Orain dela 5 urteko hauteskunde europarretan parte hartzea ere txikia izan arren, ekainaren 7koa baino 2 puntu gehiagokoa izan zen. Abstentzio handi honen arrazoiak, krisi ekonomikoaren eta kapitalismoak eta bere instituzioek sufritzen duten sinesgarritasunaren barruan aztertu behar dira. Europako Batasunak berdintasun eta eskubide sozial eta demokratiko gehiago ekarriko zituen ideia hankaz gora jartzen ari da. Krisi ekonomikoak ageriago utzi du egoera, baina prozesu hau azkeneko urteetan ari zen ematen.Azken hamarkadetan sortu diren aldaketa sozialek ondo erakusten dute errealitatea nolakoa den. EB-15eko herrialdeetako lan errentak 1975ean errenta nazionalen %68a hartzen zuten, 2005ean, aldiz, %58koa zen. Prozesu honek gaur arte jarraitu du. EB-25eko herrialdeetan soldatek errentaren %67,4 hartzen zuten 2003an eta %66 2007an. Bitartean, enpresarien irabaziek %33 egin zuten gora 1999 eta 2006 urteen artean EBko herrialdeetan eta %36,6 euro-zonako herrialdeetan, baina lan kostuak %18 bakarrik hazi ziren. Orain dela hainbat aste 65 orduko lan astearen direktiba “izoztu” egin zuten arren, errealitatean, lan jardunaldi luze eta gogorrak orokortu egin dira eta hauen lege estaldura gero eta handiagoa da. Gastu publikoa berriz, osasunean, etxebizitzan, pentsioetan, familien laguntzen zerbitzuetan… etengabe ari da jaisten zuzen zuzenean herritarren bizi baldintzek okerrera eginez. Hazkuntza ekonomikoko garaietan polarizazio prozesuak ikaragarri egin du gora, behartsuak behartsuago eta aberatsak aberatsago bihurtuz. Pobreziak gora egin du Europan, eta ez soilik Europako Ekialdean, baita Alemania eta Estatu frantziarra bezalako potentzia ekonomikoetan ere. Aldi berean, 2007an adibidez 200.000 milioidun berri azaldu ziren Europan. Europaren zabaltze prozesuan ordea, aberats eta behartsuen arteko ezberdintasunak ez dira handitu herrialde bakoitzaren barnean soilik, baita herrialde ezberdinen artean ere. EB-15eko herrialdeetan, herrialde aberatsenaren eta behartsuenaren arteko errentaren desberdintasuna 3tik 1ekoa zen eta EB-25koan berriz 5etik 1ekoa izatera igaro zen. 2004ean, ekialdeko 10 kide berri sartu ziren arren aurrekontu europarra ia ez zen handitu. Herrialde hauetako biztanleek uste zuten EBn sartzeak euren bizi baldintzak hobetzeko balioko zuela, baina denbora gutxiren buruan ohartu ziren oker zeudela. Hazkuntza ekonomikoaren urteetan garapen azkar baten ametsa saldu zieten baina orain krisiarekin ondorio larriak izaten ari dira herrialde hauetan.
