Mafiaren estilo hutsean, modu autoritario eta demagogiko batean, EAJ-PSEren Gipuzkoako diputazioak Zubietako erraustegiaren obrak hasi ditu berriro. Presaka ari dira, helburua obrak legegintzaldi honetan amaitzea baita, horrela hurrengo zortzi legegintzaldietan zorretan uzteko diputazioa eta herriak. Errausketa-instalazio honen eraikuntzak interes bakar bati erantzuten dio: eraikuntzako eta hondakinen kudeaketako enpresariak diru publikoarekin aberastea. Baina ordaindu beharko dugun prezioa altuegia da, nola diru publikoan hala gure osasunean eta ingurugiroan izango dituen ondorioetan.
Erraustegiaren pribatizazioa negozio oso gozoa da Urbaser nagusi duen enpresa taldearentzat. Hain zuzen ere enpresa hau gertatu berri den Lezo operazioan, Punikan eta Katalunyako %3an inplikaturik egon da. Lizitazioaren datu publikoen arabera, erraustegiaren eraikuntza eta kudeaketa 768 milioi kostako dira, urtero 23,6 milioi euro ordainduz, 32 urte eta erdian. Aldundiak ezabatu duen diru-sarrerak bermatzeko laguntza esate baterako, horren erdia baino gutxiago kostatzen da (11 milioi). Baina argitaratu duten zifra honek ez du kontuan hartzen hurrengo hiru hamarkadetako inflazioa. Hori gehituz diru publikoaren xahutzea gutxienez 1.085 milioi eurotara igoko litzake. Gainera, proiektuaren arriskuak eta gainkostuak administrazioak hartzen ditu beregain. Horrela, Urbaser enpresarentzat eta bere sozioentzat bide segurua ireki die mozkinak jasotzeko. Eta denari txapela jartzeko, EAJak berriz ere swap-a kontratatu du (aktibo toxiko ezagunak), 2011an justu legegintzaldia amaitu aurretik angulak janez ospatu zuten hartan bezala.
Erraustegia defendatzeko propaganda ustez edukiko duen modernotasunean eta teknologia aurreratuan oinarritu da. Hori da beti esaten zaiguna behar ez dugun eta azpi-erabilia egongo den azpiegitura bat saldu nahi zaigun bakoitzeko. Baina jada badaude nahikoa ikerketa baieztatzeko nola errauskailuek minbizia kasuak eta bihotzeko zein arnas aparatuko gaixotasunak larriki handitzen dituzten 10-15 kmtako erradioan bizi direnen osasunean, 300.000 kasu honetan.
Argi dago alternatibak existitzen direla, baina EAJkoek ez dituzte entzun ere egin nahi. Hainbeste darabilte ahoan Euskal Herria, gero behin eta berriz saldu, suntsitu eta gehiengo zabala esplotatzen dutela. Guztia ahalik eta irabazi handienaren izenean. Berriz ere argi geratzen da atez atekoaren aurka erabili zuten demagogia eta propaganda guztia EHBildu diputaziotik botatzeko eta lapurreta basati hau martxan jartzeko egin zutela.
Egia esan, ikerketak, teknologiak eta planifikazioak alternatiba hau sortzeko eta hobetzeko balio lezakete, bai hondakinen kudeaketan bai bizitzaren beste hainbat arloetan ere. Baina funtsezko gakoa horiek erabiltzen eta garatzen diren helburuan datza. Sistema kapitalistan enpresarien irabazi maximoa da. Horrekin amaitzeko borrokatuz eta gizarte sozialista bat eraikiz soilik lor dezakegu pertsonen eta planetaren mesedetan izan daitezen.