Udaren erdian, uztailaren 29an, Mariano Rajoyren Ministro Kontseiluak dekretuz onartu du kurtso honetan bertan sartuko direla indarrean DBH eta Batxilergoko errebalida frankistak. Egun diru publikoaren kontura erregeen moduan bizi den Jose Ignacio Wertek prestatu zituen errebalida hauen helburua oso argia da: hezkuntza sistematik ahalik eta azkarren milaka gazte bidaltzea, horietako askok behin betikoz ikasketak uztera behartuz bigarren hezkuntzako titulurik ere eduki gabe.

Honakoa hezkuntza eskubideari azken hamarkadetan egin zaion erasorik handienetakoa da. Azterketa horiek heziketa kalitatea hobetuko duten argumentu faltsua erabiliz, PPren asmoa benetako garbiketa bat egitea da milaka ikasle kanporatu eta bidean uzteko. PPri ez dio inolaz ere axola hezkuntza publikoaren kalitatea. Argi eta garbi erakutsi du urte hauetan 7.000 milioi euro murriztuz urte hauetan, 32.000 irakasle kaleratuz, banaketa-gelak eta errefortzu gelak itxiz, ikasleak sardina laten moduan pilatuz edota 600.000 ikasleri baino gehiagori jangeletako eta liburuetako bekak ukatuz. Axola dien gauza bakarra hezkuntza pribatuaren negozioa indartzea da, beraietako edo beren lagunetako askok irabazi handiak eskuratzen baitituzte hortik. Azken batean, beren seme alabek inoiz ez dute arazorik edukiko akademia pribatuetara joateko edota zailtasunen bat badute arreta posible guztiak jasotzeko, baita udan ingelesa ikastera Ingalaterrara bidaiatzeko ere. Gazteon gehiengoak bizi dugunetik errealitate oso ezberdina.

PP eta PNV hezkuntza publikoa suntsitzeko aliatuak

Beren arrazoitzeko modua hauxe da: askoz hobe diru publikoa bankuak salbatzeko bideratzea langile auzoetako gazteen hezkuntzara baino. Azken finean, errebalidekin egiten duten apustua titulu akademiko bat baino askoz urrunago doa. Oinarrian PPk zein eredu sozial defendatzen duen dago: pribilegiatu gutxi batzuk gehiengoaren esplotazioaren kontura aberats egiten diren eredua alegia, eta PNVk guztiz bat egiten duena. Urkulluren gobernuak LOMCEaren eta murrizketen oposizioan itxurakerietan erabili duen erretorika guztiz kontraesanean dago errealitatean bere praktikarekin; murrizketak, dirua pribatu-kotzertatuari oparitzea publikoaren kontura, irakasleak kaleratzea eta LOMCEa aplikatzea, LAB sindikatuak salatu duen bezala. Kristina Uriartek berak kurtso honen hasierako ekitaldian alfonbra azpian gorde nahi izan zuen zikinkeria, esanez ez zegoela argi ikasturte honetan Euskadin errebalidak egongo ziren ala ez, garrantzia kenduz gure eskubideen aurka doan eraso basati honi.

Agerian dago PNVren eta Alderdi Popularraren helburua berbera dela: prekarietatezko eta esplotaziozko etorkizun bat prestatzea familia xumeentzat, institutu eta eskola publikoetan ikasten dugunontzat. Horregatik lapurtu nahi dute ikasteko eskubidea, informaziorik gabe eta ahalik eta azkarren jaurti gaitzaten lan merkatu prekarizatu batetara, neurririk gabe, gu izan gaitezen, azken batean, geure burua konbentzituko dugunak ez ditugula baldintza hobeak merezi, ez baitago beste ezertarako ikasketarik.

Ez da "selektibitate berria", errebalida frankista zaharrak baizik

Rajoyen jarduneko gobernuak temati ekiten dio behin eta berriz errebalidekin indarrean sartuko den sistema praktikoki selektibitatearen berdina izango dela. A ze gezur potoloa! Errebalidek selektibitatea hirukoiztea dakarte eta ondorio askoz larriagoekin gainera:

- Lehen froga bat DBH 4an, gainditu ezean, Batxilergora joatea ukatuko duena, eta are larriagoa oraindik, ikasleari DBHko titulua ukatuko diona, lan merkatura titulaziorik gabe aterako delarik.

- Bigarren selektibitate bat 2. Batxilergoa amaitzean, gainditzen ez duena batxilergoko titulurik gabe utziko duena, bi ikasturteak kurtsatu ez balira bezala, nahiz eta bi urtetako ikasgai guztiak gaindituak eduki.

- Azkenik, irekita uzten da hirugarren selektibitate baterako aukera, ikasi nahi dugun unibertsitatearen kontura.

Hezkuntza komunitate guztiaren grebaren alde: denok kalera urriaren 26ean

Azken urteotan mobilizazio mordoa egon da hezkuntza komunitate guztiaren aldetik eta orokorrean gizartetik LOMCEren aurka. Gazteriaren artean 22 greba orokor izan dira azken lau urteotan Ikasle Sindikatuak deitu dituenak eta masiboki babestuak izan direnak LOMCEaren eta murrizketen aurka. Presio soziala hain indartsua izan zen, ezen Alderdi Popularrak izozgailuan sartu behar izan zuela hezkuntza kontrarreforma eta ezin izan zuela hasi aplikatzen 2013an, bere nahiek zioten bezala. Kaleetara itzuli behar dugu!

Ikasle Sindikatutik iragartzen dugu ez dugula besterik gabe pasatzen utziko eraso hau, eta horregatik dei egiten diegu Ikasle Abertzaletako kideei eta irakasle eta gurasoen erakundeei proposatzeko denak batera irtetera hezkuntza komunitatearen greba orokor handi batean datorren urriaren 26an, argi utziz horrela ikasturtearen lehen egunetik ez dugula frankismoko hezkuntza leizeetara itzultzea onartzen.