Aurtengo maiatzean Euskal Herria Sozialista aldizkari marxistak 5 urte bete ditu. 5 urte Euskal Herrian marxismoaren ideiak defendatzen. Bost urte Euskal Herri aske eta sozialista baten alde borrokatzen. Hona bosgarren urteurrena dela eta egin dugun adierazpena:

Euskal Herria aske eta sozialista baten alde borrokatzen

 

1. XIX. mendean ekonomia politiko burgesaren defendatzaileek amestu zutenaren aurka, sistema kapitalista ez da gai bere burua erregulatzeko. Kaosak zuzentzen du ekoizpen kapitalista.  Kapitalaren kontzentrazioa, hau da, aberastasunaren pilaketa gero eta esku gutxiagotan, handitzen ari den basakeriazko eskenatokira eramaten ari da kapitalismoa, eta berarekin batera gizateria osoa. Paradoxikoki, aberastasun gehien dagoenean eta zientzia eta teknika, modu arrazionalean aplikatuta, gai izango liratekeenean munduko biztanle guztiei bizi duin bat bermatzeko, pobrezia eta miseria zabaltzen ari dira kontrolatu ezinezko izurrite bat bezala. Existitzen diren baliabide teknikoak gizateriaren zerbitzura jartzea oztopatzen duena kapitalismoa da, ekoizteko baliabideen jabego pribatuan oinarrituta dagoena. Sistema honen erabateko kondena da fabrikak ixtea eta milaka enplegu suntsitzea irabazi enpresarialen tasa ez jaisteko bakarrik.

2. Langile klaseak hamarkadak daramatza eskubideak eta lorpenak galtzen. Prozesua 1989ko Berlingo Harresiaren erorketarekin eta Sobietar Batasuneko eta Europako Ekialdeko burokrazia stalinistaren kolapsoarekin areagotu zen eta burgesiaren erasoaldi anker bat hasi zen bai maila ideologikoan eta baita ekonomikoan ere. Orain, ekonomia kapitalista 30. hamarkadaz geroztik bere krisi handiena sufritzen ari denean, gobernuek hartutako neurri guztiak bide beretik joan dira: kapitalisten irabaziak salbatu langile klasea pobretzearen kontura. Baina eraso hauek guztiak, irabazi enpresarial ikaragarrien orgia baten erdian, beste aurpegi bat ere badute: azken hamarkadetan ezagutu ez den klase borrokaren gorakada. Uste zuten langileen kontura euren aberastasunak handitzen joango zirela etengabe eta inolako arazorik gabe, baina xehetasun batez ahaztu ziren: langileen zapalkuntzak beti dauka muga bat. Horrela erakusten dute herri arabiarretan lehertu diren iraultzek, orain dela hamarkada batetik Amerika Latinoan bizitzen ari diren prozesu iraultzaileek edo azken garaietan Europa osoan gertatzen ari diren greba orokor eta mobilizazio masiboek.      

Langileekin edo kapitalistekin

3. Gobernu sozialdemokrata deitutakoak, boterean dauden herrialde guztietan, aplikatzen ari diren politika modu irekian eskuindarrak diren gobernuenen berdina da. Beste behin, historiak erakutsi du ez dela posible bi nagusiren alde gobernatzea: edo politika benetan sozialista bat aplikatzen da, langileen eta beren familien, gazteriaren eta langabetuen mobilizazioan oinarrituta, edo, ezinbestez, gobernuek oinarrizko gauzetan amore emango dute patronalaren, bankarien eta multinazionalen eskaeren aurrean. Gainera, egindako kontzesio guztiez gain, burgesiak gogor presionatzen jarraituko du “erreforma estruktural” gehiago aplika daitezen. Horregatik, langileen erakundeak desafio handi baten aurrean aurkitzen dira.  

