“Garrantzitsuena antolatzea da kapitalismoa historiako zabortegira bidaltzeko”
50 urte igaro dira Franco hil zenetik eta Trantsizio Odoltsua hasi zenetik , Euskal Herria Sozialistatik elkarrizketa egin diogu Eloy Val del Olmori, Ezker Iraultzailea erakundeko buruari.
Eloy gaztetatik komunismo iraultzailearen militantea izan da, eta aktiboki parte hartu zuen Gasteizko langile mugimenduaren frankismoaren kontrako borrokan. Testuinguru horretan atxilotu zuten eta 1978ko martxoan gerra-kontseilu batean epaitu zuten; 8 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten (horietatik hilabete bat bete zuen, Amnistiaren Legea onartu zenean).
Frankoren heriotzaren ostean, Gasteiz greba-mugimendu ikaragarri baten eszenatoki bilakatu zen, eta horrek 1976ko martxoaren 3ko sarraskian izan zuen gailurra: bost langile hil zituzten eta ehunka zauritu ziren, poliziaren tiroketen eta jipoinen ondorioz.
Bere militantzia testigantzez eta egungo zereginez hitz egin dugu Eloyrekin.

Euskal Herria Sozialista: Nolakoa zen bizitza Gasteizen frankismo garaian? Nola antolatzen zen borroka militantea frankismoaren errepresioaren azpian?
Eloy Val del Olmo: Ariznavarran jaio nintzen 1957an, garapen industrialarekin batera sortu zen langile auzo batean. Gogoratzen dut Frankoren diktadurapean bizitza zuri-beltzean bizi zela. Pobrezia handia zegoen, premia handiak genituen. Euskadira iritsitako 400.000 etorkinentzat presaka eraikitako etxebizitzak oso kalitate txarrekoak ziren: txikiak, hezeak, eta inolako ardurarik gabeko enpresek egindakoak. Eskola erabat faxista zen. Eguna “Cara al sol” abestuz hasten genuen eta “jakintsu da astoa, makila du maisua” (la letra con sangre entra) leloarekin jarraitzen genuen. Nik neuk baratxuria erabiltzen nuen, analgesiko modura, esku-ahurrean egurrezko erregelarekin edo hurrondozko makilekin ematen zizkiguten kolpeak jasateko.
Errepresioa etengabea zen. Poliziak edozergatik atxilotu zaitzakeen, baita zakarrontzitik zerbait hartzeagatik ere. Nire lagunak, ni neu barne, atxilotu gintuzten tirantedun kamiseta soil batekin zinemara joateagatik, gaur egun pentsaezina den zerbait. Arropa edo txapel txiki bat janztea, Ikurrinaren koloreekin, nahikoa zen komisarian amaitzeko. Lan-eskubideez hitz egiteko bilerak mendian egiten genituen, ezkutuan. Kaleratzeak, errepresioa edo lan-abusuak salatzeko orriak banatzea edo manifestazio batera joatea bizia, osasuna edo askatasuna jokoan jartzea zen.
Fabriketan segurtasun-neurriak ez ziren existitzen. Industria askotan, argindar-kableak biluziak zeuden eta lurrean zehar zihoazen; ez zegoen arropa gordetzeko kutxatilategirik, eta etengabean jasan behar izaten genituen nagusien irainak eta umiliazioak. Baldintza horiek salatzeagatik nire anaia eta biok fitxatuak eta atxilotuak izan ginen. Sindikatu bakarra existitzen zen, Sindikatu Bertikala, eta horrek ez zuen langileria ordezkatzen; erregimenaren tresna hutsa zen, enpresaburuen eta langileen arteko adostasuna simulatzen zuena, baina beti enpresaburuei ematen zien arrazoia.

