Euskal Herria Sozialista aldizkaritik elkarrizketa egin diogu Aletxu Unamunori, irakaslea eta Interinoen Grebako kidea.  Hasteko, eskerrak eman nahi dizkiogu Aletxuri eta gure elkartasuna eta babesa adierazten diegu bera bezala antolatzen eta borrokatzen ari diren bitartekoei.

“herri langileak bere burua antolatu beharra dauka, gure artean gizartea errotik iraultzeko, elkartasuna, elkarlana eta antolakuntza bultzatu, bestela ez dago zer egiterik.”  

EHS: Bitarteko langileak urteak daramatzazue borrokan. Zein egoeratan zaudete?

Aletxu: Bai, urteak daramatzagu borrokan eta borrokarako prest. Momentu honetan mahai gainean dagoen auzi nagusia behin-behinekotasunaren gehiegikeria, lege iruzurra da. Iruzurra dago zeren administrazioek beharrizan estrukturalak asetzeko dauden lanpostu guztiak lehiaketa publikora atera behar dituztelako, gehienez jota 3 urteren buruan, eta hori ez dutelako inondik inora betetzen. Lanpostu estruktural horien zati oso garrantzitsu bat aldi bateko langile publikoek betetzen dituzte eta 3, 7, 15, 23 edota 37 urte (lan-bizitza oso bat) eman dezakete horrela, behin-behinekoak izanik.

Oso kezkatuta gaude LOMLOEk eragindako Lanbide Hezkuntzako Irakasle Teknikoen kidegoaren desagerrarazpenarekin, azken batean, kaltetuak ordezko eta bitartekoak izango baitira, hau da, plaza ez dutenak gauetik goizera bakante eta ordezkapenik gabe gera daitezke hurrengo ikasturtetik aurrera. Horretaz gain, Pedagogia Terapeutikoko irakaskuntzari hurrengo urtetik aurrera aplikatuko zaizkion murrizketak daude mahai gainean, sukaldari eta garbitzaileen ordezkapen-zerrenden desagerpena, e. a.

EHS: Zer aldarrikatzen duzue?

Aldarrikapenak milaka diren arren, bakar batean laburbil daitezke: Europar zuzenbidea, eta konkretuki 1999/70/EE Zuzentaraua, bete dadin aldarrikatzen dugu. Eta hori horrela balitz, ez irakasle teknikoek, eta ez sukaldari eta garbitzaileek ez lukete orain bizi duten ziurgabetasuna pairatuko finkoak izanik. Beraz, hortik eratortzen dira Movimiento Independiente 15Fk (Interinoen Greba mugimendu horren parte da) aldarrikatzen dituen gainontzeko puntuak:

1. Administrazioko aldi bateko lan-harreman bakoitza aztertzea eta gehiegizko aldibatekotasuna dagoen ala ez xedatzea.

2. Gobernuak Europako Parlamentuko 2018ko maiatzaren 31ko Ebazpena betetzea, Sektore Publikoko Kontratazio-iruzurra eta Gehiegizko Aldibatekotasunari aurre egiteko neurriak hartuz.
3. Ez-dizkriminazioaren ildoari jarraiki, aldi bateko langileen eta karrerako funtzionarioen (finkoen) lan-baldintzen arteko berdintasunik bermatzen ez duten estatuko lege guztiak ezartzeari uztea.

4. Lege iruzurpeko langileen lanpostuei zuzenean eragiten dieten enplegu publiko eskaintza guztiak atzeratzea.

5. Indar politiko guztiek sektore publikoko prekarietatearen eta gehiegikeriazko aldibatekotasunaren aurkako hitzarmen bat sustatzea; 6. estatuko  gobernuarekin elkarrizketarako bide bat bitartekooi zuzenean eragiten digun araudiaren prestaketarako.

EHS: Hainbat borroka plataforma sortu dituzue bitarteko langileek. Nola antolatu zarete zuek?

Al: Bai, azken hilabete eta urteetan ugaritu egin dira aldi bateko langile publikook, gure kabuz eta inolako ordezkaritzarik gabe, sortutako plataformak. Interinoen Greba taldea esaterako iazko abuztuan sortu zen. MI15Fk iazko otsailaren 15ean hasi zuen bere ibilbidea Madrilen ospatu zen manifestaldi jendetsuarekin. Bilboko mobilizazioak antolatzeko gurekin elkarlanean dabiltzan Bilboko Udaleko Aldi Bateko Langile Publikoak Abusuan kolektiboa ere orduan hasi zen bere lehenengo pausoak ematen. Hortxe dago Lakuako administrazioan nagusi den Interinok sindikatu “berria”. 2019ko hauteskunde sindikaletara aurkeztu ziren eta ELA eta LAB sindikatuak atzean utzi zituzten.

Horrek zerikusi zuzena du ondokoarekin: azken 20 urteotan euskal sindikatu gehienak ez dituztela bitartekoon eskubideak behar bezala defendatu. Hogei urte luze hauetan bai espainiar Estatuan, bai EAEn, bai Nafarroan langile publikoekiko gehiegikeria gailendu da, lotsagabeki, inpunitate eta naturaltasun osoz, inork gutxik txintik esan gabe, edo hobe esanda, esan behar zutenek ezer gutxi esan gabe. Beraz, langile-talde batzuek argi ikusi dute beraiek izan behar direla beren burua ordezkatuko dutenak eta beren eskubideen alde borrokatu beharko dutenak.

