Milioika gazte eta langilek Frantziako herriaren altxamenduari gogo biziz begiratzen diogun bitartean, ehunka dira grebak kontinente guztietan. Urteko lehen hiruhilekoan, langile gatazka ugari izan dira, eta guztiek ezaugarri komunak izan dituzte: soldata-igoera duinen aldeko borrokak, sindikatuetako agintariei behetik egindako presioa, gatazka sozialean aurrera egindako jauzia eta gobernu kapitalisten errepresio gogorra.

Erosteko ahalmena nabarmen jaitsi da eta inflazioaren igoera larri hori da greba uholdea indartzen duen faktore nagusia. Egoera horrek, gainera, bat egiten du finantza-krisi orokorraren arriskuarekin eta aberatsenen zakua nola handitzen den kontatzen duten albisteekin. Gizartearen suminari egur gehiago botatzen diote.

Gora egin dute lan gatazkek AEBetan

Los Angeleseko eskola publikoetako irakasle ez diren 30.000 langile baino gehiago grebara joan ziren martxoaren erdialdean SEIU sindikatuak deituta. Langile horiek —gehienak hispanoak— miseria egoeran daude. Soldatak ia izoztuta egon dira azken 20 urteetan eta, hainbat komunikabidetan egindako elkarrizketen arabera, beren lanaldia eraikuntzaren edo garbiketaren sektoreko beste lanekin uztartu behar dute hilabete amaierara iritsi ahal izateko.

Greba honek herritarren babes zabala jaso zuen. Langile klasearen pobretze basatiaren ondorioz, ikastetxeetan eta institutuetan bermatu behar izan da ehunka mila haurrek hiru otordu jasotzen dituztela egunero, oinarrizko beste zerbitzu batzuen artean. United Teachers sindikatuko 20.000 irakaslek bat egin zuten grebarekin eta manifestazio masiboak eta pikete zabalak antolatu zituzten.

Greba mugagabe bilakatzeko eta beste sektore eta hiri batzuetara zabaltzeko arriskuak bultzatuta, hezkuntzako arduradunek eta politikariek %19ko soldata-igoera proposatu behar izan zuten. Igoera handia izan den arren, langileek, euren indarraz jabetuta, lanuzteekin jarraitzearen aldeko apustua egiten zuten. Halere, burokrazia sindikalak akordioa onartzeko maniobrak egin zituen: 45 minutuko batzar telematikoa deitu zuten —30.000 langileko sektore batean!— eta inolako eztabaidarik gabe bozketa egitea behartu zuten.
Klase borrokaren gorakada ez da horretan geratzen. Automobilgintza sektoreko UAW sindikatuak milioi erdi afiliatu baino gehiago ditu, eta aurrekaririk gabeko barne-tentsioa bizi du. Lehengo zuzendaritza eskuindarrak kargua utzi behar izan du ustelkeria eskandalu larriek zipriztinduta zegoelako eta izaera borrokalariagoa eta ezkertiarragoa duen hautagaitza bat antolatu zuten langileek. Horri erantzuteko, sektoreko multinazionalek eztabaida prozesu guztiak oztopatu zituzten, eta aparatu judizialera jo zuten Ohioko Auzitegi Federalak hautagaitza hori baliogabetu eta haien interesen aldeko aparatu sindikal bat aukeratzea berma zezan.

Hala ere, Caterpillarreko milaka langile zuzendaritza berriaren politika akordiozalearen aurka antolatzen ari dira, hitzarmen berriaren aurka bozkatu dute eta industria erraldoi honetan greba egiteko presionatu dute. Stellantisen, Forden eta General Motorsen 150.000 kontratu iraungiko dira eta berriro negoziatu beharko dira. Horren ondorioz, borroka gogorra piztuko da, 2019ko irailean General Motorsen bizitutakoaren antzera.

Grebak Europan

Frantziako mugak gainditu eta langileen mobilizazioak Europa osoan ari dira zabaltzen. Britainia Handian, otsailean eta martxoan, milioika langilek sektoreko lanuzteak egin zituzten; ia greba orokorreko egoera eragin zuten, Enough is Enough mugimenduarekin bat eginda bizi-baldintzen galeraren aurka. Oldarraldi honen punturik gorena sektore publikoaren manifestazio ikaragarria izan zen, otsailaren 1ean Londresen, milioi erdi langile baino gehiagoren parte-hartzearekin.

Eztandaren beldur, Rishi Sunak multimilioidunaren Gobernu torieak gogor jokatu behar izan du. Bake sozialari eusteko TUCeko burokrazian eta laboristen aparatuan oinarritu arren, ez dira fio langile klasea martxan jarri ondoren desmobilizatzeko duten gaitasunaz. Hala, Erresuma Batuko Gobernuak gogor eraso die eskubide demokratikoei eta grebaren aurkako aurrekaririk gabeko lege bat bultzatu du. Suhiltzaileekin izandako jokabidea joera autoritario horren isla besterik ez da. Herrialde osoan, baita Ipar Irlandan ere, funtzionario horiek egitera zihoazen grebaren aurrean, Gobernuak militarrak bidaltzeko mehatxua egin zuen.

