Eusko Autonomi Erkidegoa eta batez ere Gasteiz izaten ari da COVID-19aren hedapen foko handienetako bat. Osasun publikoko langileek sekulako lanak egin arren, Eusko Jaurlaritzaren buruan EAJk egin duen politika erabateko desastrea izan da, gaixoak, ospitalizatuak eta heriotzak etengabe goraka egitea eraginez. Ezin gordinago ikusten ari gara urtez urte egindako murrizketa sakonen ondorioak: zerbitzuen azpikontratazioa, oheak kentzea, langile gutxiago eta beharrezko baliabide materialik gabe, prebentzio-plan egokirik gabe, kontratu prekarioekin eta %40ko behin-behinekotasunarekin.

Osasun alerta patronalaren esanetara

EAJren lehentasuna enpresarien irabaziak bermatzea izan da langile klasearen bizitzaren gainetik, Madrilgo PSOE-UPren Gobernua egiten ari den bezala. Osasun alerta iragarri zenetik bi astera 400 pertsona baino gehiago hil dira Hego Euskal Herrian, horien artean 52 urteko erizain bat. Jeltzaleek espainiar Estatuko Gobernuari egin dizkioten kritikak, neurriak zentralistagiak direla eta horregatik ez direla hain eraginkorrak esanez, demagogia hutsa dira, baita Urkulluk Espainiako armada sartzearen inguruan eginiko kexak ere. Beren politika klasista eta polizialen aurrean langile klasean eta gazterian hedatzen ari den amorrua desbideratzeko ahalegin traketsak dira. Jeltzaleek Madrilgo Gobernuak bezain beste ardura dute egungo egoeraren aurrean.

EAJk urteetan zehar zuzendu du bere diskurtsoa transferentzia autonomiko gehiago eskatzera. Madrilen aurka dagoela itxurak egitearekin batera, euskal eskuinak zerbitzu publikoetan eskumen gehiago eskatu ditu, gero murrizketak aplikatzeko, pribatizatzeko eta horiek enpresarien zerbitzura jartzeko. Hala egiten du osasungintzarekin, hezkuntzarekin, zaharren egoitzekin eta negozio mamitsu bihur daitekeen zerbitzu ororekin.

Koronabirusaren krisi betean, Bizkaiko Foru Aldundiak – EAJ buru dela, eta PSEren eta PPren botoen laguntzarekin – "funts putreei" zuzendutako zerga-murrizketa onartu du, eta, beraz, horiek zergetan irabazien erdia baino ez dute deklaratu beharko, abantaila horretaz gozatzeko irabazi muga ezabatuz. Hirukote horrek urteetan zehar onartu ditu mota honetako legeak Euskadin, enpresaburu handientzat paradisu fiskal bihurtuz, oinarrizko zerbitzuetan murrizketak egitearekin batera.

Urkulluk eta Garapen Ekonomikorako sailburu den Arantxa Tapiak azpimarratzen jarraitzen dute, gertatuak gertatu, jarduera ekonomikoak ezin duela gelditu: “enpresek martxan jarraitu behar dute, koma ekonomikoa ekiditeko”. Etengabe errepikatu dute "ezeren gainetik denon erantzukizuna eta lankidetza" behar dugula, baina hori ez da inondik ere lanpostuetara joatera behartzen gaituzten langileen errealitatea. Geure burua eta geure senideena kutsatzeko arriskua hartzera behartu gaituzte egunero, enpresarien irabaziak bermatzeko helburu hutsarekin. Hain zuzen ere, Urkulluk eta euskal patronalak amorru gehien agertu duen unea Madrilgo Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak mugatzeko egindako iragarpenarekin izan da. Biak batera esan dute erabaki hori "onartezina" eta “zentralista” dela, eta kudeaketa negargarria izaten ari dela.

Bestalde, EAJk zuzenduta Ertzaintzak harrotasunez esan izan du egun bakar batean 866 isun jartzen dituela herritarrak diziplinatzeko eta neurriak errespetatzeko. 900 ertzain gehiago kontratatuko dituztela ere iragarri dute. Baina ez dute Ertzaintza bidaltzen bada ezpada neurririk errespetatzen ez diren lantokietara: langileen osasunarekiko erabateko mespretxua dute, enpresen funtzionamendua bera arrisku askoz handiagoa denean pandemiaren hedapenerako. Auto batean pertsona bat baino gehiago bidaiatzeagatik isunak jartzen dituzte, baina langileak dozenaka eta ehunka lagunekin garraio publikoan lan egitera joatea ahalbidetzen dute.

