Auzitegi Konstituzionalak Sortu legeztatu behar izan du azkenean langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio sozialaren ondorioz. Mobilizazio sozial masiboaren eta borroka politikoaren alde ezker abertzaleak egindako apustuaren aurrean, garbi zegoen lehenago edo beranduago Auzitegi Konstituzionala Sortu legeztatu beharrean izango zela. Honetan guztian zerikusi handia izan du ezker abertzaleak lortutako babes sozialak, eta hori Bildu eta Amaiurrek lortutako hauteskunde emaitzen bidez ere ikusi da. Euskal Herri aske eta sozialistaren aldeko borroka antolatzea da orain Sorturen eginkizuna.

Eskuinak ez du oso gustura hartu Sorturen legalizazioa. PPren gobernuak ez zuen denbora galdu erabaki honekiko zuen bere desadostasuna azaltzeko. Esperanza Aguirrek beharrezkotzat jo zuen Tribunal Konstituzionalean murrizketak ezartzea sententzia hau emateagatik, greba orokorraren ondoren sindikatuekin egin zuen bezala. Zentzu honetan, Hauteskunde Legea aldatzea aztertzen ari da PPren gobernua, ETAk mehatxatuta egoteagatik Euskal Autonomi Erkidegoa utzi behar izan omen zutenek Eusko Legebiltzarreko datozen hauteskundeetan parte hartzeko aukera izan dezaten. 

Ez da kasualitatea izan Sortu legeztatzeko erabakian eta ezker abertzalearen apustu berrian eskuinak oztopoak jarri izana. ETAren ekintza armatuak lege atzerakoienak aplikatzeko eta eskubide demokratikoak murrizteko erabili izan dituzte, orain lege horiek krisi kapitalistak eragindako borroka sozialen aurka erabiltzen dituzte eta, etorkizunean ere, erabiliko dituzte. Eskubide demokratikoen aurkako erasoaldia ez zegoen ezker abertzalearen aurka soilik zuzenduta. Orain, neurri berberak erabiltzen ari dira langile mugimenduaren, sindikalisten eta murrizketen aurkako borroketan parte hartzen dutenen aurka, martxoaren 29ko greba orokorrean parte hartzeagatik egondako atxiloketekin ikusi ahal izan dugun moduan. Gaur errazagoa da hau ikustea meatzarien borrokekin, M15 mugimenduarekin eta SOC eta CGT bezalako sindikatuetako arduradunekin neurri berberak aplikatzen baitituzte. Horregatik da hain garrantzitsua eskubide demokratikoen aldeko borroka Estatu espainiarreko langile klasearen erakundeek ere defendatzea.   

Sorturen legalizazioak agerian uzten ditu beste behin urte luzeetan zehar Euskal Herrian egon diren eskubide demokratikoen murrizketak: independentzia defendatzeagatik gazteriaren aurkako atxiloketak eta kondenak, kode penalaren aldaketak kondenak gogortzeko eta espetxealdiak luzatzeko, eskubide demokratikoen aldeko manifestazioen debekuak… Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian hartutako etengabeko neurriak sufritu ditu Euskal Herriak eta, bereziki, ezker abertzaleak. Neurri hauen guztien buru izan den Alderdien Lege antidemokratiko eta atzerakoiak debekatu egin die ehunka mila herritarri botoa ematea ere. PP eta PSOEk bultzatutako eta EAJ eta EAren gobernuak behin eta berriro aplikatutako lege honek etengabe jazarri eta erreprimitu ditu oinarrizko eskubide demokratikoak eta ezker abertzalea.  

Hala ere, Sorturen legalizazioarekin ez dira amaitu eskubide urraketa guztiak. Horien artean aurkitzen da euskal preso politikoek eta euren senideek jasan beharreko sufrimendua. Dispertsio politika eta Parot legea bezalakoek xantaia politikoa izaten jarraitzen dute, eta orain arte bezala funtsezkoa da hauen aurkako borrokari jarraipena ematea. Euskal preso politikoak berehala gerturatzea exijitzen jarraitzearekin batera preso guztiak kalean izan arteko borrokak aurrera jarraitu behar du.

