Kataluniako burgesiak eta Espainiako kapital handiaren sektore zolienek pozarren hartu dute Salvador Illa Generalitateko presidente izendatu izana ERCren eta Comuns-Sumarren babesari esker. Kataluniako errepublikaren eta autodeterminazioaren aldeko mugimendua 78ko erregimenak inposatzen duen kalezuloan lurperatzeko helburuak aurrerapauso garrantzitsua eman du.

El País egunkariak argi deskribatu zuen ziklo politikoaren aldaketa horrekiko klase agintariak zuen ikuspegia: "Kataluniak bere iraultza lurperatu du. "Proces"-aren errautsen gainean, PSC "ordenaren alderdi" berri gisa agertzen da (...) Zalantzaz betetako aro berri bat ireki da, baina ziurtasun batekin: azken hamarkadako altxamendu independentistak azkena jo du".

PSC-PSOE Generalitatera itzultzeak eta ERCrekin eta Juntsekin egindako itunek gailurrera eraman dute ERC eta Juntseko kupulek 2017ko urriko masen altxamenduari eginiko traizioa. Buruzagi horiek aho betez hitz egiten zuten urriaren 1eko mandatuaz eta independentziaz. Bien bitartean, ordea, erregimen monarkikoarekin eta burgesia espainiarrarekin zubiak berrezartzen jardun zuten, burgesia horrekin klaseko lotura estuak baitituzte —bereziki Juntsek— eta ez baitzuten pentsatu horiei inoiz uko egitea.

Zer interes defendatzen dituzte Junts eta ERCko buruzagiek?

Abuztuaren 7ko paripea adibide ona da, eta nekez engaina dezakeen estrategia lotsagarria koroatzen du. Puigdemont sei minutuz Arc de Triomfen hitz egiten ari zela, Waterloora itzuli baino lehen, dena adostuta zegoen Mossoek, Kataluniako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak beste alde batera begiratzeko, ihes egiteko eta Illaren inbestidura ez lausotzeko.

Politika horrek argi erakusten du zer nolako zinismoa duten oinarri independentisten sentimenduekin jolasteko eskrupulurik ez duten agintariek, hain zuzen, pujolismoa berreraikitzeko lanean ari direnean. Kataluniako burgesiaren mesederako neurriak PSOErekin edo PPrekin negoziatuz, langile migratzaileak esplotatzeko PPren eta Voxen neurri arrazistenak bere eginez, edo erregimen sionistarekin harremanak, armen salmenta eta negozioak mantentzea Parlamentuan bozkatuz, Juntsek erakutsi du Kataluniako burgesiaren tresna guztiz fidagarria dela. Eta, jakina, Estatuaren errepresioa instrumentalizatu du botere-kuotak defendatzen jarraitzeko, patronalaren eta kapital katalanaren mesedetan.

Kontraesan berak markatu du ERCren ekintza politikoa. Bere oinarrien eta Governera eraman zuten boto-emaile ugarien asmoek talka egin dute buruzagien ikuskera sozialdemokrataren harresiaren aurka: behin eta berriz amore eman du, PSOErekin itunak egin ditu eta horrela 78ko erregimenarekin bakeak egitea bilatu du. Horrek azken urteotako krisi handienetako bat eragin du alderdian.

Zer esan Komunei buruz! Etxegabetzeen aurkako borrokatik eta M-15etik sortutako indarra PSOEren morroi lotsagarri bihurtu da. Orain ezkerreko estaldura eman dio Illari.

Amnistia, eskuin espainolistaren oldartzea eta PSOE-Sumar Gobernuaren politikak

Masen mugimenduak presionatuta, Sanchezek, Illak eta Katalunian bake soziala inposatzeko PSOE aukera bakartzat ikusten duen burgesia espainiarraren sektoreak kontzesio politikoak egin behar izan zituzten. Hori da indultuen eta amnistia-legearen zioa, 155ari eman zioten babesa ahazmenera eraman nahi izatearekin batera.

Kontzesio horiek, ez dezagun ahaztu, mobilizazioaren ondorio dira, hain zuzen, errepresio bortitzari aurre eginaz dena eman zutenen borrokaren ondorio. Hala ere, 78ko erregimen kapitalista mantentzen den bitartean, borrokaren bidez lortzen ditugun kontzesio eta eskubide demokratiko guztiak arriskuan egongo dira.