 

4. Gaur egungo hondamendiaren erdian, mundu mailako burgesiak ekonomia errekuperatzen ari dela esateko beharra du. Horrela, biztanleriaren artean kapitalisten aldeko egoera bat sortu nahirik, krisiarekin ahal den azkarren bukatzeko beharrezko eta derrigorrezko diren neurri bezala aurkeztu nahi dituzte langileen aurkako erasoak. Baina erakunde internazionalek (OCDE, FMI, MB) aurkeztutako informe ekonomiko gehienek letra txikian onartzen duten bezala, errekuperazio ekonomikoaren perspektibek oso ilunak izaten jarraitzen dute. Nahiz eta ezinbestez lehenago edo beranduago aktibitatea errekuperatuko den, langabezia tasak oso maila altuan eta denbora luzez mantenduko dira.  

Krisiaren eragina langile klasearengan eta sindikatuen papera

5. Euskal Herriaren kasuan, krisi ekonomikoak ondorio larriak eragin ditu milaka langile familiengan. Atzeraldi ekonomikoa hasi zenetik, enpresariek milaka langile kaleratu dituzte. Lehendabiziko txanda aldi baterako langileei tokatu zitzaien eta ondoren langile finkoei. Txantaje enpresarialei eta kaleratze mehatxuei esker, soldata errealak erasotuak izaten ari dira sektore guztietan. Lan erritmoak eta lan jardunaldia luzatzen ari dira, langabeziak gora egin arren frogatzen ari baita, ordu estren kopuruak handia izaten jarraitzen duela.

 

6. Krisiaren sakontasuna eta bere izaera internazionala erakusten ari da fabrikaz fabrikako borrokak muga asko dituela eta ez dela gai patronalaren erasoaldia geratzeko. Horregatik, beharrezkoa da gatazkan dauden fabriken borroka bateratua bultzatzea eta langile klase osoaren, gazteriaren eta langabetuen erantzuna antolatzea, modu bateratuan, masiboan, eraginkorrean eta denboran jarraipena izanez.  

 

7. Enpleguaren suntsiketaren eta soldaten erorketaren aurka, eta langabetuen babeserako berme baten alde, oinarrizko defentsa bat eraiki behar dute klaseko sindikatuek. Baina hori lortzeko, langile klasearen mobilizazioan eta klase dominatzailearen interesekin ezinbestean gatazkan sartuko den programa aldarrikatzaile batean oinarritutako politika sindikal bat defendatu behar da. Gaur egungo egoeran, klaseko sindikalgintzak perspektiba sozialista bat behar du, kapitalaren logikaren aurrean amore ez emateko eta sistemaren laguntzaile ez bihurtzeko. Inoiz baino gehiago, langile klase osoaren mobilizazio bateratuan oinarritutako sindikalgintza borrokalaria, klasekoa eta demokratikoa behar du langile klaseak, patronalaren eta gobernuen erasoaldia geratzeko. Euskal gehiengo sindikalak 2009ko maiatzaren 21ean deitutako greba orokorretik hasita, langile klaseak frogatu du bere borrokarako borondatea mobilizazio eraginkorretara deitua izan denean. Horregatik, beharrezkoa da agintari sindikalek jarraipena ematea lan erreforma, pentsioen erreforma eta etorkizuneko hitzarmen kolektiboaren erreforma bezalako erasoen aurka 48 orduko greba orokor berri bat deituz.     

 

8. Aurrean ditugun oinarrizko arazoen arduraduna kapitalismoa bera dela ulertuz jaio zen klaseko sindikalgintza langileen interesen zerbitzura. Arrazoi horrengatik, langile klasearen berehalako aldarrikapenen aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren zati bezala hartu zen. Sindikalgintza benetan klasekoa da langileen kontzientziaren, antolakuntzaren, batasunaren eta borrokaren maila igotzen laguntzen duenean, langileen zatiketaren eta desmobilizazioaren aurka. Hau da langileen erakundeetan berreskuratu eta bultzatu behar dugun programa; marxismo iraultzailearen ideiekin hornitutako sindikalgintza behar dugu, burgesiagatiko independentea den sindikalgintza. Langileekin etengabe harremanean egongo den eta batzar demokratikoen bitartez beren partehartzea bultzatuko duen sindikalgintza bat. 

