AEB koronabirus kasu gehien dituen munduko lehen herrialdea bihurtu da, eta okerrena oraindik iristeko dago. Osasun-sistema erabat irabazi pribatuaren esku dagoen herrialde batean eta 27 milioi pertsona baino gehiago inolako aseguru medikurik gabe egonik, zaila da hondamendiak har dezaken neurria kalkulatzea. Baina argi dago milioika izango direla beren osasunarekin eta bizitzekin ordainduko dituztenak hamarkadetan zehar egin diren politika neoliberalak. Hori nahikoa ez balitz, atzeraldi ekonomikoa ikaragarri azkartzen ari da munduko lehen potentzian, ondorio latzak iragartzen dituelarik eta baliteke 29ko cracka baino handiagoak izatea. Guztia, AEB Txinaren aurkako gerra irekian dagoenean gertatzen ari da, Asiako erraldoia munduko lidergo-posizioa kentzeko mehatxuan ari baitzaio. Ipar Amerikako kapitalismo zaharkitua kosta ahala kosta saiatuko da lehen postuari eusten eta horretarako langile klaseari pasako dio faktura, klase-borrokan ondorio historikoak eraginez, AEB barruan zein kanpoan.
Koronabirusak agerian utzi du historiako hazkuntza ekonomikorik luzeenaren “tranpa”
AEBak dira, NBEren txostenen arabera, munduko desberdintasun maila handiena duen herrialdea. Duela aste gutxi arte historiako hazkunde ekonomikorik handiena saltzen zigun propagandaren atzean pobrezian bizi diren 40 milioi pertsonak daude, muturreko pobrezian bizi diren 18,5 milioiak eta hirugarren munduaren parekoak diren pobrezia-baldintzetan bizirauten duten 5,3 milioiak. Horiek dira 2008ko krisia "konpondu" zuten politiken emaitzak: langile klasearen eta erdi mailako geruzen pobretze masiboa alde batean (herritarren %65 fakturei aurre egin ahal izateko kezkarekin bizi da) eta magnate handien aberastasun masiboa, bestean. Donald Trumpen erreforma fiskalari esker, errenta handiena duten biztanleen %20ri 205.000 milioi dolar oparitu zitzaiozkion.
Koronabirusaren pandemiaren hedapena argi baino argiago azaleratzen ari da gizarte estatubatuarraren gehiengoaren egoera prekarioa. Ez da kasualitatea, Bernie Sanders demokraten primarioetarako hautagaia osasun publiko eta unibertsala defendatuz nabarmendu izana, izugarrizko harrera jasoz. Izan ere, osasun zerbitzu publikorik ez izateak literalki hondamena esan nahi du askorentzat. Gaixotasun baja batek eta ordaindu ezin den mediku faktura batek enplegua galtzea esan nahi dute, alokairua edo hipoteka ordaindu ezin izatea, baita kalean bizitzen amaitzea ere. Ez da kasu isolatu bat, ezta ezohiko istorio bat ere.
Baina pandemiak egoera prekario horren jostura guztiak apurtuko ditu. AEBn hamarnaka mila pertsonen bizitza eramango duen hondamendi honek izango duen garrantzia irudikatzeko –baikorrak izanik–, zenbait zifra daude: Kaiser Family Fundazioak (AEBko osasun-hornitzaileetako bat) egindako azterketa baten arabera, kalkulatzen da koronabiruseko aseguru medikoa dutenentzako tratamenduaren kostua 9.763 dolarrekoa dela; tratamenduan konplikazioren bat garatzen bada, kostua 20.292 dolarrekoa da; eta aseguru estaldurarik ez duenarentzat, ordaindu beharrekoa 34.927 dolar izango dira. AEBetako biztanleen %20k ez du osasun-estaldurarik edo estaldura mugatua du. Pandemia horren irismena erabat basatia izan daiteke. Are gehiago kontuan hartzen badugu AEBetan ere ez dagoela lan bajarako eskubiderik. Aseguru baten faltak, diru faltak edo enplegua galtzeko beldurrak benetako bonba koktela osatzen dute: milioika lagunek ez dute medikuen laguntzarik eskatuko ezin ordain dezaketen faktura baten aurrean, beste hainbeste lanera gaixo joango dira, eta ingurukoak kutsatuko dituzte. Osagai gehiago daude ordea: AEBk 1.000 biztanleko 2,5 ospitaleko ohe ditu (Espainiak 3 ohe, Italiak 3,4, Frantziak 6,5 eta Alemaniak 8,3); izugarri garestiak diren ohe eskasiari, mediku-ekipoen falta gehitu behar zaio: herrialde osoko arnasgailuen kopurua ez da 70.000ra iristen, eta New Yorkeko hirian medikuak eta erizainak isolamendu trajeak egiten ari dira dagoeneko zabor-poltsak erabiliz. Eta hau hasi besterik ez da egin.
