Gure osasuna, eta gure familiena, enpresarien irabazi ekonomikoak baino garrantzitsuagoak dira!

Koronabirusaren krisiaren aurrean, enpresen, multinazionalen eta administrazioen neurri eta eraso zaparrada bat jasaten ari gara. Beste behin ere krisi honen ondorioak langile klasearen bizkar gainean jarri nahi dituzte. Modu masiboan eta legez kanpo kaleratzen ari dira, ERTEak onartzen dira, ordaindu gabeko bajak edo oporrak hartzera behartu nahi gaituzte,... Hori guztia milioika langilerentzako ziurgabetasun izugarriaren erdian gertatzen ari da.

Askotan, CCOO eta UGTren federazioetako goi-karguak eta zuzendaritzak izaten dira neurri horiek aplika daitezen legitimatzen eta presionatzen dutenak, afiliatuen eta langileen gainetik.  Izan ere, CCOOko eta UGTko buruzagi nagusiek bidea ireki dute ERTEak eta beste neurri batzuk errazteko, patronalaren aurrean makurtuz eta CEOErekin dokumentu bateratu bat sinatuz.

Gida honen bidez, hainbat neurrien berri ematen dugu gehiegikeria horien aurka borrokatzeko, publikoki salatzeko eta  langileek beren eskubide eta soldatetan eragin larria izan ez dezaten. Funtsezkoa da enpresa guztietan kolektiboki jardutea, langileen batzarren bidez, eta
hartutako erabakiak errespetaraztea.

1) Pandemiaren aurka borrokatzeko funtsezkoa ez den ekoizpen-jarduera guztia berehala bertan behera geratu behar da

Lehen neurria, eta garrantzitsuena uneotan. Funtsezkoak ez diren enpresa guztietako zuzendaritzei exijitu behar zaie jarduera produktiboa geldiaraztea, enplegu guztiak errespetatuak izango direla bermatuz eta lan eskubiderik galtzen ez dela ziurtatuz. Enpresa batzordeei exijitu behar zaie, eta batzar orokorrak egin behar dira erabaki hoiek hartzeko. Eskandalua da milioika langile berrogeialdia edo konfinamendua  haustera behartuta egotea, enpresaburuek gure osasunaren kontura irabaziak bildu nahi dituztelako. PSOE-Unidas Podemoseko Gobernuak lege bidez bermatu behar du berehalako itxiera hori, eta baimen ordaindu, enplegu eta eskubide guztiak. Ezin da argudiatu baliabide ekonomikorik ez dagoela. Bai, badaude, eta asko! Bankuak nazionalizatu daitezela, finantza-baliabideak erabiltzeko, herritarrak, haien enpleguak eta osasuna defendatzeko!

Funtsezko enpresetako langileentzat Gobernuak beharrezko osasun-babeserako baliabide guztiak eman behar ditu (eskularruak, maskarak, ekipoak …), eta segurtasun-neurri guztiak errespetarazi behar ditu, neurri horiek betetzen ez dituzten enpresaburuei zigor ekonomiko oso latzak ezarriz.

2) Zer gertatzen da enpresak etxera bidaltzen banau ezer jakinarazi gabe?

Zure lan-kontratuak indarrean jarraitzen du, eta soldata ordaindu behar dizute (ordaindu gabeko soldatak erreklamatzeko epea urtebetekoa da). Komenigarria da Gizarte Segurantzari lan-bizitzak eskatzea, bertan baja eman ez dizutela egiaztatzeko, kotizazioak ez ordaintzeko asmoarekin.

3) Zer egingo dut nire lan-baldintzaren bat aldatzen badute niri jakinarazi gabe?

Idatziz adierazi desadostasuna, eta zure eskubideak defendatzeko legezko prozedurak erabiltzeko eskubidea gordetzen duzula. Nolanahi ere, aldaketa hori legez kanpokoa da, eta, beraz, errekurtsoa jarri ahal izango duzu.

4) Zer egingo dut informalki (ahoz, WhatsApp bidez, etab.) nire lan baldintzak aldatzen dituen edozein neurri jakinarazten badidate?

Eskatu inposatu nahi duten aldaketa hori formalki idatziz jakinarazteko, enpresako arduradunaren sinadurarekin eta enpresako karguaren adierazpenarekin.

5) Eta gure lan baldintzak aldatuz idazki bat aurkezten badigute sinatzeko?

ADOS EZ ZAUDELA sinatu eta jarri noiz jaso duzun, edozein eskubide urratzea erreklamatu ahal izateko. HAU OSO GARRANTZITSUA DA.
Kontratuari amaiera emateko gutuna  bada, edo kaleratzea bada edo enplegu-erregulazioko espedientea bada, zeinari edozein nomina edo kitapen gehitzen zaion, enpresak diru-kopururen bat (soldata, kalte-ordaina, etab.) ordaintzen duela aditzera emanez, eta une horretan ordaintzen ez badizute, ados ez zaudela sinatzearekin batera, jarri KOBRATU GABE dagoela.

6) Eta presioa egiten badigute sinatu dezagun, horrela bakarrik kobratu ahal izango dugula adieraziz?