Zentsura latza zen. Jakin bazenekien zerbaitek ez zuela filtroa pasako, ez zinen ahalegindu ere egiten; hau da, autozentsura existitzen zen. Testuak ezabatzen ziren. Filmak moztu egiten ziren, eta eskuineko muturrak inolako zigorrik gabe erasotzen zituen gustatzen ez zitzaizkien egunkari eta aldizkariak. Eta atxilotu bazintuzten, ez zenekien noiz irtengo zinen. Ihesen Legea existitzen zen, eta horrek aukera ematen zion poliziari arma batekin apuntatu eta korrika egiteko agindua emateko, eta urte gehiago espetxean egon zitezkeen. Horrez gain, Alfer eta Gaizkileen Legea zegoen, eta horrekin edozein pertsona espetxera bidali zezakeen. Beldurra etengabea zen. Ezkerreko militanteak eta atxikituak klandestinitatean militatzen genuen, propaganda banatzen, talde txikitan bilkurak egiten, beti genuen torturatuak edo erilduak izateko beldurra. Polizia eta banda faxistak etengabe zelatan egoten ziren. Nire auzoan, hainbat ataritan Guardia Zibilako agente bat bizi zen, eta erregimenarentzat "normala" ez zen zerbait entzuten bazuten, torturatu edo atxilotu egin zintzakeen, kasurik onenean.
Ni neu atxilotu ninduten Gazteentzako Programa bat zabaltzeagatik, eta gerra-kontseilu batean epaitu ninduten armadari irainak egiteagatik. Errepresaliatu asko ezagutu nituen, nire anaia Arturo atxilotu zuten auzoan liburutegi bat antolatzeagatik, eta nire koinata Cristina, torturatua eta espetxeratua izan zen beste kide batzuekin batera, antolakunde sozialistetan parte hartzeagatik eta 1972ko Michelinen greba aktiboki babesteagatik. Beldurra izan arren, gazteok antolatu egiten ginen, elizako lokalak okupatzen genituen eta kultura jarduerak egiten genituen, hala nola musika, argazkigintza eta antzerkia, baita eztabaida sakonak ere, Ariznavarrako Algo Taldea adibidez, 200 gazte bildu zituena.
Gogoratzen dut Agustín Plaza kidea 1976ko martxoaren 3an Gasteizko borroketan egindako sarraskiaren biktima gisa. Poliziak tiro egin zien langileei eta haien familiei greba orokor egunean batzar batera joan zirenean. Bost langile hil zituzten eta 200 zauritu. Guztia gertatu zen, besteak beste, guztiontzat 6.000 pezeta linealeko soldata igoera bat eskatzen zuen borroka baten esparruan. Eskaera justua zen, orduan ia ezin baikenuen hilaren amaierara iritsi.

Borroka ez zen bat-batean sortu. 1973-74an krisi ekonomiko globala gertatu zen, 50. eta 60. hamarkadetan bizi izan zen garapen ekonomikori amaiera eman ziona. Eztandarem urteetan biztanleria aktiboa 8 milioi langilera iritsi zen. Horietatik 5 milioik beren herriak eta etxeak utzi zituzten erritmo azkarrean hazten ziren industria eremuetan lan egiteko, eta beste bi milioi atzerrira joan ziren emigrante gisa.
Industriaren garapenak langile mugimendua indartu zuen, gerra zibilaren ondoren eta errepresio izugarria, gosea eta zailtasunak gorabehera, borroka egin zuena, zenbakiz hazi zena eta gero eta gehiago eta hobeto antolatu zena. Aipatutako krisia iritsi zenean, erregimenak soldatak izozteko dekretu batekin erantzun zuen, inflazioak gero eta zailagoa egiten zuenean bizirautea. Horrek bizi-baldintzak eta askatasun zibilak hobetzearen aldeko borrokak bultzatu zituen, baita nazio historikoen eskubide demokratikoen aldekoak ere: Euskal Herria, Catalunya eta Galiza.
Gasteizen, 1976ko urtarriletik martxora 30 enpresa baino gehiago joan ziren grebara. Fabrikako Batzarrean aukeratu ziren Sindikatu Bertikaletik eta erregimenak ezarritako lan-epaimahaietatik igarotzen ez ziren ordezkaritza-batzordeak. Gure langile botere organo propioak sortzen ari ginen. Hura benetako erronka izan zen frankismoarentzat, eta haren erantzuna bat-batekoa izan zen. Bere indar guztiarekin, odolez eta suz, mugimendua zanpatzen saiatu ziren.
EHS: Nola antolatu zenuten manifestazioa poliziak hain errepresio bortitza egiten zuen testuinguru batean, non ezin baitzen etxetik atera ordu batzuetan?
