Ibarretxek modu berezia dauka krisi ekonomikoa definitzeko. Bere ustez, arazoak dakartzan garaia da, baina baita aukera onak ekartzen dituena ere. Benetan harrigarriak edo lotsagarriak bere hitzak. Eusko Jaurlaritzak nahiko lidergo eta ideia onak omen ditu, gainera, krisiari aurre egiteko. Bai noski, Eusko Jaurlaritzaren eta PNVren errezeta langileak oraindik eta gehiago zapaltzea da.
Krisirik ez zegoela esaten hasi zitzaizkigun, ondoren okerrena pasata zegoela eta orain gauzak gehiago okertuko direla datozen hilabeteetan. Zuzenketa mekanismo batzuk nahikoa izango omen ziren “ustekabeko” arazo ekonomikoak konpontzeko. Baina banku suitzarreko adituek agerian utzi zuten nolako panorama ari den garatzen. Egin zuten informearen arabera, ekonomia estatubatuarra atzeraldian sartuko da hurrengo hilabeteetan eta europarrak berriz geldiagotze indartsu bat izango du.
Ez ziren aditu hauek bakarrik izan abuztuan arduratuta agertu zirenak. Abuztuaren hasieran, Michael Glos Ekonomia ministro alemaniarrak eta Christine Lagarde Ekonomia ministro frantziarrak adierazi zuten hirugarren hiruhilekoan zailtasunak izango zituztela euren estatuetako ekonomiek. Baina esan behar da zailtasunak ez zirela etorkizuna, oraina eta iragana baizik. Iraila hasi bezain laster, jakin zen lehen aldiz 1995etik eurozonako BPGa zenbaki gorritan erori zela. Europako Batasuneko “motorra” den ekonomia alemaniarrak eragina izan zuen atzerapen honetan. Lau urtetan lehenengo aldiz %0,5 jaitsi zen BPG lehen hiruhilekotik bigarrengora. Alemaniarraren moduan, ekonomia frantziarra ere %0,3 jaitsi zen bigarren hiruhilekoan.
Munduko bigarren potentzia ekonomikoa den Japonen ere, ez daude berri onak. AEBetako subprime hipotekek sortutako krisitik libratuko zela uste zuten ekonomialari batzuk, baina BPGren datuek diote Japon krisian sartu dela. Aurtengo urtea hasi zenetik ekonomia japoniarra gainbeheran da eta atzeraldiaz hitz egiten ari dira dagoeneko.
Ingalaterrako bankuko azpigobernadore Charles Beanek ere gutxi du baikortasunetik. Bere arabera, “krisiak denboraldi handi bat iraun dezake” eta “merkatuak errekuperatzen hasten direla ematen duenean beste granada batek egiten du eztanda”. Hitz hauek ondo erakusten dute egoeraren larritasuna. Banku zentralen arduradunen konferentzian, Beanek aitortu egin behar izan zuen iragan urteko krisi finantzarioa zorte pixka batekin denbora gutxian gaindituko zela uste zuela. Baina usteak erdia ustel. Orain, ekonomia britainiarra ere arazotan da.
Hala ere, Gordon Brown ministro britainiarra hain arduratuta ez dagoela dirudi. Dionenez, bertako ekonomia indartsua da eta Britainia Handia krisi internazional honetatik aterako duela hitz eman du. Berria egiten al zaigu diskurtso mota hau? Berdina egiten ari dira Zapatero eta Solbes Estatu espainiarrean, Glos Alemanian, Lagarde Estatu frantziarrean eta Ibarretxe Euskal Autonomi Erkidegoan, hau da, krisiari aurre egiteko ez dutela arazorik izango ari dira esaten. Gobernuetan dauden agintariek beldurra dute ez ote dieten herritarrek krisiaren errua botako, batik bat hauteskundeak gertu dauden tokietan. Nahiz eta errealitatea bestelakoa izan, indartsu eta baikor azaltzen saiatuko dira herritarren aurrean. Tapatu egin nahi dute krisiaren egun okerrenak etortzeke daudela eta atzeraldi ekonomikoa nahitaezkoa izango dela.
Burgesiaren errezeta
Ez dira gutxi 1973ko krisiarekin eta 1929ko crackarekin lotzen dutenak gaur egungo egoera. Baina zerbait argi badago, langile klaseak aldaketa gogor baterako prestatu behar duela da. Eskenatoki ekonomiko berri honek ondorio politiko, sozial eta sindikal sakonak izango ditu. Ekonomiako sektore guztietara eta, aldi berean, langile klase osora zabaltzen ari da krisia eta okerrena da inork ez dakiela zenbatekoa den sistema kapitalistak beste behin oparitu digun zuloa.
Zapateroren Gobernuak beste hazkuntza eredu bat bultzatu behar dela defendatu du. Gobernu espainiarraren ustez, inbertsio teknologikoan oinarritu beharra dago esku lan intentsiboaren ordez. Hau dena hitzak besterik ez dira ordea. Enpresariek eskema hau jarraitzeko aukerarik dagoela uste al du inork? Hain zuzen, enpresariek esku lan intentsiboa areagotzea nahi dute, langileen zapalkuntza intentsiboa. Hau izan da krisi guztietan kapitalistek erabilitako errezeta bikaina. Burgesia gauza gehiago ere eskatzen ari da ordea, horien artean, laguntza fiskalak eta obra publikoetakoetarako inbertsioak. Dirudienez, Zapaterok eta Ibarretxek ez dute arazorik hori eta gehiago eskaintzeko. Hala ere, Zapatero eta Ibarretxek lasai egoteko esan digute, biek baitiote hartzen dituzten neurriek ez dituztela prestazio sozialak ukituko. Lasaitasunezko diskurtso-tranpa hauen atzean beste errealitate bat dugu ordea.
Inflazioa soldatak jaten ari da, azken urtean esnea %22,4 igo da, arroza %12, oilaskoa, arrautzak eta jogurtak %11. Goranzko bidean doan langabezia eta hipoteken igoera langile familien ekonomiak itotzen ari da eta bigarren lanpostua izatea bilatzen duten herritarren kopurua ere bikoiztu egin da. Eta hala ere, burgesiaren mesedetan Zapaterok eta Ibarretxek hartu nahi dituzten neurriak honakoak dira: Lan kostuak jaitsi, Europatik datorren 65 orduko lan astea ezarri eta erretiroa luzatu. Diru publikoa negozio pribatuetarako erabili, adibidez AHT eta Busturialdeako Guggenheim egiteko. Dagoeneko, hain merkeak ez diren Babes Ofizialeko etxeen prezioak ere igotzeko asmoa dute. Laguntza fiskalak emango zaizkio patronalari, merkatu askearen onerako omen denez zergak jaitsiko dira enpresari handien mesedetan. Bestetik, zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatuko dute, batik bat zaharren erresidentzienak.
Ibarretxek, gainera, ez dauka lotsarik datozen lau urteetan 13.000 milioi euro “EAEn injektatuz” 20.000 lanpostu sortuko direla esateko. Eta zenbat suntsituko dira? Zenbat izango dira prekarioak? Zenbat langile hilko dira lan istriputan? PNVk ondo daki euskal kapitalisten irabaziei eustearren langileen baldintzek okerrera eta langabeziak gora egingo dutela. Nora doaz zuzenki 13.000 milioi euro horiek? Ibarretxek dioenez enpresari gizagaixoak lagundu egin behar dira teknologia berrietan inbertitu dezaten. Arcelorri adibidez 50 milioi euro oparitu dizkio Eusko Jaurlaritzak, azken urteetan ikaragarrizko irabaziak izan dituen multinazionalari. Zergatik ez dute enpresariek azken urte horietan izan dituzten irabazi milioidunekin inbertitzen? Diru publikoa kapitalisten poltsikoetan sartuz, zergak jaitsiz enpresariek nahi bezala eta instituzioak zorretan jarriz nola ez da ba gastu soziala murriztuko. Aberatsak aberatsago eta behartsuak behartsuago.
Burgesiak garbi dauzka zein diren bere errezetak eta horiek aplikatzeko maniobratzen dabil. Bide horretan, enpresa munduarekin harreman onak dituzten PSOEko ministroen eta PNVren laguntza bikaina dute. Neurri hauek aplikatzeko akordio sozialaren zelofana erabiliko dute agintari sindikal erreformisten kolaborazioarekin. Beste behin, euren oinarri soziala traizionatuz ez da harritzeko izango CCOOko eta UGTko agintariak lan horretan ikustea.
Beti bezala, ekonomiaren arazoei aurre egiteko modua, kapitalisten ikuspuntutik, langileak erasotzea da. Sistema kapitalistaren logika da hau. Baina, euren proposamenekin bilatu nahi duten “oreka ekonomikoa” inoiz ikusi ez diren gatazka sozial eta politikoak sortzeko errezeta ere bada. Kapitalistek badakite hau, eta tentuz dabiltza. Baina langile klaseak jasoko dituen kolpe guztien ondorioz, alperrik izango dira burgesiaren eta erreformisten maniobrak langileen borroka geratzeko helburuarekin. Gertakizun garrantzitsuak emango dituen garaia ireki da bete betean eta bertan, kapitalismoak eta erreformismoak ez daukate ezer eskaintzeko.
Langileen alderdi eta sindikatuetako zuzendaritza erreformistak kondenatuta daude euren oinarri sozialak traizionatzera eta kapitalismoaren salbatzaile izatera. Erreformismoarekin hausten ez dutenak, burgesiarekin kolaboratzea eta kapitalismoa konpontzea posible dela uste duten agintari politiko eta sindikalak, ez dira egongo garai berriek eskatzen duten mailan. Klaseen arteko borroka gogorra emateko baldintza guztiak ari dira pilatzen eta egoera honetan beharrezkoa da langile klasearen erakundeek bide iraultzaile bat defendatzea, batik bat sindikatuek, behin betiko kapitalismoarekin bukatzeko.