Sistema kapitalistaren baitan, langileen baldintzak okerrera doazen honetan, ikasleen eskubideak ere arriskuan daude. Bologna prozesuari begiratu besterik ez dago hau egia dela ikusteko. Burgesiak prestatutako beste eraso bat da.

Kapitalistek eta hauen menpeko gobernu ezberdinek era guztietako trikimailuak erabili dituzte “unibertsitatearen modernizazioa” deitutakoaren informazioa gordetzeko. Ikasleak eta langile klasea eraso kapitalista honetaz ez ohartzea dute helburu eta horrela langile mugimenduaren konkista historiko garrantzitsuenetakoa suntsitu: LANGILEEN SEME-ALABAK UNIBERTSITATERA JOATEA. Hau da Bologna prozesuak bilatzen duen “modernizazioa”.
Europa osoko Burgesiak, Euskal Herrikoak barne, unibertsitate publikoaren pribatizazioa du buruan, hezkuntzaren negozioa biribilagoa izatea. Enpresa handien eta multinazionalen eskuetan jarri nahi dira unibertsitateak eta hauek erabakiko lituzkete zein karrera bultzatu eta zein ez. Gutxi batzuen interes ekonomikoek oraindik eta gehiago aginduko lukete unibertsitatean.
Ikerkuntza ere enpresa handi hauen zerbitzura egongo litzateke. Helburu sozialak dituzten ikerkuntzen amaiera emango litzateke eta kapitalistek dirutza aurreztuko lukete euren ikerketetan. Ez da harritzekoa izan Zapaterok Cristina Garmendia donostiarra jartzea Estatu espainiarreko Zientzia, Berrikuntza eta Teknologia ministro. Cristina Garmendia CEOE patronal espainiarreko zuzendaritzatik joan da postu berrira eta honek erakusten du unibertsitatea enpresen zerbitzura dagoela.

Unibertsitate modernoa?


