Ibaetako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (2.2 gela)

Azaroak 9, asteazkena

15:30- Bideo emanaldia: Revolución y Guerra civil (Instituo del Pensamiento Socialista-Karl Marx)

17:30- Hitzaldia: II. Errepublika, gerra zibila eta langile iraultza

Isiltasun kontziente bat gordetzen da kapitalisten eta Estatu aparatuaren aldetik, belaunaldi berrien gogora ekartzea komeni ez zaizkien gertaera historikoen aurrean. Urteetan, oroimen historikoa berreskuratzeko milaka eta milaka pertsonen ahaleginek talka egin dute aurrez aurre mota guztietako traba burokratikoekin, ikerketa artxiboen ezkutatzearekin, epaileen axolagabekeriarekin, etab. Argi erakutsi dute oraindik ere frankismoaren oinordekoek boterearen kargu handienetan dirautela, Estatu aparatuak, faxismoaren krimenak zigorrik gabe uzteko behin eta berriz agertu duen konplizitatearekin eta eskuinak, oroimen historikoaren gaiarekin erakusten duen amorruarekin. Oraindik garai haietako errepresioaren zauriak irekita jarraitzen dute egungo langile eta gazte askorengan eta ez da harritzekoa, azken batean, iraganean sistema honen aurka altxa zirenen eta erail zituztenen aldarrikapenak oraindik ere funtsean betetzeke baitaude.

Hezkuntza sistemak eta komunikabideek gazte eta langileen iraganeko borroka iraultzaileak historiatik ezabatzen edota desitxuratzen dituzte etengabe. Baina gertakizun hauek perspektiba zabal batetatik hartuz, argi ikus daiteke gatazka horiek anaiartekoak izatetik urrun klase arteko borrokaren espresio indartsuenak izan zirela guztiak, eta iraganean bezala, etorkizunean ere mota honetako gertaerak ematea saihestezina dela.

Marxismoaren ekarpen garrantzitsuenen artean historia ulertzeko ikuspegi materialistarena dago. Hemen oinarrituz, jardunaldietako lehen hiru hitzaldietan, prozesu historiko gertukoenak eta egungo egoera ulertzeko erabakigarrien zaizkigunak landu nahi ditugu, 30. hamarkadatik eta gerra zibiletik hasiz, “trantsizioa” deiturikoa barne eta baita bide batez Estatu frantziarreko 68ko maiatzeko iraultza ere. Azken hitzaldian berriz, egun bizi dugun egoeraren inguruan hausnartu nahi genuke: krisiaren dinamika, kapitalistak hartzen ari diren jarrera, langileen eta gazte mugimenduaren indarra, aurrera begira ditugun erronkak eta egungo garaietako iraultza sozialistaren perspektiba landuz.

Horregatik, aurtengoan hitzaldi berezi bat antolatu dugu IV Jardunaldi Marxistetan, II. Errepublika garaian eta gerra zibilean langile iraultzaren alde borrokatu zuten haiek guztiak omendu asmoz. Errepublikaren aldarrikapenetik 80. urteurrena eta altxamendu frankistaren hurrengo egunean eman zen iraultzatik 85.a betetzen dela aprobetxatuz, borrokalari antifaxistei omenaldi bat egiteko Federiko Engels Fundazioak Juan Ignacio Ramosen liburuaren lehen bolumena argitaratu du: Revolución Socialista y Guerra Civil (1931-1939). Garai haietako, gertaera garrantzitsuak sakonago aztertzeko antolatu dugun hitzaldira gonbidatzen zaitugu. Beharrezkoa da eskuinaren auka Oroimen Historikoaren alde borrokatzea. Denbora asko igaro den arren, kapitalismoaren krisiak agerian uzten du borroka hura ez zela alferrikakoa izan. Langile, nekazari eta gazte belaunaldi bat borrokara eraman zituzten ideia iraultzaileek behar-beharrezkoak izaten jarraitzen dute.

Gertakizun haietan gaur egun baliagarriak zaizkigun ikasgai asko ezkutatzen dira. Eskolako testu liburuetan, ordea, irudi desitxuratu bat aurkezten da beti gerra zibilaren inguruan. Azken batean, oraindik ere, garaileen ikuspegiak gailentzen jarraitzen du. Orokorrean langile mugimenduaren indarra eta aldarrikapenak ezabatzen dira historiatik eta “demokraziaren alde borrokatu zuen” errepublika eta burgesia idealizatzen da. Esate baterako, oinarrizkoa da EAJ-PNVk jokatu zuen papera zein modutan desitxuratzen den aztertzea.

Frankok berak, altxamendu militarra komunismoaren aurkako gurutzada bezala justifikatu zuenean ez zebilen hain oker, gerra hura irabazteko modu bakarra iraultza sozialistaren alde borrokatzea baitzen. Baina horretarako indarrak eta baldintzak ezin hobeak baziren ere, azken batean, 1917ko Errusian zegoen alderdi boltxebike iraultzailea falta izan zen.

Argi dago, sozialismoaren ideien eztabaida kapitalistek geroz eta gehiago kontrolatu nahi duten hezkuntza sistema honetatik kanpo geratzen dela. Baina bestalde, gizarte eredu hau irauli nahi dugunontzat erabat ezinbestekoa zaigu eztabaida hau garatzea. Hori dela eta, omenaldian parte hartzera gonbidatzen zaitugu.