"CEOEren eta Cepymeren ustez, akordioak egungo lan eredua finkatzen du, enpresen produktibitatea handitzea, lehiakortasuna bermatzea eta enpleguaren hazkundean laguntzea ahalbidetu duena. Hain zuzen ere, akordioak bere horretan mantentzen ditu barne malgutasuneko mekanismoak, enpresek egoeretara egokitzeko gaitasuna bermatuz, enpresa-askatasuna eta segurtasun juridikoa bermatuz eta Bake Sozialari lagunduz."
Komunikatu honetan ikusten denez, CEOE eta Cepyme patronalek pozarren hartu dute Gobernuarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin sinatu duten akordioa. PSOE-UPren propagandaz bestalde, Yolanda Díazek bere horretan mantentzen ditu PPren lan erreformaren puntu kaltegarrienak, patronalari aparteko boterea emanez.
Erreforma hori indargabetzeko promesak lotsagabeki urratu dira. Bederatzi hilabeteko negoziazioaren ondoren, patronalaren eskakizunak gailendu dira. CCOO, UGT eta Gobernuak ustezko “aurrerapen” gisa aurkezten dituzten xehetasunak azaleko ukitu hutsetan geratzen dira, lan-legediak enpresen arbitrariotasuna finkatzen eta prekarietateak hedatzen jarraituko duela bermatzen baitu.
PPk 2012an ezarritako Lan Erreformaren elementu nagusiak mantendu dira
2012ko Lan Erreformaren helburu nagusiak honako hauek izan ziren: kaleratzea erraztea eta merkatzea, soldaten jaitsiera orokorra sustatzea, enpresaburuek lan baldintzak alde bakarretik aldatzeko duten gaitasuna handitzea, hitzarmen kolektiboen irismena mugatzea eta, oro har, enpresaburuek beren langileak inolako oztoporik gabe ustiatzeko duten gaitasuna handitzea.
Patronalaren helburu horiek guztiak, aitortu beharra dago, azkar lortu ziren. Langile klaseak oso gogor nozitu genituen erreforma horren ondorioak, eta CCOO eta UGT sindikatu handietako buruzagiek ez zuten erabaki horren aurkako mobilizazio kementsu eta kontsekuenterik bultzatu. Guztiz kontrakoa. Atsedenik gabe "gaitz txikia" onartzeko eskatuz, CCOO eta UGT sindikatuek EREak sinatu zituzten, lan baldintzak jaistea onartu zuten eta ahal zuten guztia egin zuten erantzun bateratu eta masibo bat saihesteko PPren Lan Erreformaren ondotik etorri zen eraso boladaren aurrean.
Bake sozialerako eta enpresen eskakizunen aurrean kapitulatzeko politika honen emaitzak izugarriak izan dira. Langileen %30 baldintza prekarioetan kontratatuta dago, Europar Batasuneko kopururik handiena, alde handiarekin; kontratu berrien %90 aldi baterakoak edota lanaldi partzialekoak dira; iraupen luzeko langabeziak gora egin du, langabe guztien %44ri eragiteraino; 1,6 milioi langilek 820 euro baino gutxiago kobratzen dute hilean, eta hainbat milioika gehiago dago 1.000 euro gainditzen ez dutena.
Soldatapekoen aurkako eraso basati horren ordainetan, enpresa irabazien gorakada ikaragarria izan da eta desberdintasunaren areagotzea benetan lazgarria; izan ere, Estatu espainiarreko biztanleriaren %1ek herrialdeko aberastasun guztiaren %25 metatzen du. Langile familientzat berriz, gosearen ilarak, hamarnaka mila etxegabetze aurten bakarrik, gazteen %50eko langabezia, enpresa gehiegikeriak mugarik gabe… horiek dira enpresarien eta bankari handien klaseak gure izerdiaren kontura luxuzko bizitza lizunaz gozatzeko ordaintzen dugun prezioa.
2012ko erreforman onartutako erabateko kaleratze askatasuna -kaleratze kolektiboei lan agintaritzaren aurretiazko baimena kendu zitzaionean- eta kaleratze bat bidezkotzat jotzeko arrazoiak ia mugarik gabe zabaltzea, bere horretan mantentzen dira. Yolanda Diazek "lorpen historiko" gisa aurkeztu duen akordioak kaleratzeagatiko kalte ordainen murrizketa zorrotza ere bermatzen du, eta baita, oso garrantzitsua, bidegabeko kaleratzeen kasuan tramitazio soldatak ezabatzea ere. Hori da PPren Lan Erreformarekin langileen eskubideetan galdu zen funtsezko zatia, sinatutako akordio berriak ezertan aldatzen ez duena!
