Krisi ekonomikoaren datuak gero eta toki gehiago hartzen dute komunikabide guztietan. Mundu mailako atzeraldi ekonomikoa denek onartzen dute eta Euskal Herria ez da gaitz honetaz libratuko. Hala ere, agintari politiko batzuk, batez ere gobernuetan daudenek, gordetzen jarraitzen dute etorri dena eta datorrena.

Egoera oso larria da, langabetuen kopurua gora doan neurrian, langileek dituzten zorrak ordaintzea ezinezkoago bihurtuko da. Hego Euskal Herrian ere, hilabetetik hilabetera,  langabezia gora doa. Ibarretxe eta Zapaterok Hego Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko ekonomiaren eta bankuen egoera hobeaz hitz egin arren, Estatu espainiarreko ekonomia izango da “herrialde kapitalista aurreratuetako” kolpe gogorrena jasotzen eta honek eragin zuzena izango du Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren mezu politen atzean, Euskal Herriko herritarren gehiengoaren okerrerako izango diren neurriak daude. Langileek ezin dute konfiantzarik izan Ibarretxe eta Zapateroren hitzetan. Patronalen interesak defendatzen jarraituko dute: langileen kaleratzeak merketu, soldatak murrizteko erreformak egin, enpresei presio fiskala gehiago jaitsi eta diru publiko kantitate ikaragarriak kapitalisten negozioak salbatzeko erabili.

Estatu espainiarreko burgesiarekin batera, euskal kapitalistek ondo dakite krisiari aurre egiteko neurriak noren aldekoak eta kontrakoak izan behar duten. Hego Euskal Herrian eragingo lukeen lan erreforma bat eskatzen ari dira Zapateroren Gobernuari. PSOErekin “hain gaizki” moldatzen diren PNV eta euskal kapitalistek ez dute inolako arazorik gai hauetan adostasunera iristeko. Estatu espainiarreko 2009rako diren aurrekontuak onartzen babesa eman diete PNVko “nazionalistek” PSOEko “ezkertiarrei”. Ez dira izan Estatu honek zapaltzen dituen langileen onerako, hauen bizi baldintzak gehiago okertzeko baizik, kapitalisten interesak defendatzearren.

Langabezi gastuak %24 igo dituztela aldarrikatu dute aurrekontuen defentsan. Egia da, baina honek esan nahi duena da langabetu gehiago egongo direla, ez baita langabetu bakoitzaren kantitatean hobekuntzarik egongo. Gutxieneko pentsioak %6 igoko direla ere azpimarratu da, 659 euro izatetik 693 eurora igaroz, baina honek ezin du gorde oinarrizko produktuen eta gastuen prezio igoerekin eros ahalmena gutxitu egingo zaiela pentsiodunei. Hezkuntzan berriz, Bolognako prozesuaren helburuei jarraituz, bekek eta ikasketa laguntzek %2,6ko igoera izateak errealitatean erakusten du murriztu egin direla laguntzak.

Aurrekontu hauek onartzeagatik, PNVk bere sariak jaso ditu noski. Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzari dagokion eskumenaren transferentzia jasoko du Eusko Jaurlaritzak. 86,8 milioi euro urtero, hau da, zeharka eta zuzenean euskal kapitalisten mesederako joango direnak. Pasaiako portua berritzeko eta kanpoko portu berria egiteko berriz 9 milioi euro lortu dituzte. Gustura egongo dira euskal enpresariak. Josu Erkoreka PNVren Kongresu espainiarreko bozeramailea ere gustura zegoen onartutako aurrekontuekin, berak esan zuenez “bikainak Euskadirentzat” eta “estabilitate ekonomiko handia emango diote Estatu osoari”. Erkoreka jaunak bere hitzak irentsi beharko ditu, ez “Euskadiko”, ez Nafarroako ezta Estatuko herritarren gehiengoak ez baitute hobekuntzarik eta ekonomiaren egonkortzerik ikusiko. Gastu sozialak ez dituztela murriztuko esanez dabiltza Eusko Jaurlaritza eta PSOEren Gobernua, baina behartuta daude kapitalismoa salbatzeko gastu sozialetarako izango liratekeen errekurtsoak sistemaren zuloak tapatzeko. Nondik hartuko dituzte bestela Ibarretxe eta Zapaterok banku-jabeei eta enpresariei ematen ari diren diru laguntza beldurgarriak?

Ez da erreza jakitea zer gertatuko den datozen aste eta hilabeteetan egoeraren ezegonkortasunagatik. Baina hanka sartzeko beldurrik gabe esan genezake, burgesiaren sektore garrantzitsuenak ondo aztertzen ari direla eskenatokia eta komeni zaien unerik onena aukeratuko dutela langileen aurkako erasoak praktikan jartzeko. Eta eraso hauek, nahitaez, ondorio sozial sakonak sortuko dituzte, klase arteko borrokaren eskenatokia prestatuko dute eta aukera berri bat irekiko da behingoz kapitalismoarekin amaitzeko. 

