Zergatik jarri zaio gogoa Eusko Jaurlaritzari “herriari galdetzeko”? Konponduko al dute zerbait Ibarretxek proposatu dituen bi galdera horiek? Konfiantza izan behar al dugu PNVk antolatutako iruzur berri honetan?

Burgesiaren ordezkari politikoek ez dituzte galderak egiten herriaren onerako. Ez da zaila pentsatzea burgesiaren trikimailu guztiak bere interes ekonomikoak defendatzeko direla. Munduko leku ezberdinetan burgesiak eta inperialismoak ohikoak dituzte komeni zaizkien galdeketak eta erreferendumak. Hor daude Santa Cruzko oligarkiaren erreferendumak Boliviako iraultza suntsitzeko helburuarekin edo Lisboako Itunarena langile europarrak gehiago zapaltzeko asmoarekin. Euskal burgesia eta bere alderdia, PNV, ez dira gutxiago.

Eusko Jaurlaritzak proposatutako galdeketak helburu garbia du: hurrengo Eusko Jaurlaritza alderdi berdinez osatua egotea. Sinestu egin behar al diegu herriaren demokrazia defendatzen dutela eta prest daudela honek esaten duena aurrera eramateko? Hau egia balitz, zaila litzateke ulertzea zergatik ez duten antolatu erreferendumik AHTari buruz edo beste hainbat gauzei buruz. AHTari buruzko galdeketa milaka herritarrek eskatu dute, baina kasu honetan beste alde batetara begiratu dute. Tontotik ile gutxi burgesiak, ezin dute onartu AHT ez egiteko arriskurik hor negozio bikaina baitago. Ibarretxeren bi galdera horiekin berriz herriaren hitza errespetatzen dutela erakutsi nahi digute, beraiek direla gainera Euskal Herriaren demokrazia eta askatasuna defendatzen duten bakarrak. Baina argi esan behar da, datozen hauteskundeak besterik ez dituzte buruan eta honekin iniziatiba politikoa hartu nahi izan dute, azken hauteskundeetako emaitza txarrekin beldurtuta.

Euskal Herriko gatazka nazionala konpontzeaz hitz egiten digute eta bi galdera horiek bide horretan pauso ikaragarria direla esan. Hasteko, esan behar da, galdeketa Euskal Herriko hiru probintzietan egitea soilik proposatu duela Euskal Herritar guztien izenean hitz egiten duen Ibarretxek. Ondotxo daki Lehendakariak Euskal Autonomi Erkidegoko ordezkaria dela soilik, baina ez du arazorik Euskal Herriko zazpi probintzietako salbatzaile moduan azaltzeko. Bazekien gainera Eusko Legebiltzarrean aurrera aterata ere, galdeketa legala edo ilegala izan, urriaren 25ean galdeketa egin edo ez, Euskal Herriaren gatazka politikoaren konponketan ez duela eragin txikiena ere izango. PNVk, ezker abertzalea kolpatzen jarraitzeko eta honen oinarri sozialaren botoak lortzeko proposatu zituen galdera horiek. PNV, PSOEko agintariak bezala, ezker abertzalearen aurkako ilegalizazioei esker lortu ditzakeen botoak kalkulatzen dabil.

 

Ibarretxeren zurikeriak eta iruzurra

 

Azken urteetan, Lehendakari zintzoaren itxura ondo baino hobeto bete du Ibarretxek. Apaiz tankerako burgesiaren ordezkari honen hitzak eta esaldiak zurikeriaren gailur bihurtu dira. Ekainaren 22an “Berria” egunkariak egin zion elkarrizketan ere, ez zuen aukera galdu bere errepertorio “zintzo eta demokratikoa” azaltzeko. Bertan botatzen zituen tamaina honetako faltsukeriak: “Jendeak ikusten du herriari galdetzea oso normala dela XXI. mendean”, “lehen aldiz historian gure esku dago giltza”. Politikan, garrantzia ez du soilik esaten denak, nork esan duen eta zein helbururekin esan duen ere kontuan hartu behar da. Lehenago azaldu dugu labur zein diren PNVren helburuak. Galdeketaren gaia gainera bere asmakizuna balitz bezala aurkezten du, gauza “berri eta original” baten moduan. 

Gure apaizak honela jarraitu zuen: “Niretzat larria izango litzateke geratzea historiarako nire botoarekin ezetz esan niola euskal gizarteari hitza emateari” “EHAK, PSE-EE eta PPkoek... legebiltzarkide guztiek baietz esango dutela pentsatzen dut”. Egia ote da hau pentsatzen zuela? Bi erantzun atera ditzakegu hemendik: Ibarretxe inuzentea edo gezurtia dela. Baina nola esango du ba apaizak gezurra? Orduan inuzentea al da? Egia esan, beste ondorio bat ere atera daiteke. Edonork daki Ibarretxek bazekiela ezezkoak egongo zirela Legebiltzarrean, beraz, gezurtia bada behintzat. Inuzentea dela ere eman lezake, edonork daki Ibarretxeren gezurra zaila zela sinestea. Inuzentetik, ordea, gutxi Ibarretxek, apaizen modura, zintzotasunez betetako bere sermoia ondo prestatua izango zuen. Hala ere, garrantzitsuena ez da Ibarretxeren nortasuna edo diskurtsoa nolakoa den jakitea. Beti bezala, oinarrizkoena bere atzean dauden klaseko interesak ikustea da.

