Urtarrilaren 10ean Demokrazia 3.000.000 plataformaren aurkezpena egiterako komunikabide batzuk aurkezpen horri buruzko filtrazio polizialak publikatuak zituzten. Aurkezpenaren prentsaurrekoa bukatu eta minutu gutxitara AVT eta Foro de Ermuak D3Mren aurkako ekintzak eskatu zizkioten Gobernu espainiarrari. Martxan zegoen beste behin, demokraziaren aurkako ilegalizazio prozesu berri bat.

Segituan egin zuten bat ilegalizazioaren aldeko mezuekin PP eta PSOEk. Egun berean, Lugon zen Rajoyk “ardurak” eskatu zizkion Zapaterori eta PSOEko Rodolfo Aresek D3M erasotu zuen “alderdi ilegalizatuak ordezkatu” eta “biktimismoaren papera jokatuz jendea abstentziora eraman nahi zuela” esanez. Arratsalde hartan bertan, Estatuko Fiskaltza Nagusiak D3Mko kideak ikertzeko agindua eman zuen. Urtarrilaren 22rako, kasu honetaz arduratzen zen fiskalak bere eskuetan zituen D3M eta Askatasunari buruz Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak egindako informeak. Gainera, D3M eta Askatasuna ilegalizatzeko eta kriminalizatzeko kanpainan buru belarri sartu ziren lehen egunetik komunikabide nagusi gehienak.

Denborarik galdu gabe, urtarrilaren 23an ezker abertzaleko zortzi kide atxilotu zituen Polizia Nazionalak. Gutxienez 300 poliziak parte hartu zuten polizia operazioan, atxiloketez gain, beste militante batzuen etxeak miatu zituzten, dokumentazioa eta ordenadoreak eramanez. “Batasuna berregitea eragozteko” Rubalcabaren operazio honetan atxilotu zituztenak “ETAren kolaboratzaile” izateaz akusatu zituzten. Baina miaketetan Baltasar Garzon epailearekin egon zen Arantza Zulueta abokatuak garbi esan zuen operazio polizial haren helburua D3Mren aurkako elementuak bilatzea zela. Polizia espainiarrek beren lana egiten zuten bitartean, hurrengo egunean atxiloketak salatzeko Baionako Kontsulatu espainiarrean ezker abertzaleak egin nahi izan zuen kontzentrazioa oztopatu zuen Polizia frantziarrak. Pankarta ireki bezain laster, Kontsulatua zaintzen zuten poliziek modu bortitzean kendu nahi izan zieten bera, bertara gerturatu ziren komunikabideei lana egitea oztopatu zieten bitartean. Beste behin, Estatu frantziarrak babes osoa ematen zion Gobernu espainiarrari ezker abertzalearen aurkako errepresioan. Azkenean, atxilotutako zortzi kide hauek, urtarrilaren 26ean espetxeratuak izan ziren  “erakunde terroristako” kide izateaz eta “EAEko hauteskundeetan parte hartzearen ETAren aginduak betetzeaz” akusatuta.

Komunikabide ezberdinen arabera, poliziari gehiago kostatu omen zitzaion Askatasunaren eta ezker abertzalearen arteko loturak topatzea. Hainbat filtrazio polizialek onartzen zuten ez zituztela aurkitzen Askatasunaren aurka ekiteko elementuak. Hala ere, Askatasuneko kideek poteatzeko erabiltzen zituzten lekuak edo 1983an preso bati eskutitz bat bidaltzea ere nahikoak izan ziren hauek susmagarri bihurtzeko. Hau bai dela demokrazia! Ez da harritzekoa, ONU berak ere Estatu espainiarrak erabiltzen dituen datu pertsonalei buruzko ikerketak gaitzestea. 

