Eskubide demokratiko nazionalen aldeko eta murrizketa sozialen aurkako borrokak

klaseko programa iraultzailea eskatzen du

 

Ekintza politikoaren alde ezker abertzaleak egindako apustuak honek iniziatiba hartzea suposatu du eta, aldi berean, gero eta pobreago diren langile klasearentzat eta sektore herrikoientzat erreferente bihurtzea. Egoera berri hau, Europa eta batez ere hegoaldeko herrialde atzeratuak epizentroan dituen, maila internazionaleko sistema kapitalistaren krisiaren testuinguruan ari da gertatzen, iraultzaren eta kontrairaultzaren goranzko prozesuen markoan. 90. hamarkadan Amerika Latinan hasi zen eta 2011n iraultza arabiarra lehertu ondoren Europara eta mundu guztira zabaltzen ari da masen mobilizazio handiekin.

Euskal Herriak ez dio alde egiten sistemaren krisiari. Euskal industriaren pisuak eta honen gaitasun esportatzaileak langabezia handitzea moteldu arren, atzeraldia gogortzeak langabeziaren zifrak maila historikoetara igoarazi ditu Hego Euskal Herrian. Une honetan 200.000 langabetutik gora daude. Nafarroa izan da igoerarik handiena sufritu duen herrialdea, 50.000 langabetutik pasatu baita.

Proposamen berriak: “Konponbide haizea dabil”

Ezker abertzalea, 2011ko maiatzeko eta azaroko hauteskundeetan lortutako hauteskunde emaitza ikaragarriekin, euskal langile biztanleriaren gehiengo handiak eskatzen duen alternatiba bihurtzeko baldintza onenetan dago. 2011ko udazkeneko EUSKO BAROMETROko datuak oso adierazgarriak dira: biztanleriaren %78 negoziaketaren alde dago eta %75a presoak gerturatzearen alde. Gehiengoa dira ere, hain zabala ez izan arren, “Parot doktrina”, Arnaldo Otegiren kartzelaratzea eta ezker abertzalearen aurkako errepresioa bezalako egoerak gaitzesten dituztenak. Errealitate honek Estatu aparatuko sektoreak ere presionatzen ditu. Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak berak uste du Parot doktrinari eta Sortu legez kanporatzeko Auzitegi Konstituzionak hartutako erabakiak “bakea eta Euskadiren errekontziliazioa lortzeko” helburuarekin egokitu behar direla eta “errealitate soziala tribunalek kontuan hartu beharreko irizpideetako bat” dela.    

Aldarri orokor bat dago modu askotan azaleratu dena, garrantzitsuena 2012ko urtarrilaren 7ko manifestazio historikoa, 100.000 pertsona baino gehiagorekin Bilboko kaleetan euskal preso politikoen eskubide demokratikoak eskatu zuena. Iparraldean ere gatazkaren irtenbidearen aldeko sentimendu handia dago. Horren adibide da Senatuko komisio batean Nicole Borvo CRCko senatari komunistak aurkeztutako emendakina onartzea, beren bizilekutik gertu dauden kartzeletan kondena betetzeko presoen eskubidea aitortzen duena. Azkenean, proposamena onartu zuten anbiguotasun handiarekin izan arren. Gainera, Grenet Baionako alkateak, adierazi du Justiziak baztertu egin behar dituela “dagoeneko existitzeko arrazoirik ez duten extradizioko hainbat prozedimentu”. Edozein kasutan, gatazkaren irtenbide azkarraren aurka eta bide errepresiboaren alde apustu egiten duten sektoreak ere existitzen dira, Iparraldeko azken atxiloketekin argi geratu den bezala.   