 

9. Existitzen da krisi kapitalistaren alternatiba eta hondamendia eragin duenaren desberdina den beste eredu ekonomiko bat, baina alternatiba hori ez da posible kapitalismoaren barruan. Kalitatezko enplegua sortuko duen, biztanleriaren bizi maila etengabe igoko duen eta gaur egun dauden errekurtso ekonomiko eta teknologiko ikaragarriak gehiengoaren beharrak konpontzeko erabiliko dituen ekonomia bat posible da. Baina ekonomia hori langileen kontrolpean dauden ekoizteko baliabideen planifikazioarekin eta kontrol demokratikoarekin lor daiteke soilik, hau da, ekonomia eta gizarte sozialista baten oinarriak jarrita. Orain dela 150 urte baino gehiago sozialismoaren aldeko borroka piztu zuten eta langile mugimenduari oinarri politiko bat eman zioten arrazoiek gaurkotasun osoa izaten jarraitzen dute. Horregatik, beharrezkoa da langileen erakundeetako agintariek krisiarekin kontsekuentea den politika alternatibo bat defendatzea eta horretarako beharrezkoa da bankaren, monopolioen eta latifundioen nazionalizazioa eskatzea; horrela sektore publikoko azpiegituretarako, etxebizitzetarako, hezkuntzarako eta osasunerako inbertsio publikoko programa handiak martxan jartzeko aukera irekiko litzateke.

 

10. Kapitalistentzat ez bada errentagarria enpleguak eta lan baldintzak mantentzea, zuzendaritza sindikalek enpresa horiek langileen kontrolpean nazionalizatzea defendatu behar dute. Ekoizpenaren planifikazio demokratikoak bakarrik lortuko du behar sozialak asetzea langileentzako baldintza duinekin. Enpresa itxieren edo kaleratzeen mehatxuen aurrean beharrezkoa da politika sindikal borrokalari bat. Beharrezkoa da langileen ordezkariek enpresetako kontabilitate liburuak aztertzea, balizko “galerak”, primak, zuzendarien soldatak eta benetako datuak ezkutatzeko erabil daitezkeen amarru guztiak egiaztatzeko. Langile guztien enpleguaren alde egin behar da borroka, lan plantila berean eta baldintza berdinetan, aldi berean azpikontraten eta soldata eskala bikoitzen aurka borroka eginez. Lan karga gutxitzen bada, alternatiba lana langile guztien artean banatzea izan behar da, inolako soldata murrizketarik gabe.

Arazo nazionala Euskal Herrian

11. Kapitalismopean, burgesia espainiarraren, euskal herritarraren edo frantziarraren menpean, autodeterminazio eskubidea edo lurralde batasuna bezalako Euskal Herriaren eskubide demokratikoen erabateko ariketa lortzeko aukerarik ez dago. Helburu hauek sistema kapitalistaren aldean erabat ezberdina den marko politiko eta ekonomiko batean bakarrik ase daitezke erabat, sozialismoan. Aldarrikapen demokratiko hauen aldeko borrokak arrakasta izan dezan beharrezkoa da gizartearen aldaketa sozialistari lotuta joatea eta honen motorra Euskal Herriko langile klasea izatea Estatu espainiarreko eta frantziarreko klaseko anai-arrebekin batera. 

 

12. Hamarkadetako borrokaren, sakrifizio handien eta Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren alde ezker abertzalearen militantziak emandako guztiaren ondoren, esperientziak erakutsi du alternatiba bakarra dagoela Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko: programa sozialista eta iraultzaile bat defendatzea eta eginkizuna arrakastara eramateko indarra duen klase bakarrarengan oinarritzea, langile klasearengan.