Eloy Val del Olmo: Urte haietan, langile mugimendua indartsu garatzen hasi zen, lan baldintza gogorrek eta askatasun faltak bultzatuta. Euskal Herrian, adibidez, euskara debekatuta zegoen, ez kalean bakarrik, hilerrietan ere, kasu askotan hilarrietatik euskarazko hitzak ezabatzen ziren. Beldurrezko giroan bizi ginen, baina amorrua ere barruan genuen. Beldurra izan arren, grebak deitzen zirenean, asko eta asko elkartasunagatik, errepresioaren eta kaleratzeen aurka, jendea kalera ateratzen zen. Bagenekien poliziak parte hartuko zuela, baina indarkeria horri erantzun behar geniola ere bagenekien.
Langile eta ikasle mugimendua erabakitasunez eta sormenez antolatu zen. Oso garrantzitsua da emakume langilearen papera. Francok etxean giltzapetu zituen. Benetako esklabo bihurtu nahi izan zituen, inolako eskubiderik gabe. Industriaren gorakadarekin, eskulan gehiago behar izan zen, eta emakumeak, Gasteiz bezalako hirietan, milaka sektoretan sartu ziren, hala nola metalean, Areitio edo Esmaltaciones San Ignacio bezalako empresetan, non borrokan funtsezko rola jokatu baitzuten.
Meatzariek Asturiasen, La Bazánek Ferrolen, Garraioak Madrilen, Seatek Bartzelonan, ontzigintzak Cadizen, ostalaritzak Malagan, Bandasek Bilbon 1966-67an eta Michelinek Gasteizen 1972an egindako grebak izan genituen inspirazio gisa. Borroka bakoitzetik ikasi eta lezioak ateratzen ziren. Krisiarekin greben kopurua esponentzialki hazi zen: frankismoaren azken urteetan 19 milioi greba egunetara iritsi ziren. Franco ohean hil zen, baina frankismoa langile klasearen eta gazteriaren borroka sakrifikatuak eraitsi zuen.
Horrek posible egin zuen alderdiak eta sindikatuak legezko bihurtzea, nahiz eta PSOEko eta PCEko buruzagiek frankistekin 78ko erregimena deiturikoaren erreforma hitzartu zutenez, sistemaren funtsezkoena mantendu egin zen: armada, polizia, epailetza, monarkia... denak zutik jarraitu zuen. Bereziki gogoratzen ditut Moncloako Itunak, langile erakundeek onartutako soldata mugak eta birmoldaketa industrial basatia zekartenak.

Langileoi krisia ordainarazten ziguten bitartean, kapitalistek beren diruak salbu jarri zituzten kapital ihes erraldoi baten bidez. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren lehen erdian milioi erdira ozta-ozta iristen zen langabezia 2,5 milioitik gora igo zen trantsizioan, eta ordutik ez da berriro kopuru horretatik jaitsi. Egia da aurrerapausoak lortu zirela, lan eskubideak hobetu zirela, askatasun demokratikoak lortu zirela, anbulatorio eta eskola publiko gehiago eraiki zirela... baina hori guztia etengabeko presioari esker lortu zen, grebei esker, langile klasearen borroka antolatuari esker.
1976ko martxoaren 3ko manifestazioen aurretik, Gasteizko langileen egoera oso txarra zen. Baldintzak oso gogorrak ziren, soldata prekarioak, eta erabateko eskubiderik eza. Baina guzti horren erdian, Gasteizko Langile Koordinakundean (KOL) antolatzen hasi ginen, bat egiten eta beldurra galtzen. 1976ko greba-prozesuak iraun zituen hiru hilabeteetan, Gasteizen, batzarrak egiten ziren fabriketan ateak blokeatuz, Los Angelesekoa bezalako elizak okupatzen ziren. Gauez poliziak kaleak betetzen zituen panfletoz, langileen buruzagiei eta ezkerreko erakundeei ospea kentzeko ahalegina eginez, Moskuko urreak finantzatzen zituela esanez. Sistema kapitalista osoa, bere botere eta errepresio baliabide guztiekin, epaileak eta komunikabideak gure aurka zeuden, eta bagenekien grebak zentzua izan zedin jendeari ondo azaldu behar zitzaiola zergatik antolatzen genuen borroka.