Errealitatea egoskorra da: amnistiaren 74 onuradunetatik 54 ekintza errepresibo basatiengatik salatutako poliziak dira. Bestalde, Urriaren 1ean manifestazioetan parte hartzeagatik, trafikoa eteteagatik edo hautetsontziak defendatzeagatik jazarritako ehunka ekintzailek epaiketaren edo ikerketaren zain jarraitzen dute. Okerrena da kasu askotan horien akusazioak egin dituztenak PSOEk kontrolatzen duen Estatuko Fiskaltza Nagusia edo ERCko eta Juntseko Governak izan direla.

PSOE-Sumar gobernuaren amore emateak eta kapitalistei egiten dizkieten kontzesioak dira hain zuzen ofentsiban hauspotzen dituztenak PP-Vox, toga janzten duten borreroak eta haitzulo mediatikoa.

Gobernu sozialdemokratak, autodeterminazio eskubidea aitortzeari uko egiteaz gain, lege antidemokratiko eta erreakzionarioak mantentzen ditu, hala nola Mozal Legea edo Atzerritartasun Legea. Halaber, bere politika ekonomiko eta sozialak izugarri aberasten ari dira higiezinen, nekazaritzako elikagaien eta turismoaren negozioetako enpresari eta espekulatzaile handiak.

Illa politika horien jarraitzaile leiala izango da. Bere kontseilarien zerrenda ikusi besterik ez dago: murrizketak eta pribatizazioak egiteagatik ospetsuak diren PSCko alkateak eta Kataluniako burgesia konbergentearen ordezkari zuzenak, besteak beste, Samper, Espadaler...

Kataluniako burgesiak eta Espainiako burgesiaren sektore erabakigarriek darabilten estrategia ez da berria. 155. artikuluaren eta errepresioaren bidez mugimendua zapaltzeko saiakerak porrot egin ondoren, PSCn oinarritu dira eta Junts eta ERCrekin egindako itunak erabili dituzte amaiera emateko 2017ko eta 2019ko udazkenetako krisi iraultzaileek irekitako ziklo politikoari. Hain zuzen ere, 1970eko hamarkadako gorakada iraultzailea desaktibatzea eta 78ko erregimena inposatzea ahalbidetu zien taktika bera aukeratu dute: kontrairaultza forma demokratikoetan, Trantsizioa izendatu zutena alegia.

Garai hartan PSOEko eta, batez ere, PCEko buruzagien beharra izan bazuten, orain proces-eko alderdikoengana jo dute; eta horiekin batera, Komunen eta CCOO eta UGT sindikatuetako burokraziarengana.

Sistema kapitalistaren krisiak eta zapalkuntza nazionalak bultzatuta, Katalunian masiboki ezkerrera biratu zuten milioika gaztek, langilek eta klase ertaineko sektore zabalek. 2017an, erreferendumak eta urriaren 3ko greba orokorrak elementu iraultzaileak zituen krisi politikoa ireki zuten eta prozesu berak 2019an beste mugarri erabakigarri bat izan zuen, Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren. Horrek izua sortu zuen Espainiako eta Kataluniako burgesian ez ezik, baita Europako burgesietan ere.

Hori ulertzea funtsezkoa da. Kapitalisten planak garaitzeko bide bakarra Kataluniaren autodeterminazioaren eta askapen nazionalaren aldeko borroka programa sozialista batekin lotzea zen, klaseko independentzia politika defendatuz; horrela bakarrik libratu zatekeen mugimenduko zuzendaritza Juntseko eskuinaren eta ERCko sozialdemokraziaren oztopotik.

Nahi dugun errepublika katalana ezin du gidatu borrokatzen dugun oligarkia berak, traizioaren erantzulea denak hain zuzen. Langileen eta gazteen errepublika batek, herriarenak, krisi ekonomiko eta sozialaren erantzuleak desjabetu beharko ditu, Caixabank edo Sabadell bezalako monopolio finantzarioetatik hasita, enpresa elektrikoak, Agbar, eta burgesia industrial handiarekin jarraituz.

78ko erregimena garaitzeko eta errepublika katalan sozialista bat konkistatzeko bide bakarra ezker iraultzaile bat eraikitzea da, komunismoaren programarekin jantzia.