Lenin: “Eskubideen berdintasuna eta Estatu nazional bat eratzearen eskubidea errekonozitzean, denaren gainetik jarri behar da nazio guztietako langileen batasuna, errebindikazio nazional guztiak eta banaketa nazional guztiak langileen klaseko borrokaren ikuspuntutik aztertu behar dira” (Lenin, El derecho de las naciones a la autodeterminacion).    

Marx eta Engelsen Manifestu Komunista, “herrialde guztietako proletarioak, elkar zaitezte!” esaldiarekin amaitzea ez da kasualitatea. Sozialismoaren aldeko borrokan oinarrizkoa da langile guztien batasuna mota guztietako ezberdintasunen gainetik (nazio, arraza, sexu, erlijio…). Horregatik hain zuzen, bultzatzen du burgesiak langileen zatiketa, horregatik astintzen ditu aurreiritzi nazionalak eta maila guztietakoak. Fabrika baten barnean ere, kapitalista langileen artean ezberdintasunak bultzatzen saiatzen da beren artean etsaitasuna sortzeko: finkoak eta aldi-baterakoak edo azpikontratatuak,  zaharrak eta gazteak, bertakoak eta etorkinak, gizonezkoak eta emakumezkoak, kontratu duinak dituztenak eta prekarietatean daudenak… Honen helburua langileen arteko batasuna eta elkartasuna saihestea da, eta horrela, langileen aurkako eraso batean (kaleratze, soldata jaitsiera…) kapitalistak aukera gehiago ditu zatituta dauden fabrikako langileei berak nahi dituen neurriak ezartzeko, hauek ez baitira gai izango erasoen aurka borroka bateratu bat antolatzeko.  

Langileen eskubideen aldeko borrokan erraza da ikustea langileen batasuna egokiagoa dela zatiketa baino. Baina zer gertatzen da zapalkuntza nazionalaren aurkako borrokan? Historiari errepaso bat emanez gero, ikasgai garrantzitsuak topatuko ditugu. 1917ko Errusiako iraultzan, Alderdi Boltxebikeak ez zuen nazio guztietako langileen batasuna defenditu askatasun sozialaren aldeko borrokarako soilik. Nazio, arraza eta erlijio ugari erreprimitzen ziren Errusia tsaristan, errusiarrek biztanleriaren %47a hartzen zuten. Zapalkuntza guztien aurka zeuden heinean, Boltxebikeek askatasun nazionalaren aldeko borrokak defendatu zituzten. Ez zuten inoiz bigarren mailako borroka bat bezala hartu, guztiz erabakigarria zen auzi bat bezala baizik.

Leninen Alderdi Boltxebikeak ez zien esan Ukraina edo Poloniako langile eta zapalduei tsarismoarekin aliatuta zeuden nazio zapaldu horietako burgesiekin elkartzeko erregimen tsarista zentralistaren aurka. Porrota ezagutu zuen 1905eko iraultza errusiarretik ikasi zuten batik bat, Errusia tsarista osoko langileen eta zapalduen batasunarekin soilik izango zela posible errege tsaristekin, nobleziarekin eta kapitalismoarekin amaitzea eta nazio zapaldu guztiei autodeterminazio eskubidea errekonozitzea. Hala izan zen. Mendeetan bortizki erreprimituak izan ziren herriek benetako subiranotasun nazionala lortu zuten nazio ezberdinetako langileen borroka bateratuari esker.        

Euskal burgesia eta arazo nazionala

Krisi ekonomikoak ageriago utzi du euskal burgesiaren eta euskal langileriaren arteko ezberdintasunak zenbaterainokoak diren. Euskal kapitalistei, beren irabaziak mantentzearren, bost axola zaie milaka eta milaka langile kaleratzea eta langile familietan egoera dramatikoak eragitea. Kasu honetan ere ez da hain zaila ikustea enpresariaren eta langilearen artean interes kontrajarriak daudela. Baina aurreko galdera errepikatuz, zer gertatzen da zapalkuntza nazionalaren aurkako borrokan?   

