Gertatzen ari den sarraskia saihestu daiteke!
Adinekoen egoitzen nazionalizazioa langileon kontrolpean kudeatzeko!

Egoera benetan lazgarria pairatzen da espainiako Estatu osoan 5.400tik gora dauden zentro geriatriko eta egoitzetan. Covid19 pandemia zentro guztietan zabaltzen ari da, frankismoaren urte gogorretan borroka gehien egin duen belaunaldiaren bizitzarekin amaituz. Birusa inolako kontrolik gabe hedatu da, saihestu izan zitezkeen heriotza ugari eraginez. Egoera guztiz danteskoak eman dira, hala nola, Ser kateak argitu zuenez, zentro horietako batean, Valladoliden, hildakoen gorpuak jaso gabe topatu zituzten UMEko soldaduek desinfekzio-lanak egiterakoan.

Esan beharra dago gobernuak modu lotsagarrian ezkutatu duela gertakari larri horiei buruzko informazioa, hasiera-hasieratik, iritzi publikoari eta gainerako herritarrei beren kudeaketa kaskarra estaltzeko. Egunero hildakoen kopurua gero eta handiagoa da. Zenbakiez hitz egitea oso zaila da, ez baitago zifra zehatzik; izan ere, kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta kasuak ezkutatzen ari direla uste da. Baina kalkulatzen da gutxienez hildakoen %37a zentro geriatrikoetan gertatzen direla. Kopurua egunez egun hazten da, minutuz minutu.

Hainbat hamarkadatako murrizketen faktura langileok ordaintzen dugu

Covid19ren krisi basatiak egoera leherrarazi du. Urteetan egindako murrizketak eta pribatizazioak adineko pertsona askoren bizitzarekin amaitzen ari dira. 2008ko krisia hasi zenetik egoera larria zen egoitzetan, bai sektore publikoan, eta neurri handiagoan sektore pribatuan. Bere garaian eman zen pribatizazio kanpaina, hala nola, zentro pribatu berriak irekitzeko lizentzia berriek etengabe gora egin dute. Gaur egun, sektore pribatua diru-kopuru izugarriak irabazten ari da kostuak murriztuz. Zentro pribatu horietako asko utzi dituzte inolako osasun zerbitzurik gabe eta catering edo sukaldaritza zerbitzu txarrekin. Euskadiko erresidentzietan eta Estatuko beste leku askotan dagoen egoera izugarri latza da.

Egoitza publikoen kasuan, Araban, Foru Aldundiak ez ditu beharrezko neurriak hartu, egoera are gehiago larrituz. Protokoloak ez dira betetzen, eta langileen eta erabiltzaileen arteko kutsatzeak gora doaz egunak igaro ahala. NBE (EPI) nahikorik ez dagoenez berrerabiltzen ari dira, informazio falta izugarria dago. Ez dira bajak ordezkatzen ari eta lan fisiko eta psikikoaren gainkarga dago, langileak txandak bikoizten ari dira eta ez dituzte errespetatzen ez atsedenaldiak, ez ordutegi-aldaketak ezta librantzak ere, etab.

Datuei erreparatu besterik ez dago. Hego Euskal Herrian 99 adineko hil dira jada egoitzetan. Hildakoetatik 22 Sanitasek kudeatzen duen Gasteizko San Martin zentro pribatuan bakarrik gertatu dira. Euskadiko adineko egoitzetan 700 pertsona kutsatuta daude.

Estatuko eremu guztietan egin du gora kopuruak. Artikulu hau idazten den bitartean El País egunkariak bere edizio digitalean argitaratu duenez, martxoan adinekoen egoitzetan 3.000 hil dira Madrilen, hiru aldiz ohiko kopurua. Osatu gabe dauden zifrak badira ere, zentro horien egoeraren islarik gogorrena dira. Sintomak dituzten adineko pertsonei ez zaie probarik egin, eta, beraz, kasu asko erregistratu gabe geratzen dira.

Senideak min latza jasaten ari dira kasu gehienetan ez baitute osasun-egoeraren berririk izaten. Horri, pandemia ez zabaltzeko borrokan ari diren langileek jasan behar duten lanaldi tamalgarri eta zorrotzari gehitu behar zaio. Bertako langileen testigantzak izugarriak dira. Oro har, salatzen da kutsatzeko arriskua oso handia dela material ezagatik, kasu askotan mantal eta maskara bera erabiltzen baita hiruzpalau egunez. Materiala urria da edo ez dago. Kasu askotan, uniformearen gainean zabor-poltsak erabiltzen ari dira, agureen garbiketa bezalako zeregin sinpleak egin ahal izateko. Langile horietako askok berrogeialdia etxetik kanpo egin behar izan dute, beren senideak eta seme-alabak ez kutsatzeko neurri gisa.