Ezker abertzaleak aurkeztutako “konponbide haizea dabil” dokumentuak esaten duen bezala: “Hala, beharrezko ikusten dugu egungo espetxe-politika ankerrari amaiera ematea. Gaixotasun larriak dituzten presoak eta zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteta dituztenak kartzelatik atera behar dituzte. Sakabanaketari amaiera eman behar diote, euskal preso politikoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatuz, euren etxeetara bueltatzeko prozesuari hasiera emateko urrats gisa. Halaber, errepresio politikak, polizia-jazarpenek, militante independentisten aurkako atxiloketa, epaiketa eta kartzelaratzeek behin betiko amaitu behar dute. Salbuespen politika guztiek amaitu egin behar dute eta euskal jendartearen eskubide zibil eta politikoak bermatu behar dira. Eskubide horien artean premiazkoa ikusten dugu Sorturen legalizazioa”. Aldi berean, langile klaseak diktaduraren aurkako borrokan lortutako eskubide demokratikoak  hamarkadetan zehar murriztu zituen salbuespeneko legeria deuseztatzea eskatzen du, besteak bestea, Corcuera Legea, Parot doktrina, Alderdien Legea etab. Azken finean, Euskal Herria biztanleko indar polizial gehien dituen Europako zonaldea izateari uztea eta autodeterminazio eskubidea aitortzea aldarrikatu behar dira.

Eskuinaren hipokresia

Gatazka konpontzearen alde ezker abertzaleak emandako pauso positibo bakoitzak agerian jartzen ditu azken urteetan eskubide demokratikoak murrizteko eta Estatuaren aparatu errepresiboa indartzeko ETA aitzakia bezala erabili duten haien guztien faltsutasuna eta hipokresia. Bide esklusiboki politikoaren aldeko ezker abertzaleak egindako apustuak eta behin betiko bere aktibitatea uzteko ETAk hartutako erabakiak, Estatuaren aparatu errepresiboa, polizia eta salbuespeneko legeak inoiz baino gehiago indartzeko beharra zuten unean harrapatu ditu, hau nahitaezkoa baitute krisi garai honetan bankarien eta botere ekonomiko handien pribilegioak defendatzeko, murrizketa sozialen politika basatia defendatzeko eta aurreikusi daitekeen errebolta sozial bati aurre egiteko.

Ezker abertzaleak autokritika egin eta gatazkako biktima guztien sufrimendua aitortzen duen bitartean, PPtik eta Estatuko aparatu judizialetik erabateko aurkakotasuna dago frankismoaren krimenak ikertzeko. Eskura dituzten baliabide guztiak erabiliz, eta gaizki deitutako 1977ko Amnistiaren Legeari indar handienarekin helduz (errealitatean “Ley de punto y final” bezala ezagutzen dena frankismoaren krimenak zigorgabe utziz) oraindik estatu aparatua osatzen duten faxistei eta torturatzaileei estaldura legala ematen diete beren delituak inoiz ordaindu ez ditzaten. Ikasle valentziarrak jipoitzeko ankerki erabiltzen den aparatu errepresibo berbera; M15aren aurkako errepresioa justifikatzeko Catalunyako eta Madrileko manifestazioetan probokatzaileak infiltratu zituen berbera; langabeziaren aurka eta lurraren eskubidearen alde egiteagatik SOCeko jornalari andaluziarrak ehunka kausa judizialetara jazartzen dituen berbera da. Azken finean, Euskal Herriari eskubide demokratiko nazionalak ukatzen dizkion estatu aparatu berbera da.     

Alderdi Popularraren estrategia ez da euskal gatazka politikoa konpontzea, sistema honen oinarrien aurka egiten duen edozein aldaketa sozial eta politikoren aurka borrokatzeko martxan jarri zituen instrumentuak mantentzea baizik. Horregatik bere itxikeria. PPk, Raxoyren eta Basagoitiren hitzetan, “ez da gauza arrarorik egingo eta ez da ez amnistiarik ez oparirik egongo” azpimarratzen du. “Opariak” ez egoteaz gain ilegalizazio politikarekin jarraitzen dute, Sortu-ren kasuak eta kartzela zigor oso gogorrei aurre egin beharko dieten Demokrazia 3 Milioi hauteskunde plataformako bultzatzaileen eta Askatasuna alderdiaren aurkako epaiketak  erakusten duten bezala. 

Ez daude “opariak”, basakeria dago. Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainiarrak adierazi zuen “kartzela-politika politika antiterroristako zatirik sentikorrenetakoa” dela eta ETAri bota zion presoen egoeraren errua, “kartzela onurak hartzea debekatu eta enfrentamenduko jarrera izatera behartzen” dituela esanez. Zer zerikusi du horrek legeria ez betetzearekin? Edo, zergatik ez dute hirugarren gradua ematen? Edo, zergatik ez dituzte gaixotasun larriak dituzten presoak askatzen?

