PSOEren Gobernuaren eta kapitalisten erasoen aurka

 

Greba orokor berri bat behar dugu!

 

 

Gaur egun, mundu osoko kapitalistek eta beren ordezkariek gauza berbera defendatzen dute: krisiari aurre egiteko beharrezkoa da bizi baldintzetan sakrifizioak egitea. Baina hori bai, sakrifizioak egin behar dituztenak ez dira bankariak eta enpresari handiak, mundu osoan zehar egoera honen aurka altxatzen ari diren langileak eta gazteak baizik. Euskal Herritik ere, aurre egin behar diegu kapitalisten eraso guztiei munduko gainerako zapalduekin batera. 

 
 

Ikaragarrizko ondasunak pilatzen dituen burgesiak esaten digu, defizit publikoaren eta gastu sozialen murrizketaren sakrifizioa onartu behar dugula “merkatuen” konfiantza pizteko eta handitzeko. Langile klaseari eskatzen dizkiote sakrifizio guztiak, eta horrela, zor publiko guztia azken euroraino langileek ordaintzea nahi dute. Hala ere, langile klasea eta gazteria erakusten ari dira mundu guztian zehar ez daudela prest eraso hauek onartzeko. Ikusten ari garen borroka eta gatazkak gero eta ezaugarri iraultzaileagoak  dituzte. Arazo sozialak ez omen zeuden Ingalaterra eta Israel bezalako lekuetan izandako gertakariak honen erakusgarri dira. Bi adibide “ezberdin” hauek erakusten dute Euskal Herrian ere posible dela erasoen eta kapitalismoaren aurkako borroka eraginkorra antolatzea.

  

Ingalaterrako gertakizunak

Ingalaterrak hamarkadetan bizi izan zituen istilu handienen ondoren, David Cameron lehen ministroak Parlamentuan adierazi zuen gertakari haiek ez zirela “pobreziaren arazoa, kultura eta ardurarena baizik”. Ideia hau bultzatu zuten behin eta berriro politikariek eta komunikabideek hainbat egunetan. Ingalaterrako hirietako istilu haiek sistema kapitalistaren krisiarekin eta David Cameronen Gobernu kontserbadoreak onartutako herstura plan basatiekin lotzen ari zirenak kriminalizatu egin zituzten. Alderdi Kontserbadoreko Londoneko alkate Boris Johnsonek esan zuenez “bada garaia lapurretetan eta biolentzian inplikatuta dagoen jendeak justifikazio ekonomiko eta sozialak ez entzuteko”. 

Baina burgesiaren ordezkariek bestelakorik esan arren, Ingalaterrako istiluen arrazoia kapitalismoa da. Edo kasualitatea al da istiluak desberdintasun sozial handienak dauden eremuetan ematea? Ba ez. Hain zuzen ere, langabeziak eta pobreziak modu gogorrenean jotzen dituen Londoneko auzo horietan izan ziren istilu gehienak. 

Tottenhamek, istiluen hasiera izan zen auzoak, Londoneko langabezia tasa altuena du eta jaiotzen diren lau haurretatik batek langabezian ditu bere familiako kide guztiak. Gobernu kontserbadoreak egindako murrizketekin egoera are gehiago okertu da, gazteentzako programa sozialak %75 murriztu baititu eta, nahiz eta Britainia Handia osoko tasarik altuena izan gazteriaren langabeziari dagokionez, enplegu bila dabiltzan 50 gazteko lanpostu bakarra baitago. Cameronen Gobernuaren murrizketak, nahiz eta basatiak izan langile klase eta gazteria osoarentzat, are gogorragoak izan dira auzorik behartsuenetan. Hackneyen, istiluek indar handia izan zuten beste eremuan, Gobernuaren murrizketen ondorioz %10 behartsuenarentzat %38 murriztu dira diru sarrerak eta %10 aberatsenarentzat %5 bakarrik. Auzo honen aurrekontua %8,9 murriztu den bitartean, Richmonden, Londoneko auzo aberatsenak biltzen diren tokian, aurrekontuen murrizketak %0,61koak bakarrik izan dira.  

Gaur egun, London da mundu garatuko hirien artean desberdintasun sozial handienak dituena. %10 aberatsenak %10 behartsuenak baino 273 aldiz gehiago dauka eta %20 aberatsenaren eskuetan dago aberastasun guztiaren %60. Londresko milioika langabetu, gazte eta langileren bizi baldintzak okerrera doaz herstura plan basatien ondorioz eta bitartean Londoneko Burtsako 100 enpresa nagusienen kontseilari ordezkarien diru sarrerak %32 hazi ziren 2010ean. Bestalde, London buruan izanik, Britainia Handia ere ez da atzean geratzen, OCDEko estatuetatik aberats eta behartsuen arteko desberdintasunak handienetakoak dituena baita. Orain, krisi ekonomikoaren eta onartu diren murrizketa basatien ondorioz, handitu egin dira desberdintasun horiek.    

