Tubacexeko Laudioko eta Amurrioko langileek zazpi hilabeteko borroka izugarria eraman dute enpresaren erasoen eta 129 lanpostu suntsitu nahi zituen EEEaren aurka (95 zuzeneko kaleratze, 12 aurre-erretiro eta 22 baja sustatu). Aiaraldeko eskualdea gerran jarri dute eskualdeko grebak eginez, eta mobilizazio ugari egin dituzte, bereziki nabarmenduz Bilbon egin dituzten gatazkan dauden plantillen manifestazio bateratuak, funtsezko papera izan baitute, langileen borrokarekiko konfiantza indartuz. Zalantzarik gabe, Tubacexeko greba hilabete hauetan erreferente bat bihurtu da da, eta milaka eta milaka langile eta gazteren babesa piztu du Euskal Herrian eta Estatuko gainerako herrialdeetan.

Borroka horrek oso urduri jarri ditu Tubacexeko enpresariak – grebak jarraituz gero lantegiak ixteko mehatxua egin dute hainbatetan – Patronala eta Eusko Jaurlaritza bera, Ertzaintzaren bidez grebalariak jazartzeaz eta mobilizazio bat bestearen atzetik modu basatian erreprimitzeaz arduratu dena.

Geldiarazi ezin zuten indar ikaragarri hori izan zen uztailean EAEko auzitegietan EEEa bertan behera uztea lortu zuena. Hala ere, badirudi enpresaburuak ez daudela epaiak betetzera behartuta. Jabetza ondo markatzeko seinalez, Tubacexeko buruek uko egin zioten epaia onartzeari, kaleratuak itzultzeari, eta helegitea jarri zuten Auzitegi Gorenean.

Tubacexeko jabeen iruzurra agerian. Inor ez zegoen eta ez dago soberan!

Eusko Jaurlaritzaren, enpresaburuen eta langileen arteko negoziazioak hasi eta 15 egunetara, irailaren 30ean, akordio bat lortu zen. Akordioaren onarpenak gehiengo oso estua izan du batzordean: hasiera batean, ELA (4) eta CCOO (3) sindikatuetako ordezkariak bakarrik izan ditu alde, eta azken unean ATAL (1) gehitu zaio. LAB (1) aurka agertu da, eta STATeko (4) ordezkariek, hasieran alde agertu zirenek, aurka jarri behar izan dute beren atal sindikalak kontra bozkatu zuenean.

Akordio horrekin, enpresak onartu du EEEaren errekurtsoa kentzea Auzitegi Gorenean, eta kaleratze behartuei uko egitea. Datozen hiru urteetan plantillaren bolumena eta inbertsioak bermatuko dituela esan du. Hala ere, akordio honekin langileek ordaindu beharreko prezioa oso altua da: lau urtetan soldatak izoztea onartzen da – 2025ean erosteko ahalmena berreskuratuko den bermerik gabe –, eta onartzen da, halaber, datozen hiru urteetan lanaldia 40 ordu handitzea 1.696 ordura arte, pentsioetarako ekarpena %4tik %1era murriztea eta hitzarmen kolektiboa 2024ko abenduaren 31ra arte bere horretan mantentzea.

Akordio hori sinatuz enpresak agerian utzi du bere gezur izugarria, Tubacex bideraezina zela aurreikusitako kaleratzerik gabe zioenean. Benetan plantillarentzat lan karga nahikorik ez bazegoen, nola liteke orain lanaldia luzatzea eskatzea? Egia esan, Tubacexen inoiz ez ziren langileak soberan egon, baina enpresak etekinak handitzeko aukera ikusi zuen, lan baldintzei eta eskubideei eraso eginez. Enplegu erregulazioko espedientea aplikatu izan balitz, aste gutxi barru Tubacexek, azpikontratazioen edo kontratu prekarioen bidez, orain plantillari egokituko zaizkion lan kargak estaliko zituen, enpresarentzat inolako kostu gehigarririk gabe.

Ez da albiste ona ELA eta CCOO akordio hau garaipen handi bat balitz bezala defendatzen aritzea; izan ere, nahiz eta lorpen garrantzitsuak egon – esaterako kaleratzerik ez egotea –, kontrapartidak ez dira onargarriak, eta enpresaburuaren gutiziari baino ez diote erantzuten. Ez dirudi Tubacexek trantsizio ekologikoaren ondorioz arazo asko bizi duenik, baldin eta bere helburu bakarra esplotazioa handitzea bada, etekin ekonomiko gehiago lortzeko. Horretan laburbiltzen da, funtsean, langileen eta enpresako zuzendaritzaren arteko gatazka.