Larrialdi egoera horren aurrean ez da inolako prebentzio neurririk egon AEBetan. Izan ere, dagoeneko 92.000 kutsatu eta 1.300 hildako baino gehiago egonik, Gobernuaren jarrera benetan izugarria da. Estatu bakoitzak modu independente eta koordinazio gabean jarduten du, estatu batzuetan ez irteteko gomendioak eginez baina horiek eraginkor egiteko inolako ahaleginik egin gabe, eta, noski, kapitalistek azken minutura arte enpresak irekita mantentzen dituzte. Berdin da Txinak, Koreak, Italiak, espainiar Estatuak... dagoeneko kolapsatutako ospitaleen eta dozenaka mila hildakoen hondamendia igaro izana. New Yorkeko alkateak (gainerako hiriek baino 15 aldiz kasu gehiago ditu) eta bere gobernadoreak Etxe Zurira egindako larrialdi deietan ekipo medikoen banaketa eta ekoizpena nazionalizatzea eskatu dute. Argi dago iritsiko den hondamendiaren jakitun direla.
“Hau ez da erreskate bat, enpresa jakin batzuei zenbait gauza ematea pentsatzen ari gara”
Trumpek iragarritako neurriek – abertzaletasun higuingarrienarekin ondo bustita aurkeztu ditu, gaitz guztiak "birus txinatarrari" leporatuz – botere ekonomiko handien interesak salbatzeko helburu hutsa dute. Erreserba Federalak (Fed) akzio eta bonu jabe handien eskura jarri duen likidezia barra librearekin batera, Trumpek duela egun batzuk iragarri zuen kanpainako ospitaleak jarriko zituela New Yorken, Washingtonen eta Kalifornian. 4.000 ohe guztira: Madrilgo Erkidegoak IFEMAn muntatu dituenak baino gutxiago!
Trumpen (eta demokraten aparatuaren) benetako kezka ez da gaur egun birusa hartzeko arriskuan dauden milioika pertsonen bizitza babestea, ezta horiek krisi ekonomikoaren ondorioetatik babestea ere. "Herritarrak babestearen" aldeko hitz-jarioaren ostean, ekintzen egiarekin egin dugu topo. 2008az geroztik, etxe dirudunenen %10aren aberastasuna, pobreenak diren %10arena baino 115 aldiz gehiago igo da. Urte hauetan, enpresa handiek markatik aparteko etekinak lortu dituzte, eta horiek, neurri handi batean, akzioak berrerostera bideratu dituzte, kotizazioak lodituz, parekorik gabeko jaialdi espekulatibo batean. Arazo nagusia da mozkin horiek ez direla ekonomia produktibora joan, ekonomia errealetik erabat urrun dauden eta artifizialki puztuta dauden akzioetako balioetara baizik. Orain, kapitalistek berriro ere iraganeko neurri berberetara jotzen dute, funtsezko arazoa den gainprodukzio krisia konpontzeko erabateko ezintasuna erakutsi duten arren.
AEBetako airelinea handien adibidea oso adierazgarria da gertatu denaz eta gertatzen ari denaz ohartzeko: Bloombergen arabera, 2010etik izandako efektiboaren %96a akzioen berrerosketetan gastatu zuten, eta orain Estatuari erreskatea eskatzen diote. Boeingek 60.000 milioi emateko eskatu du, azken hamarkadan dibidendu eta berrerosketen banaketan 65.000 millioi gastatu zituenean. Ez da salbuespena. Prentsa burgesak berak aitortzen duen bezala, hori da konpainia handien ildo nagusia.