“Demokratikoa ez bada herriaren nahia zein den galdetzea, entzutea eta errespetatzea, zer da demokratikoa orduan? Demokrata bati beldurra ematen al dio demokraziak?” zioen apaizak. Zein demokraziaz ari zaigu? Ibarretxerentzat demokrazia al da alderdiak ilegalizatzea, ezker abertzalea erreprimitzea eta atxilotuak torturatzea adibidez? Apaiz honentzat demokratikoa al da Bruselastik esaten ari zaizkigun bezala laneguna 13 ordura igotzea edo Confebaskeko bere lagunek dioten bezala, soldatak jaistea eta erretiroa atzeratzea? Noiz galdetu behar diote hainbeste maite omen duten herriari ea hau dena gustukoa duten?

Horrelako galderak egiten hasten garenean zera esango digu apaizak: gauza horiek denak beste kontu bat dira, herritarrek lau urtez behin aukeratu ditzakete euren ordezkariak eta Legebiltzarrak hartuko ditu erabakiak, hori bai, demokratikoki. Gauza batzuk esatea “ahazten” zaie ordea, defendatzen duten demokraziak, hau da, demokrazia kapitalistak, ez baitu inondik inora herritarren gehiengoaren “hitza” errespetatzen. Lau urtez behin botoa ematen, nahi duguna pentsatzen, nahi dugun bezala antolatzen (Euskal Herrian hori ere ez) uzten omen du demokrazia kapitalistak. Hau dena errespetatu dezake burgesiak, baina baldintza “txiki” batekin: gizarteko erabaki nagusiak enpresa handi eta bankuen administrazio kontseiluetan erabakitzea. Hau da hain zuzen Ibarretxe apaizak defendatzen duen demokrazia, mundu osoan zehar milioika herritar eta milaka herri zapalkuntzara kondenatzen dituena.

Nahiz eta honelakoak bota, “Ez da hauteskundeei begirakoa. Kontuz. Proposamen sendoa da, eta zintzoa. Gainera, gatazkaren konponbide politiko bati heltzeko egina”, garbi dago PNVren helburua EAEko hauteskundeak irabaztea dela euskal burgesiaren interesen defentsan. Ibarretxeren iruzur berri hau, estatutu kapitalista berri bat inposatzeko bidean programatuta dagoena, salatzea derrigorrezkoa da. Gure ustez, ekainaren 27an EHAK-k aukera galdu zuen Ibarretxeren iruzur hau zakarrontzira botatzeko. Hauteskundeei begira, galdeketaren kontua erabiltzen jarraituko dute Estatu espainiarraren aurrean biktimaren papera jokatuz. Horrela, propaganda guzti honekin, Euskal Herriko arazoak estaltzen saiatuko dira: eskubide demokratikoen aurkako erasoak, krisi ekonomikoa...

 

Subiranotasun nazionala eta sozialismoa

 

Ibarretxeren aholkuekin ez da lortuko Euskal Herriaren askatasuna. Berak ordezkatzen duen burgesiak Euskal Herria menpean duen bitartean ez da posible izango gure arazoak konpontzea. Gure herria askea izatea kapitalismoaren aurkako borrokarekin soilik lortuko da. Ideia hau ez da berria. Marxek eta Leninek ondo zekiten herrien eta herritarren askatasuna lortzeko beharrezkoa dela burgesiaren boterearekin amaitzea. Errebindikazio demokratikoak, baita eskubide nazionalak ere, errebindikazio sozialistei lotuta zeudela defendatu zuten. Hau zion Leninek honi buruz:

“Kapitalismoaren aurkako borroka iraultzailea gainerako aldarrikapen demokratikoen programa eta taktika iraultzaileekin elkartu behar dugu: errepublika, milizia, funtzionarioak herriak aukeratzea, emakumearen berdintasuna legearen aurrean, nazioen autodeterminaziorako eskubidea, etab.  Kapitalismoak bizirik jarraitzen duen bitartean, aldarrikapen hauek salbuespen gisa egin daitezke eta, gainera, modu osatugabe eta indargabetuan. Konkistatutako lorpen demokratikoetan oinarriturik, eta erregimen kapitalistan duten izaera osatugabea salatuz, kapitalismoaren erorketa exijitzen dugu, burgesiaren desjabetzea, masen miseriarekin amaitzeko beharrezko oinarri bezala eta oso-osorik egiteko eraldaketa demokratiko guztiak...”

“... Iraultza soziala ez da bataila bat soilik, baizik eta arlo guztietako eraldaketa ekonomiko eta demokratikoen batailak hartzen dituen garai bat da, burgesiaren desjabetzearekin soilik burutu daitezkeen batailak”  (Lenin, Proletalgo iraultzailea eta nazioen autodeterminaziorako eskubidea)

Kapitalismoa krisian dagoen honetan, mundu osoan klaseko borroka handitzen ari denean, ezin gara hau esateaz aspertu: ezker abertzaleak marxismoaren ideiak berreskuratu behar ditu eta programa sozialista defendatuz langile klasea eta gazteri iraultzailea antolatu eta mobilizatu. Euskal Herria Sozialistak, bere apaltasunean, marxismoaren ideiak zabaltzen jarraituko du. Animoak Euskal Herriaren alde borroka egiten duten militante guztientzat!!