Otsailaren 3an, Baltasar Garzonek D3M eta Askatasuneko ordezkari legalak deklaratzera deitu zituen “erakundeko terroristako kide” izatea inputatuta. Pauso hau, beharrezkoa zen epailearentzat, ondoren talde hauen jarduera eteteko. Berdina egin zuten EHAK eta ANVrekin. Kasu hartan, EHAK eta ANVren jarduerak eteteko helburuarekin epaileak bi taldeetako ordezkari legalak deklaratzera deitu zituen, baina haien kontrako inputazio konkreturik gabe. Epaituen defentsak azaldu zuen ez zela posible jarduerarik etetea alderdiko inor inputatua egon gabe. Orduan, Baltsar Garzonek, hiru inputazio inprobisatu zituen. Emaitza, EHAK eta ANVren jardueren etetea izan zen. Berriz esango dugu, hau bai demokrazia! 

Otsailaren 8an Auzitegi Gorenak D3M eta Askatasunaren hautagaiak baliogabetu zituen. Auzitegi Gorenaren arrazoi nagusia betikoa, “ETAren estrategia terrorista bultzatzea”. Epaileek argudiatutakoa lotsagarria izan zen benetan. Ziotenez, 1998ko “Zutabe” batek hitz egiten zuen estrategia honi buruz, ETAk hauteskundeetan parte hartzearen beharra defendatzen zuelako.

PNV: abertzaletasuna eta hipokresia

 

2001eko hauteskunde kanpaina gogoratuz, PSOE eta PPren arteko blokeari aurre egiteko alderdi salbatzaile bezala azaldu nahi izan zen PNV martxoak 1aren aurretik. Baina honetaz gain, kanpainaren hasieratik Gobernu espainiarraren eta ezker abertzalearen artean mugimendu ezkutuak egotea bota zuen sarritan. Erkoreka izan zen teoria konspiratibo honen erabiltzaile nagusia baina Urkullu ez zen atzean geratu PSOE eta PPren arteko joko interesatua eta “biktimismoa egiten duen ezker erradikala” salatuz. Erkoreka eta Urkulluk behin baino gehiagotan jarri zuten mahai gainean PSOEk utzi egingo ziola ezker abertzaleari hauteskundeetan parte hartzen, eta PNVk ez zuen horrelakorik nahi. Urtarrileko zortzi kideen atxiloketa ere PSOE eta ezker abertzalearen arteko maniobretan kokatu zuen Urkulluk.

PSOE eta ezker abertzalearen aurkako kritika gogorrak egin arren, errealitatean PSOErengandik oso gertu egon dira ezker abertzaleari erabateko amorrua dioten bitartean. Esparru instituzionalean, aspalditik ari dira erakusten PNV eta PSOE zein ondo moldatzen diren Gasteiz eta Madrilgo gobernuak babesteko garaian. Eta gogoratu besterik ez dago azken bake prozesuan PSOE eta PNV eskutik joan zirela. Horrela gertatu zen Loiolan. PSOEko Jesus Egigurenek eskerrak eman zizkien PNVkoei bertan jokatutako paperagatik.

PNV eta PSOE kanpainan elkar kritikatzen ikusi bagenituen ere ez da ahaztu behar Ibarretxek Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu zituen 43 legeetatik 35ek Patxi Lopezen babesa jaso zutela aurreko legegintzaldian. Eta gainera, Gasteizko eta Madrilgo azken lau urteetako aurrekontuak elkarren laguntzarekin atera zituzten. Ezker abertzalea eta honen ekintzak ilegalizatzeko garaian ere ondo banatu dituzte paperak. Otsailaren 14ko D3Mren aldeko Bilboko manifestazioan Ertzaintzak egindakoak ondo erakutsi zuen PNVk gustura betetzen dituela Madriletik datozen aginduak.

Euskal Herriaren (agian Euskadi nahiago dute) aldeko imintzioak bota arren botoak eskuratzeko, Bilboko PNVko Azkuna alkateak garbi esan zuen hurrengo gobernuak “poesia” utzi beharko lukeela ekonomian zentratzeko. Ezker abertzalea hanketatik bururaino gorrotatzen duen alkate honek “PNVk 100 urte baino gehiago iraun ditu praktikoak izan garelako, bestela, katakonbetan egongo ginateke” adierazi zuen. Zer da PNV bezalako alderdi burges batentzat praktikoa izatea? Enpresarien alde egitea eta euskal kapitalisten etsaiak zapaltzea. Bide honetan, otsailaren 10ean, Ibarretxe eta Joseba Azkarraga (EA) Lan sailburuak enpresa handiak finantzatzeko “behar den diru guztia” erabiliko zutela azaldu zuten. Langabezia eta pobrezia handitzen ari diren bitartean denon dirua erabiltzen jarraitu nahi dute kapitalisten irabaziak mantentzeko.