Gobernu espainiarrak onartutakoarekin, urritik aurrera gradu berriak eskainiko zaizkie Hego Euskal Herriko ikasleei, hau da, karreren egitura berriek lizentziatura eta diplomatura zaharrak aldatuko dituzte pixkanaka. Beraz, 2010eko urrirako ikasle guztiek graduak ikasi beharko dituzte lehendabizi. Hemen datoz lehen arazoak, gradu berriek eskainiko dutena ez baita izango egitura zaharrek eskaintzen zutena. Horren ondorioz gradu batetik jasotako formakuntza lizentziatura edo diplomatura batena baino txikiagoa izango da. Zer esan nahi du honek? Gradu titulu batek balio txikiagoa izango duela lan merkatuan eta ikaslea behartuta egongo dela gradu-ondokoa edo masterra egitera lanpostu duin bat bilatu nahi badu behintzat.  
Gainera, gradu-ondokoak edo masterrak ez dira denen eskura egongo hauetako batzuk 3.000 euro inguru balioko baitute. Langile familietako ikasle asko kanpoan geratuko dira ezin izango dituztelako dirutza hauek ordaindu. Eta hau gutxi balitz, gobernu espainiarrak onartu du gradu-ondokoan ez direla bekak emango, banku kredituak eskaini baizik. Itzuli beharko diren kredituak, noski. Diskriminazioa erabatekoa da gehiago dutenen eta bankuen mesedetan. Ikasleen gehiengoak zailtasun ikaragarriak izango ditu gradu-ondokoa egiteko eta gradu tituluarekin soilik geratuta unibertsitatea uzten dutenean lanpostu duin bat bilatzeko mirariren bat beharko dute.
Baina hau ez da dena. Burgesiak oztopo gehiago jarri nahi dizkie langileen seme-alabei. Gradu-ondokoan sartzeko beste zailtasun bat gehiago izango dute ikasleek, unibertsitate bakoitzak eskubidea izango baitu ikasleei beste sarrera proba, elkarrizketa... egiteko. Honela, komeni ez zaizkien ikasleak (matrikula ordaintzeko arazoak izan ditzaketenak, ikasleen eskubideen alde borroka egiten dutenak...) kanpoan uzteko aukera izango dute. Eta honi deitzen diote modernizazioa?  
Jarrai dezagun burgesiak gizartearen “mesedetan” egin nahi duen plan honen abantailekin. Lana eta ikasketak uztartu beharra dituzten ikasleei egoera zailduko zaie. Bologna prozesuak defendatzen duenaren arabera ikasle bakoitzak eguneko 7,5 eta 9 ordu sartu beharko ditu ikasketak aurrera eramateko. Zer gertatuko da orduan matrikulak ordaintzeko lana egin beharra duten ikasleekin? Garbi dago ikasle hauek Bolognak ezarri nahi duen eredutik kanpora geratzen direla. Zer egin behar dute gazte hauek? Ikasketei uko egin? Dirudienez euskal kapitalistei behintzat ez zaie hain larria iruditzen. Noski, hauen seme-alabatxoek ez dute lan egin beharrik euren ikasketak ordaintzeko, baina gurasotzat langileak dituzten ikasle askok ez dute hain “zorte” ona izan.
Ikasleak beraz behartuta egongo dira unibertsitatean denbora gehiago egotera. Honek ere gastu handiagoak sortuko ditu: jende gehiagok bilatu beharko du pisua unibertsitatera goiz joan eta oso berandu bueltatu nahi ez badu, egun osoa unibertsitatean egonda janaria ere ordaindu beharko dute etxean ezingo dutelako bazkaldu eta ordenagailu bat edukitzea ia-ia nahitaezkoa suertatuko zaie. Hauek al dira Bolognaren abantailak? Hauek badira abantailak nolakoak ote dira desabantailak? Arazoa, ordea, ez da desabantailaren bat aurkitzea, onura txikiena aurkitzea ere ezinezkoa egin zaigu guri behintzat.
Hizkuntza txikiak ere zakarrontzira bota nahi ditu prozesu honek ingelesa inposatuz Goi Mailako Heziketaren hizkuntza bezala. Gradu-ondokoetan, adibidez, erabat desagertu daiteke euskaraz ikasteko eskubidea, ziklo honetan erabiliko diren hizkuntzak ingelesa eta “Nazioarteko Hizkuntzak” izango baitira. Baina graduetan euskaraz ikasteko eskubidea egongo bada ere Euskal Filologia karrera arriskuan dago. Europako hizkuntza handienen filologiak (Latina, Greziarra, Germanikoak...) ikastea proposatzen da eta beste hizkuntza txikien filologiak Hautazko Ikasgaietara edo geroago egingo liratekeen gradu-ondokoetara mugatzea. Honenbestez, Euskal Filologia ikastea ez litzateke publikoa izango eta honek kultura gutxiagotuen aurkako prozesu bat suposatzen du. Kapitalistentzat modernizazioa errentagarriak ez diren hizkuntza gutxituak zapaltzen jarraitzea da hauek desagerrarazi arte.   
Burges politikarien ahoak “demokraziaz” beteta daudela ikus dezakegu egunero egiten dituzten adierazpenetan. Herriaren hitza eta askatasuna defendatzen omen dituzte, eta noski, baita unibertsitateetan ere. Orduan zergatik da Bologna prozesuaren helburu garrantzitsuenetakoa Funtzionario Doktoreek unibertsitateetako botere guztia izatea eta ikasleen parte hartzea eta erabaki ahalmenak gutxitzea? Demokrazia bultzatzeko pauso arraroa hauxe. Ez, auzo, herri eta fabriketan gertatzen ari den bezala eskubide demokratikoak murriztu eta ikasleen kontrola handitu nahi dute. Klaseen izaera derrigorrezkoa, azterketen biderkatzea… ikasleria hezkuntza sistemaren esklabo bilakatzeko xedea dute kapitalista demokratikoek. Kontrol sozialaren beste aurpegi bat da, menpeko ikasle akritikoak ekoizteko hezkuntza eredua da Bologna Prozesuak inposatu nahi duena.
Burgesia europarraren eraso honek mota konkretu bateko ikaslea bilatzen du: presio ekonomikoak ez dituena eta denbora guztia unibertsitatearentzat duena. Unibertsitatearen eredu aldaketarekin akademia pribatuak ordain ditzaketen ikasleak aterako dira irabazten, baina gainontzekoek zailtasun handiagoak topatuko dituzte.

Ikasleen etorkizuna kapitalismoan

Karrera bukatzen duenean, ikasle bakoitzak batez besteko 700 euroko soldata du eta lizentziatura dutenen %40k bakarrik egiten dute lan bere ikasgaiekin zerikusia duen zerbaitetan. Errealitatea ikusarazten da datu hauekin eta ondo erakusten dute sistema kapitalistaren eta lan merkatuaren usteltasuna. Kapitalismoak milioika ikasleren talentua zakarrontzira botatzeaz gain, gizartearen gehiengoa prekarietate larrienera kondenatzen du.
Orain gainera, ekonomia atzeraldian sartzen ari denean, historiako krisi ekonomiko gogorrenaren mehatxua ageri zaigu. Zein etorkizun daukate ETTen bidez lan egiten duten edo kontratu prekarioak dituzten langileek? Krisiaren ondorioz asko kaleratuak izango dira eta bankuei beren zorrak ordaindu ezinik geratuko dira. Bitartean, enpresariek lan esku merkea bilatuko dute eta kaleratzeak dohainik izatea eskatu. Hauentzat lizentziatuak soberan daude. Horregatik gastatzen dituzte milioika euro ikasleak unibertsitatera ez joateko konbentzitzen saiatzen diren kanpainetan. Azken finean, enpresarientzat alferrikako kontua da mediku, irakasle, psikologo, langile sozialetan, etab inbertitzea.
Ez dago dudarik gizartearen behar sozialak ez direla asetzen, Osasunean itxarote lista luzeak, haur hezkuntza publikoan leku falta, ospitale, ikastetxe eta haurtzaindegi publikoen gabezia... Hemen sar genezake baita ere zientzialari gehiagoren beharra garapena eta ikerkuntza gehitzeko. Soberan ez daude lizentziaturak, soberan prekarietatea eta gainesplotazioa daude. Soberan daudenak kapitalistak dira.

