“Auzokoek bazekiten zerbait ikaragarria gertatuko zela, behin eta berriz entzuten zuten gizona emakumea mehatxatzen…” Ez al da egia telebistan behin eta berriz ari zaizkigula esaldi berbera errepikatzen?
Gizonezko batek emakume bati heriotza-mehatxua egin eta ondoren mehatxua betetzen duenean, sarri, erailketa hori saihestu zitekeenaren sentsazioa gelditzen zaigu. Era berean, ea zergatik ez den ezer egin eta nork egin beharko lukeen galdetzen diogu geure buruari. Emakumeek gizarteko maila guztietan jasaten dituzte eraso matxistak, klase burges eta burges txikian, langile klasean eta baztertutako herritar eta auzoetan. Milaka eta milaka emakume dira urtero eraso matxistengatik hiltzen direnak, datuak erabat zehatzak ezin izan daitezkeen arren (bahituak,desagerraraziak,…), adibidez 2008. urtean Euskal Herrian 5 erail zituzten, Estatu espainiarrean 84, Argentinan 207, Mexikon azken 10 urteetan 10 milatik gora… Horrelako zifra basatien aurrean, gobernuek eta beste hainbat erakundek noizean behin “emakumeen aurkako tratu txar eta indarkeriarekin amaitzeko” kanpainak antolatzen dituzte beraien aurpegiak garbitu eta gizarteari sinestarazteko indarkeria eta matxismoa ez direla klaseetan banaturik dagoen gizarteak sortutako arazoak, hezkuntza txarrak eta “balore moral” okerrek sortutakoak baizik, horrela, aurrerakuntzak eta denborak dena konponduko du. Beste behin ere, gezurra!! Indarkeria eta zapalkuntza sistema kapitalistak bere-bereak ditu eta sistema honen usteltze garaiotan, langile klasea lehen irabazitako eskubide sozial eta kulturalak galtzen ari da eta hauekin, emakumeenak, haurrenak, gazteenak, etorkinenak, etab.
Klase zapalkuntza
Egia da langileoi ere klase dominatzailearen kulturak eragiten digula eta txikitatik, neskek zein mutilek, burgesiaren ideologia matxista ustela irensten dugula, baina honek ez du ukatzen emakumearenganako zapalkuntzak klase jatorria duenik, baieztatu baizik. Bera mespretxatu, iraindu, jo edota hiltzea nahi duen gizon batekin egotera behartuta dagoen emakume bat bere autoestimua galduta edo galtzeko zorian, etxetik joateko dirurik gabe edo bere haurrak etxean pertsona arriskutsu batekin utzi eta alde egiterik nahi ez duen emakumea da eta, kasu askotan, gertatzen da hiru egoera hauek batera ematea. Hau gutxi balitz, justizia burgesak jaramon gutxi edo batere ez die egiten ondoren hilik aurkitu dituzten emakumeen salaketei. Azken finean, gizarte honetan emakumea gizonezko esklabo baten esklabo da eta ideia hau da epaile askok buruan daukatena, egungo gizarte eredua mantentzeaz arduratzen direnena, Montserrat Comas, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bokal eta epailearen kasuak argi uzten duen bezala, “quien aseguró hoy que la sentencia del Juzgado de lo Penal número 22 de Barcelona que supuestamente valora el aspecto físico y la ropa de una mujer para juzgar si fue víctima de malos tratos, ´ está correctamente motivada` (…) Añadió así que la parte en la que hace referencia a su aspecto físico se ha ´ descontextualizado`” (Noticias Yahoo, 21/01/04).
Beste batzuetan gizon arriskutsu bati aldentze-agindua ematen dio epaile batek, honek kasurik egin ez eta berriz ere emakumearengana itzultzen da, iraindu, jo edo hiltzera. Gehienetan, lege-hauste hauei ematen zaien erantzuna, emakumeak familiako kide edo hauentzat prestatutako etxe batera bidaltzea izaten da. Pentsatzekoa da zergatik legea hautsi duten erasotzaile hauek ez duten zigor garrantzitsurik betetzen eta, aldiz, langile edo gazte batek pikete, manifestazio edo greba batean parte hartzeagatik egurtua edo atxilotua izateko aukera asko dituen. Gainera, zergatik izan behar da emakumea iheska eta ezkutatzen ibili behar duena? Erruduna izan beharko litzateke bere ekintzengatik ordaindu beharko lukeena. Oso zentzuzkoa ematen duen zerbait bada ere errealitatea bestelakoa da.