 

13. Euskal Herriaren eta gainontzeko nazio historikoen eskubide demokratiko nazionalen errepresioa burgesia espainiarraren ekintza politikoan oinarrizko ezaugarrietako bat izan da historian zehar. Eskubide demokratikoen politika errepresibo hau klase dominatzaile espainiarraren eta bere Estatu aparatuaren izaeraren isla da dudarik gabe. XIX eta XX. mendeetako historia aztertuz, ez da zaila ikustea Estatu espainiarrean “demokrazia parlamentarioaren” garaiak gutxi eta salbuespenezkoak izan zirela, errepresio irekian oinarritu ziren diktadura militar edo erregimen askoz luzeagoen aldean. “Separatismoaren” mehatxua eta “aberriaren batasun sakratua” astinduz, klase dominatzaile espainiarrak eta bere Estatu aparatuak sistematikoki ukatu dituzte nazio hauetako herritarren eskubide demokratiko oinarrizkoenak: hizkuntzaren erabilera eta irakaskuntzatik hasita autodeterminazio eskubidera arte. PPren aurrekoak izan zirenek, diktadura frankistan –langile klasearen zapalketarik basatienean oinarrituta Estatu espainiarrean ia 40 urtez gobernatu zutenek– nazioen eskubide demokratikoak gupidarik gabe zapaldu zituzten.       

 

14. Burgesia espainiarrak, euskal burgesiarekin erabat kolaboratuz, Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatu denaren oinarrizko ardura du. Arazo nazionala konpontzeko duen ezgaitasuna errepresio masiboaren handitzeari lotuta joan da. Hainbat urtetan metodo odoltsuenak erabili ditu Euskal Herriaren helburu demokratiko-nazionalekin amaitzeko, Estatu terrorismoaren errekurtso sistematikoa ere erabiliz 70. hamarkadatik. Zentzu honetan, Felipe Gonzalezen gobernuen pean gerra zikinean (GAL) PSOEko agintariek izandako inplikazioak frogatzen du zein urruti iritsi ziren, euskal gatazka nazionala deuseztatzeko helburuarekin.    

 

15. PPren gobernuen pean erasoaldia areagotu egin zen Euskal Herriaren eskubide demokratiko-nazionalen aurka orokorrean eta ezker abertzalearen aurka bereziki. Egunkarien eta ezker abertzalearen adierazpen bideen itxiera; euskararen jazarpena Nafarroan; Batasunaren ilegalizazioa; biolentzia poliziala autodeterminazioaren aldeko mota guztietako manifestazioen aurka; presoen dispertsio politikaren mantentzea; aparatu judizialaren erabilera kondenak handitzeko eta indarrean zegoen kodigo penala bera urratzeko; epaiketa prozesuen irekiera Euskal Herriaren independentziaren alde manifestatzearen “delituagatik”… Hauek izan dira erasorik adierazgarrienetako batzuk, euskal kutsua duen guztia kriminalizatzeko helburuarekin eta bitartean pozoi chauvinista espainiarra Estatu espainiarreko biztanleriako kapa guztietara zabalduz. Nazio historikoen eskubide demokratikoen aurkako muturreko eskuinaren jarrera hau ez da Euskal Herrira bakarrik mugatu: antzekoa egin zen Estatut kataluniarra eztabaidatu zen garaian Kataluniako herriaren aurka, Galiziako hizkuntzaren aurka eta erreakzio giro honen aurrean ahotsa altxatzera ausartu den edonoren aurka.   

 

16. Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiarekin gogortu egin zen kodigo penala eta murriztu egin dira antolatzeko, adierazteko, manifestatzeko… askatasuna bezalako oinarrizko eskubideak, diktadura frankistaren erorketaren ondoren langile klaseak konkistatutako eskubideak. Fenomeno hau herrialde kapitalista aurreratu guztietan eman da, batez ere AEBtako dorre bikien aurkako atentatuen ondoren. Krisi ekonomikoaren ondorioek, langabeziaren gorakadak, langile familiak etxeetatik kanporatzeak edo pobreziak areagotutako gatazka sozialez betetako garai ezegonkor bati aurre egin behar diola jakinik, klase dominatzaileak eskubide demokratikoak murrizten ditu.

