Tradizioak, ohiturak eta egunerokotasunak pisu handia dute giza kontzientzian. Normalean, jendeari ez zaizkio aldaketak gustatzen, ezta bere ideiak eta sinesmenak berehalako aldaketa batek asaldatzea ere. Baina krisiaren ondorioz, ideiak eta aurreiritziak nahasmenean erortzen ari dira. Horrelako krisi garaietan, jendea bere ideiak, bizi den gizartea, honen moralitatea eta justizia ere zalantzan jartzen hasten da inoiz egin ez duen moduan.

2008 urtea kapitalismoaren krisirik gogorrenetakoaren hasiera izanarekin gogoratuko da. Oraindik bide osoa ibili ez duen erorketa sakonean sartu da mundu mailako ekonomia. Gertakizun honek eragin handia izan du gizarteko klase guztien kontzientzietan, klase dominatzailetik hasita, bankari, politikari eta burokratak, erdi mailako klasean, enpresari txikiak eta intelektualak, eta gizateriaren gehiengoan: langileak, nekazariak eta behartsuak.

Beharrezkoa izango da denbora bat masen kontzientzia gertakizunekin parekatu dadin. Kontzientzia hau iraganetik bizi da oraindik eta itxaropena du krisia zerbait motza izatea lehenbailehen “normaltasunera” itzuliz. Pazientzia badugu laster itzuliko dira gauzak bere onera, pentsatzen du askok. Baina ustezko masen kontzientzia “atzerakoia” itxurazkoa da soilik eta bere aurkakoan bihurtzera dago destinatua.

Benetako atzerapena masen erakundeen zuzendaritza eta agintaritzen psikologian dago: mundu osoko alderdi “sozialistetako” eta “komunistetako” agintariak, aspaldi utzi zutenak sozialismoaren alde borrokatzeko helburua kapitalismoari bikain egokituz. Hauen jomuga bakarra kapitalismo aurrerakoi eta gizatiar bat lortzea bihurtu da, hau da, guztiz ezinezkoa den zerbait eskuratzea. Baina krisi ekonomikoak agerian utzi du kapitalismoak ez duela ezer bakezale eta demokratikotik. Ikusten ari gara mundu osoan zehar, Euskal Herrian barne, masen langabezia igoera, soldaten murrizketa basatiak eta bizi baldintzen okertzea. Klaseen arteko gerra prestatzeko errezeta da hau. Hori da kapitalismoaren errealitatea 2009 urtean eta ez ezer ulertzen ez duten erreformisten ilusio gogaikarriak. Historiaren ipurdia besterik ez dira gai ikusteko.

Erreformistak itsututa dauden bitartean, burgesiak badaki krisi ekonomikoaren ondorio politiko eta sozialak oraindik ez direla azaleratu. AEBetako burgesiak, adibidez, hauteskundeen zirkuari esker posible izan du bertako herritarren haserrea aldi baterako desbideratzea. Krisiaren erru guztia Bushen administrazioari egotzi diote. Eta masak Obamaren kanpainarekin distraitzen zituzten bitartean, bankariak eta kapitalistak ahaztuta zeuden, baina egoera honek betirako ez duela iraungo badakite kapitalistek. Munduko inperio indartsueneko burgesia jokalekua prestatzen ari da herritarren erreakzio oldarkorrari aurre egiteko.   

Mendebalde zaharreko sasimediku faltsua gogorazten du Obamak, herri guztietan gaixotasun guztiak sendatzeko “suge olioa” saltzen zuena. Produktua erakargarria zen eta ilarak egiten zituen jendeak miraria erosteko, baina arazoa “suge olioa” ahotik behera sartu eta hobekuntzarik ematen ez zenean agertzen zen. Ikusten ari gara bankuei emandako dirutzek, saldu nahi izan diguten “suge olioek”, ez dutela ezer konpondu. Bankuak diru publikoz bete arren, hauek ez diete dirurik mailegatzen kontsumitzaile, industrial edo beste inori. Eskaerak eta kredituak lur jota jarraitzen dute, enpresen itxierak eta langabeziaren igoera eraginez.

Palestinako gertaerek erakusten dute ez dagoela irtenbiderik kapitalismoarekin bukatu gabe. Mundu osoko egoera ikaragarri gogortzen ari da maila guztietan: ekonomian, politikan eta arlo militarrean. Etorkizunik ez duen eta hil nahi ez duen sistema ekonomiko baten konbultsioak dira. Kontraesan honen emaitzak miseria, pobrezia, langabezia, gerra, heriotza eta milioika gizakiren sufrimendua da. Hau da kapitalismoak 2009 urtean mundu osoko herriei eskaintzen diena.

Baina lur azalaren azpian indar boteretsuak pilatzen ari dira. Krisia garatzen den heinean, milioika pertsona beharrezko ondorioa ateratzen hasiko dira: sistema kapitalistak hil egin behar du gizateriak bizirik jarrai dezan. Kapitalistek ondo dakite zenbaterainoko arriskuak dituzten aurrean. Kapitalaren estrategek beldurrez begiratzen dute etorkizuna. Prentsa burgesaren orriak pesimismoz eta susmo beltzez beteta azaltzea ez da kasualitatea.