Eskubide demokratikoen aurkako erasoak
Europa osoan eskubide demokratikoen aurkako erabateko erasoaldia eman da azken urteetan. Etorkinen aurkako kanpaina arrazistak, atxiloketa indiskriminatuak, gehiegikeria polizialak, talde faxisten zigorgabetasuna, antolatu, bildu eta manifestatzearen ilegalizazioa… bultzatu dituzte hainbat gobernuk, batik bat “terrorismoaren aurkako borrokaren” aitzakiarekin. Hau izan baldin bada kapitalismo europarraren jarrera hazkuntza ekonomikoko garaietan, hau da, “nolabaiteko” bake soziala eman den urteetan, nolako jarrera izango du krisi ekonomikoaren ondorioz? AEBen autoritarismoaren aurrean azaldu nahi izan den Europa demokratikoak ez du eskaintzen inperialismo estatubatuarrak baino ezer hoberik. Europan ere etengabekoak izan dira bahiketak, CIAren hegaldi ilegalak eta torturak, parlamentu europarrak berak egindakoak, baina inongo gobernuk ez du ezer egin basakeri hauen aurka. Kasu honetan, gogoratu behar dugu, Jon Antza euskal herritarra desagertuta dagoela une hauetan. EBk ez du hatzik ere mugitu ezker abertzalearen aurka Estatu espainiarrak antolatutako eraso guztiekiko. Ekainaren 7ko hauteskundeetarako ere egon ziren saiakerak Iniziatiba Internazionalista legez kanporatzeko eta ondoren Alfonso Sastrek idatzitako artikulu batengatik berriro ere kanpaina hasi zen PSOEko agintarien aldetik ilegalizazioaren alde. Ez zen izan kasualitatea hauteskunde egunean Iniziatiba Internazionalistaren papeletak falta izatea Caceres, Cadiz, Ciudad Real, Leon, Murcia, Malaga, Motril, Vigo, Ferrol, Ourense, Ripollet, Villafranca de Penedes, Torrevieja, Llobregat eta Moratalazen. Azken honetan, gainera, agiri bat azaldu zen Espainiako Gobernuaren izenean Iniziatiba Internazionalista hauteskundeetatik erretiratu zela esanez. Eta ez ziren kasualitatea izan Rubalcabaren bitartez Barne Ministerioak emandako datuak: Amezketan POSIk irabazi zuela eta Iniziatibak ez zuela botorik atera, Democracia Nacional ultraeskuindarrak Soraluzen 73 boto, Legazpin 53 eta Villabonan 78 atera zituela eta Zumarragan Movimiento Social Republicanok 219 boto. Bartzelonako eta Madrileko boto zuri eta nuluen kopurua hain handia izatea eta Malaga bezalako hirietan emandako irregulartasunak ere ez ziren noski kasualitatea izan. Iniziatibaren aurka antolatutako hauteskunde iruzur honek erakusten du Alfonso Sastre europarlamentari bilakatzeko aukera handiak ikusten zituela Estatu espainiarrak. Eta beldur handienetakoa ematen ziena zera zen: ezker abertzaleak babestutako kandidatura batek parlamentario bat ateratzea Estatu espainiarreko herritarren babesarekin. Modu honetan, gorde egin nahi izan zuten Estatu espainiarrean ere eskubide demokratikoen alde eta kapitalismoaren aurka langile eta gazte asko dagoela. Kapitalistek eta beren estatu burgesek ondo dakite botere ekonomikoa eta politikoa mantentzen jarraitzeko beharrezkoa dutela langile klasearen zatiketa bultzatzea, kasu honetan lerro nazionaletan. Ez zaie batere komeni langile euskal herritarren eta langile espainiarren artean elkartasuna eta loturak sortzea, ondo baitakite Estatu espainiarreko langile guztien batasuna etsai arriskutsua dela beren interes ekonomikoentzat.
Klaseko borrokaren gorakada eta erreformismoaren krisia Europan
Txanponaren beste aurpegia langile borroken gorakada da. Orain dela hamarkada batetik, Europako egoera politikoan eragiten ari diren gertakizun garrantzitsuak ikusi ditugu gero eta gehiago, langileen mobilizazioak eta greba orokorrak. Iazko udazkenean Grezian ikusitako gazteen eta langileen mugimendua, altxamendu baten ezaugarriak zituena, langile klase europarraren borroka gorakadaren prozesuaren adierazpen garrantzitsu bat izan zen. Azken urteetan, langile klasearen mugimendu zabalak eta greba orokorrak izan dira Grezian, Italian, Estatu frantziarrean, Belgikan, Portugalen, Danimarkan… eta Europako ekialdean krisia langile mugimendua esnarazten ari da. Harritu egin dezake langile klasearen borroka garrantzitsu hauek ikusi ondoren Estatu frantziarreko, Estatu espainiarreko, Italiako, Alemaniako, Britainia