Adibide batzuk jartzearren, Bilboko kiroldegiak zuzentzen dituzten enpresek, itxita egonda ere, beren langileak bertara joatera behartu dituzte, kasu batzuetan hainbat kiroldegiren artean mugitu behar izanik, eta kutsadura kasuengatik bajak egon direla ezkutatuz. Basauriko Sidenorreko langileak beren lanpostuetara joatera behartu zituzten martxoaren 19an, "Lan Agintaritzaren" ebazpenaren ondorioz, batzordeak lan jarduera geldiarazteko eskatutako baldintzak betetzen ez zirela esanda. Martxoaren 22an langile bat zauritu zen makina batean besoa harrapatuta, ospitaleak kolapsaturik dauden egoera batean. Orain, beste fabrika bat gehiago da ERTEen zerrenda amaigabean.

Pandemia gelditzea eta segurtasun neurriak betetzea benetan serio hartzen ari den klase bakarra langile klasea da, enpresaburuen eta haien zerbitzura dauden instituzioen mehatxuei aurre egiteko antolatuz. Bai Eusko Jaurlaritza, bai espainiar Estatuko Gobernua, enpresarien ofentsiba babesten ari dira. Egun gutxiren buruan, 100.000 langileri eragiten dieten 10.000 ERTE inguru aplikatu dira Euskal Herrian. Kaleratze kopurua berdina edo handiagoa izan daiteke. Bitartean, Urkulluren administrazioak 840 milioi euro jarri ditu mahai gainean, Gobernu zentralaren 1.025 milioien osagarri: 564 joango dira enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat, 200 milioi osasun sistemarentzat eta 55 milioi familia behartsuenentzat. Diru sail handiena, 500 milioi euro, zero kostuko abalak izango dira enpresentzat. Osasun-sistemara bideraturiko 200 milioiak medikamentuak eta osasun-materiala erosteko eta kutsatutako pertsonak artatzeko gune berriak ezartzeko direla azaldu du Eusko Jaurlaritzak. Hau da, lehenik eta behin, diru publikoa enpresaburuen irabaziak bermatzeko izango da, eta bigarrenik, ez dira ukituko osasungintza pribatuaren interesak inolaz ere. Ospitale pribatuek hutsik jarraituko dute, erakundeetatik ez badituzte ondo ordaintzen. Azkenik, pobreentzako apurrak, benetako lapurreta horri itxura soziala emateko.

Aski da, ezin dugu onartu murrizketarik eta gure osasunaren kontura negozioa egitea. Ezinbestekoa da kalitatezko osasun publiko eta unibertsaleko sare bakarra

Medicus Mundiren arabera, Euskadin osasungintzan gastatzen den diru publikoaren laurdena behintzat sektore pribatura doa. 2007tik 2017ra 900 ohe murriztu dituzte Hego Euskal Herrian, estatu mailako batez bestekoaren bikoitza (%10,54koa %5,23aren aurrean).

Horrek egoera dramatikoa eragin du. Epidemiaren gailurrera hurbildu gabe, ospitale publikoak gainezka daude, ZIUak beteta, ebakuntza-gelak prestatuz, arnasgailu nahikorik gabe, eta mugagabeki atzeratuz hertsiki premiazkoa ez den operazio oro. Langileek beldurrez, ziurgabe, ezintasunez eta ssaminez egiten dute lan, eta txandak nekagarriak dira, babes ekipamenduetan eta maskaretan eskasia izugarriarekin. Gasteizko Mercedes-Benzeko zuzendaritzari, berriz, 4.000 maskara eman zitzaizkion ekoizpenari eusteko.

Gasteizko Txagorritxu Ospitalea, izurritearen erreferentziazko ospitale nagusia bihurtu da Araban eta nagusienetakoa izan da Estatu osoan. Protokolo eta entsegu faltak, behin-behinekotasun altuak, lan-gainkargak eta berandu eta gaizki egindako probek eragin zuten adibidez, birusa zuen mediku internista bat hamar egunez pazienteak artatzen egotea, azkenean positibo eman zuen arte. Ez da kasu isolatu bat. Laguntzaileak, zeladoreak, garbiketa eta mantentze-lanetako langileak, susmoak eta sintomak dituztenak, probak eskatu izan dituzte –batzuetan hiru aldiz ere bai – Osalani, eta kasu batzuetan ez da egin zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratu arteko egoera larrietara iritsi arte.

EAJ aitzindaria izan da osasunaren pribatizazioan. 1991n jada, Iñaki Azkunak, orduan Osasun sailburua zenak, ospitale publikoak fundazio bihurtu zituen, kudeaketa pribaturako lehen urratsa emanez. EAJk berak sartu zituen osasun publikoan "kudeaketa pribatuko" erakundeak, hala nola Osatek (erradio-diagnostikoa). Sektore pribatuarekin etengabeko ituntze-politikak egin dira itxarote-zerrendak murrizteko aitzakiarekin, eta era berean osasun publikoa etengabe deskapitalizatu du eta langile kopurua murriztuz, soldatak izoztuz eta lan-kargak handiagotuz, irregulartasunez beterik dagoen kudeaketan.

