• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Estatu burges nazionalen sorrera burgesiaren eginkizun historikoa izan da. Baina burgesiak ez du nazio guztien subiranotasun nazionala bermatu, ondorioz zapalkuntza nazionala ez da amaitu oraindik. 

Hainbat historiagileren arabera nazioak beti egon diren zerbait dira, betierekoak, aldaketarik jasaten ez dutenak, “naturalak”. Halako ezaugarriekin nazio kontzeptua biologiaren atal bat bilakatzeraino iristen dira. Nazioak aldakaitzak direnez prozesu historikoek ez dute eraginik berengan. Halako joera erromantikoek ez dute sostengu zientifikorik ordea. Sabino Aranak idealizatutako euskaldun zintzoak (kristaua eta foruzalea) ez du zer ikusirik duela milaka urteko baskoi paganoekin. Erabat okerra litzateke egungo Euskal Herria, nazio bezala hartuta, duela 3000 urtetan zeuden gizarte tribalekin alderatzea, egungo gizartea iraganeko haien eboluzio bat baldin bada ere. Eta, azken batean, hor dago funtsa, nazio bat edota kultura jakin bat (hizkuntzak, ohiturak, sineskerak…) elkarbanatzen duten jende multzo bat, historikoki eboluzionatzen doan entitate bat da. Marxismoaren teorikoek azaldu bezala, nazioak ere aldaketara beharturik daude eta dialektikaren legeek eragina dute berengan, egonkortasuna ezinezko bilakatzen delarik.

Gauza bera gertatzen da egun ezagutzen ditugun Estatu handiekin. Jende askok Estatu nazional burgesa zerbait naturala dela uste badu ere, iragan urrun batean edota gizon eta emakumeen odol eta ariman errotua, “beti hor egon dena”, errealitatean kreazio erlatiboki modernoa da, azken bi mendeetakoa hain zuzen ere. Salbuespen gisa Holanda eta Ingalaterra soilik genituzke Mendebaldeko Europan. Lehen ez zeuden halako estatu nazionalak; tribuak, hiri-estatuak eta inperioak baizik. Baina giza Historiaren eboluzioak antolaketa modu batzuk suntsitu ditu beste batzuk hauen errautsetatik sortuz, eta Estatu nazionalak ere beti ez dira existitu eta ez dira beti existituko. Estatu nazional burgesa kapitalismoaren produktua da, burgesiak sortu zuen merkatu nazional bat behar zuelako. Kontuan hartzekoa da espazio bat erreinu, printzerri eta dukerri txikitan zatituta egoteak feudalismoan zekartzan arazoak: leku bakoitzean neurri sistema ezberdinak, moneta ezberdina, mugetan zergak ordaindu beharra… Lekuko partikularismo hauen ezabapena burgesiak burututako eginkizun benetan aurrerakoia izan zen ekoizpen baliabideen garapenerako.

Iraultza honentzako oinarria jada bazen feudalismoan. Errege feudalek merkatari eta bankari talde jaio berriari eskatzen zieten dirua gerretan parte hartzeko. Baina aldi honetan oraindik ez ziren aurkitzen merkatu ekonomiaren garaian. Frantziak Ingalaterraren aurka izandako Ehun Urteko Gerrak estatu hauen itxura definitu zuen, baina artean izaera feudala eta dinastikoa zuten nazionala baino gehiago; gudariek “leialtasuna” euren jaunari zioten, ez Frantziako erregeari. Garapen ekonomikoak kapitalismoaren, moneta ekonomiaren eta merkatu nazionalen sorrera dakar ordea, eta honek kontzientzia nazionalaren eraketan eragin zuzena izan zuen. Monarkia absolutistak jaio ziren, aurreko unitate politiko txikien zentralizazioaz sortuak, eta honekin izpiritu nazionala. Nazio auzia, ikuspuntu historiko batetik, iraultza demokratiko burgesaren aldiarekin erlazionaturik dago, baina burgesia, feudalismoaren aurkako borrokan, ez zen gai izan arazo hau konpontzeko.

Burgesiak Estatu nazionalak (edo plurinazionalak) sortu zituen. Estatu nazionalaren eraketa, bere garaian, gertakizun benetan iraultzailea eta aurrerakoia izan zen ekoizpen indarren ikuspuntutik. Hala ere garrantzitsua da gogoratzea helburu hau ez zela bide baketsuetatik eta borrokarik gabe lortu. Europako lehen nazio estatua, Holanda, inperialismo espainiarraren aurkako askapen nazionaleko borroka baten itxura hartu zuen iraultza burges batetik sortu zen XVI. mendean. Ameriketako Estatu Batuak ere askapen nazionaleko iraultza burges batetik sortzen dira. Italian eta Alemanian ere modu berean gertatu zen, burgesiak prozesuen gidaritza izan zuelarik.

 

ESTATU FRANTZIARRAREN IRAULTZA BURGESA

 

Europako estatu modernoak, salbuespenak salbuespen, Estatu frantziarreko Iraultzaren ostean sortzen dira. Ordura arte Estatu nazionalaren ideia monarkiaren berbera zen. “Nazioa” errege subirauaren jabetza zen. Forma legal zaharkitu hau, feudalismoaren heredentzia zena, gatazkan sartu zen burgesiaren gorakadarekin sortzen ari ziren erlazio mota berriekin. Feudalismoa suntsitzeko eta boterea lortzeko burgesiak borrokaren buruan jarri behar izan zuen herriaren, hau da, “Nazioaren”, ordezkari bezala. Robespierrek esan bezala “Estatu aristokratikoetan aberria hitzak ez du esanahirik, familia patrizioentzat baino, subiranotza bahiturik baitute. Demokraziarekin soilik bilakatzen da Estatua bera osatzen duten gizabanako guztien benetako aberria.”