"Hau ez da erreskate bat, enpresa jakin batzuei zenbait gauza ematea pentsatzen ari gara". Horrela mintzatzen zen Steve Mnuchin Altxorraren Idazkaria. Jakina erreskatea dela! 2008an bezala, aberatsak erreskatatzen dira pobreak kondenatuz. Beti bezala, krisi garaian liberalenek, lehia askearen defendatzaileek, zergak kentzearen aldekoek... Estatura jotzen dute ongizate orokorraren izenean diru publikoa lapurtzeko. Azken finean, horretarako gobernatzen dute Estatua. Esan eta egin. Martxoaren erdialdera Fedek interes-tasak zerora jaitsiko zirela eta burtsetan aktiboak erosteko 700.000 milioi dolarreko suspertze plana iragarri bazuen ere (2008ko Atzeraldi Handiaz geroztik handiena), martxoaren 22an, igandea, "Merkatuak" lasaitzeko asmoz, "Aktibo erosketa mugagabeak" iragarri zituen "beharrezkoa den denboran". Magnate handientzako barra librea. Jakina, ez enpresa txiki eta ertainek, ezta jende arruntak ere, ez dute horren guztiaren zentimo bat ere usainduko, eta ez dute beren kargak edo hipotekaren ordainketa arinduko.
Senatuak inoizko erreskate planik indartsuena onartu berri du, 2 bilioi dolar inguru "enpresei eta herritarrei laguntzeko". Dena den, plan globala – Larry Kudlow Etxe Zuriko Kontseilu Ekonomikoko buruak azaldu bezala – 6 bilioi eurokoa izango da, Fedek maileguetan emandako lau bilioi gehiago batuta.
Propaganda mordoa egin da Alderdi Demokratak "erreskatatutako enpresetako langileen babesa eta xumeenentzako osasun-estaldura" gehiago izatea defendatuz piztu duen eztabaida ustez sutsuaren inguruan. Baina errealitatea da demokratek eta errepublikanoek adostu dutela bi bilioi horietatik 500.000 milioi enpresa handientzako mailegu eta abaletara bideratuko direla zuzenean, eta horiek modu opakuan eta inolako baldintzarik gabe emango direla. Planak laguntza zuzenak ere hitzematen dizkie herritarrei, txekeak familientzat eta 367.000 milioi enpresa txiki eta ertainentzat. Nolabaiteko laguntzak hartu behar dituzte berehalako hondamendi soziala saihesteko eta langabe eta kaleratutako guztien ezinegonak eztanda egin ez dezan. Baina, egia esan, gizarte-hondamendia inola ere arinduko ez duten ogi apurrak baino ez dira. Bilioietako erreskate horren faktura, beti bezala, langile klasearen bizkar gainean jarriko da.
Krisi berria, errezeta zaharrak, altxamendu berriak
Askok diote 29ko cracka baino hondamendi ekonomiko handiagoa izango dela dagoeneko. 1929 eta 1933 artean AEBetako BPGa %30 jaitsi zen; Morgan Stanleyk 2020ko bigarren hiruhilekorako erorketa hori kalkulatzen du. Beste batzuk are agertoki okerragoak iragartzen dituzte. James Bullard Saint Louiseko Erreserba Federaleko presidente eta Merkatu Irekiko Batzorde Federaleko kideak (interes tasak finkatzen dituen AEBetako Banku Zentralaren erakundea) BPGaren %50eko jaitsiera eta aurtengo bigarren hiruhilekoan %30eko langabezia tasa iragarri ditu. Ideia bat egiteko, Depresio Handian langabezia %25era iritsi zen AEBetan.
Horrek zera esan nahi du argi eta garbi: ekoizpen indarren suntsipen masiboa. Ez dago zikloa suspertzeko beste modurik. Kapital-injekzioek ezin dute funtsezko arazoa arindu. Merkantzien merkatua saturaturik dago, ezin ditu xurgatu, eta beheranzko espiral batean sartuko da, egokitzeko behar duenera arte eroriz: pobreziak eta langabeziak eskaria are gehiago hondoratuko dute, eta, ondorioz, merkatuaren saturazioa handiagoa izango da. Kapitalaren kontzentraziorako joera, 2008an ikusi genuen bezala, areagotu egingo da eta, ezinbestean, polarizazio eta desberdintasun sozial ikaragarria ekarriko ditu.