Orain dela aste batzuk, Confebask patronalak krisiaren ondorioen errua merkatu espainiarraren zurruntasunari bota zion. Noizik eta behin kutsu nazionalista erabiltzen duen euskal patronalak ordea ez du arazorik CEOE patronal espainiarrarekin batera Zapateroren gobernuari Hego Euskal Herriko langileei ere eragingo ligukeen lan erreforma bat exijitzeko. Badakigu bai lan erreforma honek zer ekarri dezakeen: kaleratzeak merkatzea, soldatak jaistea, EREak onartzeko erraztasun gehiago, negoziazio kolektiboa baliogabetzea… CEOE patronal espainiarrarekin aliatzeko arazorik ez duen bezala, enpresariei milioiak oparitzea suposatzen duen Patxi Lopezen “krisiaren aurkako plana” babesteko eta bultzatzeko ere ez du izan Confebaskek. Hauen “euskal nazionalismoa” poltsikoan amaitzen da.

Ezin dezakegu ahaztu guzti honetan PNVk, euskal kapitalisten alderdi nagusiak, zein paper jokatu duen. Bizkaiko Buru Batzarrak, Andoni Ortuzarrek, babesa eman zion berehala Patxi Lopezen planari. Handik egun gutxira ordea, Gipuzkoako Buru Batzarrak, Joseba Egibarrek, gogor kritikatu zuen plan bera. Zer esan nahi du honek? Helburu desberdinak dituzten bi sektore al daude PNV barruan? Ez, izatekotan helburu berera heltzeko bi bide “desberdin” dituzten bi sektore nagusi daude. Aldizkari honen aurreko aleetan aipatu dugun bezala Joseba Egibarren sektoreak diskurtso “nazionalistagoa” erabiltzen du eta Patxi Lopezen gobernua gehiago kritikatzeko beharra ikusten du. Baina ezin dugu ahaztu bi sektore hauek bat egiten dutela helburu nagusi batean: Euskal kapitalisten interesak defendatzea. Egia da, Joseba Egibarrek Patxi Lopezen plana kritikatu zuen, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezen atxiloketen aurkako manifestaldian parte hartu zuen, autodeterminazio eskubidearen beharraz hitz egiten ere aterako da sarritan… baina ergeletik gutxi duen Egibarrek badaki prentsaurreko batekin edo manifestaldi batean parte hartzearekin Patxi Lopezen plana eta ezker abertzalearen aurkako errepresioa ez direla geratuko. Bere antzerki guztia boto abertzaleak mantentzeko soilik da. Egibarren sektoreak ez du sekula hatzik mugituko autodeterminazio eskubidearen alde, hauen lana ere euskal enpresarien interesak defendatzea da, bai arlo sozialean eta baita arlo nazionalean ere. 

PNVko lehendakari den Iñigo Urkulluk ere ez du ahazten noizean behin propaganda nazionalista erabiltzearen beharra. Bere hitzen arabera honela omen dago euskal politika banatuta: alde batean, akordio suntsiezin batetan elkartuta dauden obedientzia estatalaren bi indar omen daude, eta bestean, PNVk gidaturiko konpromiso demokratikoko eta bokazio instituzionaleko nazionalismoa. Kataluniako herri batean independentziari buruz egin zen erreferenduma bezalako batean berak baiezkoa emango zuela ere adierazi zuen. Hala ere, Urkulluk ez zuen izan arazorik egun berean balore etiko eta demokratikoak dituzten demokratak biolentziaren aurka elkartu egin behar direla adierazteko, nahiz eta honek, PPrekin eta PSOErekin elkartzea suposatu. Ezker abertzalearen aurkako errepresioa bultzatzearen helburuan, Ajuria Eneatik hasita akordioak “eguneratu” egin behar direla aipatu zuen. Errealitateak erakusten du azkenean zein den PNVren benetako papera. Hor ikusten da Madrilgo eta Gasteizko aurrekontuetan PSOEri eskainitako babesa, Patxi Lopezen planaren aurrean egindakoa edo PSOE eta PPrekin EITBn egindako akordioa.