Iraultza Frantziarraren printzipioetako bat zentralizazioa izan zen eta burgesiak ez zituen kontutan hartu nazio ezberdinetako aspektu kultural edota linguistikoak, Estatu jaio berrian zeuden gutxiengoen kalterako (korsikarrak, bretoiak, normandiarrak, euskaldunak…). Oraindik, Estatu frantziarrak nazio hauek zapaltzen jarraitzen du “liberte, egalite, fraternite” lelopean. Baina egia da nazio ezberdinetako herritarren batasuna nahitaezkoa izan zela Iraultza bizirik mantentzeko. Erreakzio feudalaren armetako bat izan zen hain zuzen gutxiengo horien desberdintasunak bultzatzea Estatu osoko herri iraultzailea zatitzeko. Hala ere ez zuten lortu, nazio guztietako herritarrak elkartu egin ziren erreakzio feudalaren aurka iraultza burgesaren garaipena eskuratzeko.

Estatu frantziarreko eta bertako nazioetako herritarrak eredu bilakatu ziren beste herrialde guztietako zapalduentzat. Armak eskuan garaipen itzela lortu zuten hasieran euren agintari feudalak garaituz, eta gero Europako herrialde atzerakoienen aurka eginez. Okupatzen zuten leku orora zabaltzen zuten mezu iraultzailea. Iraultzaren lehen fasean tropa frantziarrak tropa askatzaile bezala ikusten ziren. Hartzen zituzten lurretako jendearen babesa lortzen zuten hasieran, baina behin une batetik aurrera, eta batez ere Napoleonen ostean, inposizio hau onartzen hasi ez zirenean, herri inbadituek segituan ulertu zuten subiranotasun nazionala lortzeko independentzia nazionalaren alde borrokatu beharko zutela. Berriz ere Robespier iraultzaile frantziarra aipatuz, “inori ez zaizkio baionetadun misiolariak gustatzen”. Dialektikaren legeak berriro ere baieztatuz, Napoelonen bateratze nahiek askapen nazionalen aldeko borrokak bultzatu zituzten, Europako estatu modernoak garatuz. Ondorio bezala, beraz, esan behar iraultza burgesa izan zela XVIII eta XIX mendeetan Europako Estatuen itxura definitu zuena.

 

ETENGABEKO IRAULTZA

 

Napoleonen aurkako askapen borrokek estatu berriak ekarri zituzten, baina arazo nazionala amaitu al zen? Izan ere, askapen borroka hauen ostean Estatu bakoitzeko burgesiak bere merkatu nazionala eratu nahi zuen eta une horretan beraien Estatuen barnean ere nazio eta kultura ezberdinak aurkitzen zirela ikusten zuten. Naziotasun identitate bat inposatu nahiak askapen borrokak bultzatzen zituen eta hori ez zuen burgesiak gogoko, baina langile mugimenduetan langileak batzea ere ez zuen gogoko eta orduan nazio ezberdinetako herritarrak zatitzen saiatu zen Estatuaren batasuna mantentzearren. Zirkulu amaigabe batean sartzen gara horrela eta batzuetan askapen nazionalaren alde borrokan ibili den gizarte sektore bat (burgesia) beste batzutan nazioak zapaltzen ikusten dugu. Baina azken batean, hori da burgesiaren logika. Burgesiak ez zituen aurreko askapen nazionaleko borrokak nahi kulturalengatik bultzatu. Eta egia da une hartan borroka askatzaile haiek ekoizpen baliabideen garapenean bultzada handia eragin zutela, baina bi kasuetan, bai burgesiak nazio baten subiranotasun nazionalaren alde edo kontra egiten zuenean, helburua berbera zen: merkatu nazional baten jabe izatea.

Gaur egun ere, ikus dezakegu zenbait kasutan burgesia nazio baten independentzia bultzatzen, baina ez da izango herri horren askapen edo subiranotasun nazionalaren alde, bere interes ekonomikoen mesedetan baizik. Hor dugu Montenegroren kasua, AEB eta Europako burgesiek bere independentzia bultzatu zuten, baina Montenegro ez da lehen baino askeago, potentzia hauen zapalkuntza jasaten ari da. Trotskyren Etengabeko iraultzak burgesia zenbait eginkizunetarako ezgaitua dagoela dio (horien artean nazio guztien subiranotasun nazionalaren lorpena) dituen interes ekonomikoengatik, eta gainera, kasu askotan nazio zapalduko burgesiak ere ez duelako askapenerako interesik nazio zapaltzaileko burgesiarekin finkatu dituen loturengatik. Kapitalismopean ez da arazo nazionala desagertuko estatu burges indartsuenak behartuta baitaude beste nazioak zapaltzera potentzia inperialisten artean boterea ez galtzeko. Langile klaseak soilik burutu dezake eginkizun hau iraultza sozialistarekin, munduko nazio guztiei subiranotasun nazionala ematea, eta Estatu burges nazionalen merkatuak suntsituaz, nazioarteko ekonomia planifikatu batekin, mundu mailako batasun ekonomikoa eta nazio askatasuna uztartzea. Gure esku dago lan hori, eta borroka horretarako aurrebaldintza munduko langile guztiok, mundu osoan berdin-berdin zapaldurik gaudenok, batzea da etsai amankomunari indarrez aurre egiteko.