Eusko Jaurlaritzaren eta patronalaren aliantzak, baita Yolanda Díaz buru duen lan ministerioak ere, akordioa txalotu dute eta Tubacexeko jabeek erasoak justifikatzeko egin duten iruzur handia estali dute. Esan beharra dago, gainera, PSEren lan-sailak eta UPren lan-ministerioak bazterturik utzi dituztela erabat langileak, eta ez dutela jardun epai judizial bat betearazteko ere: langabezia eta prekaritatea zabaldu nahi duten horiek kontentatzea bakarra izan da euren helburua. Hori da, azken batean, horiek guztiek sostengatzen duten kapitalismoaren logika.

Indarrak batu greba orokorrean: ezinbestekoa da patronalaren ofentsibari aurre egiteko

Ezkerreko Sindikalistek eta Ezker Iraultzaileak langileen borroka eredugarria aitortzen dugu. Argi dago grebaren indarrak bakarrik behartu duela EEEaren errekurtsoa kentzera Auzitegi Gorenean. Baina Tubacexeko plantillaren kemenak amaiera askoz hobea izan zezakeen langileentzat, baldin eta zuzendaritza sindikalek borroka zabaltzea eta EHn abian diren lan-gatazka guztiak greba orokorretan bateratzea erabaki izan balute.

Tubacexen borrokak jasotako babes soziala izan da langileei tinko eusten eta ezinbestean sortzen diren zailtasunak eta une gogorrak gainditzen lagundu dien funtsezko faktorea. Babes sozial hori biderkatu zitekeen, baldin eta sindikatuetako agintariek enpleguaren aldeko borroka guztiak bateratzea erabaki izan balute, sektore publikoaren borrokekin, prekarietatearen aurkako borrokekin, pentsio duinen aldeko borrokekin eta gazteriarentzako etorkizun duinaren aldeko borrokekin bat eginez. Horrelako mugimendu batek, langile klaseko indar guztiak EHko greba orokor batean batuko balitu, Eusko Jaurlaritza eta patronala enpleguaren eta gure eskubideen aurkako erasoaldia gelditzera behartuko lituzke.

Tubacexeko langileen eta jabeen arteko hilabete hauetako borroka gaur milaka enpresatan ematen den berbera da: enpresaburuek beren etekinak ororen gainetik defendatzen dituzte, eta langileok gure enplegua eta baldintza duinak defendatzen ditugu. Enpresaz enpresa borrokatzea ez da nahikoa. Ugazaben erasoaldia bateratuta dago, eta gure erantzunak ere bateratua izan behar du.

Edozein enpresatako jabeak, patronala eta EJ ezer eginik geratzen dira langile klaseak dena gelditzea erabakitzen dugunean. Gure benetako boterearen kontzientzia horrekin, patronalak eta Eusko Jaurlaritzak enpresa-etekinak areagotzeko eta borroka eta greba bakoitza errailetik ateratzeko erabiltzen duten xantaiari aurre egin diezaiokegu eta ez dugu amore emango.

Lanpostuak eta baldintza duinak defendatu nahi baditugu, zein da alternatiba?

Aurrean ditugun erasoak ez dira koiunturazko arazo baten ondorio, ezta COVID baten ondorio ere, nahiz eta  horrela argudiatu gehiengo sindikalaren zuzendaritzek, CCOOk eta UGTk. Krisi ekonomiko sakon batean sartzen ari gara, eta kapitalistek eskaintzen duten irtenbide bakarra langileak estutzea da, etekinak handitzen jarraitu ahal izateko. Erantzuteko prestatu behar dugu, hau hasiera besterik ez da eta.

Hori dela eta, enpleguak suntsitu eta prekarietatea eta langabezia hedatu nahi dituzten enpresaburuen aurrean, beharrezkoa da borroka sindikalean argi aldarrikatzea lantegi eta enpresa horiek kalte-ordainik gabe eta langileen kontrolpean publifikatzeko kontsigna. Hori da logika kapitalistari aurre egiteko modu bakarra, enpresaburuaren jabetza pribatu sakrosantuarekin amaitzea, Tubacex edo ITPren kasuan ikusi den bezala epai judizialen aurrean ere erantzuten ez duena.
Jabetza eta inbertsio publikoarekin enpresa horien ekoizpen maila bermatu behar da, ez betikoei poltsikoak betetzeko, baizik eta gaur egun asetzen ez diren behar sozial guztiei erantzuteko!

Kapitalisten diktadura honi amaiera emateko borrokatu behar dugu, eta horrek esan nahi du alternatiba baten alde borrokatu behar dugula, non lehentasuna premia sozialak  izango diren eta ez gutxi batzuen irabazi ekonomikoak. Baliabide eta bitarteko nahikoa daude inork inolako pobreziarik ez jasateko, baina horiek gizartearen zerbitzura egon behar dute, langile klaseak demokratikoki kontrolatuta. Hori da, azken batean, gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatzea.