Sindikatu gehienek konbokatutako maiatzaren 21eko greba orokorra Euskal Herriko langile klasearen beste erantzun kolektibo garrantzitsua izan zen Iparraldean, Estatu frantziarreko langileekin batera, antolatutako bi greba orokorren ondoren. Langileen parte hartzea garrantzitsua izan zen greban fabriken %55,20ean %70eko jarraipena baino handiagoa izan baitzen. Mobilizazioak ere jendetsuak izan ziren: goizeko manifestazioan 75.000 pertsona inguru mobilizatu ziren eta arratsaldean ere milaka kalera atera ziren Hego Euskal Herri osoan zehar. Honek garbi erakusten du langileak prest daudela borroka egiteko, prest daudela lana galtzeko beldurraren gainetik krisiaren ondorioei aurre egiteko.Errealitate gordina erakusten ari da fabrikaz fabrikako borrokak ez direla nahikoa kapitalisten erasoei aurre egiteko. UGT eta CCOOko zuzendaritzek greba honen alde ez egin arren, aurrerapauso garrantzitsua izan zen gatazkan dauden hainbat enpresatako langileen borrokak elkartzeko. Helburu nagusietako bat izan behar da langileen fabrika bakoitzeko borrokak elkartzea eta antolatzea, langileen batasunarekin soilik izango baita posible krisiaren ondorioei aurre egitea.
Langile klasearen zatiketa
Langileen borrokaren zatiketak burgesiaren interesei soilik egiten die mesede. Horregatik, azken urteetan ikusten ari garen borroka bateratuen gabezia albiste txarra da langile klasearentzat. Langileen borrokak zatituta egon izanak ondorio zuzena izan du negoziazio kolektiboan eta langileen gatazka ezberdinetan. Kasu honetan, langile klasearen interesak defendatzeko eta langileen borroka elkartzeko garrantzitsua izango zen UGT eta CCOOko arduradunek maiatzaren 21eko greba orokorrari babesa ematea eta, aldi berean, egokia izango zen ELA eta LABeko zuzendaritzek UGT eta CCOOko buruei greba orokorrerako babesa eskatzea publikoki. Garrantzitsua zen ELA eta LABeko zuzendaritzek dei hau egitea horrela errazagoa izango baitzen UGT eta CCOOko afiliatuengana iristea eta sindikatu hauetako zuzendaritzei grebaren aurkako argudioak kentzea. Baina, nahiz eta UGT eta CCOOko agintarien aitzakietako bat “ELA eta LABek ez gaituzte deitu” izan, greba ez babestearen benetako arrazoia beste bat zen. Patronalekin eta gobernuekin negoziazioa bilatzea helburu nagusitzat duten UGT eta CCOOko zuzendaritzek bazekiten Hego Euskal Herriko greba orokor garrantzitsu batek Estatu espainiarreko greba orokorraren beharra jarriko zuela mahaiaren gainean, beren politika negoziatzaileari trabak jarriz. UGT eta CCOOko zuzendaritzek grebaren aurka emandako argudioak ez ziren gutxi izan: greba politikoa zela, greba nazionalista zela, ez daudela arrazoiak greba orokor baterako… Antzeko argudioak erabiltzen ari dira ordea Estatu espainiarreko greba orokor bat antolatzearen aurka. Baina argudio hauek ez datoz bat errealitatearekin, krisi kapitalistaren sakontasunarekin eta langileak bizitzen ari diren mota guztietako eraso larriekin. Gainera, greba nazionalista zela esatearen argudioak, kasu honetan nazionalismo espainiarra bultzatzeko eta langile klasea lerro nazionaletan banatzeko soilik balio zuen. Langile espainiarren aurkako aurreiritziak bultzatzea desegokia den moduan, euskal langile nazionalisten aurkakoei indarra ematea ere erabat kaltegarria da langile klasea mota guztietako zatiketen gainetik elkartzeko helburuarentzat. Langileen batasuna gainditzeko modu bakarra programa internazionalista bat defenditzea da, hau da, beharrezkoa da sindikatuek autodeterminazio eskubidea eta langile klase osoaren batasuna defendatzea.