Erregimenari ez ezik, sistema oso bati ere aurre egin behar genion. Gure batzarrak erabat demokratikoak ziren. Inoiz ez zen irainik onartzen, beti errespetuz hitz egiten zen, proposamen bakoitza eskua altxatuz bozkatzen zen eta horrek barne kohesio handia sortu zuen. Lankideak beldurra sartzeko kaleratzen zituztenean, gainerako langileek esaten zuten, berriz onartu ezean ez zela akordiorik onartuko.
Errepresioa etengabea zen. Gauean, grisek, polizia nazionalak, gure kideak atxilotzen zituzten batzarren ondoren. Aurre egiteko, erresistentzia kutxak antolatzen genituen denda eta tabernetan poteak jarriz eta janaria eta dirua biltzeaz arduratzen ziren batzordeak sortuz, errepresaliatuei, haien familiei eta baliabide gutxien zituzten grebalariei laguntzeko.

EHS: Nola gogoratzen dituzu martxoaren 3ko manifestazioak eta ondorengo egunak?
Eloy Val del Olmo: Oso ondo gogoratzen ditut martxoaren 3ko gertaerak. Deitu genuen hirugarren greba orokorra izan zen. Lehenengo biak ez ziren espero bezala atera, erregimenaren errepresio bortitzagatik eta prestakuntza eskasagatik. Orduan, batzarrak auzoz auzo egin ziren, egiten ari ginen borroka azalduz, klase kontzientzia altxatuz eta indar guztiak batuz langile klasearen inguruan, etxekoandreen inguruan, ikasleen inguruan, gure soldatetatik bizi zen komertzio txikiaren inguruan, eta horrela hiria erabat geldiaraztea lortu zen. Dena itxita zegoen. Jendea izkinetan biltzen zen, eta goizeko lehen ordutik poliziaren tiroak entzuten ziren. Bagenekien beste hiriburuetatik errefortzuak ekarriko zituztela.
Bazkalostean — etxean zegoen apurra —, gazte taldeak zutabeetan antolatzen hasi ginen San Frantzisko elizako manifestaziora joateko. Iritsi aurretik, barrikadak altxatu genituen. Une hartan ez zen poliziarik ikusten, baina denok genekien edozein unetan agertuko zirela. Plana argia zen: batzar bat egin eta, behar izanez gero, defendatu.
Eliza gotorleku bat bezalakoa zen. Alde guztietatik polizien zutabeak iritsi ziren, munizioz betetako kamioiekin. Berehala inguratu zuten eraikina eta tiroka hasi ziren. Lehenik gas negar-eragileak jaurti zituzten, eta jendea irteten saiatzen ari zenean, kargak hasi ziren borrekin eta baita benetako suarekin ere. Kanpoan geundenok barruan zeudenak askatzen saiatzen ginen, eta poliziak metrailetekin ere erantzun zuen. Jende guztia jo zuten bereizketarik egin gabe, gogor saiatu ziren kaleak kolpeka eta tiroka husten.
Liskarretan ez nuen jakin hildakorik ote zegoen. Kea hain zen trinkoa, bost metro baino gehiago ez baitzen ikusten. Hildakoetako bat monolitoaren aurrean zegoen, espaloiaren beste aldean. Nire kasuan, nire koadrilarekin batera, poliziari harriak jaurtiz erantzun genion. Ez zituzten gomazko balak jaurtitzen pentsatu genuen bezala, benetako munizioa baizik. Beste kide batzuek gorpuekin topo egin zuten zuzenean, eta zaurituak ospitalera eraman zituzten autoetan.

Nire anaia txikia eliza barruan harrapatu zuten. Adineko emakume bat gogoratzen dut, bere etxeko ataritik oihuka hasi zitzaidan, gazteei errepresioaren zati indartsuena non zegoen esanez eta poliziari nondik erantzun behar genion adieraziz. Oraingo andre luxkuxeroak funtsezkoak izan ziren gazteenak antolatzeko. Lagundu egiten ziguten, poliziei gauzak botatzen zizkieten leihoetatik, poliziak balkoietara tiro egiten zuten bitartean.
Horren guztiaren ondoren, etsipenezkoa zen arnasten zen giroa. Zanpatu gintuztela sentitzen genuen, heriotza guzti haiek ez zutela ezertarako balio izan. Baina gero hileta etorri zen, 8ko greba orokorra (Euskal Herriko historian jendetsuena) eta beste elkartasun mugimendu batzuk. Denbora gutxian, porrot sentimendu hori harrotasun bihurtu zen. Jendea sindikalki eta politikoki antolatzen hasi zen, energia hori guztia zerbait eraikitzailera bideratzen. Moralak gora egin zuen berriro, eta harekin batera, borrokan jarraitzeko gogoak.