Kapitalistak pandemiaren aurrean: irabazi pribatua beste ezeren gainetik

Osasun pribatuak langile kopurua murriztea aurreikusten du, Covid-19a eragiten ari den ezinbesteko arrazoia argudiatuta. Sektorea dagoeneko hasi da kaleratzen gaur egun lehen lerroan lan egiten ez duten profesionalak. Martxoaren 27ko kaosenlared-eko buletinaren arabera Madrilgo Erkidegoan 474 egoitza daude, 270 pribatukak eta 25 soilik kudeaketa publikokoak. Gaztela eta Leonen, 810 zentro eta 53.000 plaza egonik, %7 baino ez dira kudeaketa publikokoak; Katalunian, 1073 zentro geriatriko daude, eta horietatik %65 esku pribatuetan daude, %19 fundazio edo partzuergoei dagokie eta %16 baino ez dira publikoak.

Osasun pribatuari dagokionez, Cinco Días egunkari ekonomikoak aurreratu duenez, patronalaren kalkuluen arabera, gaixoen ospitaleratzea duten zentroak bakarrik kontuan harturik, 28.000 langile izan daitezke ERTEek kaltetutakoak. Beste klinika batzuk kontuan hartuz gero handiagoa izan daiteke ERTE kopurua.

Ospitaleetako azpikontratatutako langileen egoera ere tamalgarria da. Antziatasuna gehi ospitala garbitzeagatiko arrisku-plusak barne, 1.200 eurotik beherako soldatak jasaten ari dira. Langile gutxi eta lan-gainkarga salatzen dute. Gainera, emakume garbitzaileek babes-baliabide gutxiago jasotzen dituzte. NBEak eta abar jasotzen azkenak dira, ospitaleko irizpide hierarkikoari jarraituz banatzen baitira.

Haien murrizketak, gure hildakoak

Gobernu zentrala eta gobernu autonomikoak zentro geriatrikoek bizi duten egoeraren erantzule dira, ez baitute inolako neurririk hartu orain bizi dugun tragedia saihesteko. Hori guztia hainbat urtetako murrizketen eta atzerakaden ondorioa da, eta, azkenean, egoitzen sistema publikoa ahitu dute, langileen eskubideak murrizteaz batera. Enpresaburuek gure adinekoen bizitza eta haien osasuna negozio bihurtu dute eta logika horren arabera, adineko pertsona horien bizitzak ez du inolako baliorik. Adineko pertsonek gaixorik eta bakarrik egiten diete aurre beren azken egunei, pilatuta eta oinarrizko gutxieneko osasun-zaintzarik gabe, egoitzen jabeek eskandaluzko irabazi ekonomikoak metatzen dituzten bitartean. Zentro horietako asko putre-funtsak deiturikoen jabetzakoak dira, eta hirugarren adinekoen zentroetan plazen %75 kontrolatzen dituzte. Gutxienez 4500 milioi euro mugitzen dira urtero "negozio" horretan.

Ikusi dugu zer nolako erantzuna duten kapitalistek drama honen aurrean: poltsikoak betetzen jarraitzea, ez ikusiarena egitea eta bitartean langileak eta erabiltzaileak beren osasuna eta bizitza jokoan jartzen dituzte. Egoera honekin bukatzeko beharrezkoa da langileon antolakuntza eta erantzuna; gu baikara adinekoen bizitza babesteko gurea arriskuan jartzen dugunak.

Inork baino hobeto dakigu zeintzuk diren konponbide egokiak arazo hauei aurre egiteko. Horregatik, funtsezkoa da egoitzetako langileak antolatzea, gure zentroetan bizi den egoera eta erabiltzaileen bizi-baldintzak salatzeko, eta gure sindikatuei eskatzeko ez dezatela inolako ERTErik edo enplegu-erregulazioko espedienterik sinatu eta gure eskubideak defenda ditzatela: behar ditugun berehalako babes-neurriak, materiala eta kontrataziorako lan-poltsak sortzea exijitu behar dugu. Sektore sozio-sanitarioak premiazko neurriak behar ditu, kasu indibidualak lan-ikuskaritzara salatzeaz aparte urrunago joateko, egoera lazgarriak gerta ez daitezen. Langileak eta adinekoak babestu behar dira, izan ere, gaixotasun honek heriotza tasa altua baitu adinekoen artean. Horrekin guztiarekin amaitzeko, beharrezkoa da Gobernuak esku-hartzea egoitzetan, hau da, nazionalizatzea, langileek, erabiltzaileek eta senitartekoek kudeatu ditzagun eta horrela, denak izan gaitezen bizitzaren azken urteetan duintasunez zainduak.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.