Ez da arraroa jende askok bizi ditugun garaiak frankismoarekin parekatzea. Ikusi besterik ez dago azken asteetan espainiar eta euskal burgesiaren polizi eta epaileek zer egin duten. Garai ilunenetan bezala Alberto Lopez nafarra bost egun eduki zuen Guardia Zibilak hospitalean bahituta bere aurka kotxe istripu bat probokatu ondoren. Gainera, bera eta beste lau kide atxilotuak eta ankerki torturatuak izan ziren, Noe Lopez ere hospitalera eraman beharra izan zelarik.

Bestetik PNVk, ezker abertzalearen aurkako kanpaina honetan, iaz bezala presoen aldeko Donostiako manifestazioa debekatu zuen. Hauen argudioa zein izango eta “istiluak egon daitezkeela”. Hori zioen herri hau hain ondo zaintzen duen Herrizaingo Sailak joan den urtean gertatutako “liskarrak” gogora ekarriz. Ez zuten esan ordea manifestazio hori azken 25 urteetan modu baketsuan egin dela eta iaz debekuaren ondoren Ertzaintza izan zela herritarren aurka indarkeria basatia erabili zuena. Eta noski, EITBk beti egin ohi duen moduan oraingoan ere ondo ezkutatu zuten egia manifestazioa hainbat herritarrek deitu zutela ezkutatuz.

Espainiar burgesiarekin gero eta lotuago dagoen PSOEren zuzendaritza burokratizatua ez da atzerago geratu. PSOEren Gobernuak azaldu du kaleratuak diren preso politikoei 20 urteko askatasun zaindua ezarri nahi diela eta harro esan du gainera PP proposatzen ari den baino neurri gogorragoak bultzatuko dituela. Uztailetik egiten ari diren bileretan PPkoek 10 urteko askatasun zaindua eskatzen zuten baina PSOEri gutxiegi iruditu zaio nonbait. Hemen ikus daiteke bide erreformista noraino heldu daitekeen, burgesiaren lan zikinenak egitera. Iraganean autodeterminazio eskubidea ere defendatzen zuen PSOEk, burgesiarekin gero eta lotura handiagoak hartuz eta langile klasearen defentsa albo batera utziz, kapitalisten interesak defendatzen ari da urte askotan dagoeneko. 

 

Justizia burgesa

 

Erreformismoan erori diren langileen edo ezkerreko mugimendu eta erakundeek justizia burgesa ere onartzen bukatzen dute. Modan dagoen “nahiz eta epaileek hartutako erabakia ez gustukoa izan onartu egin behar da” esaldia “ezkerreko” agintari erreformista batzuk ere erabiltzen dute. Alderdien Legearen aurka omen dauden agintari erreformistek (Madrazo, Zabaleta...) ez dute behatz bat ere mugitu honen aurka. Zerbait egin behar dute ANV eta EHAKren ilegalizazioen aurrean? Edo itxura egiteko adierazpen polit bat eta listo?   

Estatu espainiarreko eta Euskal Herriko justizia ez da neutrala. Garbi esan behar da gaur egun dugu justizia burgesa kapitalisten interesak defendatzeko prestatuta dagoela gainontzeko estatu aparatu osoa bezala. Eta garbi esan behar da euskal burgesiak ere paper protagonista hartzen duela justizia burges eta estatu aparatu zapaltzaile horren prestaketa eta antolaketan. Hemen eta munduko edozein bazterretan burgesiaren interes ekonomikoak oztopatu ditzakeen edozer suntsitzeko edo erasotzeko prestatuta dago “justizia”. Eta euskal eta espainiar burgesiak nola ez duten nahi autodeterminazio eskubidea defendatzen duen mugimendu indartsurik, ahal den esfortzu handiena egin behar da hau desagertarazteko hauen gainera justizia burgesaren mailu zapaltzailea botaz.

ANV eta EHAKren ilegalizazioez gain justizia burgesaren erasoa Amnistiaren Aldeko Mugimendura ere heldu da. Ez dute nahikoa ilegalizazioekin, preso politikoen eta senideen alde lan egiten duten erakundeak ere jo ta puskatu egin behar dituzte. 200 urteko kartzela ezarri diete AAMko 21 militanteri eta hau ere “dena ETA da” tesiari esker. AAMrekin batera Askatasunaren desegitea dekretatu zuten epaileek eta SEGIrekin egin zuten moduan nahikoa zen ETAren proiketu bera defendatzea. Beraz, beste behin argi azaldu nahi izan digute, ETAren helburu eta ideiak defendatzea, independentziaren alde edo AHTaren aurka egotea nahikoa da edozein erakunde ilegalizatzeko. Galdera bat sortzen zaigu orduan, ETAk sozialismoaren eta langileen eskubideen alde dagoela dioenez, ilegalizatu egin behar al dira sozialismoaren edo langileen eskubideen alde dauden erakunde guztiak? Hor sartu beharko genituzke UGT, CCOO, IU eta PSOE?

 

Zertan dabil PNV?

