Urtarrilaren 19an Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenak Segi erakunde terrorista bat zela aldarrikatu zuen, dena ETA denaren tesiari arrazoia emanez. Auzitegi Goreneko epaileek, Garzonek sortutako tesi honi jarraiki, Jarrai, Haika eta Segi terroristak direla dekretatu zuten eta ondorioz sei urtetako kondenak ezarri zizkien 23 gazteri, iaz Audientzia Nazionalak emititutako erabakia zuzenduz. Aurreko sententziak Segi ezin zela terroristatzat definitu zioen, erakunde honek armak edo leherkariak ez zituela erabiltzen argudiatuz. Baina orain, helburuen kointzidentzia nahikoa da erakunde hauek “ETAren agintepeko” bezala kontsideratzeko. PSOEren gobernuak, bere lehendakariordearen bitartez, sententzia hau “interesgarria” dela adierazi du PSOEko agintarien prozesuarekiko konpromezua zein den frogatuz.

“Jarrai-Haika-Segi kasua”, 42 gazteren aurkako epaiketa-fartsa, beste eraso bat gehiago izan da antolatzeko eskubidearentzat. Auzitegi honek, lehengo Ordena Publikoaren Auzitegiaren ondorengoak eta epaile-fiskal askotan frankistez beteak, sententzia honekin Euskal Herrian askapen nazional eta sozialaren alde borrokatzen den gazteriaren aurkako pertsekuzio poliziala aldarrikatu du. Muntaia politiko-judizial hau, hain modu baldar eta traketsean antolatu zen ezen epaileek beraiek ere esku artean zutena zer zen ez zekiten. Baieztapen hau argitzeko, gogoratu behar da lehen epaiketa eguna hasi aurretik bi enkausatu bi orduz itxaron behar izan zituztela epaileak ez zekielako kartzelan zeudenik eta beraien bila joan behar izan zirelako. Izatez, bi gazte hauei, auzitegiaren aurrean aurkeztera joateko zitazioak euren etxeen helbidera bidali zizkieten. 

Gogoratu behar da, baita ere, sententzia honen onuradun handienetako bat PNV dela, Euskal Herriko mugimendu iraultzaileak, eta batez ere ezker abertzalea, zapaltzeko duen helburua dela eta. GARAk Asier Tapiari, Jarrai-Haika-Segi kasuan auziperatutako bati, egindako elkarrizketan honek oso ongi zioen moduan PNV bera izan da “dena ETA dela” asmatu duena. Ardantza lehendakari ohiak dispertsioaren proposamena berak PSOEri eginiko proposamen bat izan zela arrotasunez onartzen zuela ere bazioen elkarrizketak, eta gazte erakundeei dagokienean PNVren gorputz armatua izan dela hauek jo, zigortu torturatu eta eskubide zibil eta politikoak erasotu dituena. Egia da, Jarrai 1979an jaio zenetik bere militanteak etengabe jarraituak, atxilotuak, torturatuak… izan direla Ertzantzaren, Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren eskutik. Hauxe da PNVren benetako aurpegia euskal kapitalisten defentsan.

Horregatik, herri euskaldunaren eskubide demokratiko nazionalen aldeko borrokak ez du inoiz euskal burgesiaren eta bere instrumento politikoaren, PNVren, babesik jasoko inoiz. Euskal Herriaren eskubideen aldeko hitzak erabiliko dituzte komeni zaien unean, baina praktikan ez dute pausu bat bera ere emango berauek lortzeko. Beraien adierazpen hipokritek gazteak eta langileak nahasteko besterik ez dute balio, eta are gehiago aste hauetan bizitzen ari garen uneetan. Ez dugu konfidantza gramo bakar bat ere izan behar euren hitz faltsuetan, mezu polit eta bihotzoneko hauen atzean burgesia espainolaren interes berberak dituen burgesia bat ezkutatzen baita, onura propio bat lortzeko gizartearen gehiengo handi bat zapaltzea interestzat duen burgesia. Beraz, zapalketa nazionalaren eta sozialaren aurka kontsekuenteki borroka dezakeen klase iraultzaile bakarra euskal langile klasea eta gazteria iraultzailea dira, zeintzuek estatuko beste langile eta gazteriarekin bat eginaz pairatzen dugun sufimendu hau sortu, mantendu eta zabaltzen duen sistemaren aurka  borroka egin behar duelarik. Gaur inoiz baino gehiago, Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borroka Sozialismoaren aldeko borrokarekin bereizezina da.

Atxilotuak askatu!!!

Euskal gazteriaren aurkako errepresiorik ez!!!

Euskal Herria askatu!!!

Gora Euskal Herria sozialista!!!