Londoneko istiluetan gertatu den bezala, saihestezina da mota honetako leherketa sozialetan egoeraz baliatzen saiatzen diren elementu kriminalak azaltzea. Eta noski, honekin batera, mugimenduarekin zerikusirik ez duten probokatzaileak azaltzea (tartean poliziaren infiltrazioak) eta beren ekintza biolentoekin gobernuari aitzakiak ematea errepresioa handitzeko. Nahiz eta ez ziren egokiak hainbat gaztek erabilitako metodoak, besteak beste bizilagunen kotxeak erretzea edo dendak lapurtzea, beharrezkoa da ulertzea bizi baldintza latzek sortutako etsipenaren ondorio zirela. Istilu hauek kapitalismoaren krisi sozial ikaragarria irudikatzen zuten. Ia egunero ari gara ikusten mundu osoan zehar zabaltzen ari dela erreboltaren sua, gero eta gehiago jarriaz zalantzan sistema kapitalistaren bideragarritasuna.. Burgesia eta komunikabideak gertakizun hauei edonolako ondorio sozial eta politikoak kentzen saiatu diren arren, errealitateak erakusten digu lehen mailako aspektu politikoa islatzen dutela. Azken finean, oinarrian, gaur egungo ereduaren aurkako kritika dira, kapitalismoaren aurkako kritika.  

Milioika herritarren bizi baldintzak okerrera doazen bitartean, Gobernu kontserbadoreak, ardura eta ordenaren aldeko bere hitzekin ez du saihestuko istilu berri gehiago egotea eta, gainera, istilu handiago eta indartsuagoak. Hitz jario demagogiko horren aurrean, beharrezkoa da egoerarekin nazkatuta eta etsita daudenei antolatzearen beharra azaltzea, kapitalismoaren aurka borroka kontziente eta kontsekuente bat prestatzeko, helburu garbiekin eta langile mugimenduaren beraren metodo demokratiko eta parte-hartzaileekin.

Israelgo masa mobilizazioak

 

 

Abuztuaren 7an, Israelek bere historian bizi izandako masa mobilizazio handiena izan zuen, 300.000 pertsona baino gehiagok parte hartu baitzuen estatuko hainbat hiritan antolatu ziren hainbat manifestazioetan. Denetan handiena Tel Aviven izan zen, ia 200.000 pertsonetara heldu baitzen. Kontuan hartzen badugu Israelek 7 milioi biztanle dituela, AEBtan kalera 10 milioi manifestari ateratzea bezala izan zen. Manifestazioetako lelo garrantzitsuena “Herriak justizia soziala eskatzen du” izan zen. Borroka egun garrantzitsu hau uztailean hasitako eta milaka langile eta gazte kalera ateratako protesten jarraipena izan zen. Aste bete lehenago, uztailaren 31ean, 150.000 lagunek hartu zuten parte ongizate estatuaren aldeko erreforma aldarrikatu zen manifestazioetan.   

Bizi baldintzak okertzearen aurkako mobilizazio hauek garrantzi politiko handia dute Israelentzat, baina baita Ekialde Hurbil osoarentzat ere. Gertakizun hauek mundu arabiarrean garatzen ari den prozesu beraren zati dira eta jatorri bera dute: langabezia, pobrezia, bizitzaren garestitzea eta desberdintasun sozialak.    

Protesta hauetan erraz ikus zitekeen mundu arabiarrean gertatzen ari denaren eragina. Manifestazioetan iraultza arabiarrari buruzko kartelak azaltzen ziren, horien artean, “Netanyahu dimititu, Egipto hemen dago” edo “Ibili egiptoar bat bezala”. Tel Aviveko kanpaldian, Rothschild bulebarrean kokatutakoa, honakoa irakur zitekeen: “Rothschild, Tahriren (Egitoko plaza iraultzailea) izkina”.

Protestak uztailaren 14ean hasi ziren etxebizitzaren prezioaren gorakada salatzeko hiriburuan egindako kanpaldi batekin. 2008tik %55 igo da etxebizitzen prezioa eta %27 alokairuena. Mugimendua azkar zabaldu zen eta inkesten arabera biztanleriaren %87k babesten zuen. Aurreneko manifestazio garrantzitsua uztailaren 23an izan zen Tel Aviven, 40.000 gazte baino gehiagok parte hartuz eta hiriak gogoratzen duen mitinik handienean bihurtuz. Egun horretan bertan, udaletxeko langileek greba egin zuten akanpatuta zeudenei elkartasuna adierazteko. Aldi berean, ikasleen eta irakasleen borrokak zeuden hezkuntzako murrizketen aurka, bost aste lehenagotik bertako medikuak greban zeuden soldata baxu eta lan jardunaldi luzeengatik (ondoren erizainak gehitu zitzaizkien) eta abuztuaren 1ean udaletxeko 100.000 langile baino gehiagok Udaletxeko Enplegatuen Sindikatuak deitutako greba jarraitu zuten. Histradut konfederazio sindikal israeldarrak, hasiera batean ez zien mobilizazioei babesa eman nahi izan, baina langile klasearen eta beren militanteen presioak posizioz aldatzera behartu zuten zuzendaritza. Oler Eini idazkari nagusiari greba orokorrik deituko ote zuten galdetu ziotenean “dena da posible, Netanyahuk uko egiten badio negoziatzeari” erantzun zuen. Aurrera pauso handia izan zen kontuan hartzen badugu protesten hasieran adierazpen hauek egin zituela: “Ez dugu babestuko demokratikoki aukeratua izan den lehen ministroa umiliatzea nahi duen eta bere erorketa bilatzen duen mugimendu bat. Ez gara ez Egipto, ez Siria”.

