Amerika Latina edo herri arabiarrak bezalako munduko hainbat tokitan gertakizun historikoak bizitzen ari garenean, Euskal Herrian ere klaseko borroka lehen mailan jartzen ari da. Egoera ekonomikoaren larritasuna eta gobernuen erasoak erakusten ari dira sistema kapitalistarekin bukatzearen beharra. Bankuak eta enpresa handiak langileen kontrol demokratikopean desjabetuz bakarrik izango da posible sozialismoa eraikitzea eta Euskal Herriaren eta herri zapaldu guztien benetako askatasuna lortzea.
Euskal Herriaren eskubide demokratiko nazionalen errepresioa, eta baita Galizia eta Kataluniarena ere, burgesia espainiarraren oinarrizko ezaugarrietako bat izan da historian zehar. Printzipiorik erreakzionarioenetan oinarrituz, “separatismoaren” mehatxua eta “aberriaren batasun sakratua” astinduz, klase dominatzaile espainiarrak eta bere Estatu aparatuak sistematikoki ukatu dituzte Euskal Herriaren eskubide demokratiko oinarrizkoenak: euskararen erabilera eta irakaskuntzatik hasita autodeterminazio eskubidera arte.
Burgesia espainiarraren aldean, ordea, euskal burgesiaren edo burgesia kataluniarraren ibilbidea ez da hobea izan. Euskal Herriko eta Kataluniako burgesiak beti lehiatu dira beren homologo espainiarrekin nazio hauetako langileen zapalkuntza kuota handitzeko. Hauen nazionalismoa kalkulu ziniko eta berekoi batez betea egon da beti, beren klaseko interes kolektiboen onurarako. Egin izan dituzten eskaerekin, transferentzia gehiago, konpetentzia fiskalak, lan munduan, etxebizitzan, hezkuntzan eta osasunean, euskal burgesiak inoiz ez ditu defendatu euskal langileak eta hauen familiak. Zapalkuntza nazionala eta euskal herritarren zati handi baten sentimenduak modu demagogiko batean erabiliz, ez dute sekula arazorik izan burgesia espainiarrarekin negozio onak egiteko. Eta noski, ez dute arazorik izan eskubide demokratikoen aurka lege errepresiboak sutsuki aplikatzeko, polizia aparatuaren indarrera joz behin eta berriro.
Burgesia espainiarra eta euskal burgesia aliatu onak izan dira ezker abertzalea etengabe erreprimitzeko garaian eta ez dago arrazoirik hau aldatzeko. Nahiz eta ezker abertzalearen zuzendaritzak oinarri sozialaren eztabaiden ondoren onartutako “Zutik Euskal Herria” dokumentuaren alde lan egin, nahiz eta ETAk su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria komunikatu eta nahiz eta Alderdien Legea betetzen zuen Sortu alderdiaren estatutuak aurkeztu, ezker abertzalearen aurkako erasoak ez dira geratzen. PPk ezker abertzalea kriminalizatzeko bere kanpainarekin jarraitzen du eta bere makinaria politiko guztia erabiliko du edozein negoziazio politiko saboteatzeko. Eskuin espainiarrak ez dio Euskal Herriko auzi nazionala hauteskunde kanpainetarako erabiltzeari uko egingo eta azken urteetan zabaldu dituzten nazionalismo espainiarraren aurreiritzi zaharkituak erabiliko dituzte. PSOEren gobernua ez da prest azaldu honi guztiari aurre egiteko eta Sorturen estatutuen aurkezpena egin ondoren ere, Alfredo Rubalcabak alderdi hau Batasunaren jarraipena zela esan zuen eta horrela PSOEren gobernuaren partetik lehenengo ilegalizazio mehatxua bota zen. Eta nahiz eta EAJ-PNVko agintari batzuk Sorturen legalizazioa beharrezkoa zela esaten egon, azkeneko urte hauetan guztietan ezker abertzalearen ilegalizazioaz baliatu direla da errealitatea. Horregatik, EAJ-PNVk ahal den gehiena atzeratu nahi izan du ezker abertzalearen itzulera instituzioetara, ondo baitakite honek emaitza historikoak lortzeko aukera dagoela.
EAren papera
Aldi berean, Eusko Alkartasunak bere burua erakunde aurrerakoi moduan aurkeztu nahi du azken urteetan egin duen bere politika guztia gorde nahirik. Azken hauteskundeetan lortutako emaitza txarren ondoren eta alderdian eszisio bat jasan ondoren, EAren etorkizuna arrisku handian jarri zen. Hau da azken finean orain autodeterminazio eskubidearen eta justizia soziala deitutakoaren alde egiten duen diskurtso demagogikoaren arrazoia. Bere helburu bakarra maiatzeko udal hauteskundeak dira eta horretarako langileak eta herria engainatzeko beharra du.