Bolognari ez, kapitalismoari ez!!


Haseran genion bezala, langileen seme-alabak unibertsitatean sartzea eta goi mailako hezkuntza titulu bat eskuratzea langile mugimenduaren borrokari esker lortu zen, diktadura frankistaren aurkako borrokan. Orain berriz, Bolognarekin burgesiaren seme-alabak soilik nahi dute unibertsitatera bidaltzea, mende oso bat egin nahi dute atzera, titulu unibertsitarioa gutxi batzuen ondarea zen garaietara.
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek Bologna prozesuari ezetz esatea bost axola PNVri eta euskal burgesei. Bost axola hauei Ikasle Abertzaleakek bi greba orokor eta hainbat mobilizazio antolatu izana. Euskal kapitalisten interes ekonomikoak defendatzearren, borroka hauek guztiak tapatu eta ikasle borrokalari horiek kriminalizatu egin dituzte. Bost axola zaie “demokrata” hauei ikasleen iritzia. Hauen jarrerak erakusten du berriro ere alternatiba bakarra borrokarekin jarraitzea dela.
Eta bai, posible da Bologna prozesua geratzea. Baina horretarako beharrezkoa da ikasleen batasuna borrokan, nahitaezkoa da Euskal Herriko ikasleen eta Estatu espainiarreko, frantziarreko eta Europa osokoen batasuna etsai komunari aurre egiteko. Etsaia burgesia europarra da eta hor sartzen dira burgesia espainiarra, frantziarra eta euskal herritarra. Bologna ez du geratuko Europako nazio edo estatu bateko borrokak, Europa osoko ikasleen mugimendu bateratuak baizik. Hori da alternatiba bakarra. Dudarik gabe, Ikasle Abertzaleak izango da Euskal Herrian bide hau bultza dezakeena.
Bestalde, ez da ahaztu behar borroka honetarako kontuan hartu behar diren ikasleak ez daudela soilik unibertsitatean. Garrantzitsua da institutuetara ere joatea, bertako ikasleei Bologna zer den azaltzea eta hauek borroka honetara erakartzea eta antolatzea. Lan hau ezin da bigarren mailako zerbait bezala geratu, institutuetako ikasleak dira etorkizunean Bologna sufritu dezaketenak eta hauen borroka potentziala esnatzea oso garrantzitsua da unibertsitate publikoaren defentsan.
Gobernu espainiarrak eta Eusko Jaurlaritzak Bologna prozesua aurrera eramaten jarraitzeko oztopo gutxi aurkitu dute langileen sindikatuen aldetik. UGT eta CCOOko agintari sindikalek adibidez txaloka hartu dute unibertsitate publikoaren aurkako eraso hau, prozesu “modernizatzailea” dela defendatuz eta enpresariei jokoa eginez. Horregatik, beharrezkoa da, ikasleak Bolognaren aurka dauden sindikatuetara eta sindikatu guztietako langileengana joatea prozesu honen eraginak zein diren azaltzera. Sindikatuetako buruei exijitu egin behar zaie langileak unibertsitate publikoaren pribatizazioaren eta elitizazioaren aurka mobilizatzea. Helburu honetan, lehen pauso bat izan daiteke irakasleekin eta unibertsitateko beste langileekin bilera irekiak antolatzea, baina unibertsitatetik kanpora dauden langileak ahaztu gabe. Unibertsitateetako bazter guztietara, institutuetara, langile mugimendura, auzoetara, herrietara... zabaldu behar da borroka.
Eta bukatzeko, aldizkari honetan beti defendatzen dugun bezala, Bologna prozesuaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkako borrokaren barnean sartu behar da. Gizarteko botere guztiak banku eta multinazional batzuen eskuetan jarraitzen duen bitartean, Bologna bezalako erasoak ez dira amaituko. Horregatik defendatu behar dugu programa sozialista bat, banku eta enpresa handien desjabetzea eta langile eta ikasleen kontrola aldarrikatuko duena. Horrela lortuko da unibertsitateak benetan herritarren eskuetan jartzea.