Kreditu baten truke konbalida daiteke partehatzea. Urriaren 21ean, urriaren 28an, azaroaren 4an eta azaroaren 11n izango dira hitzaldiak.


IBAETAKO FILOSOFIA ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEAN (FIHEZIko 0.6 gela)

Sistema kapitalistaren gainbehera krisiak erronka itzela ezarri dio langile mugimenduari eta gazteri iraultzaileari. Geroz eta ageriago dago ondoren biziko dugun garaian klase arteko borrokaren gorakada izango dela munduko hainbat eta hainbat herrialdeetako egoera politikoaren bereizgarri nagusia.

Alde batetik, bankari, enpresari eta lurjabe handiek, krisiarekin aberastasun itzelak pilatzen dituzten bitartean, argi dute errotik deuseztatu behar dituztela langileriak iraganean borroka itzelekin lortu zituen eskubideak eta konkista sozialak, horretarako Estatu kapitalistetako politikariak eta indar polizialak erabiliz. Bestetik ordea, langile masak herrialde ezberdinetan geroz eta urrats handiagoak ematen ari dira kapitalisten erasoen aurrean antolatu eta borrokatzeko. Urrunen, orain arte, Latinoamerikako prozesu iraultzaileak iritsi badira ere, azken urteetan Europa guztian zehar greben eta borroka ezberdinen gorakada nabarmena ematen ari dela ikusi dezakegu, baita munduko beste herrialdeetan ere, besteak beste, Txinan edo Iranen. Datorren garai honek, beste behin, kapitalismoarekin behin betiko amaitzeko aukera historiko handiak irekiko dizkigu. Gure herrian bertan ere oso nabaria da klase arteko borroka honen gorakada eta joera horrek nahitaez indartzen jarraituko du testuinguru honetan.

Horrenbestez, beharrezkoa zaigu egoera guzti honetaz hausnartzea eta erronkarako prestatzea. Jardunaldi hauetan, sozialismoaren ideien inguruan eztabaidatu nahi dugu, oinarrietara joaz, eztabaida praktikara bideratuz eta modu argi batean landuz. Hasteko marxismoak eskaintzen digun azterketa metodoa jorratu nahi dugu, iraultza sozialistarako bidea konkretuki azaldu. Ondoren arazo nazionalari heldu nahi diogu, auzi honek langileriaren askapeneko borrokan berebiziko garrantzia izan baitu eta marxismoak merezi duen lanketa eskaini baitio bere historian zehar, azpimarratuaz arazo nazionala azken finean sistema kapitalistaren aurkako borrokari loturik dagoela. Hirugarrenik, ohitura dugunez iraganeko prozesu iraultzaile bat aztertuko dugu, hain zuzen ere Nikaraguako Iraultza Sandinista, bere garaipenetatik eta porrotetatik etorkizunerako ikasgaiak ateratzeko asmoarekin. Azkenik berriz, egungo egoera eztabaidatu nahi genuke, klase arteko borrokaren eta langile mugimenduaren egoeraz hausnartuaz, hala nola, langile alderdi eta sindikatuek jokatzen duten paperari eta planteatu zaizkien eginkizunak aztertuz.

Leninek esaten zuenez teoria praktikarik gabe antzua da baina praktika teoriarik gabe itsua. Sozialismoaren ideien eztabaida kapitalistek geroz eta gehiago kontrolatu nahi duten hezkuntza sistema honetatik kanpo geratzen da. Baina bestalde, gizarte eredu hau irauli nahi dugunontzat erabat ezinbestekoa zaigu eztabaida hau garatzea. Honela beraz, jardunaldi hauetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu, eztabaida bera aberasgarriagoa egin dezagun. Anima zaitez eta bil gaitezen batera!


Urriak 21
15:30-19:30
FIHEZIko 0.6 gela

Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora (Euskaraz)
Bideo emanaldia: Asamblea Popular de los Pueblos de Oaxacaren "Venceremos"

Urriak 28
15:30-19:30
FIHEZIko 0.6 gela

Marxismoa eta arazo nazionala historian zehar (Euskaraz)
Bideo emanaldia: Gillo Pontecorvoren "Queimada"

Azaroak 4
15:30-19:30
FIHEZIko 0.6 gela

Nikaraguako iraultza sandinista (Gazteleraz)
Bideo emanaldia: Ken Loachen "La cancion de Carla"

Azaroak 11
15:30-19:30
FIHEZIko 0.6 gela

Langile mugimenduaren indarra eta kapitalismoaren aurkako borroka gaur egun (Euskaraz)
Bideo emanaldia: Michael Mooren "Capitalismo: Una historia de amor"


KREDITUEN AITORPENA

Jardunaldi hauetan izena eman eta erregulartasunez azaltzen direnek Bertaratze Ziurtagiri bat jasotzeko eskubidea izango dute, 16 ordutan zifratua eta Ikerketa Sozialisten Federiko Engels Fundazioak emana. Ziurtagiri honek aukera askeko kreditu baten konbalidazioa suposatuko du plan zaharrean matrikulaturik dauden EHUko ikasle guztientzat. Bolognako planekin aukera askeko kredituak ezabatu direnez, aurten matrikulatu diren graduko ikasleek ez dute ezer konbalidatzeko. Hala ere, ate guztiak zabalik daude parte hartu nahi duten guztientzat eta eskertzekoa litzateke gogoa izanez gero jardunaldietara bertaratzea, noski, erabat dohainik eta konpromisorik gabe.

Matrikula

Matrikularen prezioa 15 eurotakoa da. Matrikula burutzeko epea Urriaren 19 izango da. Ordainketa egiteko kontu zenbakia 3035 0156 83 1561023721 da, Euskadiko Kutxa (Caja Laboral). Ordainketa hau egiten duen orori material sorta bat entregatuko zaio, EHS aldizkariaren azken ale bat, A 30 años de la revolucion sandinista, Anarkismoa eta Komunismoa eta Trantsizio Programa liburuak.

Informazioa

Euskal Herria Sozialista – Telefono zenbakia: 685 720 939
Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
www.euskalherriasozialista.net

Antolatzaileak

EHS-Federiko Engels Fundazioa