Kataluniako Parlamenteko lehendakariak (Roger Torrent), gainontzeko ERCko buruekin batera, Quim Torra diputatu kargutik inhabilitatu izana onartu zuten urtarrilaren 27an. Preso politikoak askatzeko eskatuz pankarta bat jartzea da Hautets-batzorde Zentralak (JEC) eta Auzitegi Gorenak Torrari egotziriko “delitua”. U-28an JxCat eta ERCren Governaren haustura ofizial egin zen eta Generalitateko lehendakariak berriro hauteskundeak deituko dituela iragarri zuen.

Hautets-batzorde Zentralaren eta Auzitegi Gorenaren ebazpenak erregimen diktatorialen neurriko erasoak dira adierazpen askatasunaren aurka. Goi-epaileak eta Estatu aparatuaren beste erakunde batzuk mendean dituen eskuin espainolistaren estrategiaren parte dira, hautestontzietan lortu ezin izan dutena neurri errepresiboen bidez lortzeko. Erreakzioaren erasoak helburu bikoitza du: Kataluniar errepublikaren aldeko masen borroka ahuldu eta PSOE-Unidas Podemos koalizio gobernua higatu, “elkarrizketa” bide oro saboteatuz.

Halako erasoaren aurrean, ERC eta JxCateko buruek uko egin diote kaleko borrokaz erantzuteari. Parlamentean gehiengo independentistaren buruzagitza eskuratzeko lehia gogorra mantendu arren, bi erakundeak ados daude honetan: 2017ko urriaren 1 eta 3an piztu zen krisi iraultzailea itzali nahi dute.

Estrategia errepresiboaren porrota, mugimenduaren ausardia eta indarraren aurrean

Errepublikaren aldeko borrokarekin amaitzeko burgesia espainiarrak (eta katalanak) erabili dituen epai, kartzelaratze eta erbesteratze guztiak parez pare talka egin dute mugimenduaren ausardiaren eta indarraren aurrean.

Azken bi urteetan diktadura frankistaren amaieratik eman den masen mugimendu handiena burutu du Kataluniako herriak, eskubide demokratikoen alde eta 78ko erregimen monarkikoaren aurka. Komunikabide espainiarrek isilarazi nahi arren, pasa den urrian herri altxamendu izugarria eman zen egunero ehun milaka lagunek kaleak bete zituztelarik. Poliziaren errepresioa ez zen gai izan gazteria izutzeko, eta urriaren 18an greba orokorrak Katalunia geratu zuen, manifestazioetan 2 miloi baino gehiago pertsona batuz.

Gertakari hauek burgesia espainiarra eta katalana beldurtu zuten. Kriminalizazio kanpaina basati batekin erantzun zioten, badakitelako masen gero eta sektore zabalagoak ondorio aurreratuak ateratzen ari direla. Masen mobilizazioaren bidez sortutako errepublika katalana kolpe erabakigarria litzateke 78ko erregimenarentzat. Zaila litzateke, honelako garaipen baterako gai den herriak onartzea murrizketak, austeritatea eta errepresioa bere horretan jarraitzea. Honela lortutako errepublika katalanak klase arteko borrokaren fase oso gogorra irekiko luke, eta Kataluniaren eraldaketa sozialistaren ideiak indarra hartuko luke espainiar Estatuko eta Europako gainerako langileak inspiratuz. Horregatik, nahiz eta espainiar, kataluniar eta europar burgesien artean ezberdintasun taktikoak egon, guztiak bat datoz potentzial iraultzaile oso arriskutsu bat duen mugimendu hau errotik kentzeko premian.

Azaroaren 10eko hauteskundeek, langile klaseko sektore zabalek eta gazteriak erreakzio espainolistari bidea ixteko borondatea dutela islatu zuten. Baita Kataluniako herriaren aurkako errepresioari uko egiten diotela ere. Cs desagertzeak eta PPk Voxen aurrean izan duen ahultzeak eskuinak babestutako PSOEren gobernu baterako edozein aukera itxi zuten, Pedro Sanchezen hauteskunde deialdiaren helburuetako bat zena. Horri bere hautesleek PSOEko buruzagiei bidalitako mezua gehitu zitzaion: bi eserleku galdu eta 900.000 boto gutxiago lortu zituen estatu osoan (Katalunian, 171.675). Espainiako banderan biltzeko saiakerak, Cs eta PPrekin lehiatu nahian, porrot egin zuen nabarmen. Horrek Pedro Sanchez 180 graduko bira ematera behartu zuen, Unidas Podemosekin gobernu akordioa bilatuz eta ERCrekin ituna eginez.

