Tolosako alde zaharreko Engels Ateneoan Euskal Herria Sozialistaren bilera irekia egingo da. Bertan Euskal Herria Sozialistaren gaur egungo egoeraren analisia eta alternatiba sakonduko dira. Euskal Herriko langile, ikasle, langabetu, pentsionista eta gazteei dei egiten diegu bertan parte hartzeko.   

 

Urriak 7 ostirala arratsaldeko 7etan

Gaur egun, mundu osoko kapitalistek eta beren ordezkariek gauza berbera defendatzen dute: krisiari aurre egiteko beharrezkoa da bizi baldintzetan sakrifizioak egitea. Baina hori bai, sakrifizioak egin behar dituztenak ez dira bankariak eta enpresari handiak, mundu osoan zehar egoera honen aurka altxatzen ari diren langileak eta gazteak baizik. Euskal Herritik ere, aurre egin behar diegu kapitalisten eraso guztiei munduko gainerako zapalduekin batera. 

Ikaragarrizko ondasunak pilatzen dituen burgesiak esaten digu, defizit publikoaren eta gastu sozialen murrizketaren sakrifizioa onartu behar dugula “merkatuen” konfiantza pizteko eta handitzeko. Langile klaseari eskatzen dizkiote sakrifizio guztiak, eta horrela, zor publiko guztia azken euroraino langileek ordaintzea nahi dute. Hala ere, langile klasea eta gazteria erakusten ari dira mundu guztian zehar ez daudela prest eraso hauek onartzeko. Ikusten ari garen borroka eta gatazkak gero eta ezaugarri iraultzaileagoak  dituzte. Arazo sozialak ez omen zeuden Ingalaterra eta Israel bezalako lekuetan izandako gertakariak honen erakusgarri dira. Bi adibide “ezberdin” hauek erakusten dute Euskal Herrian ere posible dela erasoen eta kapitalismoaren aurkako borroka eraginkorra antolatzea.   

Euskal Herria: Erasoak geratzeko borroka eraginkorra berrartu behar da

 

Munduko leku askotan bezala, beharrezkoa da eta posible da Euskal Herrian ere borroka sakontzea. Zapateroren Gobernuak hainbat neurri onartu ditu langile klasearen aurka azken hilabeteetan bata bestearen atzetik: horietako bat konstituzioaren erreforma izan da gastu publikoaren mugari buruz. Krisiaren zama guztia gazteen eta langileen bizkar gainean jarri nahi dute. Bitartean, enpresari handi, bankari eta espekulatzaileentzat, ekonomikoki mesede egiten dieten neurriak onartzen dira. 

PSOEren Gobernuak eraso gehiago ekarri dizkigu bere agintaldiaren amaieran, berriro ere, kaltetuenen aurka. Alde batetik, prekarietatean eta langabezian dauden gazteen aurka, eta bestetik, langileria osoaren aurka. Onartutako erreformek aldi baterako kontratuen kateatze mugagabea balioztatzen dute eta 30 urtera heldu arte “praktiketako gazte” bezala hartuko da edozein pertsona. Honek guztiak atzerakada suposatuko du lan baldintza eta lan eskubideetan, soldatak ere are gehiago jaitsiz. 

Baina neurri hauek ez datoz bakarrik. Erabateko presarekin, konstituzioaren aldaketa iragarri zen abuztuan, sektore publikoan inbertsioen murrizketa azkartzea proposatzen zuena. Orain, hezkuntza eta osasun publikoa erasotzea izango da PPren helburu nagusia. Katalunian CiUren Gobernuak egin dituen murrizketak dira aurrekari. 

Urtarriletik jasan ditugun eraso gogorrak hauen aurka batik bat UGT eta CCOO sindikatuetako zuzendaritzek emandako erantzun faltaren ondorio dira. ELA eta LABeko zuzendaritzen partetik ere ordea, akatsa izan da urtarrilaren 27ko greba orokor garrantzitsuari mobilizazio eta greba orokorren borroka plan batekin jarraipena ez ematea. UGT eta CCOOeko agintarien politika desmobilizatzaile eta paktistak, PSOEren Gobernua, PP eta kapitalista handiak harrotzeko bakarrik balio izan du. Egoera hori baliatuz, langileen aurkako eraso gehiago eskatzen egon dira gure bizi baldintzen eta gure etorkizunaren kontura ondasun multimilioidunak pilatuz.  

Beharrezkoa da mobilizazio eta borroka eraginkorren bidea berrartzea. Adibide asko ari gara ikusten mundu mailan. Horretarako, oinarrizkoa da kurtso hasiera honetarako greba orokor berri bat deitzea. Orain arteko greba orokorrek eta M15 mugimenduak erakusten dute honelako deialdi batek gazteen eta langileen babesa izango lukeela.

Agintari sindikalek aukera garrantzitsua dute egoera erabat aldatzeko. Langile klasearengana, gazteriarengana eta M15 mugimendura zuzenduz, greba orokor berri baten aldeko eztabaida eta deialdia bultzatuz, batzarrak eginez eta denboran luzatuko litzatekeen borroka plan bateratu bat landuz, posible da kendu dizkiguten eskubideak berreskuratzea eta hurrengo hilabeteetan datozkigun erasoetatik defendatzea, eta nola ez, gizarte sozialista baten aldeko borrokan zutabe sendoak eraikitzea.

Alternatiba badagoelako Euskal Herria Sozialistak bilera irekiak egiteko erabakia hartu du eta bertan gaur egungo egoeraren analisia eta alternatiba sakonduko dira. Euskal Herriko langile, ikasle, langabetu, pentsionista eta gazteei dei egiten diegu bertan parte hartzeko. Gonbidatuta zaudete!

Hurrengo bilera:

Eguna: urriaren 7an

Ordua: arratsaldeko 19:00tan.

Non: Tolosako Engels Ateneoan (Errementari kalea, 8. Alde zaharra.)