PSOE: erreformismo ustelaren ondorioa

Beren burua sozialistatzat duten PSOEko agintarien paperak lotsagarria izaten jarraitzen du. Rubalcaba eta Ramon Jauregi hilabeteetan aritu ziren ezker abertzalea hauteskundeetara ez zela aurkeztuko esaten. Beraien arrazoiak, ezker abertzaleak zailtasunak zituela egitura bat bilatzeko eta ez zuela bere ahuldade soziala erakutsi nahiko hauteskundeetan, “abstentzioan kamuflatuko dira” esanez. Denborak azaleratu oker xamar zebiltzala. Beren kalterako, ezker abertzalea gai izan da hauteskundeetara aurkezteko, 47.337 sinadura lortzeko (EHk 1998an 45.602 eta Aukera Guztiak-ek 2005ean 31.956 lortu zituzten) eta 100.900 boz militante inguru lortzeko. Ilegalizatuta egon ez balitz D3Mk 7 jarleku izango lituzke orain.

Errepresioa bultzatu eta Alderdien Legeari buruzko ONUren kritikei garrantzia kendu dieten Patxi Lopezek memoria gutxi xamar duela erakutsi du. 2006ko maiatzaren 30ean publikoki errekonozitu zuen ezker abertzalea beharrezko hizketakidea dela alderdien arteko elkarrizketan. Baina kanpainan, ezker abertzalekoak legebiltzarrean baino hobeto kartzelan daudela bota zuen. Benetan sozialista balitz, Euskal Herriaren eskubide demokratikoen alde egingo luke eta ez hauen kontra, langileen interesen defentsa egingo luke eta ez kapitalisten alde. Baina hau bai dela utopia. Azkenean, XX. mende osoan bezala, erreformistak bihurtzen dira kapitalismoaren salbatzaile garrantzitsuenetan.

EA: euskal kapitalisten bigarren alderdia

 

Hauteskundeetan golpe gogorra jaso zuen EAren kanpainako puntu nagusienetakoa polo subiranista baten beharra aldarrikatzea izan zen. PNVk subiranotasuna alde batera utzi eta PSOErekin elkartuko zela abisatu zigun EAk behin eta berriz. Subiranotasuna alboratu PNVk? Noiz defendatu du ba? Hau da EAri egin geniezaiokeen galderetako bat. Zein da EAk erabili zuen diskurtso subiranista eta “errebeldearen” benetako arrazoia? EAren helburu nagusia berriro ere Eusko Jaurlaritzan egotea zen edo gutxienez boto kopuru garrantzitsu bat lortzea. EAk botoak galtzeko eta Eusko Jaurlaritzatik kanpora geratzeko aukera handia ikusi zuenean beharrezko ikusi zuen bere diskurtsoa aldatzea. Ez da ahaztu behar bere diskurtsoa bakarrik aldatu duela, ez beste ezer. Horrela, EA barruan zatiketa sakon bat sortu zen: botoak eskuratzeko PNVrengandik banatu eta diskurtso abertzaleagoa erabili behar zenaren aldeko sektorea, eta horrelako arriskuak hartzearen aurka eta PNVren ondoan jarraitzearen alde zegoenarena. Baina, kontuan eduki behar dugu, praktikan, bi sektoreek helburu politiko berdinak izaten jarraitzen dutela.

Egia da Unai Ziarreta eta Joseba Azkarragak agian inoiz baino gehiago eta gogorrago kritikatu zutela ezker abertzalearen aurkako jazarpena baina ez dugu ahaztu behar Ertzaintza ezker abertzalearen aurka botatzen zuen gobernuaren partaide izan zela aurreko legegintzaldian. Noiz kritikatu zuen EAk Ertzaintzaren jokabide basatirik? Ezin ukatu daiteke horretarako aukera gehiegitan izan zuela zoritxarrez. Baina isil isilik baino gehiago egon ziren, errepresioaren alde egon ziren beti. Egiaren orduan, EAk beti erakutsi du zein den bere benetako aurpegia. Ikusi besterik ez dago Azpeitiko ANVko alkatearen aurka zein jarrera hartu zuten “demokrata subiranista” hauek.