Gure kasuan antolakuntza handicap bat izan da hasieratik: nola bateratu EAEko geografian zehar sakabanatuta dauden hezkuntzako ordezkoak? Zaila. Beraz, askori gustatuko litzaigukeenaren aurka, sareen bitartez antolatu gara, kontzientziaziora eta dibulgaziora bideratutako sareetako komunikazioan. Eta azkenik, gure ekimena ere kaleetan dago, mobilizazioen bitartez gure ekimena zabaltzen eta jendea gurera erakartzen ari gara (edo saiatzen). Dena den, oraindik ere jarraitzen diegu gure buruei galdetzen zer egin dezakegun sakabanatutako ordezkoak bildu eta ordezkoon eskubideen aldeko borroka-ildoak behar bezala antolatzeko.

EHS: Apirilaren 22an greba deitu dute EAEeko sektore publikoan. Zer nolako jarrera ikusi duzue sindikatuen aldetik zuen aldarrikapenekin?

Al. Ba bueno, argi zegoen gehiegikeriaren itsasgora gero eta kezkagarriagoa ikusirik, eta gehiegizko behin-behinekotasunak aktualitatearen lehen lerrora jauzi egin duela ikusirik, administrazio publikoetako gehiengo sindikala (LAB, ELA, ESK, CCOO, SATSE eta STEILAS) borrokara gehituko zela, 20 urteko isilunearen ostean bada ere. Orain aste batzuk komunikatu baten bitartez Jaurlaritza eta alderdiak interpelatu zituzten aldibatekotasun jasangaitz horri “salbuespenezko” irtenbide bat eman diezaioten eskatuz.

Momentuz sindikatu bakoitzak bere formula dauka, bai borroka honi ekiteko moduari dagokionean, bai  behin-behinekotasuna gainditzeko bideari dagokionean. Horren adibide garbia martxoaren 15ean ikusi genuen. Egun hartan ESK, ELA eta Interinok sindikatuek agerraldia egin zuten legebiltzarrean Kidego eta Eskalen Legeko kontsolidazio prozesuen puntua kentzeko eskatzeko eta beren proposamenak egiteko. Aldi berean, greba deialdi berean dauden gainontzeko sindikatuek ez zuten agerraldia egin: lan publikoa kontsolidatzeko bitarteko gisa Kidego eta Eskalen Legeak ezarritako prozesua ontzat ematen al dute? Hori gutxi balitz, LABek orain aste batzuk MI15Fren aurkako propaganda zabaldu zuen, hainbat abokatu “jendea engainatzen” eta “kea saltzen” ari zirela leporaturik. Hortaz, diagnosiari dagokionean bederen, zenbat buru, hainbat aburu.

Baina sindikatuen artean jarrera ezberdinak badaude ere, gehiengo sindikalak argi utzi du ez dela oposaketak gelditzearen aldekoa, nahiz eta hauek ilegalak izan, hainbat urtetan lege iruzurpean mantendutako lanpostuak eskaintzen baitira. Eta guztiok bezala badakite oposaketek abusua pairatu duten langile askorentzat doako kaleratzea suposatuko dutela, hots, inongo indemnizaziorik edo konpentsaziorik gabe kaleratuak izatea.

Interinoen Grebak momentu honetan pendiente dauka grebarekiko posizioa adosteko eztabaida bat, baina bai, ezberdintasun nagusia hori da: sindikatuek, salbuespenak salbuespen, ez dituztela EPEak geldiaraziko, eta MI15Fren parte garen kolektibook ez dugula onartuko urte luzez lege iruzurpean mantendutako langileak dohainik kaleratzea. Uste dugu administrazio publikoetako gehiengo sindikalak ausardiaz jokatu beharko lukeela eta martxan dauden oposaketak (inpugnatuta daudenak) geldiarazteko neurriak hartu.

EHS: Kapitalistak eta bere zerbitzura dauden instituzioak krisi ekonomikoa langileei ordainarazi nahi diete. Horretarako ezinbestekoa dute langile klasea zatitzea. Nola aurre egin horri?

Al: Atzo bertan izan genuen Hezkuntzako EPE2020ren oposaketa-faseko proben daten iragarpena. Argi dago zergatik sartu duten data hori hor: langileria publikoa bitan zatitzeko: “zarata atera nahi dutenak” vs “oposaketa buru belarri prestatzen eta mobilizazioetarako denborarik izango ez dutenak”.
Interinoen Grebak, normala denez, ez du langileriaren eta gizartearen atomizazioa eta estratifikazioa geldiaraziko duen formula magikorik. Beraz, argi izan dezagun hori, herri langileak bere burua antolatu beharra daukala, gure artean gizartea errotik iraultzeko elkartasuna, elkarlana eta antolakuntza bultzatu behar dugula, bestela ez dago zer egiterik.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.