2007ak erakutsi zuen zein den Estatu espainiarraren eta hau sostengatzen duten euskal eta espainiar burgesiaren jarrera Euskal Herriaren eta ezker abertzalearen eskubide demokratikoei dagokienez. Jarrai-Haika-Segi auzia, Mahai nazionalaren espetxeratzea, 18/98 prozesua, dispertsio politikaren jarraipena, Gorka Lupiañezek jasandako tortura basatiak... eta batipat urtearen bukaeran ANV eta EHAK ilegalizatzeko mehatxuak.

2008ak ez du noski hasiera ezberdinik ekarri, Igor eta Mattinen tortura kasu beldurgarriak, Belodromoko presoen aldeko ekitaldiaren debekua, atxiloketak, Hernaniko alkatearen kontrako salaketa... eta ilegalizazioa. Ez da harritzekoa jendeak iraganeko garai beltzenekin lotzea gaur egun Euskal Herrian gertatzen ari dena: Frankoren diktadura, Burgosko prozesua, GAL, Intxaurrondoko torturak... Garai beltz haietan bezala Estatu espainiarrak eta burgesia espainiar erreakzionarioak ezin dituzte onartu Euskal Herriaren eskubide demokratikoak horrek beren interesak arriskuan jartzen baititu. Nola onartuko dute Euskal Herriaren independentziaren arriskua, autodeterminazio eskubidea onartuta, eta Hego Euskal Herria bezalako merkatu garrantzitsua galdu? Ez dute merkatu hori galdu nahi eta horretarako gai dira iragan beltzeko basakeria handienak egiteko ere.

Eta noski, burgesia espainiarrak ezingo lituzke bere helburuak bete euskal burgesiaren eta honen ordezkari politikoen laguntzarik gabe. PNV eta EAk Alderdien Legearen aurka daudela dioten arren urtea hasi denetik ikusi da Ertzantzak zein ederki aplikatu duen bere agintariek hainbeste “gorrotatzen” duten legea. Adibidez Urtarrilaren 5ean presoen alde Donostiako Belodromoan egin behar zen ekitaldiaren debekua praktikara eramanez. Edo Eusko Jaurlaritza eta PNVk Igor eta Mattinen egoerarekin arduratuta zeudela zioten bitartean Igorren kasua salatzeko ospitale aurrean egin zen kontzentrazioa zelatatzen egon zen Ertzantza etengabe, ondoren parte hartu zuten batzuk jarraitu zituzten eta kontrol bat jarri zuten ospitalearen irteeran. Eta horrela adibide asko jar genitzake.

Euskal burgesiak eta PNVk ez dute behatz bat ere mugituko eskubide demokratikoen defentsan, ilegalizazioen aurka eta Euskal Herriaren askapen nazionalaren alde, alderantziz. Euskal burgesia eta PNV dira, burgesia espainiarrarekin konpartitzen dituzten interes ekonomikoen ondorioz, Estatu espainiarraren politika errepresiboaren defendatzaileak Euskal Herrian. Horregatik da beharrezkoa PNVrengan inongo konfidantzarik ez izatea eta euskal burgesiaren aurkako borroka defendatzea, hori da benetako klaseko independentzia. Euskal burgesiarekin eta PNVrekin kolaboratzeak ez dio inongo mugimendu iraultzaile edo ezkerreko alderdiri onurarik ekarriko. Begira ditzagun EBko zuzendaritzaren eta Aralarren adibideak, zertan bukatu dute? Aspaldi xamar hasi ziren PNVrekin kolaboratzen eta ia esan daiteke euskal burgesiaren instrumentu bihurtzen ari direla. 18/98ko atxiloketak eta Gorka Lupiañezen torturak baino lehentseago, abenduaren 1ean, PNV, NaBai eta EArekin batera adierazpen bat sinatu zuten EBk eta Aralarrek Kongresu espainiarrean. Textualki hau esaten zuen adierazpenak: “las organizaciones firmantes apoyan y respaldan a todas las fuerzas y cuerpos de seguridad, y a todos los componentes de la administración de justicia en la lucha contra terrorismo”. Horrelako adibide asko daude mundu osoan, erreformismoan erori diren ezkerreko alderdi edo sindikatuetako zuzendaritzek norabidea ez badute zuzendu kasu gehienetan burgesiaren instrumentu bihurtu dira. Estatu espainiarrean hori da PSOE, CCOO eta UGTko zuzendaritzen egoera, burgesiaren agenteak dira beren oinarri soziala traizionatuz.

Ezker Abertzaleak berriz ezberdintasun handia du EB eta Aralarrekiko: herritarrak, langileak, gazteak eta zapalduak mobilizatzen ditu. Eta hori da Ezker Abertzaleak egin dezakeen gauzarik onena, konfidantza soilik herritar, langile, gazte eta zapalduengan izan, ez Aralar eta EBko zuzendaritzak bezala PNV eta euskal burgesiarengan. Ilegalizazioei aurre egiteko, Autodeterminazio eskubidea defendatzeko, euskal preso politikoen amnistia lortzeko eta sozialismoaren alde borrokatzeko beharrezkoa da langile eta gazteengan izatea soilik konfidantza eta mobilizazio eta grebetan oinarritzea borroka. Hauek dira Ezker Abertzalearen tradizio onenak. Hau da bidea.