Hurrengo egunean hileta egin zen. 100.000 pertsona baino gehiago atera ziren kalera, min eta poliziaren aurkako amorru handiarekin. Horrek eragin handia izan zuen langile klasearen pentsamoldean. Une horretatik aurrera erregimenak trantsizioa bizkortu zuen, langileen erakundeekin geroago gertatu ziren aldaketak hitzartu zituzten eta greba orokorrak geldiarazi zituzten, batzorde exekutiboen erabakiz. Bagenekien hura guztia sostengatzen zuen sistema kapitalistaren ondorio zuzena izan zela.
EHS: Zer eragin izan dute egun horretako manifestazioek Euskal Herriko eta Estatu Espainiarreko historian?
Eloy Val del Olmo: Tinko uste dut martxoaren 3ko manifestazioek inflexio puntu bat markatu zutela eskubide demokratikoen aldeko borrokan. Victoria Prego kazetariak — goitik, eliteetatik kontatutako istorio baten ordezkariak — berak ere dio egun horretan aldaketa bat ekarri zuela boterearen sektore batzuetan frankismoaren pertzepzioan, Espainiako Estatuak eztanda iraultzaile bat bizitzeko beldurrak, Portugalen gertatu zen bezala, elite horiek erreformak bizkortzera behartu zituelako. Testuinguru horretan, Alderdi Komunistaren zuzendaritzaren papera, indar eta autoritate handiarekin, ezinbestekoa izan zen balizko amaiera iraultzaile hori geldiarazteko.
Espainiako Estatuak ordutik gaur arte izan duen bilakaerari dagokionez, argi utzi du 78ko erregimenak bere horretan utzi zituela estatu frankistaren aparatua, monarkia, epailetza, botere ekonomikoak. Gero eta nabarmenago geratzen da emakume langilearen, LGTBI kolektiboaren, borrokan dauden gazteen eta memoria historikoa berreskuratzearen aurkako erasoekin. Kapitalismoaren krisi organiko globalaren ondorioz, orduko zeregin berberak egiteke daude gaur egun ere. Demokrazia burgesak kapital handiaren diktadura ezkutatzen du. Eskubide demokratiko eta sozialen aldeko borroka, atzo bezala, kapitalismoarekin amaitzen badugu bakarrik lor daiteke.

Sozialdemokrazia tradizionalaren krisiak eta M15aren ondoren botere faktikoak giza aurpegiko kapitalismoa gauzatzera konbentzitu nahi izan dituztenen krisiak sekulako porrota izan dute. Kapitalismoak bere barne-legeak ditu. Etekin handiena lortzeko borroka, ekoizpen sozialerako bitartekoen jabetza pribatua, estatu nazionalaren mugak bere merkatua bultzatzeko. Trantsizioa hasi eta 50 urtera, gauzak orduan baino askoz argiago daude ikusi nahi dituenarentzat. Inork kenduko ez dizkigun hamarkada hauetan irabazi duguna da, hain zuzen ere, kapitalismoaren azpian langile klasearen eta gazteriaren bizi baldintzak hobetzea posible den ilusioak galdu izana.
Garai hartako lorpen handienetako bat ordezkaritza-batzordeak sortzea izan zen, non langileek enpresa bakoitzean zuzenean aukeratutako ordezkariak baino ez zeuden, edozein unetan atzera bota zitezkeenak. Ez ziren sindikatu bertikaletik pasatzen. Langile demokrazia errealaren, benetakoaren, langile boterearen adibidea izan zen hura. Eredu hori, batzarrean eta boterean behetik oinarritua, erreferentzia baliagarria da gaur nola antolatu pentsatzeko.
Horregatik uste dut garai hartatik erreskatatu behar dugun gauzarik garrantzitsuena — eta belaunaldi berriei transmititu — Ezker Iraultzailearen inguruan antolatzeko beharra dela, kapitalismoa historiaren zaborrontzira bidaltzeko eta gizarte hau errotik eraldatzeko. Izan ere, bere historiatik ikasten ez duena errepikatzera kondenatuta dago.