Paris, Marseilla, Lyon, Tolosa, Baiona Lille, Nantes, Bordele, Estrasburgo... Milioika langilek eta gaztek ehunka hiri eta herritako kaleak hartu dituzte borroka honen bederatzi eta hamargarren greba orokorretan, eta hamaikagarrena egiteko deia luzatu da apirilaren 6rako. 68ko maiatzetik aurrekaririk ez duten egun historikoak ikusten ari gara. Macron eta bere Gobernuak, erretreten erreforma dekretu bidez ezarri eta errepresio bortitza erabili arren, ez da gai inolaz ere langile klasearen irmotasuna apaltzeko. Aitzitik, azken egunetan borroka indartu eta sakondu egin da, eta jo puntuan ezarri du, Macron bera ez ezik, baita instituzionaltasun burges osoa ere.

Krisi iraultzaile baten berezko ezaugarriak garatzen ari dira. Poliziaren eta manifestarien arteko talkak orokortu egin dira, baita barrikadak, fakultate eta lizeoen okupazioak eta polizia etxeen aurreko protestak ere, atxilotuak askatzeko eskatuz. Langileek ekintza zuzenera jo dute ekonomia blokeatzeko eta mobilizazioak erraldoiak izaten ari dira. Gobernua isolaturik dago eta ultraeskuina guztiz paralizaturik. Buruzagitza sindikalak gainezka eginda daude eta langile klaseak eta gazteriak, azkeneraino iristeko irmotasunez, geroz eta konfiantza handiagoa du bere indarrean eta arrapaladan ari da aurrera egiten kontzientzia antikapitalistan.

Erretreten erreforma modu antidemokratikoan onartu ondoren, ustez “herri-subirotasun” sakrosantua den Parlamentua gainetik pasaz, mobilizazioak, ekintzak eta manifestazioak iraunkor bihurtu dira. Kaleetan ez dago atsedenik. Grebak zabaltzen eta erradikalizatzen ari dira. Ikasleen eta gazteen mugimendua hedatzen ari da. Masek kalean eta komisarien aurrean poliziaren errepresio bortitzari aurre egiten diote, benetako okupazio-armada gisa jokatzen baitu. Estatu kapitalistari botatako erronkak argi eta garbi adierazten du zer dagoen jokoan, eta Frantziako Estatuak gaur egun bizi duena Europako beste herrialde batzuetan errepika daitekeela, hala nola Grezian, Britainia Handian, Alemanian… Hortik dator gertatzen ari dena ezkutatzen saiatzeko isiltasun-horma!

Langile klasearen boterea. Lantegiak eta lantokiak okupatzea

Asteak daramatzate greba mugagabean sektore askok, hala nola kale garbitzaileak, findegiak, gas eta elektrizitate enpresa energetikoak, garraioak eta hezkuntza. Gobernuak, etsi-etsian, indarrez kendu nahi ditu grebak, eta langileak beren lanpostuetara itzultzera behartu, isun edo espetxe zigorren pean, eskubide hori praktikan baliogabetuz.

Baina eraso autoritario horrek ez du Frantziako langileen borondatea hausten. Hala gertatzen da kale-garbitzaileekin, lantokietako ateen aurrean eusten, edo, orain, findegietan, antidisturbioei aurre egiten pikete masiboekin. Horrela defendatzen dira eskubide demokratikoak, eta ez auzitegi burgesetan ahalmenik gabeko errekurtsoen bidez,  kikildutako  buruzagi sindikal askok planteatzen duten bezala.

Frantziako Estatuko langile klasea zerua indarrez hartzen ari den bitartean, benetan deigarriak dira isiltasun garratza eta Intersindikaleko buruzagien adierazpen epelak. Kasu nabarmenena Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiarena da. Manifestarien indarkeria gaitzetsi du, gobernuaren propaganda lotsarik gabe babestuz eta poliziaren indarkeria bortitza zurituz. Macroni erretreten erreforma “pausatzeko” eskatu dio: “entzuteko eta hitz egiteko denbora tarte bat, non erretreten erreforma etenda utz dezagun.”. Adierazpen horiek beldurtutako burokrata bat uzten dute agerian, neoliberalen magalera korrika doana, langileen haserreari aurre egiteko laguntza eske. Traizioa guda erdian.

Orain behar duguna ez da pausa, ezta entzuteko tartea ere. Mobilizazioa sakondu eta gogortu behar da erretreten erreforma eta Macronen Gobernua azpiratu arte. Sistema kapitalista bera da auzitan dagoena, hots, begien aurrean garden-garden agertzen den eta legitimitaterik ez duen bankarien eta enpresari handien diktadura basatia. Eurak eta Macron buru duen Gobernua dira erreforma honen aldeko bakarrak, langileen %93ren errefusaren aurrean.

Une erabakigarri honetan, langileen eta ikasleen mugimenduaren antolaketa areagotu behar da. Asanblada iraunkorrak eta ekintza-batzordeak orokortu behar dira herriz-herri, lantokietan eta ikastetxeetan. Lantegiak, enpresak, unibertsitateak eta lizeoak okupatu behar dira, 68ko maiatzean bezala, ekintza iraultzailearen eta demokrazia parte hartzailearen gune bihurtzeko. Eta asanblada horiek estatu-mailan koordinatu behar dira, herri eta langile boterearen organo bihurtzeko, Frantziako Estatuaren eraldaketa sozialistaren alde argi eta garbi borrokatzeko.

