Urtarrila bere amaierara heltzear doa eta tolosarrok hain gure ditugun Ihauteriak gainean ditugu. Aurten, Tolosako Txosnagunea Euskal Herri plazan izango da eta bertan, Ihauteriak animatu eta festa giro herrikoia sortuko duen karpa  jarriko dugu.

Beste aukerarik ezean, aurten gure eskaera onartu behar  izan du Tolosako udalak: Txosnagunea Euskal Herri plazan kokatzea. Baina aurtengoarekin ez da nahikoa. Behingoz, herri guztietan bezala, Tolosako txosnek gune finko bat izatea aldarrikatzen dugu. Gune erreferentea izan dadin herritarrentzat, eta gu, toki horretara egokitu gaitezen eta urtetik urtera gune egokiago bat sor dezagun. Horretarako, Euskal Herri plaza dela egokiena uste dugu; festa giroan kokaturik dagoelako eta Ihauterietan ez zaiolako beste erabilerarik ematen, hutsa geratzen delako alegia.

Udalak ordea ez du onartzen toki finko bat behar dugunik eta horrek Euskal Herri plazan izan behar duenik. Baina beste proposamenik ere ez du egiten. Kultura eta festak batzordeko buru Andoni Iturzaetak dio EZ eta horretan geratzen da dena. Beno, beste toki bateko proposamena egin zigun baina lotsa ere ematen du aipatzeak: apeaderoa eta musika eskola arteko pasabidea. Azken urte hauetan agertu al da Andoni Iturzaeta Txosnagunetik? Horrela bada, ohartu beharko luke berak egin duen proposamen bakarra arriskutsua dela, Ihauterietan txosnetan ibiltzen den jende kopuruari erreparatuz soilik. Baina bere jarrerarekin zera erakusten du, ez garela Ihatuerietako parte aitortuak eta edozein iskin eta bazter nahikoa dela guretzat.

 

Beraz, argi utzi nahi dugu, aurten Txosnagunea Euskal Herri plazan izango dela baina aurrerantzean ere horrela  izatea  exijitzen dugula, denontzat egokiena eta bideragarriena delako.

 

Azaro aldean  hasi ginen udalarekin bileretan eta hasiera hasieratik gure eskaera nagusiei muzin egin zaie, aitzakia bat edo bestea erabiliz. Denbora honetan ez dugu inolako aurrerapenik lortu; gure lanean ( txosnen prestaketan) atzeratzea baizik. Udalak ez du arazoarekiko irtenbiderik bermatzen eta beraz, bere irizpideak inposatzen amaitu  nahi du. Azken aurreko bileran argi geratu zen jarrera hau. Gu betetzera konprometitzen ginen ordutegiak azaldu genizkion udaleko ordezkariari. Geure artean ordutegia murriztea eta lehenago  ixtea erabaki bagenuen ere, (ordu bat bera ere ez zen tabernena baina luzeagoa), bilera bukatutzat eman behar zuenean, ixteko orduak guk esandakoak baino 30 min lehenago izango zirela agindu zuen Iturzaetak. Hori gutxi balitz, musikarentzat limitadorea ezarriko zigula ere esan zuen.

 

Oztopoak jarri eta bermerik ez emateaz gainera, udalak diona inposatu nahi digu Iturzaetak. Zinegotzi baten lana ez al da herritarren nahien arabera arazoa bideratzea? Eta ez bere iritzia inposatzea?

 

Ihauterietako festa batzorde batean zera esan zuen Andoni Iturzaetak (erdaraz bada ere) :  “Ihauteria herriarena da, ez udaletxearena, beti esan izan dugu hau harrotasunez. Udaletxeak dituen baliabideak jarri besterik ez du egiten.” Hau ez da inondik inora berak bilera hauetan duen jarrera, ez festa batzordean ezta gurekin biltzen denean  ere. Justu kontrakoa erakusten du udaletxearen ordezkari den honek. Defentsiba jarrera, oztopoak, bermerik ez, irtenbiderik ere ez eta inposaketa.

 

Baina oztopoak oztopo eta inposaketak inposaketa, guk ilusioz jarriko dugu Ihauterietan Txosnagunea eta gure konpromisoak beteko ditugu, bizilagunekiko errespetuz. Txosna batzordea irekia da, jai herrikoi eta parte hartzaileen alde lan egin nahi duen ororentzat zabalik dago eta guk eztabaida guzti hauen hasieratik jarrera irekia mantendu dugu. Edonorekin elkartu eta eztabaidatzeko prest agertu gara. Baina ez dugu onartuko beste edozein herritarrek duen zilegitasuna eta eskubideak ukatzea. Gu ere herriaren eta Ihauterien parte gara, aukera eta eskubide berdinekin, ez gehiagorekin, ez gutxiagorekin.

 

Horregatik, tolosar eta tolosar ez diren guztiek, ateak zabalik izango dituzte Txosnagunean. Goza dezagun bada festaz!

 

 

Aurtengo egitaraua:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

TOLOSAKO IÑAUTERIAK 2008

 

OSTEGUNA

 

-12:00TAN TXOSNEN IRIKIERA

-12:30TAN TXUPINAZOA ETA PREGOIAREN IRAKURKETA

JARRAIAN TXISTORRADA.

-GAUEAN: DJ FER

 

OSTIRALA

 

-18:00TAN TXOSNEN IRIKIERA

-20:30 ZAHAGIARDOA (ZUK AFARIA, GUK EDARIA! TXOX!)

-23:00TAN KONTZERTUAK:

            -DESORDUTAN (TOLOSA)

            -INSERSHOW (KATALUNIA)

 

LARUNBATA

 

-HAUR DANBORRADA ETA GERO:

            -HAUR TXOKOLATADA

            -AURPEGI PINTAKETA

-MARRAZKETA ERAKUSTALDIRAKO MARRAZKETA TXOKOA!

-GAUEAN: DJ BULL

 

IGANDEA

-18:00TAN TXOSNEN IRIKIERA BONBERENEA TXARANGAREKIN!

-JARRAIAN KONTZERTUAK:

            -DESPERVICIO

            -KANTAFLOR

-GAUEAN: ARITZ SOUND SYSTEM

 

ASTELEHENA

 

-18:00TAN TXOSNEN IRIKIERA

GOZATU ETA BORROKATU TXOSNA GUNEA!

 

ASTEARTEA

 

-18:00TAN TXOSNEN IRIKIERA

GOZATU ETA BORROKATU TXOSNA GUNEA!

                                               

 

Tolosako Txosna batzordea