 

Euskal burgesia eta Estatu zapaltzaileak elkartuta

 

PNV eta PSOEren artean “tentsioak” eta ezberdintasunak ez dira txikiak itxuraz: ilegalizazioaren gaian ez daude “ados” eta Ibarretxeren galdeketarekin ere ez datoz bat. Baina burgesia espainiarraren gero eta menpeago dagoen PSOEren zuzendaritzak eta euskal burgesiaren ordezkari den PNVk ez zuten arazorik eduki 2008ko aurrekontuak aurrera ateratzeko garaian. PNVren Eusko Jaurlaritzak PSEri esker atera zituen aurrera 2008 aurrekontuak eta PSOEren Gobernu espainiarrak berriz PNVren babesa izan zuen Estatu espainiarreko 2008ko aurrekontuetarako. Zeinen mesederako ziren Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Kongresuan onartutako aurrekontuak?

Aurrekontu hauek Euskal Herriaren eskubide demokratikoak zapaltzen dituzten euskal eta espainiar burgesiaren interes ekonomikoen mesederako ziren. Kapitalisten onerako diren politikak jarraitzeko beste pauso bat ziren, hau da, kapitalistentzat zerga gutxiago eta diru laguntza gehiago. Bestalde, pribatizazio eta errekorte sozialen politikei bultzada eman zitzaien langileen eta herritarren gehiengoaren kalterako. PNVk EAErentzako inbertsio milioidunak lortu dituela esan zuen, baina ez zuen esan diru hori euskal kapitalisten mesederako erabilia izango dela. 2007an ere Enpresarien irabaziak ikaragarriak izan ziren eta langileen baldintzak ez ziren hobetu, okertu baizik. Pasa den urtean Hego Euskal Herrian egin ziren hamar kontratuetatik bederatzi aldi baterakoak izan ziren baina enpresariek kontraerreformei esker merkeago eduki zuten langileak kaleratzea eta kotizazio sozialak murriztea, bonifikazio ekonomiko handiagoak eduki zituzten kontratazioetarako, diru laguntzak jaso zituzten kontratu finkoak egiteko eta kotizazio sozialak murrizteko, eta gainera, sariak izan zituzten aldi baterako kontratuak eta kalitate bajuko enpleguak kontratatzeagatik. Non daude herritarren gehiengoarentzat urtero lortzen omen dituzten hobekuntzak?

Euskal eta espainiar burgesien arteko kolaborazioa agerikoa da baina badute beste aliatu fidel bat: burgesia frantziarra. Ezaguna da Ertzantzak, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak kapitalista frantziarren poliziaren, Gendarmeriaren, laguntza dutela. Joan den urtean Sarkozyk, burgesia frantziarraren gizonak, babes osoa eman zion Zapaterori ezker abertzalearen aurkako errepresioan eta kasu honetan ere 2008a ez da ezberdin hasi. Urtarrilaren haseran bi gobernuetako ministroak bildu ziren eta bertan Sarkozyk babesa eman zion berriro Zapaterori “terrorismoaren aurkako borrokan Espainia demokratikoaren alde”. Polizia gehiago jarriko dutela, Polizia espainiarrak Estatu frantziarrean jarduten jarraitzeko aukera izango duela eta “ekintza prebentiboak” bultzatuko dituztela berretsi zuten bi presidenteek. 

Euskal, espainiar eta frantziar kapitalistak elkartuta daude beren interes ekonomikoak arriskuan jartzen dituzten guztiaren aurka. Ondo dakite heuren sistema ekonomikoa defendatzeko modu onena elkartzea dela eta Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aurkako borrokan indarrak biltzen dituzten bezala berdin egiten dute Estatu frantziarreko eta espainiarreko langileen eta nazio zapalduen eskubideak zapaltzeko. Horregatik, langileen eta herrien eskubideak zapaltzen dituztenei, hau da, kapitalista eta hauen defendatzaileei, aurre egiteko modua beraiek egiten dutena da: nazio, hizkuntza, sexu, arraza edo erlijioen gainetik elkartu etsai amankomunaren aurka. Langileen, gazteen eta zapalduen batasuna bultzatuz eta programa iraultzaile bat defendatuz lortu daiteke euskal, espainiar eta frantziar burgesien boterearekin amaitzea. Horrela soilik, burgesiaren bankuak eta empresa handiak langileen eskuetan jarrita, izango da posible Euskal Herri aske bat eraikitzea, benetako demokraziarekin.

Horregatik, beharrezkoa da komunikabide prokapitalisten ezker abertzalearen aurkako kanpainari aurre eginez, Euskal Herriko bazter guztietara heltzeaz gain, bi estatuetako eta bide batez Europako zapalduengana herri honen eskubide demokratikoen defentsa zabaltzea. Bere garaian presio handia egin zuten Europako hainbat hiritan (tartean Paris) Burgosko prozesuaren aurka egindako mobilizazioek eta berriro ere hori izango da kapitalari aurre egiteko antidotoa: langileen batasuna.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.