Handiko, Austriako, Poloniako, Hungariako… sozialdemokratek porrot latzak izatea hauteskunde europarretan. Honen azalpena ez da ezkerra orokorrean eta langile klasea ahul daudela, baizik eta masen helburuak oso urrun daudela erreformismoak eta sozialdemokraziak eskaintzen duten programatik.Hain zuzen, azken urteetan arlo sozialean eta demokratikoan eman diren atzerapenak erreformismo europarraren krisiaren ondorio izan dira. Azken finean, erreformismoa izan da kapitalismo “gizatiar” baten defendatzaile sutsuena Europan. Erreformisten ustez kapitalismo “gizatiar” honek berdintasun gehiago eta langileen baldintzen hobekuntza ekarriko zuen belaunaldiz belaunaldi, modu gradual batean eta borroka iraultzailearen beharrik gabe. Hau posible izan zen neurri batean eta modu mugatuan herrialde konkretu batzuetan Bigarren Mundu Gerraren ondorengo lau hamarkadetan. Baina hura eragin zuten garai hartako faktore politiko, ekonomiko eta geoestrategiko bereziak desagertuta daude aspalditik. Krisian dagoen kapitalismoaren kudeatzaile izan nahirik, politika sozialdemokrata gero eta ezgaituagoa izan da eskuinetik bereizteko, eta bere oinarri soziala mobilizatzeko gai izan ez denez bere politikaren ondorioz, eskuinak lortutako hauteskunde garaipenen arduradun nagusia izan da. Alemanian, SPDren gobernuak praktikan jarri zuen kontrarreforma programa bat, Agenda 2010 deitutakoa, eta honen ondorioz bere afiliazioaren erdia galdu eta bere hauteskunde babesa minimo historikoen azpira jaitsi zen Alemaniako hauteskundeetan. Eskuinaren aurka hauteskundeak galtzean, hartutako norabidea zuzendu beharrean, SPDk Angela Merkelen gobernuarekin koalizioa osatu zuen, bere krisi politikoa eta langileekiko zatiketa gehiago sakonduz. Beste hainbeste esan genezake PDS italiarrarekin, burgesiaren alderdiekin hainbat koalizio gobernu osatu zituena, Berlusconiri bidea erraztuz eta azkenean arrakastarik izan ez duen Alderdi Demokrata bezalako alderdi burges batean bihurtuz. Alderdi Laborista Britainiarra, berriz, sozialdemokrazia europarrak eskuinera egindako biraren arduradun nagusietako bat da eta ez da harritzekoa ikustea nola ari diren gora egiten kontserbadoreak. Estatu frantziarrean, PSFren krisia eta eskuina garaitzeko dituen zailtasunak ez daude langile klase frantziarraren borrokarako gogoaren gabeziari lotuta. Estatu frantziarreko langileak izan dira langile klase europarraren abangoardia azken garaietan eta erakutsi dute gai direla beste 68ko Maiatz bat errepikatzeko modu zabalago batean. Hauteskunde europarrak irabazi dituen Sarkozyren popularitatea maila baxuenetan egotea, ez da izan egoera hori baliatzeko gai ez diren PSFko agintariei esker, langile borrokari esker baizik.
EB kapitalistak ez du langileek dituzten arazo bakar bat ere konponduko eta erreformismoak erakutsi du ez duela benetako alternatibarik. Langile klasea bera da kapitalismoaren eta bere krisiaren ondorioei aurre egin diezaiekeen bakarra eta beharrezkoa da bide horretan Europako sindikatuetako zuzendaritzei mobilizazioak eta greba orokorrak antolatzeko eskatzea Estatu edo herrialde guztietan. Ondoren, garrantzitsua litzateke Europa osoko greba orokor bateratu bat konbokatzea, horrela herrialde ezberdinetako langileen loturak indartzeko pausorik onena emanez. Euskal Herriko eta kontinente osoko langileen arazoen benetako alternatiba Europako Federazio Sozialista baten aldeko borroka bateratua da. Europa osoko herrialdeetako potentzial ekonomiko eta kulturala garatzeko eta ustiatzeko modu bakarra Federazio Sozialista baten ezarpena da, mota guztietako zapalkuntza nazionalekin amaituz. Bankuak, monopolioak eta latifundioak espropiatuz langileen kontrolpean, ekonomia sozialista planifikatu bat ezarri ahalko litzateke, langabeziaren gaitzarekin amaituz, osasun eta hezkuntza publikoa defendatuz eta arrazakeriari eta desberdintasunei bukaera emanez. Ekainaren 7ko hauteskundeetan parte hartzea garrantzitsua zen, baina Europa aldatzeko ez da nahikoa botoa ematea, beharrezkoa da kapitalismoaren aurka politikoki antolatzea alternatiba iraultzaile batekin, etorkizuna klaseko borrokan erabakiko baita.