Abuztuaren 28an Gasteizen bi lan istripu gertatu dira, bi langile heriotzara eramanez. Korreosen lan egiten zuen 39 urteko emakume bat Jundizeko poligonoan motorrarekin banaketa lanak egiten ari zela, furgoneta batek harrapatu zuen eguerdi aldera. Emakumeak, 2014tik behin behineko lan kontratuak kateatzen egiten zuen lan, azken kontratua orain dela gutxi sinatu zuelarik.

Egun berean Michelineko beste langile bat zendu zen, Antonio Miguel Parra. Joan den igandean lan istripu larri bat jasan zuen mantenu lanak egiten ari zela gurpilen prentsa erraldoi batean. Atal hau ikaragarri arriskutsua izan arren, praktikan atsedenik gabe lan egiten da urte guztian zehar. Langilea bakarrik ari zen lan egiten garabiaren saskiak harrapatu eta bularra zapaldu zionean. Bere lankidea laguntza eskatzeko barneko telefonoa erabiltzen saiatu zenean, honek ez zuela funtzionatzen ohartu zen. Zauritua sorosten saiatu zen lankideak ezin izan zuen desfibriladorea erabili, ez baitzekien hori erabiltzen, gutxi direlako formakuntza ikastaroak jaso dituzten enpresako langileak, nahiz eta urteak daramatzaten zuzendaritzari langile gehiago formatu ditzaten eskatzen. Ospitalera iritsi zenerako, jada 40 minutu lazgarri igaro ziren istripuko momentutik.

Antonio Miguel Parra, azken bi urteetan Gasteizko lantegi honetan hiltzen den laugarren langilea da. Kasu honetan langile finkoa da. Horrek erakusten du nola segurtasun faltak eta gain esplotazioak kontratetako nahiz enpresa nagusiko langileei eragiten dien. Horregatik da beharrezkoa elkarturik borrokatzea multinazionalak inposaturiko prekarietatearen aurrean. Langileok istripu hauekin ordaintzen ditugu patronalaren irabazi lodiak, mugarik ez duen irabazi gosea. Ezin liteke prezio izugarriagorik ordaindu. Jada 41 dira Euskal Herrian urte honetan lanean hil diren langileak. Istripuak ez dira zorte txarraren ondorio, gure kontura irabaziak pilatzeko enpresarien gosearen ondorio baizik!

Prekarietatea da hiltzailea

Formakuntza falta, kontratu zaborrak, patronalaren presioa eta lan erritmo azkarrak dira beren lanpostuetan hiltzen diren langileen etengabeko jario honen benetako arrazoia. Beren hitzekin eta argi baino argiago azaldu diote prentsari langileek egunero bizi duten egoera:

“Michellineko fabrikako R tailerreko langilea naiz. Ez dira istripuak deklaratzen. Lan gaixotasunak ez dira existitzen. Langileak tailerrera sutura puntuekin joaten dira, hezur-hausturekin eta mota guztietako lesioekin. Konplikatua da mediku zerbitzuak artatu zaitzaten, istripuaren partea eskatzen baitute eta hori askotan zaila da lortzen. Hori bai, istripua beti izango da zure errua jarduera metodoak ez betetzeagatik. Horiek betetzeak ekoizpenera ez iristea esan nahi du. Ez iristeak egunero nagusiaren jazarpena jasotzea dakar. Eta denboran zabaltzen bada kaleratzeko arrazoia izaten da (...) Ez jaso istripurik baina utz ezazu bizitza lan erritmo horiekin, azken batean hemen ez baita lan gaixotasunik existitzen”.

Beste lankide batek honakoa azaltzen du: “4 hildako 2 urteetan. Gehiegizko ekoizpenak giza akatsak gertatzea ekartzen du. Baina sektoreetako zuzendariak diren alprojak ez dira inoiz seinalatuak izango. Taldeetako nagusiak, eta gerenteen aginduetara dauden gainontzekoak, bistan da, ezgauza hutsa direla. Ez gatzaizkie tutik inporta. Eta R, ez aipatzearren. Aurreko lankideak dioen bezala, horixe gertatzen da. Osalaneko jaunak. Zerbait gertatzen da, ezta? Hainbeste dago hitz egiteko… hobe isilik egotea. Indar asko lankideei eta batez ere birrindu duten familia horri. Espero dut behingo puta batez ea betiko ateko minutua baino zerbait gehiago egiten den. Gure esku dago, gurasoek borrokatu zuten hori zapaltzen jarrai ez dezaten. Lan duin bat”.(https://www.gasteizhoy.com/trabajador-coma-michelin/) .

Lan prekarietatearen aurka. Antolakuntza eta borroka!

Ostegunean, hilak 30, 24 orduko greba deitu da Michelinen istripuaren kausak salatzeko eta kontzentrazioak egingo dira arratsaldeko 13etatik 15etara lantegiko atean. Ostiralean kontzentrazio bat egingo da 19:30tan Korreoseko bulegoen eta Arabako Enpresa Sindikatuaren aurrean, Postas Kalean.

Egin dezakegun homenaldirik hoberena horrelako istripu bat inoiz gertatu ez dadin neurriak hartzeko behartzea da. Ezker Iraultzailekook familiari eta lankideei elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Abuztuaren 30eko greba eta mobilizazioak babesten ditugu eta ostiraleko kontzentrazioan parte hartzera dei egiten diegu gazte eta langileei Korreos aurrean.

Historia guztiak erakusten du, enpresei langileak errespetaraztera behartzeko indar bakarra geurea dela: langileon indarra antolatzen garenean eta borrokatzen dugunean. Inork ez digu inoiz ezer oparitu. Lortu dugun guztia gure antolakuntzaren eta borroka sindikal eta politikoaren ondorio izan da.

Batu zaitez Ezker Iraultzailera!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.