Kataluniako errepublika sozialistaren alde, preso politikoak askatu!

Urriaren 1eko epaiketa fartsaren sententzia mugarri izango da Kataluniako eta Estatu espainiarreko egoera politikoan. Espainiar burgesiak helburu bikoitza du: Kataluniako herritarren borondatea zapaltzea autodeterminazio eskubidea ukatuz eta errepublikaren aldeko borroka Kataluniatik kanpora ez zabaltzea.

Herritarren mugimenduaren aurkako errepresioa

Espainiar burgesiak ondo asko daki Epaitegi Gorenaren sententziak dituen inplikazioak onartezinak direla Kataluniako herriarentzat; hori dela eta, kaleko erantzunari aurre egiteko prestatzen ari da. Horrexegatik atxilotu zituzten eta terrorismoaz akusaturik CDRko 7 ekintzaile, era guztietako irregulartasunak, eskubide urraketak eta proba faltsuak erabilita. Kataluniako errepublikaren aldeko mugimenduaren izaera baketsu eta masiboa estali nahi dute, mugimendua kriminalizatuz eta Kataluniako herriaren aurkako errepresioa prestatuz.

Ofentsiba horretan, Pedro Sánchezek eta PSOEk paper protagonista hartu dute. Berriro 155a aplikatzeko mehatxuak mezu argia du: nazionalismo espainiarra hauspotzen dute geruza atzerakoienen botoak eskuratzeko, botere faktikoekiko subordinazio erabatekoa argi erakusteko, aliantza berriak eskuinean bilatzeko eta langile klasearen aurkako erasorako eta errepresiorako prestatzeko. Egoera honetan, Kataluniako mobilizazioak arrisku handia izan daitezke ezegonkortasuna zabaltzeko eta beren planei aurre egiteko orduan.

Catalunyako herriaren borroka langile klasearen eta zapaldu guztion borroka da

U1ean, masak ekintza zuzenaren bidez bozkatzeko eskubidea ezarri eta errepublikaren aldeko bi milioi boto lortu zituztenean, krisi iraultzailea piztu zen Katalunian. Bi egun geroago, U3ko greba orokorrak Katalunia osorik geldiarazi zuen eta milioika manifestari mobilizatu ziren. Erresistentzia eredugarri eta baketsu haren irudiek mundua zeharkatu zuten.

Krisi iraultzailea deuseztatu eta milioika pertsonak amore eman eta errepublikaren ideia baztertzeko asmotan, klase agintari espainiarrak (Kataluniako kapital handiaren babesarekin) diktaduraz geroztik aurrekaririk ez duen errepresioa erabili zuen. Ez dute lortu. Kataluniako eta estatu espainiarreko burgesiaren arazoa da 78ko erregimenari zuzenean eragiten dion krisi politikoak bere horretan jarraitu ezezik, areagotzen ari dela.

78ko erregimenak egun independentismoaren aurka erabiltzen dituen neurri errepresiboak, bihar gobernu kapitalisten politikei aurka egiten dien edozein gizarte mugimenduren, sindikaturen edo erakunderen aurka erabiliko dituzte. Horregatik da hain larria komunen agintariek eta Unidas Podemoseko (UP) zuzendaritzak duten jarrera.

U1ko krisi iraultzailea lehertu zenetik, bai haiek eta bai CCOO eta UGTko agintariek uko egin zieten Kataluniako herriaren aldeko elkartasuna adierazteari eta errepublikaren aldeko mobilizazioa Estatu espainiar osora hedatzeari. Beste aldera begiratzea erabaki zuten, eta gainera gezurrak asmatu zituzten, adibidez, “kataluniar eliteak zuzendutako mugimendu atzerakoia” zela esanez; jakin da, halere, Kataluniako burgesiak ez duela independentzia eta errepublika bultzatu eta, areago, aurka egin diela. Ehunka enpresaburuk iragarri zuten U1aren ondoren Kataluniatik alde egingo zutela.