 

17. Euskal Herriaren eta Estatu espainiarraren kasuan, langile klasearen eta bere erakundeen eskubide demokratikoak mehatxatzen dituen instrumentua da Alderdien Legea. Esperientziak erakusten duenari begiratuta, garbi dago burgesia espainiarrak ez diola egingo uko horrelako lorpen bati. Lege honi esker, ezkerreko erakundeak, sindikalistak eta aktibista sozialak arazorik gabe iritzi “delituengatik” bakarrik epaitzeko aukera du, manifestazioak debekatzeko aukera eta, etorkizunean, bere interesen aurka jartzen diren guztiak isilarazteko aukera. 

 

18. PSOEko zuzendaritzak Euskal Herriko gatazka nazionalaren inguruan duen politikari buruz berriz, esan daiteke, Euskal Herriko arazo nazionalaren inolako irtenbiderik nahi ez duten eskuinak eta estatu aparatuko sektore erreakzionarioenak baldintzatuta jarraitzen duela erabat bere posizioak. PSOEko agintari sozialdemokratek klaseko politika sozialista bat alde batera utzi zuten neurrian, urteetan zehar Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea errekonozitzearen ukapena defendatu dute, modu honetan, nazionalismo espainiarraren posizioetara gehituz. Zalantzarik gabe, PSOEko agintariek, PSEkoak barne, ez dute inoiz onartuko Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea edo lurralde batasuna negoziatzea.

 

19. Hau guztia erakutsi zuten 2006eko martxoan ETAk “su eten iraunkorra” iragarri ondoren, eskubide demokratikoen errepresioa eta ezker abertzalearen aurkako jazarpena handitu zirenean. Maila politikoan kontzesiorik ez egiteko helburuarekin batera, PSOEren Gobernuak presioa handitu zuen ETA aktibitate armatua uztera behartzeko. PSOEren Gobernuaren estrategia kontaktuak eta negoziazioa denboran luzatzea izan zen, aldi berean errepresioaren bitartez ETAk armak uzteko zuen erabakia eta bere barne sendotasuna proban jarri nahirik. Bere helburua ez zen eskubide demokratikoen onarpena, ezker abertzalea instrumentu instituzional soil batean bihurtzea baizik, Ipar Irlandaren eta Sinn Fein eta IRAk hasitako bidearen ereduari jarraituz.

 

20. Su etenak iraun zuen bitartean, Zapateroren Gobernuak ez zuen hartu iniziatibarik presoak Euskal Herrira gerturatzeko edo kondena beteta edo gaixotasun larriekin zeudenak kalean jartzeko. Justu kontrakoa, dispertsio politika aplikatzen eta bultzatzen jarraitu zuen, eta gainera, De Juana Chaosen kasuan bezala ia aske irtetear zeuden presoen aurka kondenak luzatzen.

 

21. Honek guztiak erakusten du ez dela inolako konfiantzarik eduki behar PSOEko agintari sozialdemokratengan, ezta Jesus Egiguren bezalako jendearengan ere. Orain arte gertatu den moduan, etorkizuneko prozesu batean ere ez dira prest egongo Euskal Herriaren eskubide demokratikoak onartzeko. Negoziazio mahai batean esertzeko arrazoi bakarrak euren hauteskunde kalkuluak ziren, eta honekin batera, ezker abertzalea aukera instituzional soil batean bihurtzen saiatzea alde batera utziz milaka militanteren eguneroko borroka. Zeren, denaren gainetik, PSOEko agintarien eta burgesiaren beldur handiena, ezker abertzalea eskubide demokratikoen alde mobilizazio masiboak antolatzen jarraitzeko gai izatea da, langile klasearen defentsan greba orokorrak antolatzeko eta bultzatzeko gai izatea eta Euskal Herria aske eta sozialista baten aldeko borrokan ehunka mila langile eta gazte bilduko lituzkeen alternatiba bat antolatzeko gai izatea.   