Funtsezkoa den puntu bat jarri da mahai gainean: burgesiaren eta kapitalismoaren erabateko ezintasuna – edozein dela ere mundu mailako liderra – ahalik eta biztanle gehienei ezinbestekoa bermatzeko. Beste batzuetan ere ikusi dugu. Munduko herrialde garatuenean, familia xumeetako hamarnaka mila hildako aurreikusten direnean, askori 2005eko Katrina hurakanaren ondorioen irudi latzak datozkigu burura: New Orleanseko eta Ipar Amerikako hegoaldeko estatuetako kaleak zeharkatzen zituen miseriak errealitate hori biluzik jartzen zuen munduko lehen potentzia kapitalistan, eta hori boom betean zen. Orain askoz okerragoa izango da, eta herrialde osoan.
AEBko kapitalistak, Trumpen ahotik, argi eta garbi esaten ari dira: "AEBko ekonomiaren itxierak koronabirusak baino heriotza gehiago eragin ditzake (…) erremedioa ezin daiteke gaitza baino okerragoa izan ". Argudio horrek esan nahi du hartu diren segurtasun-neurri eskasak (mugak ixtea, enpresa batzuk ixtea, konfinamenduak …) atzera itzuliko dituztela; argi erakusten du zein diren euren planak eta interesak. Estatu Batuetako burgesiako beste bozeramaile batzuk bat datoz planteamendu horrekin. Lloyd Blankfeinek, Goldman Sachseko presidente ohiak, proposatzen zuen aste batzuen buruan arrisku txikiena duten herritarrek berriro lan egin beharko luketela. Sistema horretan dauden langileen bizitzak ez du ezer balio, dozenaka mila (edo gehiago) hil behar badira beren onurak eta munduko merkatuan dituzten posizio estrategikoak zaintzeko, ba hil daitezela. Are gehiago Txinarekin gerra latz batean murgilduta daudenean, Asiako erraldoia abiadura bizian ari baita posizioak irabazten munduaren nagusitasunaren norgehiagokan.
Ezinezkoa da pentsatzea gertatzen ari den guztiak eta, batez ere, gertatuko denak ez duela lurrikara sozial eta politikorik eragingo nazioarte mailan. 2008ko krisiak iraultzak eragin zituen, Arabiar Udaberria, Ocuppy Wall Street … Langile-klasearen esperientzia gogorra eta iaksgaiez betea izan da. AEBetan milioika pertsonek atera dituzte ondorioak, eta praktikan jarri dituzte: krisi latz hau hasi aurretik, irakasleen matxinada ikusi dugu, General Motorseko greba, iaz Gobernuaren itxiera geldiarazten zuen greba orokorraren mehatxua, etorkinen barneratze eremuen aurrean langile klaseak agertu zuen elkartasuna, Bernie Sandersi emandako babes indartsua eta zabaltzen ari dena... Indar korrelazioa askoz maila handiagoan dago gaur egun langile klasearen eta gazteriaren alde, eta pilatutako esperientzia ez da alferrik galduko.
Koronabirusaren krisiak sistema zaharkitu eta atzerakoi honetan gehiengoak pairatzen duen errealitate gordina biluztu besterik ez du egin. Baina sistemak edozein preziotan bizirauteko bereak eta bi egingo ditu. Sistema honek eragiten duen anarkia eta miseria guztiarekin amaitzeko ezinbestekoa da alternatiba iraultzaile bat altxatzea eta sozialismoaren alde borrokatzea; baliabideen ugaritasuna ez dadin izan pobrezia eta atzerakada eragiten duena, gizateriarentzat aurrera egiteko bidea baizik; langile-klaseak sortutako aberastasun guztia modu planifikatu eta demokratikoan antolatu ahalko duena, behar sozialak asetzeko helburuarekin.