Jon Darpon Osasun sailburu ohiak dimisioa eman zuen, Osakidetzako oposizioen iruzurragatik, eta dagoeneko nazioarteko aseguru-etxe pribatu batek fitxatu du, Keralty taldeak (Sanitas Internacional). Hori Joseba Grajales EAJko aberats batek zuzentzen du, eta bertan ari da Jon Azua ere, sailburu ohia izandakoa. Erakunde horrek "aholkularitza teknikoa" eman dio Osakidetzari, eta lanak egiten ditu Euskal Osasun Zerbitzuarentzat.

Pribatizazio urte hauetan, langile klasea izan da egoera hori atsedenik gabe salatu duena, eta orain ondorioak ordaintzen dituena. Urrunago joan gabe, lehen mailako arretako langileek grebak egin zituzten iazko apirilean, maiatzean eta ekainean, murrizketen eta pribatizazioaren ondorioz langile falta eta baldintza prekarioak salatuz. Marea zuria izan da azken hamar urte hauetan egoera hori salatzeko gelditu ez dena.

Sozialismoa ala basakeria. Langile eta gazteok ez dugu beren krisia ordainduko

Langile klaseak erakutsi du, beste behin ere, koronabirusaren hedapenari modu kontsekuentean aurre egiten dion bakarra dela. Mercedes-Benzeko, CAFeko, Aernovako, Michelineko eta beste enpresa askotako langileek ekoizpena geldiaraztera eta plantillak babestea exijitu dute. Mila langilek baino gehiagok konfinamendu osorako neurriak hartzeko exijitu diote Eusko Jaurlaritzari. Baina neurri hori betetzea, EH Bilduk ere defendatu duena, langile familien aldeko ekintza-plan sendo batekin batera joan behar du. Inoiz baino argiago dago hori ezinezkoa dela enpresaburu eta bankari handien interesekin zuzenean konfrontatu gabe. Horregatik, bai ezker abertzaleak bai euskal gehiengo sindikalak langileak benetan antolatu behar dituzte, eta pribatizazioaren, murrizketen eta patronalaren ofentsibaren aurkako alternatiba bat defendatu.

Ekonomia kapitalista mundu mailan amiltzen ari da, eta klase agintaria krisi berri bati aurre egiteko prestatzen ari da -2008koa baino bortitzagoa- langile klasearen eta gazteriaren bizi baldintzei eta eskubideei are gehiago erasoz. Gasteizko eta Iruñeko administrazioak, baita Madrilgoak ere, ez dira salbuespena.

Klase agintari horrek harro esan du milioi askoko irabaziak izan dituela azken hamarkadan, gure bizi-baldintzak okrtzearen kontura. Orain ez dago beren ondareen zentimo bat ere ikutzeko asmorik; gobernuen bidez langile klasea gogor kolpatzea aldarrikatzen duten berberak dira. Bai, badago dirua, asko, eta oso jende gutxiren eskuetan gainera. CAF enpresan, 21 exekutiboren soldaten % 5eko beherapenak bakarrik 400.000 euro jarri ditu mahai gainean. Bitartean, ERTEan dauden milaka langileei beren gutxieneko soldatak %50 baino gehiago murrizten zaie.

Osasun-larrialdiak agerian utzi du beharrezkoa dela langileok sortzen ditugun baliabideak planifikatzea eta gizartearen onurarako bideratzea, ez enpresaburu handi batzuk aberasteko. Beharrezkoa da palanka ekonomiko nagusien eta aberastasun handien desjabetzea argi eta garbi defendatuko duen programa iraultzaile bat defendatzea, hau da, ekoizpen baliabide nagusien eta bankuen nazionalizazioa langileen kontrolpean. Kapitalismo bidezkoago edo gizatiarrago bat defendatzea ezinezkoa da gaur egun pairatzen dugun errealitatean, utopia erreakzionarioa da.

Urtarrilaren 30eko greba orokorra benetako arrakasta izan zen. Otsailean Zaldibarko hondamendiagatik haserre masiboa eta mobilizazioak izan genituen. Borroka sindikalaren gorakada ikaragarriak eta Euskal Herriko kaleak bete dituzten mobilizazio erraldoiek erakusten dute masen kontzientziaren aurrerapen izugarria, eta badugula gure errealitatea aldatzeko indarra. Funtsezko zeregina alternatiba iraultzaile bat defendatuko duen ezker borrokalaria eraikitzea da, sozialismoaren alde borrokatuko duena. Ez dago kapitalistek kondenatzen gaituzten hondamenditik askatzeko beste modurik. Gaur inoiz baino gehiago: sozialismoa edo basakeria.

Batu zaitez Ezker Iraultzailera!