Alemanian, Ver.di sindikatuak eta EVG makinisten sindikatuak deitutako greba masibo batek herrialdea geldiarazi zuen martxoaren 27an. Alemaniako komunikabideek borroka egunaren indarra aitortu behar izan dute: gisa horietako lehena izan da azken 30 urteetan. Sektore publikoko langileek %10,5eko soldata-igoera eskatzen dute, inflazioaren araberakoa. Egun horren aurretik, lanuzteak egin ziren haurtzaindegietan, institutuetan, ospitaleetan, adinekoen egoitzetan eta garbiketa-zerbitzuetan. Posta sektorean greba mugagabea onartuta zegoen, eta burokraziak desaktibatzeko maniobrak egin zituen: bi urtean %11ko soldata-igoera onartu zen, nahiz eta langileek uko egin.

Europako hegoaldea ere gatazka sozialen eszenatoki da. Grezian, milioika pertsonek protesta egin zuten 57 pertsona hil zituen tren-istripuan Gobernuak izandako erantzukizuna salatzeko. Portugalen, irakasleen grebak 100.000 pertsona baino gehiagoko manifestazio masiboak eragin zituen Lisboan, Krabelinen Iraultzaz geroztik izan den handienetakoa. Horrez gain, trenbideetako, sektore publikoko eta airelineetako grebak ere egin dira. Portugalgo Enplegu Zuzendaritza Nagusiak onartu du greben aurreabisuak laukoiztu egin direla hiruhileko honetan.

Mundu osoa eztanda sozialerantz

Krisi ekonomikoak milioika pertsona gose eta miseria egoeran jarri ditu herrialde pobretuenetan. 2022an Sri Lankan izandako matxinada etorriko diren gertakarien aurrerapen bat izan zen. Langileen borroka lehen lerroan jarri da Latinoamerikan, Afrikan eta Asiako hegoaldean.

Indonesiako Gunbuster Nickel Industri enpresan 11.000 langilek euren lanpostuetako segurtasuna eta soldata hobekuntzak eskatu zituzten urtarrilean. Etengabeko lan-istripuetan hainbat biktima izan dira. Fabrikako instalazioetan itxialdia egin ondoren, errepresioak bi hildako eta dozenaka zauritu eragin zituen.

Boliviako 140.000 irakasle baino gehiago atera dira kalera herrialde osoan, eta martxoaren 24an greba ikaragarria egin zuten, CTEUB sindikatuak deituta. Luis Arce buru duen MASen Gobernuak gogor zapaldu ditu hezkuntza publikoa hobetzeko borrokan ari diren irakasleak, familiak eta ikasleak. Errepresioari emandako erantzun ausarta martxoaren amaieran 48 orduko beste deialdia izan zen.

Hegoafrikan, Afrikako Kongresu Nazionaleko Gobernuak armada bidali du ospitaleetara osasun arloko langileek martxoan soldata duinak eskatzeko egin duten greba mugagabea geldiarazteko. Aldi berean, Satawu zamaketarien sindikatuak blokeoak mantentzen ditu Durbango portuan, zerbitzuaren pribatizazioa salatzeko eta inflazioarekin bat datorren soldata-igoera eskatzeko.

Ezinezkoa da langileen gatazka indartsu guztiak kontatzea. Krisi kapitalistak hondamendira garamatza, baina langile klasearen eta gazteriaren erresistentzia potentziala bertatik bertara ari gara ikusten, besteak beste Frantzian eta Israelen ere bai. Horrek guztiak erakusten du iraultza posible dela gaur egun, erosotasun instituzionaletik sistema kapitalista erreformatu nahian horma baten kontra talka egin eta etsipena eta nahasmena sortzen dutenen aurrean.

Langile mugimendu indartsua, batua, borrokalaria, demokratikoa eta iraultzailea behar da. Frantzian bezala ekintza zuzenean oinarritu behar da, masen greba militantean, eta jabetza kapitalista zalantzan jarriko duen programa sozialista iraultzailea altxatu behar da. Borrokaren aurrean, Estatu kapitalistaren eskrupulurik gabeko errepresioarekin egingo dugu topo. Zalantzarik gabe, kapitalistak borroka geldiarazten saiatuko dira izaera iraultzaile hartzen duenean, greba eskubideari eraso egin eta ezabatzen ahaleginduko dira, baita burokrazia sindikal eta politikoa ere, bake sozialaren bermatzaile baitira.

Larrialdi ekologikoa, gerra inperialista, krisi kapitalista eta eskuin muturraren mehatxua bizi ditugun garaiotan, programa sozialista batek eta estrategia iraultzaile batek bakarrik egin diezaieke aurre kapitalaren diktadurari. Ez dugu basakeriazko mundu batean bizi nahi. Horregatik ari gara eraikitzen alderdi iraultzaile bat: gizarte sozialista baten alde borrokatzeko. Ezker iraultzailearen ordua da.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.