Baztango bailaran kokatzen den 340 biztanleko Lekarozko herriak 20 urteko ibilbidea egin du espekulazioaren mamurruaren kontra. 228 familia bakarreko etxebizitza, 4 izarretako luxuzko hotela eta golf zelaia egin nahi dute herritarren borondatearen kontra. Horretarako Nafarroako Gobernuak Baztango udalari eta Baztango Batzar Nagusiari eskumenak kendu dizkio. Honez gain nekazarien lurrak eta herri lurrak desjabetuak izan dira. Horrela herritarren erabakitze eskubidea ebatsi dute jauntxo batzuen mesedetan.

2021ean baimen guztiak izan gabe eta inpunitate osoz makinak sartu zituzten obrak abiatzeko. Herritarrek kanpaldi bat egin zuten obra hauen kontra agertzeko Aroztegiko eremuan bertan. Makinen aitzinean beren gorputzak paratuz, sekula hasi behar ez zuten obrak segitzea eragotzi zuten.

Obrak behin behinean gelditzea lortu bazen ere, egun baimena dute proiektua egiteko, Nafarroako Gobernuak izendaturiko UGEPa martxan delako oraindik. (aroztegiko Elkartasun Komitearen adierazpena 2024ko otsaila)

Jarraian, Aroztegiko elkartasun komiteari egindako elkarrizketa.

Euskal Herria Sozialista: Duela 20 urte abiatu zuten Aroztegiko afera, azken urteetako proiektua zertan datza?

Aroztegiko Elkartasun Komitea (AEK): Nafarroako Gobernuak UGEParen bitartez onartu zuen azkenengo proiektuak Lekarozen (350 biztanle) luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 txalet egitea proposatzen du. Modu honetan 46 hektarea nezal lur birkalifikatu dituzte urbanizagarri bihurtzeko.

Librería"
Laranjaz lur urbanizablea. Ezkerrekoa Lekaroz, eskuinekoa pelotazo urbanistikoa.

EHS: UGEPa bidez inposatu zuen proiektua UPNren Nafarroako Gobernuak. Gaur egun PSN eta Geroa Bai (Zurekin Nafarroa ere NGan dago gaur egun) daude Gobernuan EH Bilduren laguntzarekin. Zer egin ahal dute?

AEK: Behin eta berriz adierazi dugu proiektu hau Nafarroako Gobernuak gelditzen ahal duela eta gelditu behar duela. Hasiera batean UPNk abiatutako proiektua izan bazen ere, 2015az geroztik gobernuan egon direnek ere UGEP honen alde egin dute. 2015eko gobernu aldaketarekin aukera izan zuten proiektua gelditzeko, baina ez zuten egin, eta, gainera, akordio programatikotik kanpo utzi zuten denen onespenarekin.

Horregatik, maila ezberdinetan bada ere, gaur egungo egoeraren erantzule dira bai Nafarroako Gobernuan daudenak, bai gobernu hori babesten dutenak ere. Eskatzen dugu erantzukizunez jokatzea eta Aroztegiko UGEPa berehala gelditzea. Gainera, egoera hau berriro ez errepikatzeko, UGEPen legea aldatzea beharrezkoa da.

EHS: 2021an obra abiatu zuten baimen guztiak izan gabe. Makinen aurrean jarrita eta kanpaldi bat eginez obra gelditu zen. Parte hartu zutenetatik 7 baztandar salatu dituzte: denera 20 urteko kartzela zigorra eskatzen dizuete eta 56.000€ ordainarazi. Zertaz salatzen zaituztete?

AEK: Alde batetik, bortxa eta derrigortze delituak leporatzen dizkigute; bertzetik, talde kriminala izatea. Argi dago zigor-eskaera hauen helburua herrien burujabetza eta lurraren defentsan ari garen herri mugimenduak kriminalizatzea dela. Gu eraso bortitz baten aitzinean geunden, eta gure gorputzak makinaren aitzinean jarriz desobedientzia zibila eta ekintza zuzena erabili genituen gure lurra eta bizimodua defendatzeko. Hori onartzen eta aldarrikatzen dugu, baina hori ez da leporatzen zaiguna.

Neurriz kanpoko eskaera hauen baitan zigor ekonomiko izugarria ere badago. Promotoreek Nafarroako eta Espainiako gobernuei 43 milioiko indemnizazioa eskatu diete, haien pelotazo urbanistikoa gaizki atera delako. Aldi berean, bidea zabalik dute diru hori diru publikotik lortu ezean auzipetutako zazpiri eskatzeko.

Beraz, alde batetik, gure borrokaren kriminalizazioa eta kartzela-eskaera dago; bertzetik, bizi osorako izango litzatekeen zigor ekonomikoa.

Librería"
Epaiketa politikoa denez, garrantzitsua da arduradun politikoek herriaren jarrera argi ikustea: herri honek ez ditu inposizioak eta bidegabekeriak onartuko.

EHS: Otsailaren 1eko Iruñeako manifestazio arrakastatsuaren ondoren ze pauso emango dituzue jendea mobilizatu dadin?

AEK: Hemendik aitzin, orain arte egindako lanari segida emango diogu. Alde batetik, eskatu duten herrietan hitzaldiak ematen segituko dugu, garrantzitsua delako Euskal Herri osoan jakitea zer gertatzen ari den. Hitzaldi hauetako batzuk lurraren defentsan ari diren bertze eragileekin batera izango dira.

Bertzalde, aste honetan auzolana berrabiarazteko batzarra egin dugu, eta arlo ezberdinetan lanean segituko dugu. Lan komunikatiboa indartuko dugu, ekintza eta deialdi ezberdinak antolatuz, baina gure helburu nagusia sostengu soziala indartzea izango da. Maiatzaren 19tik 23ra epaiketaren astean, Iruñean ahal den babes handienarekin egotea funtsezkoa da.

Epaiketa politikoa denez, garrantzitsua da arduradun politikoek herriaren jarrera argi ikustea: herri honek ez ditu inposizioak eta bidegabekeriak onartuko.