Nahiz eta Euskal Herriaren askapen nazionalaren bandera erabili, oraindik ez dute dudarik honakoa esateko garaian: “Estatutuaren markoa, duela ia hogeita hamar urte hitzartutako autogobernuaren legezko oinarri formal gisa, gaur ez da nahikoa. Herri honek zituen premia larriei eman beharreko erantzun arduratsua izan zen garai hartan hitzartutako hura (une hartan eman zitekeen bakarra), negoziatu behar izan zenean inboluzio politikoaren arrisku handia zegoelako. Erantzun arduratsua izateaz gain, doktrina-ikuspegi batetik begiratuta gure Herriaren eskubide historikoak bermatu/babestu zituen”. Horrela biltzen du ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin sinatutako “Euskal Herria Ezkerretik” akordioak, gaiari buruz EAren iritzira bideratuta dagoen tartean. Gaur egungo markoa “gaur ez da nahikoa” esanez, oraindik jakinarazi nahi digute Gernikako Estatutu hark, konstituzio espainiarra goitik behera betetzen zuenak, “gure Herriaren eskubide historikoak” bermatzen edo babesten zituela. Zer nolako sinesgarritasun dauka alderdi honek Euskal Herriaren eskubideen aldeko borrokan, gure herria askatasunera omen zeraman bide harekin jendea engainatzeko balio izan zuen posizio hartan mantentzen bada oraindik?
Akordio berean, EAk hauxe jarraitzen du esaten: “perspektiba sozialarekin eta kanpoko mugarik gabe, arlo askotan politika sozialak garatzeko konpromisoa hartzen dugu, hala nola: enpleguan, ongizatean, familiaren segurtasuna alorrean eta zerbitzuen hobekuntzan, beti ere, eredu kooperatiboa eta ekonomia soziala indartuz eta enpresen lehiakortasuna bultzatuz. Guzti hau gure sistema ekonomikoarekin eta finantzieroarekin. Gainera, partidu sozialdemokrata garenez, herri honetako langileen eskubideen defentsa lehentasunezko lan ildotzat dugu eta, bidez batez, erakunde sindikalekiko gure harremana estutzen du, gure herriaren historian ongizatearen handitzearekin eta lan eskubideen garapenarekin izan duten garrantzia aitortuz”. Paragrafo honetan, hitz politez eta anbiguotasunez beteta dagoen honetan, EAk ez du zehazten “eredu kooperatiboa eta ekonomia soziala” hitzekin zer esan nahi duen eta bitartean “enpresen lehiakortasuna” bultzatzeaz hitz egiten du. Bai, Euskal Herriko langileek ondo dakite zer esan nahi duen enpresariek lehiakortasuna deitzen dioten horrek: soldaten murrizketak, EEEak, kaleratzeak eta enpresen itxierak.
Eta aldi berean, politika sozialez eta langileen eskubideez hitz egiten digute, EAren politika jaio zenetik, erakutsi zuen bezala EAJ-PNVrekin batera gobernatzen egon zenean, justu erabat kontrakoa izan denean. Gezurra gezurraren atzetik, edo bestela, nola azaldu behar digute orain adibidez hezkuntza publikoaren alde daudela, Tontxu Campos EAko hezkuntza sailburuaren eskutik hezkuntza pribatizatzeko eta berarekin negozio gehiago egiteko helburu bakarrarekin Bologna plana bultzatu zutenean? Eta langileen eskubideak, Eusko Jaurlaritzan zeudenean onartu zituzten neurri eta aurrekontu guztiak bankuen eta enpresen onurarako izan zirenean? Horregatik, EAk urtarrilaren 27ko greba orokorra “babestu” izanak oraindik eta ageriago uzten du hauen demagogia zinikoa. Itxura egiteko “babesa” baino ez zen izan, eta ez zen kasualitatea izan EAk greba horren alde hatzik mugitu ez izana poligonoetan edo kaleetan. Eusko Jaurlaritzan egon zenean EA beti egon zen Confebask patronalaren ondoan eta ez langileen ondoan. Honek guztiak erakusten du ez dugula konfiantzarik eduki behar alderdi honetan Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala lortzeko.
Sozialismoaren alde borrokatzeko beharra
“Euskal Herria Ezkerretik” akordioan ezker abertzalearen tartean ageri den moduan “nazio askapenerako zein askapen sozialerako borrokak txanpon beraren bi aldeak” baino ez dira. Ondoren, aurrerago, ezker abertzalearen, EAren eta Alternatibaren arteko akordio honek planteatzen du “ez da benetako eraikuntza nazionalik izango, ez baldin badago une berean eredu sozioekonomikoaren eraldaketa estruktural nagusirik”. Baina zein eredu sozioekonomiko defendatzen da bizitzen eta jasaten dugun kapitalismoaren alternatiba bezala? Nola lotu askapen nazionala eta soziala?