Errepresio basatia 

Marxek aspaldi esan zuen Estatua klaseko dominazio organoa dela, hau da, klase batek bestea zapaltzeko organoa. Burgesiak ez zituen alperrik sortu eta perfekzionatu bere klaseko interesak defendatzeko beharrezko dituen estatu kapitalistak. Ejertzitoa, polizia, epaileak... dira kapitalismoaren interesak arriskuan jartzen dituen guztiaren aurka erabiltzen dituen Estatu osagaiak.

Behar izan ez gero, gainera, hilda daudenen aurka ere erabiliko du burgesiak errepresioa. Hori gertatu zen Tolosan egin zen Lasa eta Zabalaren aldeko omenaldian. Zer axola euskal eta espainiar burgesiari Lasa eta Zabala orain dela hainbat urte bahituak, ankerki torturatuak eta erailak izatea? Zer axola PNVri Lasa eta Zabalaren hiletan Ertzaintzak hauen senideak jipoitu izana? Axola zaien bakarra ezker abertzalea itotzea da, hildakoen eta presoen senideak umilatzea eta ez zuten inongo arazorik izan Lasa eta Zabalaren aldeko omenaldia puskatzea eta sei lagun atxilotzea. Hau gutxi balitz, atxilotu hauek “talde terroristako” kide izateagatik Madrileko Auzitegi Nazionalera eramateko asmoa izan zuen Ertzaintzak. Azkenean akusazioa aldatzea erabaki zuten. Atxilotuetako bat izan zen Lasaren senideak garbi esan zuen bezala “ertzainek gorrotoz jo eta gogotsu tiro egin zuten”.

Hori bai, Ertzaintza legea errespetatzeko dago, eta legeak faxistak babesteko eta antifaxistak jipoitzeko eta atxilotzeko esaten badu, ba hauek txintxo-txintxo egiten dute beren lana. Urriaren 25en lan hori ondo baino hobeto dakitela egiten erakutsi ziguten beste behin. Frankoren altxamenduan parte hartu, frankismoaren 40 urteetan herritarrak beldurtu, jipoitu eta erail zituzten falangistak babestu zituzten egun horretan. Eta hau demokraziaren izenean, demokrazia burgesaren izenean hobeto esanda.

Urriaren 25a luzea izan zen ertzainentzat, lan asko jarri zien nagusiak, burgesiak. Faxistak babestu ondoren Hernani aldera egin zuten buelta gazte independentistak ospatzen ari ziren independentzia eguna izorratzera. Aurreko egunean bertan ilegalizatua izan zen egun osoko ekitaldia komeni izan zitzaien garaian erasotu zuten ertzainek. Bertan zeuden gazteen ehiza helburu hartuta Hernaniko kaleetan ez ziren falta izan kolpeak, jipoiak eta atxiloketak. Legea betetzeko daudela ertzainak? Langileren batek ikusi al du ertzainik aldi baterako kontratu ilegalen, kaleratze ilegalen, esplotazio ilegalen... aurka neurririk hartzen? Hauek ere legea burgesiak nahi duenean bakarrik betetzen dute.

Gainera, datozen garaietan, batik bat ezker abertzalearen aurka erabili den errepresioa langile mugimendura zabalduko da. Oker daude beraien kontra ertzainak oldartuko ez direla uste duten langileak, kaleratzeen aurkako mobilizazioak eta grebak hasten direnean. Leninek ondo azaldu zuen kapitalismoaren garapenarekin “estatu makinariaren” indartze ikaragarri bat emango zela. Kapitalistak babesteko, aparatu burokratiko militarraren garapen izugarria ez da eman kasualitatez, proletalgoaren eta zapalduen aurkako errepresioaren handitzearekin batera garatu da, zapalduak kontrolpean edukitzeko. Euskal Herrian gertatzen dena da horren adibide.

Baina polizien indar errepresiboa ere ez da gai izango kapitalismoaren aurkako masen borroka geratzeko. Sindikatu ezberdinetako langileak eta afiliatuta ez dauden gainontzeko langileak elkartzen badira eta mobilizazioak, grebak eta ,nola ez, greba orokorrak antolatzen badira, ez dago indar honi aurre egingo dionik.

Euskal Herria Sozialistak sindikatuek GREBA OROKOR bateratu bat antolatzearen beharra aldarrikatzen du. Bide horretan pauso garrantzitsua litzateke Euskal Herriko langile guztien mobilizazio erraldoi bateratu bat konbokatzea sindikatu guztiek. Langileok mobilizazio erraldoi bat behar dugu kaleratzeen, prekarietatearen, krisiaren ondorioen... aurka. GORA LANGILEEN BATASUNA!!