Sortu eta langile klasea

Kapitalismoaren historiako krisi gogorrena bizitzen ari garen honetan, Euskal Herrian ere mobilizazio handiak izaten ari gara azken hilabeteetan: eskubide demokratikoen aldeko mobilizazio jendetsuak, euskal preso politikoen aldeko urtarrileko manifestazio historikoa eta etengabeko mobilizazioak, Bildu eta Amaiurren hauteskunde emaitza historikoak eta martxoaren 29ko greba orokorra besteak beste. Testuinguru honetan, ezker abertzalearen borroka politikoak oinarrizko zutabea izan behar du: masen parte hartze masiboa eskubide demokratiko eta sozialen alde, kapitalismoaren aurka eta sozialismoaren alde.

Euskal Herrian bezala mundu mailan izaten ari diren gertaerak, Amerika Latinako prozesu iraultzaileak, herri arabiarretako iraultzak, Europako osoko mobilizazio eta greba orokorrak, Greziako leherketa sozialak… ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Langile klasea mahai gainean jartzen ari da ikasgai historiko bat: aldaketa sozial handiak masen ekintza zuzenaren ondorioz gertatzen dira, etorkizuna beren eskuetan hartzen dutenean. Inoiz baino gehiago, Sortuk langile klasearengan eta gazteriarengan bakarrik izan behar du konfiantza, hauen borroka gaitasunean. Sortuk gehiengoaren babesa politika iraultzailea defendatuz irabazi behar du, eta irabaz dezake: langile klasearen batasuna mota guztietako zatiketen gainetik; autodeterminazio eskubidearen defentsa eta konplexurik gabe enpresa handien eta bankaren desjabetzea planteatuko lukeen programa sozialista, langileok gure izerdiarekin sortzen dugun aberastasuna biztanleriaren gehiengoa, enpleguak, hezkuntza, osasuna, hizkuntza, kultura eta gure familien etorkizuna defendatzeko izan dadin.

Langile klasea sozialismoaren aldeko borrokan antolatzeko helburuan Sortu legezko izatea aurrerapausoa izango da, ezker abertzaleak aukera izango baitu erakunde politiko bezala egituratzeko. Baina sarritan esan dugun bezala, bide honek ere baditu arriskuak. Ezker abertzaleak borrokako fronte garrantzitsuena bezala fronte instituzionala hartzen badu, EA bezalako burgesiaren sektoreekin, edo EAJrekin, aliantzak egiten, programatik sozialismoaren aldeko borroka kentzearen truke, honek oso ondorio negatiboak izango ditu. Estrategia honek, zuzentzen ez bada, Ipar Irlandan Sinn Feinek duen egoera berdinera eraman dezake Sortu. Zoritxarrez, Sinn Feineko agintariek erabat desagerrarazi dute sozialismoaren aldeko borroka eta kapitalismoaren aldeko politikan erabat inplikatuta daude, Londresko aginduak betetzen dituzte langile klase irlandarraren kaltean.

Sortuk aukera historiko paregabea du langile klasearengana zuzentzen bada klaseko independentziaren programa sozialistarekin. Sortuk ez luke inolako konfiantzari izan behar EA eta EAJ bezalako alderdi burgesengan. Ez dugu ahaztu behar askapen nazionalaren eta askapen sozialaren etsairik handiena etxean dugula: euskal bankari eta enpresari handiak, alegia, euskal burgesia. Sortuk langile klasean eta euskal gehiengo sindikalean oinarritu behar du murrizketa sozialen aurkako borroka bultzatzeko.

Euskal Herriaren eskubide demokratikoen eta autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka ez da lortuko helburu hauen etsaia den euskal burgesiaren eskutik. Helburu demokratiko hauek, gizartearen eraldaketa sozialistarekin batera, Marx eta Engelsek Manifestu Komunistan defendatutako langile klasearen batasun internazionalistaren bidetik eskura daitezke soilik. Horregatik, munduko eta Europako langileekin batera, Estatu espainiarreko eta frantziarreko langileak dira gure aliatu bakarrak. Sorturen eginkizuna da beraz langile internazionalismoa, autodeterminazio eskubidea eta sozialismoa defendatzea. Aurrera Sortu sozialista eta iraultzailea!