PSOE-ERC ituna

ERCko buruzagiak PSOErekin egin duten akordioa justifikatzen saiatzen ari dira, PP-Vox-Cs Gobernua eragozteko aukera bakarra zela esanez. Baina ERCren ekinbidea Sanchezen inbestidura errazteko abstenitzetik askoz harago doa. Epe luzeko estrategia bat garatzen ari dira, eta ehunka milak bozkatu zutenaren kontrakoa dute helburu: errepublika behin betiko lurperatzea, autonomismoaren bidera eta Espainiako burgesiarekin negoziatzera itzultzea.

ERCko buruzagiek beren estrategiaren lorpen nagusi gisa aurkezten dute gobernuarekin hitzartu duten Kataluniari buruzko elkarrizketa mahaia. Pedro Sanchezek mahai hori Kataluniako hauteskundeak igaro arte atzeratuko zela zioen iragarpena zuzendu zuen arren, PSOEk eta Unidos Podemosek oso argi utzi dute autodeterminazio eskubidea eta errepublika lerro gorriak direla eta ez direla aintzat hartuko.

Beraz galdera oso konkretua da. Inork pentsatzen al du horrelako mahai batek Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea ase dezakeela, edo 2017ko urriaren 1eko erreferendumean bi milioi baino gehiagok alde bozkatutako Kataluniako errepublika onartu? Mahai honen helburua denbora irabaztea eta "indar korrelazioak" gehiagorako ez duela ematen dioen mezua zabaltzea da. Hori da ERCko buruzagiek behin eta berriz errepikatzen dutena, mugimenduak urte hauetako ahalegina apaldu eta hau agortzeko asmoan. Baina, berez, indar korrelazioa errepublikaren aldeko borrokaren aldekoa da erabat. Falta dena programa iraultzaile bat altxatuko duen eta hori posible egiteko estrategia planteatuko duen zuzendaritza politikoa da.

Errepublikaren aldeko borrokarekin jarraitu programa iraultzaile batekin

Prozesu hain dinamiko batetan perspektiba modu itxi batean trazatzea arriskutsua da. PSOEk eta Unidas Podemosek Gobernua sendotu nahi dute, eta ERCren babesa bermatzeko presioa egiten ari dira. Kataluniako Gobernuan hirukote berri baten ideia, ERC buru, PSC eta En Comu Podemekin batera, oholtza gainean dago. Horregatik erantzun dute Torrak eta Puigdemontek taktika horrekin, hauteskunde deialdia atzeratuz, ERC higatu ahal izateko eta Junqueras, Torrent eta Rufian bloke independentistaren hausturaren erantzule bezala azaltzeko. Pentsatzen dute horrela hauteskundeetako emaitza ahalik eta ondoen mantendu ahal izango dutela. Maniobra horiek irekita daude, eta ERCk ere kontraerasoa jotzera behartuta ikusiko du bere burua.

Mugimendu horiek guztiek sakoneko presio izugarria islatzen dute: Katalunian milioika lagunek 78ko erregimenarekin haustea erabaki dugu, eta ez diogu uko egingo helburu horri. Borroka hau jarraitzeko eta garaipena lortzeko gakoa alternatiba iraultzaile bat altxatzea da, ezker sozial eta politikoa bateratuko dituena, errepublikaren alde modu kontsekuentean borrokan ari garen ehunka mila gazte eta langileon indarrak elkartuko dituena. Horrela egin behar diogu aurre kapitalismoa onartzen duten eta masa mugimendu hau maniobra parlamentarioekin desegin nahi duten eskuin katalanistaren eta sozialdemokraziaren agintariei.

Askapen nazionalaren aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistari lotu behar zaio, ekonomiaren, bankuen eta monopolio handien oinarrizko palankak nazionalizatuko dituen errepublika katalan sozialista bat defendatuz: murrizketekin, etxebizitza publikoen gabeziarekin, prekarietatearekin, soldata miserableekin, indarkeria patriarkalarekin eta ingurumenaren suntsiketarekin amaitzeko.

Errepublika sozialista bat nahi dugu, Kataluniako Gobernuaren politika pribatizatzaileak deuseztatuko dituena, Kataluniako oligarkiaren eta haren politikarien eskuetatik boterea erauziko duena, eta justizia soziala konkistatuko duena. Bandera honekin Kataluniako zapaldu guztien babesa irabaziko genuke Errepublikaren eta sozialismoaren aldeko gudan, eta zubi bat ezarriko genuke Estatuko gainerako gazte eta langileekin borroka komun bat emateko. Hori da oinarri demokratikoen gainean zapalkuntza nazionalarekin amaitzeko bide bakarra.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.