Esperientzia erakusten ari da irtenbide bat bakarrik dagoela zapalkuntza nazionalarekin eta sozialarekin amaitzeko: programa sozialista eta iraultzaile bat hartzea eta eginkizuna arrakastara eramateko nahikoa indar eta determinazio duen klase bakarrean oinarritzea, langile klasearengan. Horregatik, uste dugu ezker abertzalearen zuzendaritzak ez dituela akordioak eta aliantzak bilatu behar euskal burgesiarekin eta honen erakundeekin, EAJ-PNV edo EA izan. Zentzu honetan, organismo internazionaletan babesa bilatzea (burgesiaren politikari esperimentatuez osatuak) Euskal Herriaren arazo nazionalari alternatiba bideragarri bat aurkitzeko, porrotera kondenatuta dagoen apustua da. Euskal Herriko zapalkuntza nazionala gaixorik eta deskonposizioan dagoen sistemaren existentziaren ondorio zuzena da: sistema kapitalistarena. Kapitalismopean eta burgesiaren eskutik, espainiarra edo frantziarra izan, edo nazio zapalduetakoa, ezinezkoa da gure herriaren edo munduko gainontzeko herrien arazo eta helburuei konponbide bat ematea. Klaseko kolaborazioaren politikaren porrota bere osotasunean ikus dezakegu Ipar Irlandan. Sinn Feineko agintariek koaliziozko gobernu bat osatzen dute unionistekin, kapitalista ingeles eta irlandarrek eskatutako herstura planak eta murrizketak aplikatzen dituzte, eta inoiz baino gehiago daude Londresko laguntza finantzarioaren menpe.
Hori ezin da izan bidea. Euskal Herri benetan aske bat lortzeko, autodeterminazio eskubidea lortu eta langabeziaren, etxebizitzaren, osasun eta hezkuntza publikoaren gainbeheraren arazoak konpon daitezen, langile klaseko biztanleriaren bizi baldintzak hobetuz, beharrezkoa da sozialismoaren aldeko borroka lehen mailan jartzea. Eskubide demokratiko nazionalen aldeko borroka, autodeterminazio eskubidea barne, eta gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borroka erabat elkartuta daude: borroka berbera dira. Arazo nazionalaren irtenbidea kapitalismoaren markoan eta burgesiaren, euskal herritarra, espainiarra edo frantziarra izan, akordioan bilatzea erabateko akatsa da. Euskal Herriak ezin du lortu inolako askatasunik kapitalismopean Hego Irlandako adibideak erakusten duen moduan (ikusi Irlandari buruzko artikulua web honetan: www.euskalherrisozialista.net). Beharrezkoa da politika internazionalista bat defendatzea, euskal langile eta gazteen batasunean oinarrituta, muga nazionalen gainetik, Estatu espainiarreko, Estatu frantziarreko eta Europako gure klaseko anai-arrebekin batera kapitalismoaren aurka borrokatzeko.
Auzi nazionalak ia erabat polarizatu du azken urteetako bizitza politikoa. Hainbat kasutan, klaseko auziak desagertuta geratu dira demagogia erreakzionarioaren atzean. Nazionalismo espainiarraren propagandaren edo euskal burgesiaren propaganda zinikoaren atzean, klase dominatzailearen plan erreakzionarioak gordetzen ziren: langileen eskubideen eta hauen bizi baldintzen aurkako etengabeko erasoak. Fabriketako zapalkuntza asko hazi da, lan jardunaldiak luzatu egin dira, prekarietatea izurrite bat bezala zabaldu da… eta bitartean, soldatak eta langileen eros ahalmena jaitsi egin dira eta oinarrizko zerbitzu publikoak, hezkuntza eta osasuna bezala, etengabeko erasoak eta pribatizazio planak jasaten ari dira.
Gauza batean ados egon dira burgesia espainiarra, frantziarra eta euskal herritarra: hirurek inolako arazorik gabe kolaboratu dute zapalkuntza handitzeko eta hobetzeko balio zuten mota guztietako lege eta neurriak martxan jartzen, langileei ahal den gainbalio kantitate handiena ateratzeko helburuarekin. Honi esker, burgesiak ikaragarrizko irabaziak pilatu ditu.
Garaia da beraz Euskal Herriko langile klaseak, gazteriak eta hauen antolakuntza nagusiak, ezker abertzaleak, gaur egungo gertakizun hauetan aktore nagusi bihurtuz sozialismo internazionalistaren bandera altxatzea eta klaseko independentziaren politika defendatzea. Programa honekin soilik, masa borrokan oinarrituta, Estatu espainiarreko eta Estatu frantziarreko klaseko anai-arrebekin elkartuta izango da posible autodeterminazio eskubidea lortzea eta Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako arazo nazionalaren konponbideari alternatiba bideragarri bat bilatzea.