Errepresioa, tortura eta presoak

 

Kapitalismoaren basakeria ia egunero ikus daiteke Euskal Herrian. Kapitalisten indar polizial eta judizialek betiko lanean jarraitzen dute. GALen garaiak gogora ekarriz, orain Domintxainen (Zuberoa) bizi den Juan Mari Mujika ataundarra bahitu zuten poliziek bi orduz, beraiekin kolaboratzen ez bazuen bera eta bere familia arriskuan egongo zirela mehatxatuz. Eta hain demokratikoak diren Gobernu espainiarraren eta frantziarraren ekintza hauen aurrean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabateko isiltasuna gordetzen dute. 

Zapateroen Gobernuak itxurak egin ditu NBEko Giza Eskubideen Komitean sartzeko helburuarekin. Horrela, “tortura ekiditeko” Giza Eskubideen Plana aurkeztu zuen Nueva Yorken, NBEen egoitza nagusian. Martin Scheininek, NBE ordezkariak, maiatzean egindako bisita ez zuten gustuko izan PSOEko agintariek, honen ikerketak torturaren mantentzeari buruz hitz egiten baitzuen Gobernu espainiarrari inkomunikazioarekin bukatzeko eskatuz. Baina Giza Eskubideen Plan honek ez ditu atxilotuen inkomunikazioa ezabatu eta atxiloketa epea murriztu. Beraz, NBE berak egiten duen gomendioa, hau da, inkomunikazioa ezabatzea, ez du betetzen Zapateroren Plan iruzur berri honek. Horren ondorioz, Plan hau ezarri denetik 30 euskal herritar baino gehiago izan dira torturatuak. 

Bestetik, dagoeneko azken bi hamarkadetan 17 hildako eragin dituen preso politikoen dispertsioak 2008an ere 15 istripu larri sorrarazi ditu. Etxeraten datuen arabera, errepresaliatuak beren etxeetatik 630 kilometrotara daude batez beste. Presoen senide eta lagunek 13 milioi euro baino gehiago gastatu behar izaten dute urtero bidaiak egiteko. Dispertsio politika honekin, presoez gain, hauen senideak zigortzen jarraitzen da. Guzti honen aurrean Euskal Herria Sozialistak bat egiten du Etxeraten eskakizunekin: gaixotasun larriak dituzten presoen askapena, kondena beteta duten presoen askapena, kalean daudenak bakean utziz; eta preso guztien Euskal Herriratzea. Gogoratuz, Euskal Herriko gatazka politikoa ez dela konponduko preso guztiak kalean egon arte.

 

Konfidantza masa borrokan

2009 urtebetetze askoren urtea da. Iraultza kubatarraren 50. urtebetetzea da, inperialismo estatubatuar boteretsua herriak garaitu zuenekoa, latifundismoari eta kapitalismoari bukaera emanaz. Gaur, Amerika Latina osoan masen borroka garai erabakigarrietan dago, arriskuan jartzen ari da lurjabe handi eta kapitalisten boterea, agerian geratzen ari da hauek desjabetzearen beharra. Laster gogoratuko diguten bezala, 20 urte pasa dira Berlingo Harresiaren erorketatik. Kapitalistak eta hauen defendatzaileak garaile sentitzen ziren urteak ordea iraganean geratu dira. Orain dela 20 urte ez ziren sozialismoa eta komunismoa erori, sozialismoaren karikatura burokratiko eta totalitarioa baizik.

Kapitalismoarekin amaitzeko garaiak dira gaurkoak, erabat ustelduta dagoela inoiz baino ageriago baitago. Baina kapitalismoa ez da bera bakarrik eroriko, bere kontraesanen ondorioz. Historiak langile, gazte iraultzaile eta zapalduen parte hartzea eskatzen du askatasunaren aldeko borroka honetan. Beharrezkoa da langile klasearen mugimendu iraultzaile eta antolatua.

Aurten, 1919ko altxamendu Espartakistaren urtemuga tragikoa da. Iraultza honek porrota ezagutu zuen eta langileria internazionalaren bi ordezkari iraultzaile onenetakoak erailak izan ziren: Karl Liebknecht eta Rosa Luxemburgo. Kolpe gogorra izan zen Alemaniako langile klasearentzat. Baina langile alemaniarrak porrotetik errekuperatu ziren, herrialde guztietako langileak beti errekuperatzen diren bezala porrot guztietatik, eta 1920ean Kappen kolpea garaitzea lortu zuten bi urte beranduago Alderdi Komunista sortuz.

Internazional Komunistaren lehen kongresua ere 1919ko martxoan izan zen. Mundu guztiko benetako iraultzaileak elkartzeko helburuarekin sortu zen. 90 urte beranduago, historiak aldarrikatu eta gaur inoiz baino garrantzitsuagoak diren marxismoaren ideietan oinarritu behar dugu. Langile mugimenduaren esperientzia aberatsa eta herentzia teorikoa, Marx eta Engelsen Manifestu Komunistatik hasita, berreskuratzea funtsezko lana da. Burgesia, bere defendatzaile ideologikoak eta erreformista ustelak etsipenean eta pesimismoan erorita dauden bitartean, iraultzaileok konfiantzaz eta baikortasunarekin begiratu behar dugu etorkizuna.   

Hainbat hamarkadetan atzera egin duten marxismoaren ideiek korronte boteretsuen aurka egin behar izan dute igeri. Orain, historiaren itsasaldia beste norabide batean ari da mugitzen, ez historiaren korrontearen aurka, alde baizik. Langile, gazte iraultzaile eta herritar xehe, buka dezagun behingoz kapitalismoarekin!!