EAren diskurtso abertzaleagoak ezin gaitu engainatu. Begiratu besterik ez dago urte askotan nola egon diren PNVrekin batera behar izan dituzten lege eta neurri guztiak onartzen. Eta noren onerako? Ez behintzat eskubide demokratiko eta langileen onerako. Lehen aipatu dugu EA “borrokalari” honetako Joseba Azkarraga enpresa handiei “behar duten diru guztia” emateko prest azaldu zela. EA euskal kapitalisten alderdia da eta hauen interesak txintxo txintxo betetzeko dago, ez beste ezertarako. Eta euskal kapitalistek enpresa espainiarrekin dituzten negozio bikainei uko egin nahi ez dienez, EAk ez du sekula, PNVk bezala, estatu espainiarraren eta burgesia espainiarraren aurka borrokarik egingo. Adibide esanguratsuetako bat da, EAko Tontxu Campos Hezkuntza Sailburua Bologna prozesuaren bultzatzaile nagusia izatea, kapitalismo europarraren, espainiarraren eta euskal herritarraren mesedetan.

Euskal Herri aske eta sozialista!!

 

Egia da herri honen eskubide demokratikoak lortzeko elkartu egin behar garela. Baina, nor gara helburu hori lortzeko batu behar garenak? Ez dugu gutxitan entzun PNV euskal herriaren askatasunaren alde hitz egiten. Kanpainan gogor egin zuen ohi Egibarrek “Gora Euskadi Askatuta!” esateko. Horregatik, PNVk ondo erakutsi digu hitzak eta ekintzak oso hurrun egon daitezkeela elkarren ondotik. EAren kasua berdina da. Alderdi honek sortu zenetik izan duen ibilbideak eta euskal eta espainiar burgesiarekin dituen loturek argi utzi behar digute ez dagoela arrazoi bakar bat ere beraiengan inolako konfiantzarik izateko. Ez dira gure borroka kideak, gure etsaiak baizik nahiz eta orain polo subiranistaren ardi larrua erabili.

Hauteskunde kanpainak erakutsi zigun beste behin norengan eduki behar dugun konfiantza. Hainbat eta hainbat gazte, langile eta herritar zapalduk ilegalizazioari aurre eginez EAEko etxe gehienetara eraman zituzten D3Mren bozak. Lan militante honek etsai gogorrak izan arren, debekuak, jarraipen polizialak, miaketak, atxiloketak, jipoiak eta karga polizialak, Baltasar Garzonek ez zuen lortu ezker abertzale borrokalari honen ahoa ixtea. Horregatik diogu, konfiantza bakarra gazte iraultzaile, langile eta herriko sektore zapalduetan eduki behar dugula. Euskal Herri aske eta sozialista baten aldeko borrokan, PNV eta EAko agintari burgesetan eta PSOE eta EBko agintari erreformistetan ez dugu laguntza txikienik ere aurkituko. Euskal Herri aske eta sozialista baten aldeko ideiak Euskal Herriko langile eta herritar zapalduengana eraman behar ditugu, hauek guregana hurbiltzeko, gurekin antolatzera konbentzitzeko eta zapalkuntza guztien aurka masen mobilizazio bateratua bultzatzeko. Ekonomiaren krisi garai hauetan gainera, errazagoa izango da eskubide demokratikoen eta sozialismoaren aldeko borrokaren beharra zabaltzea. Konbentzituta gaude, PSOE, EB eta Aralarri botoa eman dioten langile eta gazteengana ere heldu gaitezkeela ideia hauekin, baita PNV eta EAri botoa eman dieten hainbatengana ere. Jende asko ari da ikusten irtenbide bakarra borroka dela eta ezker abertzale iraultzaile bat da irtenbide hau eskaini dezakeena. Gora ezker abertzale iraultzailea! Gora Euskal Herri aske eta sozialista!