Eskubide demokratikoen aurkako errepresioan ere PNV bat dator Estatu espainiarraren politikarekin. Eudeleko lehendakaria eta Tolosako PNVren alkatea den Jokin Bildarratzek eta Rodolfo Aresek kaleetatik presoen argazkiak kentzeko akordioa sinatu zuten. Milaka herritar hilabetearen bukaerara heltzeko zailtasunekin dabiltzan bitartean Bildarratz eta Ares prest agertu ziren 500.000 euro gastatzeko presoen argazkiak kentzearren. Baina noski, dirutza hori gastatzea baino are larriagoa da presoen eskubideak defendatzea delitu bihurraraztea ere. Gauza jakina da, euskal burgesiak Estatu espainiarrarekin kolaboratuz maneiatzen duen Ertzaintza zertarako erabili den sortu zenetik, alde batetik eskubide demokratikoen aldeko borrokak eta bestetik langile klasearen borrokak erreprimitzeko.

Euskal burgesiak eta bere alderdiak diren PNV eta EAk ez diote sekula helduko autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka bati. Hego Euskal Herriko klase kapitalista ez dago bertako langile klasearekin aliatuta, burgesia espainiarrarekin dituen harreman ekonomiko eta politikoekin estuki lotuta baizik. Hau ez da azken urteetako kontua soilik. 1895ean Sabino Arana buru zutela lur jabe handiek, hiriguneetako burges txikiek eta erregimen zaharraren errentadunek PNV fundatu zuten. Euskal burgesia azkar ohartu zen euskal nazionalismoak izan zezakeen potentzialaz, burgesia txikiko masen eta nekazarien ondoeza erabiliz Madrilgo Gobernu Zentralari abantailak ateratzeko aukera ikusi zuen. Eskuratu nahi zituen abantailak ordea ez ziren Euskal Herritarrentzat, euskal kapitalistentzat baizik.

1898 urtean Ramon de la Sota multimilioiduna sartu zen PNVn eta babes honi esker Sabino Aranak herrialdeko diputatu izatea lortu zuen. Ramon de la Sota ez zen edonor, urte haietako euskal politikan eta ekonomian gakoetako bat zen. Multimilioiduna, ontzigilea, bankaria eta siderurgiako enpresaria, autonomismoaren defendatzaile sutsua izan zen, baina hori bai, interes oso garrantzitsuak zituenez Estatu espainiarreko merkatuan, banaketa nazionalaren etsai amorratua zen. PNVn sartu eta bere konfiantzazko jendea bertan kolokatu ondoren, Sabino Aranaren heriotza eta gero Ramon de la Sota alderdiaren eta euskal nazionalismo burgesaren buru bihurtu zen.         

Programa iraultzailearen beharra

Sozialismoaren aldeko borrokan soilik ez, autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokan ere, euskal burgesia, bere alderdiak eta babesleak ez dira ezker abertzalearen aliatuak, etsai zuzen eta arriskutsuenak baizik. ETAren sorrera ekarri zuen Ekin taldearen helburu nagusia hasieratik PNVrekin euskal fronte bat osatzea izan zen. Horren ondorioz, 1955ean Ekin taldea Eusko Gaztedirekin (PNVko gazteria) erakunde batean fusionatu zen. Baina honek bizi motza izan zuen. ETAren fundatzaile izan zen Julen Madariagak honela azaldu zuen egoera: “Guk interesgarritzat hartu genuen fronte bat sortzea Euskadiren alde eta helburu horrekin hasi genituen lehenengo harremanak alderdiarekin 1955 aldera. Errealitatean, gizagaixo eta koitaduak ginen garai hartan eta gertakariek frogatuko ziguten PNVk, jarrera eskuzabal bat hartu beharrean, gu xurgatzea soilik nahi zuela. Gogoratzen dut Ajuriagerraren esaldi bat zein testualki esaten zuen, gurekin egin behar zutena lehendabizi zanpatzea zela eta ondoren banaka xurgatu zerbaitetarako balio genuenak”.  

