Abenduaren 22an, hilabete bat baino gehiago mobilizatzen eman ondoren, eta A Coruñako Inditexeko saltzaileen greba hasi eta ordu gutxira, CIG sindikatu deitzaileak %25eko soldata igoeraren aurreakordioa lortu zuen: 4.800 euro gordineko igoera asteko 15 ordutik gorako lanaldiak dituzten langileentzat (erdia lanaldi txikiagoko kontratuetan). Hau da, hileko 322 euroko berehalako igoera 15 hiletan banatua eta 2024an 382 eurora iristea!

Garaipen horren ondoren, urtarrilaren 7an, Estatu osoko langileek bat egin zuten CGTk deitutako grebarekin. Sevillan, Logroñon, Valentzian, Bartzelonan eta Madrilen langileek Zara, Kiddy’s Class, Lefties eta Pull&Bear enpresen dendak ixtea lortu zuten. Galiziako lankideen arrakastaren ondoren eta greba egun honen ondoren, deitzaileek mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute, Ortega familiak inposatzen duen prekarietatea desegin arte. Emakume langileak indartsu ari dira jo ta ke.

“Marta Ortegari gure soldatak bost axola”

Kontsigna soil horrekin, Inditexeko langileek oso argi utzi dute zertan datzan burgesiak eta komunikabideek hainbeste aipatzen diguten “emakumeen arteko sororitatea”. Marta Ortega, taldeko egungo presidentea, emakumea da. Baina emakume horri bost axola dio langileak hilaren amaierara iritsi ezinik edukitzea eta gizonezkoak gehiago diren fabrikako eta zentro logistikoko soldatak baino 600€ gutxiagoko oinarrizko soldatak ezartzea emakumeen plantillei. Azken batean, 2022ko hirugarren hiruhilekoa Inditexek inoiz izan duen oparoena izan zen, eta 3.095 milioi euroko irabaziak izan zituen otsailetik urrira bitartean: iaz baino %24 gehiago!

Marta Ortega emakumea da, baina, batez ere, kapitalista bat da, aberats bat, langileei familia kontziliazioarekin bateraezinak diren lan baldintzak inposatzen dizkiena. Multinazionalaren presidentetza hartu zuenetik, are gehiago gogortu ditu langileen egoera: kontratu partzial irrigarriak, kontziliatzeko ezintasuna, norberaren kontuengatik egunak ukatzea, epaitegira joan behar izatea lanaldi murriztuen ordutegiak adosteko eta kasu batzuetan komunera joateko baimena eskatu behar izatea.

Hau da emakume kapitalisten sororitatea: milaka emakume langileren esplotazioaren kontura aberastea.

CCOO eta UGT talkan langileen irmotasunaren aurrean

Mobilizazio handiko asteak izan dira. Langileek, patronalaren xantaiari ez ezik, enpresaren eta CCOO eta UGTko zuzendaritza sindikalen aliantza lotsagarriari ere aurre egin behar izan diote, horiek greba hausten eta borroka garatzeko ekintza sindikal oro desegiten saiatu baitira: enpresarekin langileek baztertu dituzten akordioak sinatu dituzte eta jarraian grebara deitu duten erakundeak kriminalizatzeari ekin diote. Langileen irmotasunarekin topo egin duten arte.

A Coruñako kideen garaipenak erakusten du zein den bidea. Horregatik, Inditexeko langileen altxamenduak aurrera jarraitzen du. Helburua: hileko 500 euroko soldata igoera, igandeak gainerako jaiegunetako baldintza berberetan ordaintzea eta gizarte laguntzak parekatzea enpresako sektore maskulinizatuak dagoeneko jasotzen dituenekin (eskola materiala, haurtzaindegia eta jantokia).

Horrela borrokatzen eta irabazten da! Zuekin gaude!

 

Irakurri elkarrizketak

 Entrevista a Lucía Domínguez y Virginia Rodríguez, delegadas de la CIG en Stradivarius A Coruña

Entrevista a Sara y María, delegadas de CGT en Zara - Madrid

Entrevista a la presidenta del comité de empresa de Pull & Bear en huelga. ¡La lucha es el único camino!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.