Auzi nazionalean klaseko ikuspuntu internazionalista alde batera uzteak eskubide demokratikoen aldeko defentsa baztertzea dakar. PSOE-UPren artean koalizio gobernua osatzeko negoziaziotan, Pablo Iglesiasek onartu zuen, Sánchezek eskatu bezala, autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarria eta 78 erregimenari egindako kritikak alde batera utziko zituela. Gainera, onartu zuen gobernuan parte hartuz gero, PSOEk 155a aplikatuko balu, muturtu gabe onartuko lukeela

Kataluniaren aurkako gezur kanpaina gorabehera, estatu mailako galdeketek erakusten dute gehienak errepresioaren aurka daudela, 155a defendatzen dutenen aurka. Horrek erakusten du errepublika sozialistaren aldeko borrokara langile klaseko sektore asko irabaz daitezkeela.

Ezker iraultzaile bat eraiki

Apirilaren 28 eta maiatzaren 26ko hauteskundeek Katalunian berretsi zuten milioika pertsonek 78ko erregimenarekin hausteko duten gogo sakona. Bloke atzerakoia (Vox, PP, Cs) ez zen %15era iritsi guztira. 1977az geroztik lehen aldiz, bere burua independentista eta ezkertiar gisa kokatzen duen alderdi batek -ERC- udal herrietako eta estatu mailako hauteskundeak irabazi zituen.

Babes hori ez zen izan errepublikaren aldeko borroka izozkailuan sartzeko. Esquerrak jaso zituen JxCati kendutako milaka bozka, hain zuzen ere, ezkerreko politiketan oinarrituko den Catalunyako errepublika nahi dutenen aldetik. Comunekin eta Podemosekin samindurik dauden gazte eta langile askoren babesa ere jaso zuen, aldaketen udalek eta buruzagiek errepublika katalana ukatzeak eragindako dezepziotik.

Hala ere, ERCko buruzagiak gobernuan egiten ari direna bozka eman zietenek espero zutenaren aurkakoa da. U1eko agindua eta errepublikaren aldeko mobilizazioa bertan behera uzten ari dira, murrizketa berriak eta pribatizazio politikak aplikatzeko. Pere Aragonés Vicepresidentak bultzaturiko legea eta Francesc Bargalló Hezkuntza Consellerrak harturiko neurriak (biak ERCkoak) ezinegon zabala eragin dute oinarri sozialean.
ERCko buruzagiek diote ez dagoela nahikoa indar korrelazio errepublika aurrera eramateko, eta horrek irtenbide “negoziatu” bat behartzen duela Estatuarekin; hau da, amore ematea U1eko mandatuaren aurrean. Hori faltsua izateaz gain, oso arriskutsua ere bada. Azken batean, eskuin katalanistari bakarrik egiten dio mesede, bere asmoen artean baitago, hain justu, jendea etxera bidaltzea, autonomismora itzultzea eta burgesia espainiarrarekin negoziatzea.

Kataluniako askapen nazionaleko mugimenduan geroz eta talka handiagoa ematen ari da: alde batetik milaka eta milaka gazte, langile eta geruza ertainetako sektore zabalek amaierara arte eman nahi dugu errepublikaren aldeko borroka, Estatu zentralistaren zapalkuntzarekin amaitu eta Catalunyaren eraldaketa soziala errealitate egingo duena. Bestetik eskuin katalanistaren taktikak prozesua atzeratzean oinarritzen dira, eta mugimenduaren oinarrian gutxiengoa diren arren, pisu erabakigarria dute Governean.

Kontraesan hori azken urte honetan ikusi izan da Torraren aurka txistu egin denean edo Buch Barne-consellerraren dimisioa eskatu denean, hainbat manifestazio antifaxista eta independentisten aurka buruturiko errepresioagatik. Esaterako, orain dela gutxi erabaki du Barne sailak mossoei manifestarien aurka piper gasa erabiltzen utziko diela. Azken hilabeteetan haserreak gora egin du. ANCko tokiko asanbladetan kritika sakonak egin dira, CDRen ekintzak agertu dute eta Diadako manifestazioaren burutik Governeko alderdietako buruak kentzeko erabakia hartu zen.