Eskubide demokratikoen aldeko eta murrizketa sozialen aurkako borroka berdina da.

Klaseko programa iraultzailearen alde

Ezker abertzaleak, Amaiur osatzen duten gainerako indarrekin batera, Lan erreformaren dekretua onartu eta hurrengo egunean manifestazioak deitu zituen lau herrialdeetan. Horren ondoren etorri zen euskal gehiengo sindikalaren martxoaren 29ko greba orokorraren deialdia, aurrerapauso garrantzitsua suposatuz langile klasearen eskubideen aurkako eskuinaren erasoaldia geratzeko. 

Esperientziak erakutsi duen bezala, Euskal Herrikoez gain, eraso hauek mundu osoko, Europa osoko eta estatu espainiar osoko langile eta gazteek sufritzen dituzte. Gure lorpen historikoetan atzera egin dezagun, burgesia bere erasoaldian elkartu egiten da muga nazionalen gainetik. Horregatik, langileen batasun zabalenaren bidez bakarrik, eta programa sozialista eta internazionalistaren defentsarekin, izango da posible kapitalistak eta beren politika atzerakoiak garaitzea. Ezker abertzalea orokorrean internazionalista, sozialista eta ezkertiarra sentitzen da behin baino gehiagotan erakutsi duen bezala, munduko prozesu iraultzaileak, Kubako eta Venezuelako iraultza, eta kapitalaren diktaduraren eta errepresioaren aurkako masa arabiarren iraultza babestuz. Ez dugu zerikusirik EAk defendatzen duen ideologia burgesarekin, hemen aberatsagoak garela eta bakarrik salba gaitezkeela azpimarratzen duten ideiekin. Diskurtso atzerakoi hori Italian Ipar Ligak edo EBri dagokionean Alemanian Merkelek erabiltzen duena da.

Ez dago salbaziorik kapitalismopean euskal langile klasearentzat, eta are gutxiago burgesiarekin aliantzak adostuz, hau espainiarra, frantziarra, euskal herritarra edo kataluniarra izan. James Connolly irlandar iraultzaile handiak esan zuen bezala: ““Bihar Ejertzito ingelesa botatzen baduzue eta bandera berdea Dublingo Gazteluan eskegi, Errepublika Sozialista antolatzeari ekiten ez badiozue behintzat zuen esfortzuak alferrikakoak izango dira. Ingalaterrak zuek menderatzen jarraituko du. Beraien kapitalisten bidez menderatuko zaituzte, lurjabe handien bidez, finantzarien bidez, herrialde honetan landatu dituzten merkataritza erakunde eta erakunde indibidualisten bidez, gure amen malkoez eta gure martirien odolez ureztaturik. Ingalaterrak porroteraino eraman arte menperatuko zaituzte, baita zuen ezpainek bere kausa traizionatu zenuten Askatasun horren santutegiari omenaldi hipokrita bat eskaintzen badiote ere”.

Connollyk beti aztertu zuen askapen nazionalaren aldeko borroka klaseko ikuspuntutik, sozialismoaren aldeko borrokaren ikuspuntutik. Inoiz ez zuen izan konfiantzarik burgesia irlandarrean eta bere helburua langile klasearen mugimendu independente bat eraikitzea izan zen. Berarentzat hau zen Irlanda aske bat lortzeko modu bakarra. Bere heriotzaren ondoren gertatu den guztiak arrazoia ematen dio. Irlandaren, herri palestinarraren, Kurdistanen, Eskoziaren edo Euskal Herriaren askapen nazionalaren aldeko borroka iraultza sozialistari erabat lotuta dago, inongo herrik ezin du lortu benetako askapen nazionala kapitalismopean eta hori inoiz baino egiagoa da Grezia, Italia, Portugal eta Estatu espainiarra bezalako “estatu subiranoetan” kapital handiaren diktaduraren esku hartzea jasaten ari direnean.