Parte hartu Maiatzaren 1-ean 18:00 Ezker Iraultzailearen ekitaldian
Koronobarirusaren krisiak agerian utzi du zer nolako hondamendi soziala eragin duten urteetan zehar inposatu diren murrizketek, pribatizazioek, langile klasearen eskubideen aurkako erasoek, soldata baxuek eta prekarietateak. Kapital finantzarioak mundu mailan gauzatzen duen diktadura eta horri men egiten dioten Estatu eta gobernuak dira hondamendi honen benetako erantzuleak.
Oligarkiak eta beren aginduetara dauden gobernuek gordintasun osoz erakusten digute zein den sistema kapitalistaren benetako aurpegia: enpresaburuen irabaziak langile klasearen bizitzen gainetik daude. Hori da PSOE-UPren Gobernua ere aplikatzen ari den leloa, nahiz eta xumeenen aldeko diskurtsoak eta "ezkutu soziala" behin eta berriz errepikatu. Hala erakusten dute hartzen dituzten neurriek; enpresaburu eta bankari handien irabaziak babestu besterik ez dute egiten.
Eusko Jaurlaritza langile klasearen aurkako erasoaldiaren lehen lerroan kokatu da, CEOErekin batera. Urkullu patronalaren ofentsibaren bozeramaile gisa nabarmendu da berriro ere. Bizkor atera zen protestan Pedro Sanchezen jardun ekonomikoaren eten neurriaren aurka, nahiz eta hori hasieratik berandu zetorren, oso mugatua zen eta ahalik eta azkarren amaitu zen enpresaburu handien mesedetan.
Batasun nazionalaren iruzurra
Benetan higuingarria da PSOE-UPren gobernuak behin eta berriz errepikatzen duen nazionalismo espainolistaren diskurtsoa. Propaganda horrekin justifikatu nahi dituzte bankari eta enpresa handiei oparitutako 100.000 milioi euroak eta zerga pribilegioak, eta beste aldean, kaleratze eta ERTE masiboen uholdean milioika familientzat benetako kondena diren “laguntzen” ogi apur miserableak. Gerraz hitz egiten dute, beren soldaduak garela esaten digute, propagandaren erdian polizia eta armada ezartzen dituzte, bizilaguna salatzera animatzeko kanpaina egiten dute…
Batasun nazionalaren diskurtsoa erabateko iruzurra da langile klasearentzat. Baita EAJk euskaldunontzako egokitu duena ere, tarteka Madrilgo zentralismoa salatuz. Autonomia eta eskumen gehiago eskatzen ditu murrizketa eta pribatizazio gehiago egiteko, osasungintzan eta erresidentzietan egin duen bezala, enpresari lagunei oinarrizko beharren negozioa oparitzeko. Gero Moncloako itunak berreskuratzearen alde egiten du, denaren gainetik 78ko erregimena salbatzeko.
EH Bilduk ezin dio euskal eskuinari eskua luzatu. EAJren demagogia zuzenean eta lehenbailehen desegin behar du, benetako ezkerreko alternatiba bat defendatuz. Alde batera utzi behar dira euskal enpresen lehiakortasunaren aldeko aipuak eta enpresari eta bankari handien ofentsibarekin zuzenean konfrotatuko duen mobilizazio sozial eta orokorraren bidea hartu behar du. Bai, pairatzen dugun egoera benetan larria den heinean, eskuinaren aurka gogor konfrontatzeko garaia da.
Ezin dugu euren krisia ordaindu. Alternatiba iraultzaile baten alde!
Sistema kapitalistaren historiako krisirik handienetako baten aurrean gaude. Krisi hau ez du birusak eragin. 2008tik hartu ziren “erreskate” neurriekin, murrizketa eta langileen pobretze orokorraren alboan, orain dela 12 urte zegoena baino burbuila espekulatibo handiagoa eratu dute. Lehenago edo beranduago etorri behar zuen gain-ekoizpen krisia lehertu du egoera honek.
Langile klasea jasaten ari garen egungo erasoaldia ez da konfinamenduarekin amaituko. Horregatik da beharrezkoa erantzuna lehenbailehen antolatzea. Gaurko Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak biharko egunean EEEak, kaleratzeak, soldata murrizketak eta abar bihurtuko dira.
Ezker Abertzaleak eta gutun sozialean bildutako sindikatuek aurrerapauso bat eman behar dute zentzu horretan. Gaitz txikiaren politika aplikatzea beste irtenbiderik ez dagoela onartzea da, hau da, murrizketak, kaleratzeak eta erasoaldi guztia onartzea. Gehiengo sindikalak irmoki kontra agertu behar du. Noski badagoela alternatiba! Gehiengoaren osasunak eta eskubideek patronalaren irabazien gainetik ezartzeko ekintzara jo behar da, eraso bakoitzaren aurrean enpresaz enpresa langile guztiak antolatuz eta borrokarako zutik jarriz.
Beharrezkoa da Euskal Herrian langile klasearen eta gazteriaren borroka bateratzea, lantokietan gertatzen diren eraso guztiei aurre egiteko, lanera itzultzearen eta ERTEen inposaketaren aurrean beharrezkoa bada bizitza babesteko grebak deituz, klaseko elkartasuna antolatuz, erresistentzia kutxak, borrokak koordinatuz eta batuz.
Logika kapitalistak banku handien eta enpresen diktadura inposatzen du gizarte osoan. Ezinezkoa da logika hori onartuz sistema honek eragiten duen basakeria eta miseriari aurre egitea. Ezinbestekoa da aldarrikatzea kapitalista handien boterearekin amaitu behar dela eta bide bakarra horiek desjabetzea eta ekonomia langile klasearen kontrol zuzen eta demokratikoan jartzea dela. Eta garbi eta ozen aldarrikatu behar da hori bai parlamentuetan eta baita borroka sindikalean ere. Euskal Herria Sozialista baten alde, ezker iraultzaile eta borrokalaria eraikitzea da bide bakarra.