Baina askoz gehiago dago. Langileen Estatutuaren 41. eta 82. artikuluek aukera ematen diete enpresaburuei lan baldintzak alde bakarrez aldatzeko edo indarrean dagoen hitzarmen kolektibo bat aplikatzeari uzteko, eta horrek ez du inolako aldaketarik jasaten. Era berean, ez da ukitzen esplotazio eta abusu gogorrenetarako barra librea, ezta Gizarte Segurantzari egindako iruzur sistematikoa ere, 2012ko Erreforma ireki baitzuen lanaldi partzialeko kontratuetan aparteko orduak egiteko aukera. Ostalaritzako, nekazaritzako eta beste sektore batzuetako enpresariak, hala nola garbiketakoak, beren irabaziak esplotazio basatienean oinarritzen dituztenak, zorioneko daude. Legezko estaldura izaten jarraituko dute 20 orduko kontratuak sinatzeko eta, ondoren, soldatapekoak behartzeko nagusiei gogoan jartzen zaien lanaldiak egitera, erabat legezkoak diren “aparteko ordu” gisa mozorrotuz.
Azkenik, ez dago berririk langilea kalte ordainik gabe kaleratu daitekeen “probaldia” urtebetera luzatzen zuen neurria -2012ko lan erreforman sartua- berrikusiko ote den.
Hori da errealitatea, eta ez PSOEko eta Unidas Podemoseko buruzagiek kontatzen dizkiguten ipuinak.
Akordioaren ustezko aurrerapenak apurrak dira
Berriro ere, ohituta gaituztenez, Unidas Podemos eta PCE izan dira azkarren eta zalaparta handienarekin atera direnak eskubide sozialen aurrerapen historiko gisa saldu nahian, uko egite lotsagarria dena.
Aldi baterako kontratazioari ezarri zaion muga, egia esan, izen aldaketa hutsean geratzen da. Obra eta zerbitzu kontratua desagertzen da, eta horren ordez “egiturazko aldi baterako kontratua” agertzen da. Baina sinatutako testuan horren definizioak bermatzen du enpresaburuaren irizpide askearen arabera erabiltzen jarraitu ahal izango dela. Egia da gehieneko iraupena hiru urtetik urtebetera murrizten dela, baina zer eragin erreal izango du muga horrek? Hiru urteko mugak aldi baterako kontratuak ugaritzea eragotzi al du? Zergatik egin beharko luke urtebeteko mugak?
Gainera, eraikuntza sektorerako, kontratu mota berri bat ezarri da, ponposoki izendatua “obrako finkoa”, eta praktikan obra eta zerbitzu kontratu zaharraren antzekoa dena. Alde bakarra da enpresa beharturik dagoela “birkokatzeko proposamena” egitea langileari. Baina hemen dago akordioaren beste tranpa zikin bat. “Birkokatzeko proposamen” hori egin ondoren, eta langileak onartzen badu ere, enpresak askatasunez kaleratu dezake langilea. Lan-erreforma berriak ezkutatzen duen iruzur eta faltsukeriaren adibide ona da hau!
Aldizkako kontratu finkoaren sustapenak ere ez ditu gauzak nabarmen hobetzen, kontratu hori erabili ohi den sektoreetako langileek egiazta dezaketen bezala. Hain zuzen ere, 2012ko erreforman kaleratzea errazteko eta merkatzeko ezarri ziren erraztasunen ondorioz, enpresariaren eskumena ia erabatekoa da, lan aldiak zehaztean eta kontratu mota hori duten langileak lanera itzultzeko deia egitean.
Era berean, gezurra da muga jartzen zaiola azpikontratazioari lotutako prekarizazioari. CCOO eta UGTk komunikatuan diote azpikontratatutako langileen lan baldintzak egiten duten jardueraren erreferentziazko hitzarmen kolektiboaren mende egoteak “kolpe handia ematen diela prekarizazio fenomenoei, hala nola, zerbitzu anitzeko enpresetakoei”. Egia izan liteke, baldin eta CCOOk eta UGTk, CEOEren presioei amore emanez, arau horren salbuespenik ezarri ez balute, hau da, enpresa azpikontratatzaileak hitzarmen propioa duenean, azken hori nagusituko dela. Beraz, enpresa azpikontratatzaileren bat hitzarmen propiorik gabe baldin badago, abisaturik daude lehenbailehen hitzarmenik kaxkarrena sinatu behar dutela. Hori lortzeko CCOO eta UGTren babesa izango dute. Akaso ez al dira urteetan zehar CCOO eta UGT beheranzko hitzarmenak sinatzen ari? Ez al da hori duela egun batzuk Cadizeko metalaren hitzarmenarekin edo Castellóko garbiketarekin egin dutena?
CCOOko eta UGTko buruzagiak gezurretan ari dira: neurri horrekin ez da prekarizazioa geldiarazten, baizik eta prekarizazio hori aldez aurretik CCOO eta UGTrekin hitzarmena sinatuz ezartzea sustatzen da. Eta ez dute lotsarik hori langile klasearen eskubideen aurrerapen handi gisa aurkezteko!