 

Urrian egingo zen kontsulta “ikaragarrizko” pausoa izango omen zen Euskal Herriaren askatasunerantz PNVren ustez. Baina kontsulta hori ere legez kanpo geratu denean PNVk gogo gutxi azaldu du bere kontsulta “garrantzitsua” defendatzeko. Kontsultaren defentsan borroka edo mobilizazioak antolatu beharrean, aurreneko egunetik PNV, EA, EB eta Aralarrek manifestazioak antolatzea baztertu zuten. Zein izan zen argudioa? Gizartera enfrentamendu sentsazioa ez eramatea. Aitzaki polita ezer ez egiteko. Hori bai, Ibarretxe aste honetan atera da kontsulta egingo dela esanez baina arazotxo txiki batekin, ez omen dakiela noiz. 

Estrasburgora joango zirela kontsulta defendatzera esan zuen Ibarretxek baina aste honetan Urkulluk egindako adierazpenek ez zuten halakorik zihurtatu. Gainera, PNV, EA, EB eta Aralarrek, hasiera batean, esan zuten kontsultaren aurkako sententzia aztertzean aurkezpen bateratu bat egingo zutela baina hori ere haizea hartzera joan da. Azkenean, komunikabideetara idatzi bat bidaltzera mugatuko direla esan dute eta iturri batzuen arabera PNV da azalpen gehiegi eman nahi ez dituena. Atera kontuak.

Kontsulta gora eta kontsulta behera, Urkulluk PNVren benetako aurpegia zein den agerian utzi zuen Forum-Europan kontsultaren gaiari garrantzia kenduz. Kontsultarena ez zen Estatu espainiarrari desafio bat botatzeko, hurrengo hauteskundeetarako kanpaina egitea baizik. PNVk “kritika gogorrak” egin arren PSOEren Gobernuaren aurka, ez duela arazorik erakutsi du hauen aurrekontuak negoziatzeko eta babesteko. Diru partiketekin jolas gutxi PNVk. 

PNVk, beste behin, erakutsi du ez duela ezer egingo Euskal Herriaren askatasunaren alde, erakusten jarraitzen du guztiz kontrakoa egingo duela euskal burgesiaren interesak defendatzearren. Urkulluk hitzez hitz Forum-Europan esan zuen: “el PNV va a seguir siendo el mismo partido responsable que siempre hemos sido a lo largo de nuestra centenaria historia”. Hau da, Errepublikaren aurretik monarkia babestu, Gerra Zibilean Frankoren alde borrokatu, Frankismo garaian euskal enpresarien poltsikoak aberastu, milaka langile prekarietatera eta heriotzera kondenatu, ezker abertzaleko militanteak erreprimitu eta erahil... Hauek dira mende horretan egindako gauzetako batzuk.

Hau dena gezurra dela esango digute gure euskaldun zintzoek. Gezurra ote da aste honetan GARAn atera den berria ere? Abuztuaren 27an Barack Obama hautagai aldarrikatu zen Alderdi Demokrataren konbentzioan parte hartuko zuela adierazi zuen PNVk. Baina gorde egin nahi izan dute hiru ordezkari bidali zituztela Alderdi Errepublikarraren konbentziora. Zergatik ez zenuten, euskal gizon zintzo eta jatorrak, ezer esan honi buruz? Zer moduz ibili zineten Irakeko gerraren alde, abortoaren aurka, heriotz zigorraren alde, homosexualen eskubideen aurka, mundu osoan zehar ezkerreko militanteak erahiltzearen alde... dauden lagunekin? Ondo ezta zuen moduko jendearekin?

 

Alternatiba bakarra: Kapitalismoa suntsitu!!

 

Argudioak sobran daude PNVrengan konfidantzarik ez izateko. Euskal Herriko langile eta gazteon etsairik handiena bera da, Estatu espainiarraren interesak defenditzen dituztenak dira PNVko agintariak. Ezker Abertzalearen aurkako errepresioa bultzatzen dutenak eta autodeterminazio eskubidea hitza entzun ere egin nahi ez dutenak dira euskal burgesiaren ordezkariak.

Hau guztiagatik, bidea ez da Lizarrako akordioetara itzultzea PNVrekin batera. Bidea ez da PNV eta Estatu espainiarrarekin Euskal Herriaren askatasuna negoziatzea. Burgesia behartuta dago, boterean jarraitzeko, autodeterminazio eskubidea eta sozialismoa bezalako ideiak eta honen alde borroka egiten dutenak zapaltzera. Euskal Herriaren askatasuna (benetako independentzia) eta langileen zapalkuntzaren amaiera kapitalismoaren eta burgesiaren aurkako borrokarekin soilik lortuko da. Eta borroka hori aurrera eraman dezaketen bakarrak langileak eta gazteri iraultzailea dira gainontzeko herritar zapaldu guztiekin batera. Euskal Herri osora zabaldu behar dugu sozialismoaren alde borrokatzearen beharra, fabriketara, unibertsitateetara, herrietara, auzoetara, gaztetxeetara eta erreformismoan erorita dauden alderdi eta sindikatuetako oinarri sozialetara. Indarrak antolatu behar ditugu kapitalismoarekin bukatzeko, hau da, bankuak eta enpresak burgesiari kentzeko eta langileen eta herriaren kontrolpean jartzeko.

Kolaboratu Euskal Herria Sozialistarekin helburu hau aurrera eramateko!!!

Hartu parte ilegalizazioen eta AAM kideen altxiloketen aurkako mobilizazioetan!!!