Borrokarako programa
Beharrezkoa da ezkerreko alderdi eta sindikatuek arazoa bere muinetik azaltzea; epaileen eta instituzioen axolagabekeria salatzea, hau da, burgesiaren moralitatea eta hipokresia salatzea. Era berean, emakumea bereziki alienaziora kondenatu duen gizarte antolakuntza hau azaldu beharko lukete. Baina emakume hauen arazoei irtenbidea emango dien alternatibak planteatzea ere beharrezkoa da. Lehenik eta behin, banatzea nahi duten emakumeentzako etxea eta lanpostu duin bat eta lanik “ez badago” ganoraz bizi ahal izateko diru-laguntza lana bilatu arte. Guztiok dakigu emakume askok eta askok egoera jasangaitzak jasaten dituztela, etxerik eta bizirauteko dirurik ez edota aurrera bakarrik jarraitu ezin dutelako. Klaseko sindikatu, alderdi eta taldeen betebeharra da tratu txarren aurkako kanpaina horietaz gain, auzo eta herrietako langile eta etxekoandreak antolatzea, argi eta garbi uzteko emakume hauek ez daudela bakarrik, auzotar eta herritarren babes osoa dutela eta ez dutela inongo mehatxu edo indarkeriarik onartuko. Honek guztiak antolakuntza, klase kontzientziazio eta autodefentsarako lan garrantzitsua suposatuko luke. Bestetik, ezkerreko alderdiek kontrolatzen dituzten udaletxe eta instituzioek, langile auzoetan arropak garbitzeko zerbitzu publikoak jarri beharko lituzkete. Orain garbigailu automatikoak daudenaren aitzakiak ez du balio garbigailu gehinek behintzat ez baitute arropa lehortzen, eskegitzen eta plantxatzen. Kalitatezkoak eta merkeak liratekeen jantoki publikoak eta doako haurtzaindegi publikoak ere guztiz beharrezkoak dira, azken finean auzo eta herriak beharrezkoa dutenarekin hornitu emakumea etxeko esklabutzatik aska dadin. Ez da nahikoa gizonezko langileei etxean laguntzeko eskatzea, askok egiten dute, baina emakume langileen soldatak gizonezkoen soldaten azpitik jarraitzen duten bitartean, gizonezkoak izango dira etxetik kanpo denbora gehiago pasako dutenak. Ez gabiltza arazo indibidualez hitz egiten, gizon eta emakumeen borondate eta hezkuntza onean oinarriturik, arazo kolektiboez hitz egiten gabiltza eta, beraz, irtenbide kolektiboak behar dira. Ezkerreko alderdi, sindikatu eta taldeek beraien esku dagoen guztia egin behar dute emakumea zapaltzen duten etxeko horma horietatik askatzeko, baina baita beraien bizikideak ere.
Neurri hauetako erreformen programa honek sistema kapitalistaren elementu guztiekin talka egiten du, udaletxeetako aurrekontuetatik hasi eta elizaraino, eskuineko gobernuetatik Eliza katolikoraino, bankuetatik haurtzaindegi pribatuetaraino… Baina borrokatu egin behar da nahi den guztia lortzeko, langile klasea mobilizatuz, gizon eta emakumeen kontzientziak esnatzen saiatuz, baina, era berean, gauzak argi esanez, soilik sistema hau historiaren zaborrontzira botaz eta gizarte sozialista bat eraikiz lortuko dugula esklabutza eta matxismoarekin bukatzea.
Emakumeek justizia nahi dute, gizonezko askok ere justizia nahi dugu, baina justizia burgesak engainatu egiten gaitu, hainbat lege onartuz eta hauek betetzeko baliabide material edo sozialetatik baztertuz. Sistema kapitalistan eskubideez hitz egitea, zatiketaz hitz egitea da, Anatole France idazle frantziarrak oso argi utzi zuen burgesiaren hipokresia; “En su majestuosidad, la ley hace a los ricos iguales a los pobres: a ambos se les prohibe dormir bajo los puentes de Paris”. Urteetan zehar klase dominatzaileak gizarteratzea lortu duen beste ideietako bat izan da gizonezkoek emakumearengan duten jabego eskubidea eta Engelsek “El origen de la familia, la propiedad privada y el Estado” liburuan ongi sakontzen du gai hau. Emakumeak geure jabego direla eta aurreiritzi matxistekin bukatzea sistema honen basakeria kultural eta ekonomikoaren aurkako borroka berbera da. Langileok ezin dugu, ezta nahi ere gure klaseko arrebak borroka honetan bakarrik uzterik. Gaur, gure klaseko milaka arrebek eta beraien haurrek jasaten duten amesgaiztoarekin bukatzeko irtenbide bakarra beraien segurtasun fisikoa, etxebizitza, lana eta duintasunez bizitzeko gizarte zerbitzuak bermatzea da. Baina lehen esan bezala erabateko askatasuna lortzeko ezinbestekoa da emakume langile, etorkin eta zapaldu guztien borroka langile klasearen borrokarekin lotzea guztion artean sistema kapitalista anker hau garaitu eta benetako gizarte aske bat eraikitzeko.
GORA EMAKUME LANGILEEN BORROKA!!