bakarra atzerakotasunez aplikatzea da.

Eskuinaren hipokresia

PP eta UPyD ez dira 1976 eta 1977 urteetako amnistiaren legeekin aztoratzen. Lege horiek erabateko amnistia onartzen zieten 1936ko uztailaren 18tik 1976ko abenduaren 15a bitartean intentzio politikoz egindako ekintza eta delitu guztiei. Gobernuan zegoen alderdiak, UCDk, aurkeztu zuen, eta Rafael Arias Salgado bere bozeramailearen hitzetan “demokraziaren aurrekontu etiko-politikoa, helburu dugun demokraziarena, benetakoa denez atzera begiratzen ez duena, iraganean banandu eta elkarren aurka jarri gintuzten ezberdintasunak sutsuki garaituko dituena”. Benetan, 1977ko Amnistiaren legea puntu eta amaierako legea izan zen, frankismoko torturatzaile eta hiltzaile guztiak zigor gabe uztea helburu zuena. Estatuko Fiskaltza Orokorrak gobernuaren onespenarekin prozesuak oztopatzeak erakusten du espainiar burgesiak frankismoaren estatu aparatuaren kontrola oinordekotzat lortu zuela inolako depuraziorik gabe.

PSOEren zuzendaritzak bere aldetik politika honekin kolaboratzen du; baina presio indartsu bat daukate, batez ere PSEn, egoera honi irtenbide bat emateko, errepresioaren aurkako mespretxua ezker abertzalearen babes handiagoa adierazten ari baita.

Estatu espainiarrean 500 preso inguru daude eta frantziarrean 200 bat, eta hauei errefuxiatuak gehitu behar zaizkie. Kartzeletako baldintza ikaragarrien eta isolamendu luzeen ondorioz %24 gaixo dago, eta %6ak gaixotasun sendaezinak ditu eta egoera larrian daude. 21 preso hil dira galeretan, batzuk gaixotasunen ondorioz eta beste batzuk bere buruaz beste eginda. Kondena familiaren gain ere erortzen da egin behar dituzten bidai luzeekin eta honek ekar ditzakeen istripu arriskuekin. Mikel Egibarren familiaren kasua izan zen azken kasuetako bat, bere bikotekideak eta bi haurrek istripu larria izan zuten bisita baten itzuleran. Erietxera bisitan joan zenean ez zioten bakarrik egoten utzi eta hori gutxi balitz eskuburdinak ere ez zizkioten kendu besarka zitezen.

Eskubide demokratikoak, izan euskal preso politikoenak, izan langile klasearenak, izan eskubide sozial eta ekonomikoak, borrokaz soilik lortzen dira eta ez gaitezen nahastu, burgesia, oso euskalduna izanda ere ez da gure aliatua. Oso sintomatikoa da EAJren jarrera. Urkulluren iritziz ‘Uribetxebarria kasuan’ bai PPk eta baita Ezker Abertzaleak gehiegi tenkatu zuten soka. Noiztik nora da eskubide demokratikoak aldarrikatzea soka gehiegi tenkatzea?

Beharrezkoa da mobilizazioekin jarraitzea eta baita orokortzea ere. Borroka honetan bereziki garrantzitsua da Estatu espainiar eta frantseseko langile klasearen babesa lortzea, nazioartean egiten den bezala. Horregatik da garrantzitsua gatazkaren zergatiak behin eta berriz azaltzea eta ETAko presoak preso politikoak direla, Euskal Herriaren eskubide demokratikoen eta sozialismoaren alde borrokatzea helburu zuen erakunde bateko kideak direlako. ETAk ekintza armatuak egiteari utzi osteko garaiotan posible eta beharrezkoa da indar guztiak masen borroka eta langile mugimendu osoaren klase kontzientzia altxatzeko erabiltzea, sistema kapitalistaren krisi organiko honek mahai gainean jarri dituen eginbehar handi horiek aurrera eramateko.

Kapitalismoaren aurkako borroka herrialde guztien askatasunaren aldeko borroka da.

Sozialismoaren garaipenarekin posible izango da berdintasunean elkartzea herrialde bakoitzaren autodeterminazio eskubidearen bitartez. Mundu mailako federazio sozialista eratuz, ekoizpen indar handien jabego publikoarekin eta ekonomiaren planifikazio demokratikoarekin, gizartearen beharrak ase eta gosearekin, miseriarekin, langabeziarekin, errepresioarekin, gerrekin eta kapitalismoaren nortasun diren beste hainbat eta hainbat desgraziarekin amaituko da.