Horixe da, hain zuzen ere, sindikatuetako eta ikasle mugimenduko ekintzaileek, Frantzia Intsumisoko militanteek, gizarte mugimendu eta kolektiboek eta iraultzailetzat aldarrikatzen garen erakundeek bete beharreko zeregin nagusia.

Gobernuak errepresio basatienera jotzen du. Langileen autodefentsa eraiki!

Poliziaren jarduera bortitzari aurre egitea eta eskubide demokratikoak aldeztea funtsezkoa da mugimenduarentzat. Altxamenduak aurrera egin ahala, indar errepresiboen eta banda faxisten jarduna ere gogortu egiten da. Indar faxistak poliziaren laguntzaile gisa aritzen dira, grebalariei, ikasleei eta manifestariei eraso eginez. Baionan zein Paris, Lille, Nantes edo Bordeleko manifestazioetan gertatu da, ia 500 atxiloturekin. Langileen eta gazteen morala urratzen saiatzen dira, baina ez dira lortzen ari.

Alderantziz! Manifestariek antidisturbioen erasoei aurre egin diete, atzera egin gabe, eta ehunka langilek eta ikaslek komisariak inguratu dituzte, atxilotuak askatzeko eskatuz eta poliziari beldurrik gabe aurre eginez. Irudi hauek agerian uzten dute errepresioaren muga izugarria, eta klase agintariak eta Estatuko aparatuak gero eta beldur gehiago duela.

Aurrerapauso bat eman eta langileen autodefentsa oso serio hartzeko unea da. Lantegi, enpresa eta ikastetxe guztietan autodefentsa-brigadak sortu behar dira manifestazioak eta grebak babesteko. Eta milaka gazte eta langilek elikatuta egon behar dute. Poliziaren indarkeriari eta faxistei langile klasearen ukabil sendoaz erantzun behar zaie.

Macronen Gobernua isolatuta eta hari batetik zintzilik dago. Greba orokorraren aurreko egunean telebistan egindako adierazpen patetikoek, aste batzuetako isiltasunaren ondoren, amorrua eta haserrea areagotu dituzte. Milioika grebalari iraindu ditu, harrotasunez esan du “manadak ez daudela herriko ordezkarien gainetik”, edota altxamendu hori AEBko eta Brasileko eskuin muturreko estatu kolpe saiakerekin konparatzen saiatu da. Hain zuzen ere, Macron da eskuin muturraren altzoan babesten eta bere jarduna eurekin hitzartzen ari dena. Le Pen grebak eteteko deiadarka ari da eta Zemmour bere talde faxistak bidaltzen ari da poliziarekin kolaboratzera. Guztiak daude elkarturik ordena eta jabetza kapitalista defendatzeko.

Programa komunista altxatu!

Testuinguru honetan, Melenchonek eta Frantzia Insumisoko diputatuek mobilizazioak, blokeoak eta grebak sustatzen jarraitzen dute. Hori dela eta, kaleei su ematea eta kaosa sortzea leporatzen die. Bistan da Frantzia Insumisoa arazo bihurtu dela klase dominatzailearentzat, eta bertako milaka militante ari direla borrokaren lehen lerroan parte hartzen. Estrategia honetan sakontzen jarraitu beharra dago, eta borroka traizionatu eta instituzio burgesen ur lasaietara itzuli nahi duten guztiak agerian utzi!

Beharrezkoa da Fronte Bakarra eraikitzea eta indartzea. Frantzia Insumisotik hasi eta CGTko eta beste sindikatu batzuetako  milaka ekintzaile eta delegatu borrokalarirekin, gatazka honetan paper garrantzitsua jokatzen ari baitira. Komunista iraultzaileak ez gara sektarioak. Horixe izan zen, hain zuzen ere, Leninen eta boltxebikeen metodoa.

Fronte bakarraren programak, Ezker Iraultzailekoon ustez, ez du Batzar Konstituziogilera jo behar, ezta errepublika burges berri bat eratzera ere, VI. Errepublika, Melenchonek esan izan duen bezala. Kapitalisten, bankuen eta monopolio handien jabetza auzitan jarriko duen programa behar dugu, langileok sortzen ditugun baliabide izugarriez jabetzen den gutxiengo apur horrekin amaitzeko.

Funtsean, boterearen aldeko borroka dago jokoan, gizarte honetan nork agintzen duen erabakitzekoa, finantzarien eta plutokraten gutxiengo batek ala gehiengo zabalak, langile klaseak. Horrela bakarrik, bankariak eta Parisko burtsan kotizatzen duten enpresa handiak desjabetuz, soluzionatu daitezke pairatzen ditugun gaitz sozial larriak eta erdietsi daiteke langileen benetako demokrazia.

Frantziako Estatuko gertaerak inspirazio-iturri izaten ari dira. Frantziako langile klaseak programa sozialista eta internazionalista batekin boterea hartzea Europa osoko eta mundu osoko langile eta zapalduentzako indar bultzada izugarria izango litzateke.

Kanpora Macron, errepresiorik ez! Gora Frantziako Estatuko matxinada iraultzailea!