Greba orokorra eta langileen kontzientzia
Euskal Herriko langileen kopuru handi bat dago sindikatuetan afiliatuta, baina langile gehienek ez dakite zer den antolatuta egotea. Gainera, aspaldi ez da egin langileen aldeko greba orokorrik Euskal Herrian eta horregatik langile askok aurreneko aldiz parte hartu zuten mota honetako greba orokor batean. Greba eta fabriketako hainbat borrokei esker, esan daiteke, langile klasea bere giharrak luzatzen hasita dagoela. Trotskyk zioen moduan, greba orokorrek eta langileen borrokek akatsak eta gehiegikeriak izan ditzakete, baina greba orokor baten gauzarik garrantzitsuena langileak mobilizatu egin direla da. Greba orokor honen ondoren borrokek jarraitzen baldin badute, langileak klase bezala sentitzen, indar historiko bat bezala sentitzen hasiko dira. Hau da ideia nagusia. Orain arte bestelakorik uste zuten langile asko borrokatzearen eta antolatzearen beharraz jabetuko dira beste erremediorik ez dagoela ikustean. Sindikatuetako zuzendaritzek erabateko konfiantza izan behar dute langileengan, borrokak elkartzeaz gain, langileak sindikatuetan antolatzea izan behar dute beste helburu nagusietako bat. Langile klasearen kontzientzia baxua dela, langileek borroka ez dutela egin nahi edo langile klasea existitzen ez dela ere entzun behar izaten dugu sarritan hainbat agintari sindikalen partetik. Egia al da kontserbadurismoak indar handia duela langile klasean? Krisi kapitalista eta krisi iraultzaile guztietan, euren ardurei beldurra izan dieten langileen ordezkariak langileen kontserbadurismoaren atzean gorde izan dira. Historiak hainbat adibide esanguratsu utzi dizkigu. 1917ko Errusiako iraultzan, urriko altxamendua baino aste eta egun batzuk lehenago Zinoviev, Kamenev eta Rykov bezalako boltxebike nabarmenduek langileak nekatuta zeudela eta borrokarik ez zutela egin nahi esan zuten. Baina langile klaseak behin eta berriz erakutsi du zenbaterainoko sakrifizioak egiteko gai den bere eskubideak defendatzeko eta gizarte berri bat eraikitzeko. Arazoa ez da langileen kontzientzia baxua, langileak ez antolatzearen eta ez mobilizatzearen arduradun nagusiak sindikatuetako zuzendaritzak dira. Horregatik, sindikatuetako zuzendaritzei dei egiten diegu borrokak elkartzeko, langileak antolatzeko eta banku, enpresa handi eta krisian dauden enpresen espropiazioa defendatzeko. Honi esker izango da posible langile klasea indar historiko batean bihurtzen joatea eta langileek beren indarretan konfiantza izatea.
Grebaren ondoren?
Langileen borroka lehen pausoak soilik ari da ematen. Langile askorentzat maiatzaren 21eko greba orokorra hasiera izan zen, badakite gogorrena etortzeko dagoela. Fabriketan, lehenengo EREak sartu ondoren, bigarrenak ari dira bultzatzen langileen kaleratzeak eskatuz. Bitartean, langabezia sorospena bukatzen joango da eta gero eta langabetu gehiago geratuko dira datozen hilabeteetan inolako diru sarrerarik gabe. Langabeziaren igoerak eta langabezi sorospenaren gutxitzeak leherketa sozial garrantzitsuak eragin ditzake datozen garaietan. Grebarekin sortutako giroari helduz, beharrezkoa da Euskal Herri osora langileen eskubideak defendatuko dituen programa bat zabaltzea. Eta programa horretan joan beharko lukete langile klasearen eta hauen sindikatuen batasuna, sistema kapitalistaren salaketa eta maiatzaren 21eko greba orokorrari jarraipena ematearen beharra. Garrantzitsuena langile mugimendua behetik indartzea da, sindikatuetan, batzarretan eta borroka komiteetan langileen parte hartzea handituz. Euskal Herriko eta bi Estatu zapaltzaileetako burgesiek ez diete uko egingo langile klasearen aurka dauzkaten asmoei. Krisiaren pisu guztia gizarteko sektore zapalduenen gainean jarri nahi dute eta mugimendu masibo, antolatu eta indartsu batekin ez badira aurkitzen harrotu egingo dira eta eraso gehiago prestatuko dituzte. Baina langile mugimendua programa iraultzaile batekin antolatzea lortzen badugu harrokeriak kenduko zaizkie, kapitalismoari bukaera eta gizarte sozialista bat eraikitzeari hasera emateko aukera sortuz.