 

22. PSOEko agintariek SORTUren legalizazioaren inguruan izan duten jarrerak erakusten du dioguna. Frankistez beteta dagoen Estatu aparatu baten aginduei eta PPren eskaerei obeditzen dien Auzitegi Gorenak egindako txapuza antidemokratikoaz gain, PSOEko agintariek ontzat jo zuten astakeria berria. Zeren, horrela pentsatzen dute mantendu egingo dela eusko legebiltzarrean, udaletxe askotan eta diputazioetan dagoen iruzurrezko egoera, guzti honi probetxu politikoa atereaz. 

Euskal burgesiaren zinismoa

 

22. Begirada atzera bota eta azterketa egoki bat egiten badugu, garbi dago euskal burgesiak eta bere alderdiek, EAJ-PNVk eta EAk, burgesia espainiarrarekin eta burgesia frantziarrarekin modu estu batean kolaboratu dutela. Alde batetik, zapalkuntza handitzeko eta hobetzeko balio zuten mota guztietako lege eta neurriak martxan jartzen, langileei ahal den gainbalio kantitate handiena ateratzeko helburuarekin (EA orain publikoki kontrako gauzak esan arren), eta beste aldetik, praktikan eskubide demokratikoen errepresioa babesten. Burgesia espainiarrarekin eta merkatu espainiarrarekin dituzten loturak Aberri Egunean egiten dituzten adierazpenak baino askoz garrantzitsuagoak dira.   

 

23. Azken bake prozesuak iraun zuen bitartean, EAJ-PNV eta EAk ohiko hizkera bikoitz bat erabili zuten. Alde batetik, Zapateroren Gobernuari Alderdien Legearen bukaera eskatzen zioten, baina beste aldetik, eta hau da puntu erabakigarria, tinkotasunez aplikatzen zituzten Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren bitartez aparatu judizialak hartutako neurri errepresibo guztiak, ezker abertzalea ahal zen gehiena ahultzeko helburuarekin. Negoziaketa posible batek ezker abertzalea indartzearen aukera ez zen EAJ-PNV eta EAren gustukoa. Beste behin, euskal burgesiak garbi utzi zuen Euskal Herriaren eskubide demokratikoen bere defentsa iruzur bat besterik ez dela bere benetako klaseko interesak ezkutatzeko. Guztiaren gainetik, euskal burgesiak eta bere ordezkariek kontzesio “instituzional” gehiago eskatzen dizkiote Madrili, Euskal Herriko langileak eta gazteak zapaltzen jarraitzeko eskubidea indartzeko. Prozesua garatzen ari zen bitartean, euskal burgesiak ez zion utzi irabazi bikainak lortzeari enpleguaren prekarietateari esker, soldata baxuei esker, eta EAJ-PNV eta EAren Eusko Jaurlaritzak bultzatutako hezkuntza eta osasuna bezalako zerbitzu publikoen pribatizazioari esker.

 

24. Horregatik, Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borrokan euskal burgesia aliatu bat denaren ideia erabat okerra da. Gure esplotatzaileekin euskal fronte nazional bat sortzearen aldeko estrategia, gure herriko gehiengoaren interesen aurka itzuliko den estrategia da. Euskal Herriaren askapen nazionala zapalduen askapen sozialaren aldeko borrokaren zati da. Biak banantzea akats handia da. Euskal Herriko langileen eta gazteriaren sozialismoaren aldeko borroka iraultzaileak bakarrik, muga nazionalen gainetik Estatu espainiarreko eta frantziarreko klaseko anai-arrebekin borrokan elkartuta, izango da posible autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna errealitate bihurtzea.