Garrantzia ikaragarriko beste gauzetako bat manifestazioetan judutarrek eta palestinarrek, lehen aldiz hamarkadetan, batera parte hartzea izan da. Manifestazioetan pankarta asko ikus zitezkeen hebreeraz eta arabiarrez idatzita, eta baita Estatu palestinarraren alde eta Gaza eta Zisjordaniako errepresioaren aurka ere. Oso berri ona da jakina baita klase dominatzaile sionistak banaketa erabili duela hamarkadetan langile klasea lerro erlijioso eta etnikoetan banatzeko, errepresio ankerrera eta gerrara errekurrituz beharrezkoa izan zaion guztietan.

Borroka ez zen abuztuan amaitu, estatuko 50 hiritan irailaren 3an izandako mobilizazioek erakutsi zuten bezala. Masen leherketa sozialak gobernua astindu du eta langile arabiar eta judutarren batasuna posible dela erakutsi du. Langile klase israeldarrak esperientziaren bidez ikasiko du bere benetako etsaia ez dela langile arabiarra edo beste nazioetakoa, klase dominatzaile israeldarra baizik. Mundu guztian gertatzen ari den moduan kapitalista israeldarrek ere krisiaren pisu guztia langileen gainean jarri nahi dute, beren benetako aurpegia erakusten ari dira. Hauek dira etsaiak. 

 

Euskal Herria: Erasoak geratzeko borroka eraginkorra berrartu behar da

 

 

Munduko leku askotan bezala, beharrezkoa da eta posible da Euskal Herrian ere borroka sakontzea. Zapateroren Gobernuak hainbat neurri onartu ditu langile klasearen aurka azken hilabeteetan bata bestearen atzetik: horietako bat konstituzioaren erreforma izan da gastu publikoaren mugari buruz. Krisiaren zama guztia gazteen eta langileen bizkar gainean jarri nahi dute. Bitartean, enpresari handi, bankari eta espekulatzaileentzat, ekonomikoki mesede egiten dieten neurriak onartzen dira. 

PSOEren Gobernuak eraso gehiago ekarri dizkigu bere agintaldiaren amaieran, berriro ere, kaltetuenen aurka. Alde batetik, prekarietatean eta langabezian dauden gazteen aurka, eta bestetik, langileria osoaren aurka. Onartutako erreformek aldi baterako kontratuen kateatze mugagabea balioztatzen dute eta 30 urtera heldu arte “praktiketako gazte” bezala hartuko da edozein pertsona. Honek guztiak atzerakada suposatuko du lan baldintza eta lan eskubideetan, soldatak ere are gehiago jaitsiz. 

Baina neurri hauek ez datoz bakarrik. Erabateko presarekin, konstituzioaren aldaketa iragarri zen abuztuan, sektore publikoan inbertsioen murrizketa azkartzea proposatzen zuena. Orain, hezkuntza eta osasun publikoa erasotzea izango da PPren helburu nagusia. Katalunian CiUren Gobernuak egin dituen murrizketak dira aurrekari. 

Urtarriletik jasan ditugun eraso gogorrak hauen aurka batik bat UGT eta CCOO sindikatuetako zuzendaritzek emandako erantzun faltaren ondorio dira. ELA eta LABeko zuzendaritzen partetik ere ordea, akatsa izan da urtarrilaren 27ko greba orokor garrantzitsuari mobilizazio eta greba orokorren borroka plan batekin jarraipena ez ematea. UGT eta CCOOeko agintarien politika desmobilizatzaile eta paktistak, PSOEren Gobernua, PP eta kapitalista handiak harrotzeko bakarrik balio izan du. Egoera hori baliatuz, langileen aurkako eraso gehiago eskatzen egon dira gure bizi baldintzen eta gure etorkizunaren kontura ondasun multimilioidunak pilatuz.  

Beharrezkoa da mobilizazio eta borroka eraginkorren bidea berrartzea. Adibide asko ari gara ikusten mundu mailan. Horretarako, oinarrizkoa da kurtso hasiera honetarako greba orokor berri bat deitzea. Orain arteko greba orokorrek eta M15 mugimenduak erakusten dute honelako deialdi batek gazteen eta langileen babesa izango lukeela.

Agintari sindikalek aukera garrantzitsua dute egoera erabat aldatzeko. Langile klasearengana, gazteriarengana eta M15 mugimendura zuzenduz, greba orokor berri baten aldeko eztabaida eta deialdia bultzatuz, batzarrak eginez eta denboran luzatuko litzatekeen borroka plan bateratu bat landuz, posible da kendu dizkiguten eskubideak berreskuratzea eta hurrengo hilabeteetan datozkigun erasoetatik defendatzea, eta nola ez, gizarte sozialista baten aldeko borrokan zutabe sendoak eraikitzea.