Ondorengo urte guztietan ETAk euskal fronte bat sortzeko egindako saiakera guztiak ere ezerezean geratu ziren, PNVk ez baitzuen asmorik bere interes ekonomiko eta politikoak arriskuan jartzen zituen autodeterminazio eskubidearen alde borroka egiteko. Euskal burgesiarengan eta bere alderdiak diren PNV eta EArengan ezin dugu konfiantzarik izan. Gaur egungo kasuan, EAk ezker abertzalearekin fronte bat sortzeko prest dagoela agertzeak ez du suposatzen alderdi honen helburuak aldatu egin direla. EAk bere historia motzean egin duena kontuan hartu behar dugu: Ertzaintzaren errepresioa babestu du, zerbitzu publikoen pribatizazioak onartu ditu, kapitalisten aldeko neurriak bultzatu ditu, alderdien legearen aurka ez dute behatzik mugitu… eta horrela zerrenda luze bat. Eskubide demokratikoen errepresioa modu gordinenean ere bultzatu dutenekin egokia al da eskubide demokratikoen aldeko frontea sortzea?

Amurrioko kasua esanguratsua da. PNV, ELA eta Aralarrekin batera EAk ikurrinaren aldeko omenaldi bat antolatu zuen urriaren amaieran bandera espainiarraren inposizioa salatzeko. Baina hau bere aurpegia garbitzeko bakarrik izan zen, zeren EA bera , PSOE eta PPrekin udal akordioa duena, izan zen beste bi alderdi hauekin batera bandera espainiarra ezartzea onartu zuena lehenago. Atera kontuak. EA ez da fronte abertzale batean sartuko Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egiteko, bere alderdi interesak, euskal kapitalistenak eta azken finean burgesia espainiarrarenak ere defendatzeko baizik.

           

Autodeterminazio eskubidea eta sozialismoa, nazio gaindiko langileriaren batasunetik eta burgesiaren eta bere alderdien aurkako borrokatik soilik etor litezke. Leninek garbi zuen ideia hori: “Langile klasearen interesek eta kapitalismoaren aurkako borrokak nazio guztietako langileen batasun estua eta erabateko elkartasuna exijitzen dute, edozein nazioko burgesiaren politika nazionalista errefusatzea exijitzen dute. Horregatik, politika proletarioaren eginkizunak albo batera uztea eta langileak burgesiaren politikara azpiratzea litzateke, bai sozialdemokratek autodeterminazio eskubidea ukatzea, hau da, banatzeko nazio zapalduek duten eskubidea, eta baita nazio zapalduko burgesiaren errebindikazio nazionalak babesten hastea ere”…   

“… Edozein nazioko proletalgoak modu txikienean  “bere” burgesia nazionalaren pribilegioak babesten baditu, babes honek nahitaez beste nazioko proletalgoaren deskonfiantza eragingo du, langileen klaseko elkartasun internazionala ahulduko du, banandu egingo ditu burgesiaren pozerako. Eta autodeterminazio eskubidea ukatzea, edo banatze eskubidea, nahitaez esan gura du, praktikan, nazio zapaltzailearen pribilegioak babestea”. (Lenin, El derecho de las naciones a la autodeterminacion

Modu honetan defendatzen zituen Leninek nazio guztien eskubide berdintasuna eta nazio guztietako langileen batasuna helburu hori lortzeko.

Beharrezkoa da ezker abertzaleak Leninen ideia hauek biltzen dituen programa iraultzailea defendatzea Euskal Herri aske baten aldeko borrokan.Autodeterminazio eskubidea, nazio guztietako langileen eta zapalduen batasuna eta kapitalisten desjabetzea bilduko lukeen programa iraultzailea defendatzean, ezker abertzalea gai izango litzateke Euskal Herriko langile klasearen gehiengoa irabazteko, baina baita langile klase espainiarraren eta frantziarraren babesa lortzeko ere. Horrela, posible izango litzateke Estatu espainiar eta frantziar burgesak suntsitzea, kapitalistak desjabetzea, ekoizteko indarrak langileen eskuetan jartzea eta nazio zapalduei autodeterminazio eskubidea ematea.

Konfiantza osoa eduki behar dugu nazio guztietako langileengan eta beraiei marxismoaren ideiak eramatea iraultzaileen eginbeharra da. Honela zioen Leninek: “Nazioen eskubideen erabateko berdintasuna, nazioen autodeterminazio eskubidea, nazio guztietako langileen fusioa, hau da langileei marxismoa erakusten dieten programa” (Lenin, El derecho de las naciones a la autodeterminacion).