Ezker abertzaleak sozialismoaren aldeko bidea berreskuratu behar du

 

25. Ezker Abertzaleko agintariek egindako proposamen berrien aurrean, milaka aktibistek esperantza handiarekin ikusi dute, erreakzioari eta errepresioari bakarrik mesede egiten zion impasse batetik ateratzeko aukera bezala. Esperientzia gogorrak erakutsi du ETAren ekintza armatuek ez zutela balio autodeterminazio eskubidea eta sozialismoa lortzeko, estatu aparatuari, eskuinari eta PSOEko agintari sozialdemokratei ezker abertzalea gogorki erreprimitzeko aitzakiak ematea bakarrik lortzen zuen, aldi berean, Euskal Herriaren barnean eta kanpoan eskubide demokratikoen aldeko borrokarako babes soziala galduz. Baina ondo hausnartu behar da EArekin aliantza bat egitearen estrategia, sozialismoaren aldeko borroka gero eta gehiago utziz bigarren plano batean. Estrategia hau ez da egokia Euskal Herriaren eta gure herriko langileen eta gazteriaren aldeko borroka altxatzeko. EA gainbeheran eta krisian dagoen alderdi burgesa da. EAk beti defendatu ditu eta defendatuko ditu euskal kapitalisten interesak bai maila sozialean eta baita maila nazionalean ere. Hau dena erakutsi du bere ibilbide luzean EAJ-PNVrekin eta honekin gobernuan egindako kolaboraziozko politika batekin.

 

26. Akatsa da pentsatzea orain EA prest dagoela autodeterminazio eskubidearen alde borroka egiteko. Bira hau bere demagogia kalkulatuaren zatia besterik ez da. Badakigu ezker abertzaleko militante askok zintzoki honakoa esaten dutela: “EAkoak orain gure aliatuak dira. Orain bide onetik doaz eta konfiantza izan dezakegu eurengan”. Baina hitz hauei benetako gertakariak kontrajarri behar zaizkie aurrean. Euskal Herriaren eskubide demokratikoen txapeldun bezala aurkezten diren pertsona hauek berberak dira enpresarien eta bankarien interesak defendatu dituztenak indar handiarekin, hezkuntzaren eta osasunaren pribatizazioak bultzatu dituztenak, Ertzaintzaren errepresioa bultzatu dutenak, ezker abertzalea behin eta berriro kalumniatu dutenak, Euskal Herriaren askatasunaren alde hatz bakar bat ere mugitu ez dutenak… Orain berriro engainatu nahi gaituzte. Banku eta enpresen ordezkari demagogikoenak dira. Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren alde borrokatu nahi badugu, beharrezkoa da euskal burgesiako sektore hauen eskaintzak arbuiatzea eta gure indarretan bakarrik izatea konfiantza. Mundu osoan, burgesia mota guztietako koalizioetan bere ordezkariak sartzen saiatzen da bere klaseko interesak inposatzeko eta erakunde borrokalariak ahultzeko. Ez da izango desberdina Euskal Herrian, Irlandako esperientzia garratzak erakusten duen moduan.

 

27. Ezker abertzaleak langile klasearengan eta gazteriarengan bakarrik izan behar du konfiantza, hauen borroka gaitasunean. Ezker abertzaleak gehiengoaren babesa politika iraultzaile bat defendatuz irabazi behar du eta irabaz dezake: langile klasearen batasuna mota guztietako zatiketen gainetik; autodeterminazio eskubidearen defentsa eta konplexurik gabe enpresa handien eta bankaren desjabetzea planteatuko lukeen programa sozialista, langileok gure izerdiarekin sortzen dugun aberastasuna biztanleriaren gehiengoa, enpleguak, hezkuntza, osasuna, hizkuntza, kultura eta gure familien etorkizuna defendatzeko izan dadin.