Greba orokorrari jarraipena emango dion borroka plan baten alde, langileen eta herriaren Catalunyako errepublika gauzatuko duena!

Ikasgaiak atera behar ditugu Urriaren 1 eta 3ko gertaeretatik eta bi urte hauetako esperientziatik. Gorenaren epaiaren aurkako erantzunak ezin du mugatu greba orokor isolatu batera. Beharrezkoa da ezker borrokalari guztia, CDRk, errepublika babesten duten klaseko sindikatuak, eta mugimendu sozial guztiak denboran luzatuko den ekintza plana aurrera eramatea, greba orokorren egutegi argi batekin, lantoki eta ikastetxeak okupatuz eta herritarren babes masiboa sortuko duen manifestazioak eginez.

Neurri honetako erresistentzia mugimendu bat eskuratzeak errepublika sozialista planteatzea eskatzen du, ekonomiaren funtsezko palankak, bankuak eta monopolio handiak, nazionalizatuko dituena eta guztiz ezabatuko dituena murrizketa sozialak, etxebizitza publiko eta eskuragarrien gabezia, prekarietatea eta miseriazko soldatak, indarkeria patriarkala eta ingurumenaren suntsiketa. Horrek ahalbidetuko luke errepublikaren aldeko borrokara batzea orain arte parte hartu ez duten langile eta gazte asko, ez baitira fidatu eskuin katalanistak Procèsean hartu duen paperarekin Governetik murrizketak egin dituenean. Gure borroka beste lurraldeetako langile eta gazteenarekin elkartzeko zubia ere ezarriko luke, errepresioari aurre egin eta garaipena eskuratzeko baldintza hoberenak sortuz.

Catalunyan milaka pertsona nazkaturik daude inoiz konkretatzen ez diren hitz eta promesekin, giroa epeltzeko egiten diren ekintzekin. Testuinguru honetan, CUPek azaroaren 10ean hauteskundeetara aurkezteko hartu duen erabakia aukera handia da burgesia katalanistaren hertsadurekin eta Governaren murrizketa eta desmobilizazio politiken kolaborazioarekin edo jarraipenarekin amaitzeko. CUPek aukera berria du ezkerrean geroz eta handiagoa den tokia hartzeko eta langileen eta herriaren errepublika katalanaren aldeko borrokan paper bat jokatzeko. Baina ezinbestekoa da azken aldian babesa eta eragina galtzera eraman dituen akatsetatik ondorioak ateratzea, nahiz eta militanteek borrokarako asmo sendoa agertu duten.

Kataluniako Sindicat d'Estudintsek dei egin die gazte guztiei epaia ateratzen den egunetik hasiz hiru eguneko ikasle greba egiteko eta borroka asterako. Albisteak gazte eta langile askoren kalera irtetzeko nahairekin bat egin du, gazteriak errepublikaren aldeko mobilizazioan jokatu duen paper garrantzitsua lehen lerroan jarriz. Hori da bidea, eta borroka benetan bultzatu nahi bada, deialdi hori langile grebarekin elkartu behar da, denboran luzatuko den borroka planarekin, greba orokorrei eutsiz, errepublika sozialista lortzeko helburu argiarekin.

Oinarriek estrategia argia eskatzen dute Estatuaren errepresioari aurre egiteko eta errepublika errealitate bihurtzeko. Hori eragozten duen funtsezko faktorea mugimenduaren buruzagitzan kapitalismoa sistema posible bakartzat dutenen pisua da; nazio askapena gizartearen eraldaketa sozialistarekin elkartzearen aurka egiten dute. Oztopo hori gainditzeko ez da nahikoa borrokatzeko borondatea. Kontzienteki ekin behar da langileen eta gazteen alderdi bat eraikitzen, programa iraultzaile eta internazionalista altxatuko duena.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.