Negoziazio kolektiboari dagokionez, akordioak beste bi neurri jasotzen ditu. Formalki lege hobekuntza argia dakarte, baina praktikan emaitza positibo gutxi izango dituzte soldatapekoentzat, bakarren bat baldin badute.
Hitzarmenen ultraaktibitatea eta sektoreko hitzarmenak enpresakoaren gainetik duen prebalentzia berrezartzen da, baina soldatari dagokionez bakarrik. Promesa hori ere ez da guztiz bete! 2012ko Erreformak, ultraaktibitatea ezabatuz eta maila baxueneko hitzarmenen gailentasuna ezarriz goikoen aurrean, negoziazio kolektiboan ezarritako lan eskubide eta baldintzen narriadura orokorra ekarri zuen. Ia 10 urtez, CCOO eta UGT beheranzko hitzarmenak sinatzen aritu dira sistematikoki, askotan afiliatuen eta ordezkarien irizpidearen aurka, eta etengabeko kapitulazio politika horri esker, enpresariek hitzarmen gehienetako soldata taulak legez eta materialki posible den gutxienekora murriztea lortu dute. Hori gutxi balitz, aurtengo prezio igoera izugarriek CCOO eta UGT sindikatuek otzan onartzen dituzten soldata igoera barregarriak birrindu dituzte.
Enpresariek lortu zuten nahi zutena. PPren Lan Erreformari esker, eta CCOO eta UGTren burokrazien laguntzari esker, lan baldintzetan hobekuntza esanguratsuak jasotzen zituzten hitzarmenak erraustu dira. Zer axola zaie orain enpresaburuei ultraaktibitatea berrezartzea edo soldata arloan sektoreko hitzarmena nagusitzea? CCOOri eta UGTri esker, sektoreko hitzarmen gehienak enpresako hitzarmenak bezain txarrak dira, eta, beraz, enpresaburuek lasai asko onar dezakete neurri hori, beraientzat gutxieneko kostu esanguratsurik izango ez duen ziurtasunez.
Azkenik, eta ERTEak aurrerapen sozial handi gisa aurkezten dituen propaganda kanpainarekin jarraituz, akordioan “Enpleguaren Malgutasun eta Egonkortasunerako SARE-Mekanismo” bat sortzen da: enpresek beren lanaldiak finantza publikoen kontura doitzeko erraztasunak orokortu eta zabaltzen ditu. Gizarte Segurantzako kotizazioen %90era iristen diren salbuespenak eta SEPEk ordaindutako soldatak, azken batean, aberastasuna langileen poltsikoetatik enpresarien kontu korronteetara transferitzeko mekanismoak dira. Gero esango digute ezinbestekoa dela erretiro adina atzeratzea edo etorkizuneko pentsioak murriztea.
Cadizek bidea markatu du: eskubideak borrokatuz lortzen dira
Lan kontrarreforma berri hori sinatzea da, zalantzarik gabe, Unidas Podemosek Gobernuan sartu zenetik egindako kontzesiorik larriena. PPren Lan Erreformaren indargabetzea izan zen kanpainako puntu garrantzitsuenetako bat, eta zaila izango zaie horri uko egin izana ezkutatzea adierazpen triunfalista eta faltsuen atzean.
Oso hilabete gutxiren buruan, milioika langilek beren esperientziaren bidez egiaztatuko dute akordio honek ez diela inolako hobekuntzarik ekarri eta prekarizazioak eta pobretzeak aurrera egiten jarraitzen dutela. Yolanda Diazek CCOOko eta UGTko ordezkariekin egindako aliantza estuak ez du geldiaraziko, mugarik gabe, Cadizen duela aste gutxi bizi izan ziren lehen altxamenduen eta haserrearen bolada.
Egungo krisi kapitalistaren sakontasunak baztertu egiten du enpresa-botereekin hain otzan agertzen diren eta bake soziala eta desmobilizazioa banderatzat daramaten proiektu politikoek langile klasearentzat aurrerapen esanguratsuak lortzeko aukera. Atzerapausoei aurre egiteko garaia da, etengabeko uko egitearen diskurtsoari aurre egiteko garaia, indarren korrelazioak aurkakoak direla baieztatzeak justifikatzen baitu hori guztia. Gezurra. Arazoa da buruzagi horiek langileak mespretxatzen dituztela eta sistemaren logikan asimilaturik daudela. Gogorra da, baina egia.
Sindikalismo borrokalari eta antikapitalista bultzatuko duen ezkerra eraiki behar dugu. Komunista iraultzaileok, Cadizen erakutsi dugun bezala, lehen lerroan egongo gara patronalari eta eskuinari arnasbidea baino ematen ez dizkieten politiken aurkako borrokan.