Gezurra da. Edozein langilek behar duen denbora izan behar du aurkezten dioten idazkia aztertzeko eta konfiantzazko langileen abokatu, aholkulari edo ordezkariari kontsultatzeko. Inoiz ez sinatu aurkeztu berri dizuten zerbait; aztertzeko denbora izan behar duzu. WhatsApp edo e-mail bidezko baieztapenak edo adostasuna sinadura baten baliokideak izan daitezke; beraz, berdin jokatu.

7) Zer gertatzen da dagoeneko idatzi bat sinatu badut edo enpresaren proposamenak onartu baditut WhatsApp edo posta elektroniko bidez?

Garrantzitsua litzateke enpresari eta Lan Ikuskaritzari edo beste edozein lan-agintaritzari mezu bat bidaltzea, salbuespenezko egoera batean eta presio, beldur eta engainupean sinatu zela planteatuz. Sinadurak aurreko testuarekiko borondatea edo adostasuna adierazten du, baina borondate hori akastuna izan daiteke beldur, presio edo engainupean adierazi bada. Onena da
enpresari zein administrazioari lehenbailehen idatziz adieraztea.

8) Zer gertatzen da lanean jarraitzen badut eta seme-alabak edo senideak nire ardurapean baditut, norekin utzi gabe?

Langileen Estatutuaren 37.3.d) artikulua aplikatzeko eskatu behar diegu enpresei, eta idatziz berretsi. Horren arabera, nahitaezko betebehar bat dagoenean, mendeko pertsona bat edo seme-alaba adingabeak zaintzeko, mugimenduak mugatzeko eskakizun publikoaren testuinguruan, hala nola alarma-egoeran edo beste administrazio-neurri batzuetan, langileak lanetik alde egiteko eskubidea izango du, bere ordainsariaren %100arekin eta oporralditzat hartu gabe. Ez badute aplikatu nahi, idatziz jarri behar da etorkizunean erreklamazioa egin ahal izateko, eta enpresan ordezkari sindikalik badugu, formalki eska dezaten exijitu behar da.

9) Ordaindu gabeko baimenak, lanaldi-murrizketak, opor aurreratuak onartu behar al ditugu

Enpresak horiek inposa ditzakeen arren, horien guztien aurka egin behar dugu ahal den neurrian; horretarako, garrantzitsua da batzarrak egitea eta erabaki kolektiboak hartzea. Sektore prekarioenetako langileentzat horrek hilabete amaierara ez iristea ekarriko du, alokairuak eta fakturak ordaintzen jarraitu behar baita. Sindikatuetako ordezkariei exijitu behar zaie neurri horien aurkako borroka antolatzeko.

10) Zer egin lan-baldintzen funtsezko aldaketa baten aurrean, ERTE baten aurrean edo kaleratze kolektibo baten aurrean?

Enpresek langileen ordezkariei jakinarazi behar diete, eta haiekin negoziatu, gehienez ere 15 egun arteko epean ( LEko 41). Erabateko gardentasuna exijitu behar zaie ordezkari horiei, alderdi guztiak ezagutu daitezela, eta batzarrean kolektiboki eztabaidatu eta erabaki ahal izan daitezela, erabateko lehentasuna emanez enplegu eta soldata guztiak mantentzeari, kontratu mota edo beste arrazoi batengatik inolako bazterketarik egin gabe. Aurrez aurre ez bada, taldeka erabakitzea, tele-konferentzia bidez. Ordezkaritzarik ez duten enpresetan, demokratikoki aukeratu beharko dira langile guztien ordezkariak. Askotan gertatuko da ez dutela langileek egingo, enpresak berak baizik. Kasu horretan, iruzurra salatu behar da Lan Ikuskaritzan edo Lan agintaritzan, baita
Lan-arloko epaitegietan ere, gatazka kolektiboarengatik, 20 egun balioduneko epean. Ordezkari sindikalen sinadurak neurri horiek bermatzen ditu; horregatik, oso garrantzitsua da langileen  eskaerei erantzuteko eskatzea eta ez hartzea erabakiak antidemokratikoki.

11) Aldi baterako kontratuak edo obra- edo zerbitzu-kontratuak deuseztatzeko aprobetxa al daitezke?

Ez, ezin dute, baina saiatuko dira. Espainiar Estatuan, gehienak lege-iruzurrean egoten dira, eta, beraz, langileak finkoak dira enpresan. Zerbitzuak ematea etenez gero legez kanpoko kaleratzetzat hartu behar da. Lan-harremana amaitutzat ematen badute, obraren edo zerbitzuaren amaiera alegatuz, informazio guztia idatziz eskatu behar da, eta aurka egin, betiere honako hau adierazita:
Obra eta zerbitzu hori eteteko egoera eman liteke, baina ezin da amaitutzat eman. Bidegabeko kaleratze baten aurrean egongo ginateke, edo baliogabea, zirkunstantzien arabera.

12) Zer gertatzen da kaleratzeak, baldintzak aldatzea, diru-erreklamazioak eta abar errekurritzeko epeekin?

2020ko martxoaren 14tik aurrera, eta Gobernuak ezarritako alarma-estatuak irauten duen bitartean, estatu osoko preskripzio- eta iraungitze-epeak, bai eta administrazio-epeak eta prozesu-epeak ere, etenda daude. Hasiera batean, eta hurrengo erreformarik ezean, ez da epemuga kontatuko 2020ko martxoaren 14tik (larunbata) alarma egoeraren amaiera arte. Hala ere, kontuan hartu behar da lan-prozesuan dauden gatazka kolektiboetarako eta oinarrizko eskubideen urraketetarako prozesu-epeak ez daudela etenda.

13) Zer gertatzen da langileen osasuna babesteko eta gaitza ez zabaltzeko neurriekin?

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen arabera, enpresek nahitaez babestu behar dituzte beren kargura dituzten langileen osasuna, segurtasuna eta higienea, eta horrek dakartzan kostu guztiak ordaindu behar dituzte. Exijitu behar da enpresa guztiek ordaindu eta bermatu ditzatela osasun neurriak, gaitza zabal ez dadin. Neurri horiek berehala betetzeko eskatu behar zaie idatziz enpresei, eta prebentzioko ordezkariei eta langileen ordezkariei jakinarazi behar zaie, hala eska dezaten.

14) Zer egingo dut neurriak urratzen ari badira, ni arriskuan jarriz?

Kasu honetan, bizi dugun egoeraren larritasuna dela eta, berehala deitu behar zaio poliziari, ez-betetze horien akta bat berehala altxa dezaten. Gero, jokabide arduragabe hori salatu behar da, idatziz, osasun agintarien eta Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren aurrean. Bestalde, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen (LAPL) 21. artikulua aplikatzeko exijitu beharko litzateke, arrisku larri eta berehalakoagatik lanpostua uzteko aukera ematen baitu. Langileek eta haien ordezkariek idatziz eskatu behar dute, eta Lan Ikuskaritzari eta osasun-agintaritza eskudunari jakinarazi, arduragabekeria horrek gaixotasuna zabaltzen laguntzen baitu.

15) Zer gertatzen da arrisku-taldeko pertsona bat banaiz edo arrisku-senideren batekin bizi banaiz?

Kasu horietan, LAPLaren 21. artikuluaren aplikazioa are justifikatuagoa dago, eta hiltzeko arriskua dago. Idatziz berehala aplikatzeko eskatu behar da, eta adierazi behar da enpresak onartzen ez badu erantzukizun administratibo eta penal larriak izan ditzakeela. Garrantzitsua da enpresa jakinaren gainean egotea bere erantzukizunetatik ihes ez egiteko.

16) Zer gertatzen da baja medikoa ematen badidate? Zer eskatu behar dut?

Proba egitea ezinezkoa bada, sintomak izanez gero, berrogeialdia edo konfinamendua eskatu behar da etxean, eta, betiere, COVID 19ko kontaktuaren, esposizioaren edo kutsatzearen ondoriozko bajak badira, Gizarte Segurantzako prestazioa kontingentzia profesionalekin pareka dadin, eta, hala badagokio, prestazioaren Hitzarmen Kolektiboaren osagarria eskatu behar zaio enpresari.

Baja zuzenean familia-medikuak ematen badu edo Osasun Zerbitzu Publikoen (larrialdien partea) mediku-ziurtagiriaren ondoren ematen badu, eta azken hori GAIXOTASUN ARRUNTAREN ondoriozko baja-partea bada, arrazoia CORONAVIRUSENTZAT ARAUTUTAKOA DELA JASO BEHAR DA. Koronabirusa dela kausa adierazten duen ziurtagiria eskatu behar da ospitaleko larrialdien partean. Kontingentzia profesionalengatiko prestazio ekonomikoaren ondorioetarako balio dezan, baja ez du enpresako mutualitateko medikuak eman behar (MATEPSS edo MCSS), familia-medikuak baizik. Berrogeialdian egon bazara eta ezinezkoa izan bada familiako medikuarekin hitzordua jartzea, atzeraeraginezko ondorioekin egin daiteke.

17) Legezko alderdiak alde batera utzita, nola egin diezaiokegu aurre enpresarien erasoaldiari?

Presio-bide garrantzitsuena da plantillak mobilizatzea eta ekoizpen-jarduera geldiaraztea, horretarako behar dugun lan-legeria guztia kontuan hartuta. Aldi berean, sare sozialetan eta publikoki edozein urraketa edo abusu salatu behar da. Zuen kasuak idatzi eta komentatzera animatzen zaituztegu, horiek publikoki salatu eta zabal ditzagun, egin ditzakegun ekintza guztiak elkarrekin komentatzeko, eta koordinazio-taldeak antolatzeko, enpresen murrizketa neurri guztiei aurre egiteko. Hori da funtsezkoena; elkarrekin antolatu behar dugu borroka egiteko!

Ez dugu euren krisia ordainduko!
Arazoa ez da koronabirusa, kapitalismoa da!

Jar zaitez gurekin harremanetan edozein zalantza argitzeko, aholkuak emateko eta hartu beharreko ekintza guztietan koordinatuta egoteko, ondoko helbideen bidez: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.  edo  Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko..




Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.